Napoliko Erresuma

Napoliko Erresuma[1] (napolieraz: Regno 'e Napule, italieraz: Regno di Napoli), XIII. eta XIX. mendeen artean, Italiar penintsularen hegoaldea (Calabria, Apulia eta Campania eskualdeak) hartzen zuen erresuma izan zen. Historian zehar, batzuetan Siziliako Erresumarekin bateratu zen. Hiriburua Napoli zen.

Napoliko Erresuma
Regno di Napoli
Regnum Neapolitanum
1285  1816
Monarkia
Napoliko bandera

Napoliko armarria

Geografia
HiriburuaNapoli
Kultura
Hizkuntza(k)Latina eta beste hainbat (napoliera, siziliera, italiera, gaztelania, katalana, frankoproventzera)
Historia
Aurrekoa
Siziliako Erresuma
Ondorengoa
Bi Sizilietako erresuma

1266tik 1442an Alfontso V.a Aragoikoak konkistatu zuen arte, Napoliko Erresuma Anjou etxearen mendeko lurraldea izan zen. XV. mendetik aurrera, Aragoi, Frantzia (epe labur batean), Espainia (1504-1713 bitartean), eta Austriaren mende egon zen; 1734 eta 1861 bitartean independentea izan zen, eta azken urte honetan, Italiako Erresumari batu zitzaion. Siziliako Erresumari dagokionez, Hauteville normandiar dinastiaren mende egon zen 1071tik aurrera, Hohenstaufen etxearen eskura pasa zen 1194an, Anjou etxera 1266an eta Aragoiko koroara 1282an.

Historia

Erresumaren hasiera

1130. urtean Roger II.ak normandiarrek Italia hegoaldean konkistatuak zituzten lurraldeak bateratu eta bere burua Sizilia eta Apuliako errege izendatu zuen. Aita Santuak eta Germaniako enperadoreek berentzat eskatu zuten erresuma berri horren gaineko aginpidea. Azkenean Germaniako Inperioaren mende geratu zen lurraldea.

Hohenstaufen etxea 1266an desagertu zelarik, Karlos Anjoukoak, Luis IX.a Frantziakoaren anaiak, hartu zuen lurraldea Aita Santuaren laguntzarekin. 1282an Siziliako nobleak anjoutarren aginpidearen kontra matxinatu ziren (Siziliar bezperak), eta Petri III.a Aragoikoari eskaini zioten koroa. Anjoutarren dinastiak, aita santuen laguntzari esker, ez zituen galdu Italiar penintsula barruan zituen lurraldeak, eta Napoliko Erresumak ekonomia gorakada handia izan zuen XIV. mende erdia arte; mende horren erditik aurrera ordea, eta hurrengo mendearen hasieran, erresumaren ekonomiaren gainbehera hasi zen eta erregetzarako liskar ugari izan ziren.

Aragoi eta Espainiaren aginpidea

1442an Alfontso V.a Aragoikoak, ordura arte Anjou etxearen esku zegoen Napoliko Erresuma konkistatu, eta Bi Sizilietako errege izendatu zuen bere burua. Aragoiko dinastiak nobleek, anjoutarrek lagunduta, egin zituzten bi matxinadari eutsi behar izan zien (1459 eta 1484-1486). 1494an Karlos VIII.a Frantziakoak erresuma inbaditu zuen, baina Gonzalo Fernández de Córdobak Aragoiko dinastiari itzuli zion berriro Napoliko Erresuma, eta 1510ean Julio II.a aita santuak Fernando Katolikoa Napoliko errege izendatu zuen[2].

Fernando hil zenean, honen biloba Karlos I.a Espainiakoak oinordetu zuen tronua, Austria etxea abiaraziz. 1559tik aurrera, burujabetasuna galdurik, Napoliko Erresuma erregeak izendaturiko erregeorde batek gobernatutako lurralde bihurtu zen.

1647an, Filipe IV.a Espainiakoak ezarri zituen zergen astuntasunak bultzaturik, Masaniellok matxinada bat antolatu zuen; zapalkuntza gogorrez baketu zuen Joan Josef Austriakoak, Filipe IV.aren sasiko semeak.

Espainiako Ondorengotza Gerra

Karlos II.a Espainiakoa oinordekorik gabe hil zenean, Napoliko Erresuma borboi dinastiaren esku gelditu zen eta, Espainiako koroaren mende zeuden gainerako lurralde guztiekin batera, Luis XIV.a Frantziakoaren biloba Filipe V.ari eman zitzaion; Austriako habsburgotarrek, ordea, ez zuten hori onartu. Austriako Karlos artxidukearen tronurako hautagaitza, Ingalaterra, eta Herbehereetako Probintzia Batuek babesten zuten, Frantzia eta Espainiaren arteko elkartzearen beldur zirenak, eta baita Aragoiko koroaren lurraldeek ere, borboien zentralismoaren beldur zirenak. Egoera honek, Espainiako Ondorengotza Gerra sorrarazi zuen, 1700 eta 1713 bitartean iraun zuena. 1707an inperioko gudarosteak Napoliko lurraldean sartu ziren .

Gerra Utrecht (1713) eta Rastadteko (1714) itunen bitartez amaitu zen; hauen arabera, Filipe V.a Espainiako errege bihurtu zen, baina europar jabetza guztiak, aliatuei eman zitzaizkien. Napoliko Erresuma Austriari eman zitzaion, eta Karlos artxidukeak gobernatu zuen, orduko Karlos VI.a enperadore bihurtua. Austriako habsburgotarren dinastiak iraun zuen bitartean, gizarte maila apalen miseria areagotu egin zen, eta zergak are astunagoak jarri zituzten.

Bi Sizilietako Erresumaren sorrera

Sakontzeko, irakurri: «Bi Sizilietako Erresuma»

1734an Filipe V.aren seme Karlos, Parmako dukearen gudarosteak borboientzat konkistatu zuen Napoliko Erresuma, austriarrak garaitu ondoren. 1738eko Vienako Itunaren ondoren, Napoli Karlosen esku (gerora Karlos III.a Espainiako erregea izan zena) geratu zen. Errege bihurtu eta gutxira, erresuma eraberritzen eta modernizatzen saiatu zen, hiru arlotan: Elizaren boterea mugatu zuen (1741ean Konkordatua sinatu, eta 1746 Inkisizioa ezeztatu zen); instituzioak erreformatu zituen, eraginkortasun handiagoa emateko eta baroien eraginetatik at uzteko; eta zerga erreforma egin zuen, komunitate behartsuenen kargak arinduz[3]. 1759an Karlosek Espainiako koroa hartu zuen, eta bere seme Fernandori utzi zion Napolikoa.

1805ean Napoleonek Fernando erregetzatik kendu zuen; hura Sizilian babestu zen. Napoliko Erresuma Josef Bonaparteri eman zitzaion lehendabizi, eta gero Joachim Murat. Murat 1815 arte izan zen Napoliko errege, urte horretan erregetzatik kendu eta fusilatu egin baitzuten. Erresuma borboien esku geratu zen, berriz ere. 1816an, Fernando erregeak Napoliko eta Siziliako erresumak formalki uztartu zituen, Bi Sizilietako Erresuma eratuz.

1861an, Frantzisko II.a Bi Sizilietakoa, herriaren babesa galdu eta Giuseppe Garibaldiren taldearen aurka zenbait porrot jasan ondoren, amore ematera eta bere lurraldea Viktor Emanuel II.a Piemonte-Sardiniakoari ematera behartua izan zen. Luze gabe, Viktor Emanuel Italia bateratuaren errege bihurtu zen. Konkista honekin, Bi Sizilietako Erresuma, estatu independente bezala desagertu zen.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.