Narra
Narra objektu astunak mugitzeko lera moduko bat da, zurezkoa ohikoan. Zaldiek edo idiek uztarritik tiratutako tresnak dira, abere trakzioko modu tradizional bat nekazal munduan, baita Euskal Herrian ere motorizazioa eta traktoreak iritsi aurretik.
Etimologia eta esanahia
Narra hitza narraz adizlagunarekin erlazionatua dago, gurpilik gabe edo ardatzik gabeko oso gurpil txikiekin, herrestan eramaten den tresna baita. Gaztelaniara ere egin du salto hitzak non narria ere erabiltzen den, rastra terminoarekin batera.
Neurri handi batean narra eta lera sinonimoak edo oso hurbilekoak dira euskaraz. Larramendiren Hiztegi Hirukoitzaren arabera, narrak forma laukikoak ziren, eta lerak hirukiak[1].
Euskal hiztegi modernoetan, lerari izotz eta elur irristatzearen adiera ematen zaio, baina lehor edo lur gaineko tresnentzat ere balio du[2], eta adiera horretan narra ikusteko gomendatzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak[3]. Azkenean, 21. mendeko erabilerara elur eta kiroletakoak iritsi dira, lerak; eta narrak etnografia museoetan geratu dira.
Erabilpena
Santiago Onaindiak hesidunak eta hesi bakoak aipatzen ditu, hau da, narraren alboetan piboteak jar zitezkeela, zamari hobeto eusteko. Oholez edo hurritz adarrez eginak ere aipatzen ditu Onaindiak, eta urritzezko bat bada Bilboko Euskal Museoan[4].
Toribio Etxebarriak dio: "Gure baserri guztietan zen narra, basoko karrioetarako"[1]. Mendiko lursailetan, gurdiarekin iristea zaila zen terrenoan erabiltzen zen batik bat.
Harri handi bat gainean jarri eta iraulitako lurrak lautzeko ere erabiltzen zen, eta baita sailean ongarri moduan aurretik barreiatutako karea lurrarekin nahasteko ere[4]. Bilboko Euskal Museoan bada ale bat Bermeoko kaian erabiltzen zena, barrika bat duena eutsita muturrean: barrika honetatik ura isurtzen zen zorura, errazago irrista zedin narra eta bere zama[5].
Bilbon 19. mendearen amaierara arte oso ohikoak izan zen narrak erabiltzea garraiorako, debekatua baitzegoen hiri barruan gurpildun ibilgailuak ibiltzea, biztanleen lasaitasuna ez eragozteko eta kaleetako zoladura garbi eta egoera onean mantentzeko[5].
Kantabria, Asturias eta Kanarietako demetan, harria probalekuan eraman beharrean, zama narra baten gainean kargatuz egiten dituzte proba hauek, lur gainean.
Historia
Neolitotik ezagutzen diren narren aztarnak. Chalain lakuko palafitoen hondarretan, Frantzian, duela 5.000 urteko narra handi eta oso bat aurkitu izan dute[6].
Antzinako Egipton, zurezko lera edo narrak erabili ziren, hainbat material inguruko basamortuetako hondar beroetatik garraiatzeko, batzuetan, objektu handi eta astunak garraiatuz, ikaragarrizko estatuak, adibidez. Garraioa errazteko, hondarra busti egiten zen narra pasatu aurretik. Oraindik hor diraute, hilobietan aurkitutako batzuk. Euren eraikinen baxuerliebetan eta margoetan ere, egiptoar langileek mugitutako narrak agertzen dira[7].
Ipar Amerikako herri natiboen artean, ohikoak ziren garraiorako, zakurrek tiratuak zaldiak sartu arte. Amerindiarren tresna hauei travois termino frantses jatorrikoarekin deitzen zaie.
Iruditegia
Erreferentziak
- «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
- «lera - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-27).
- «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-27).
- «Lera . EMSIME» apps.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
- «Narra barrikarekin . EMSIME» apps.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
- «.: FICAB - Peliculas - Peliculas - Una narria para los dioses :.» www.ficab.org (Noiz kontsultatua: 2020-06-27).
- (Gaztelaniaz) «¿Cómo arrastraron los egipcios las piedras de las pirámides?» historia.nationalgeographic.com.es 2014-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-06-27).