Narratiba
Narratiba literaturaz edo ikus-entzunezko komunikazioa erabiliz gertaerak kontatzen dituen testu mota edo genero artistikoa da. Narratiba lan bati narrazio edo kontakizuna deritzo. Gertaerak errealak (kronika, esaterako) zein fikziozkoak (eleberria, esaterako) dira eta lanaren argumentua osatzen dute, gehienetan pertsonaia batzuk tartean. Narratzaileak gertaerak kontatzen ditu eta hirugarren pertsonaz (maiz narratzaile orojakile baten ikuspuntutik, gertaera guztien berri zehatza duena: Bere etxera sartu zen. Bertan bizi zen neska ez zen konturatu eta lo segitu zuen.), lehenengo pertsonaz (narratzailea bera protagonista edo pertsonaia denean: Bere etxera sartu nintzen.) nahiz —gutxitan— bigarren pertsonaz (bigarren pertsona bati zuzenean kontatzen zaionean: Lo zinen bitartean, ez zinen konturatu zure etxera sartu zela).
Narrazioan estilo zuzena eta zeharkakoa ere bereizten dira: estilo zuzenean narratzaileak pertsonaien esanak hitzez hitz aipatzen ditu: "Alde hemendik!" - ihardetsi zion.. Zeharkako estiloan, berriz, pertsonaien esanak kontatu egiten dira (Alde egiteko esan zion). Beste estilo mota bat monologoa da.
Narratiban zenbait azpigenero bereizten dira: literaturan, eleberria kontakizun luzeak dira eta ipuinak laburrak; kronikak eta gutunak ere narrazioaren azpigenerotzat har daitezke.
Narrazioaren osagai nagusiak
Denbora
Narrazio baten kontakizun orok bere iraupena du. Denbora errealean labur iraun zuena luze konta daiteke eta alderantziz, denbora errealean luze iraun zuena, narrazioan labur konta. Horrela, esate baterako, eleberri batek egun bakar batean gertatutakoa konta dezake eta beste eleberri laburrago batek hainbat bizitza edo hainbat belaunalditan gertatutakoa konta dezake.
Narrazioak kontatzen duena denboran antolatu behar du eta horrela hiru motatako denbora-antolaketa bereizten dira:
- Denbora lineala. Narrazioak kontatzen ditu gertatutakoak gertatu ziren ordena berean.
- Atzeranzko jauziak. Kontakizunean, bat-batean, aurretik gertatutakoak txertatu egiten dira.
- Aurreranzko jauziak. Geroago gertatuko direnak aurreratu egiten dira, irakurle edo entzulearen arreta areagotzeko.
Espazioa
Narrazio batean kontatzen diren kontakizunak nonbait gertatu direla kontatzen da. Leku horri espazioa esaten zaio eta erreala zein asmatua izan daiteke.
- Espazio erreala narraziotik kanpo ere benetan bada.
- Espazio asmatua narrazioaren egileak asmatutako tokia da. Errealitatearekin antzekotasun handiak dauzkaten espazioak ager daitezke narratiban eta oso leku fantastikoa eta irrealak ere bai.
- Erreala izan litekeen espazio asmatua. Idazleek batzuetan leku-izenak asmatu egiten dituzte, baina gero deskribatzen diren lekuak benetakoak izan litezke, errealismo kutsu handia dute. Horrelakoak dira, esate baterako, Txomin Agirreren Arranondo (Ondarroatzat hartu dute kritikari batzuek), Atxagaren Obaba herria edo Sarrionandiaren Kalaportu.
Kontatzailea
Narratzailea, kontalaria edo kontatzailea gertaerak kontatzen dituen ahotsa da.
Pertsonaiak
Pertsonaiak narrazioan agertzen diren parte-hartzaileak dira, fikziozkoak zein errealak.
Narrazioaren ezaugarri batzuk
- Gertakarien sekuentziak bildu ohi dituzte[1]. Kronologikoki antolatzea da aukerarik klasikoena baina narratiba modernoak denboraren kronologia ohikoarekin hautsi egiten du askotan.
- Hizkuntzaren erabilera-eremu guztietan agertzen dira baina, batez ere, pertsonen arteko harremanetan, literaturan eta gizarte-hedabideetan.
- Didaktikoki oso erabilgarriak dira[1]; izan ere,
- hiztunak hizkuntzetara hurbiltzeko egiten duen hasierako hurbilketa narrazio testuen bidez izan ohi da.
- narrazio-testuak, egun, zabaldu egin dira teknologia, kode eta euskarri berriek dakartzaten aldaketen kariaz; beraz, narrazio-mota berriak eta zailtasun handiagokoak ditugu.
- Honako testu mota edo testu-genero hauek dira[1][2][3] narrazio-testu: ipuinak, albisteak, kronikak, kontakizunak, erreportajeak, pasadizoak, biografia, autobiografiak, gutunak, komikiak, egunerokoak, blog mezuak, erreseinak...
Narrazioetako ohiko atalak
Narrazioetan atal batzuk ohikoak izaten dira. Hona horietako batzuk, ohikoenak (sakontzeko ikus Vladimir Proppek zerrendatutako tradiziozko ipuin errusiarren osagaien zerrenda):
- Hasierako egoera. Bertan, testuingurua, pertsonaia nagusia(k) eta hasierako egoera aurkezten dira.
- Korapiloa. Hasierako egoeraren bilakaera sortzen duen gertakarien multzoa.
- Arazoa (edo debekua).
- Ekintzak: arau-urratzeak, engainuak, gaiztakeriak, ekintza heroiko edo harrigarriak, ekintza arrunt-arruntak, bidaiak, aurkikuntzak, ikerketak, gorteatzeak...
- Konponbidea. Egoera berria aditzera ematen da.
- Amaierako egoera (eta ondorioak).
Erreferentziak
- EAEko Berritzegune Nagusia:. «Narrazio-testua - Hizkuntzari buruzko hausnarketa» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
- «Narrazioa -- Errubrika» Scribd (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- «Narrazio-testuen ebaluazio-errubrikak - ERRUBRIKAK» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).