Naizen
Naizen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkartea da.[1]
Naizen | |
---|---|
Sortze-data | 2015eko martxoaren 8an |
Lehengo izena | Chrysallis Euskal Herria |
Zioa | Adingabe transexualen familien elkartea |
Lan eremua | Euskal Herria |
Webgunea | naizen.eus |
Helburuak eta zereginak
Naizenen helburu nagusia transexual adingabeen familiei laguntza, trebakuntza eta orientazioa ematea da. Adingabeko transexualen eta haien familien errealitatea ikusarazteko lanean ere aritzen dira, baita beren eskubide eta erreklamazioak zabaltzen ere, adingabe transgeneroei dagozkien eremu eta sektoreetan, guztietan transexualitatea despatologizatuz eta aniztasun egitate bezala onartuz. Bestalde, adingabe transgeneroen arretaren eskumena duten profesionalei formazioa eta informazioa ematen diete, eta adingabekoon intereseko ikasketetan eta ikerketetan laguntzen eta parte hartzen aritzen dira. Adingabe transexualen eskubideak eta interesak babesteko lan egiten dute, dagokien legezko erreformak sustatuz.
Bere zereginen artean familien arteko elkarrekiko laguntza sare bat osatzea dago, aholkatzeko eta haien seme-alaben laguntza hobetzeko. Hitzaldi irekiak zein familientzat prestakuntza bereziak antolatzen dituzte, baita haiekin harremanetan dauden profesionalentzat; era berean, gonbidatzen dituztenean hitzaldi, ikastaro, mahai-inguru eta abarretan parte hartzen dute. Adingabe transexualekin harremana duten edozein arloko profesionalei (osasuna, hezkuntza, gizartea, justizia, kirolak, kultura ...) informazioa, aholkua eta trebakuntza ematen aritzen dira. Hedabideetan presentzia bilatzen dute, testigantza emateko eta haien etxeetan bizi duten errealitatea ikusarazteko. Bestalde, seme-alabak errepresentatzen dituzte haien eskubideen aldarrikapenean, arlo administratibo eta judizialetan, eta lege erreformen sustapenean. Publizitate, ikus-entzunezko materialak, digitalak edo bestelakoak sustatzen dituzte, adingabeen transexualitatea ikusgai egiteko eta normalizatzeko. Azkenik, aisialdiko jarduerak antolatzen dituzte haurrentzat eta haien familientzat, elkarrekiko laguntza eta jabekuntza sarea indartzeko.[2]
Chrysallis Euskal Herriaren sorrera
2015eko martxoaren 8an, Chrysallis elkarte espainiarraren baitan zeuden Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zortzi familiek Chrysallis Euskal Herria sortu zuten.[3] Lehenengo unetik haien errealitatea aurkezten hasi ziren, hitzaldietarako formatu misto bat "asmatuz": elkartearekin elkarlanean diharduten sexologiako profesionalek ezagutza teorikoa emanez, eta elkarteko familiek bere esperientzia partekatuz.[4] Informazioa eta aholkularitza zerbitzua sortu zuten, familiei laguntzeko. Horren bidez aholkularitza sexologikoa eskaintzen eta hainbat alorretako profesionalei aholku ematen hasi ziren: irakasleak, hezitzaileak, psikologoak, aholkulariak ... Honekin batera, seme-alaba transexualen familien "Informaziorako eta Elkartzeko Gune"a martxan jarri zuten, hileko lehen asteartetan; hasieran Donostian bakarrik, eta 2018tik aurrera baita Bilbo eta Iruñean ere.[5] Geografikoki oso sakabanatuta dauden familiak izatean, bilerak antolatzen hasi ziren elkar ikusteko: egun batekoak, zein asteburu osokoak, elkarri babesa emateaz gain, familia berriei harrera egiteko.[6] 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuekin kontaktuak eta elkarrizketak abiatu zituzten, instituzio horiek dituzten eskumenak garatzeko, autonomia erkidegootan transexualen eskubideak bermatzen dituzten lege aldaketak bilatuz. Arazo larrienetako bat erkidegootako erreferentziako bi ospitaleetan adingabe transexualek jasotzen zuten arreta izan zen.[5] Beste arazo garrantzitsu bat eskola-giroan errealitate horiei laguntzeko planteamendu egokiak bermatzea zen.
Material didaktiko aintzindaria
2016an material didaktiko aitzindaria argitaratu zuten, transexualitatea ikasgelan ulertzeko eta interneten eskuragarri egoteko. Arrakasta handia izan zuen: munduko leku askotatik deskarga ugari izan zituen, eta hainbat hizkuntzatara itzultzeko eskaerak jaso zituzten (gaur egun 8 hizkuntzatan dago). Hurrengo pausoa ikus-entzunezko materiala argitaratzea izan zen, non zakila duten neskak eta bulba duten mutilak aurkezten diren, zoriontsu bizi diren benetako neska eta mutilak.[7] Urte horretan bertan, Eusko Jaurlaritzaren "Transexualitate egoeran dauden pertsonen arreta integraleko gida" argitaratu zen, osasun, hezkuntza eta gizarte arloetako protokoloak emanez. Elkarteak oso modu aktiboan parte hartu zuen honen idazketan, ekarpen esanguratsuak sartuz. Hala eta guztiz ere, elkarteak hainbat kritika egin zizkion gida honi:[8] ez da orokorra; gabezi ugari ditu; teorikoki despatologizazioaren alde izan arren, izaera sexuala "egiaztatzen" duen informe psikologikoa eskatzen du, kontraesanean eroriz; eta ez du bermatzen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan planteamendu koordinatuko prestakuntza planik.[9] Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean,[10] Hezkuntzako Departamentuak plan bat ezartzea lortu zuten, haur transexualen kasuan eskola-ikuspegia modu integral eta koordinatuan bermatuz. Era berean, sail desberdinetako bileretan parte hartzen dute seme transexualen beharrizanei arreta emateko.[5]
"Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak" kanpaina
2017ko urtarrilean, dohaintza anonimo bati esker, "Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da!" izeneko kanpaina entzutetsua abiatu zuten.[11] 7 egunez, Bilboko Metro geltokietan eta Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko autobus geltokietan ezarri ziren kartelak. Komunikabideen eta interneten bidez, mezua nazioartean hedatu zen. Ultraeskuineko taldeek kanpaina gaitzetsi zuten arren, gizartearen eta erakundeen aldetik babes handia eskuratu zuen.[12] Elkartearen esanetan, Espainiako erakunde eta alderdi politiko guztiek gaiari buruzko iritzia ematea, eta adingabe transexualen errealitatea informazioaren abangoardian jartzea arrakasta izan zen.
Instituzioetan ekimenak eta Ekai Lersundiren suizidioa
2017ko ekainean, LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunerako Nafarroako Foru Legea erdietsi zen; elkarteak legearen idazketan parte hartu zuen, eta haren aldarrikapenetako asko jaso ziren. Horietako bat Transbide izeneko zerbitzuaren ezarpena izan zen, pertsona transexualak ikuspuntu ez-patologikotik artatzeko. "Nafarroan transexualak artatzeko eta laguntzeko gida" ere argitaratu zen, elkartearen parte hartze esanguratsuarekin.[13]
Elkartekoek Eusko Jaurlaritzaren 2012ko Legea eguneratu beharra seinalatu zunen; bere garaian aintzindaria izan zen arren, zaharkituta zegoela adieraziz, batez ere transexualitatea patologizatzen zuelako (transexual izaera frogatzeko txosten psikologikoa eskatuz). Horretara, 2018ko otsailean, elkartekoek Eusko Legebiltzarrean Transexualitate Lege berriaren proposamen bat aurkeztu zuten.[14]
Astebete geroago, elkarteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen. 16 urteko Ekai Lersundiren heriotzak adingabe transexual askoren egoera dramatikoa bistaratu zuen gizartearen aurrean, eta familia eta eskolaz gain nerabeen problematikari arreta berezia emateko premia erakutsi zuen (nerabezaroko gorputz aldaketa, harremanak, maitasuna...).
Lersundiren suizidioaren ostean, elkartekoak Osakidetzako arduradunekin bildu ziren, Gurutzetako Ospitaleko Genero Unitatean arreta hobetzea adostuz[15] -nahiz eta oraindik ere psikiatria arlotik bideratzen den, 2012 Legeak ezartzen duenaren arabera, giza duintasuna eta eskubideak urratuz-.[14]
Naizen
Elkartea abiadura handian haziz zihoan, eta hasierako 8 familia haiek 100 baino gehiago ziren, ia astero kide berriak gehituz. 2018ko amaieran elkarteak Chrysallis elkarte espainiarraren ordezkaritza izateari uztea erabaki zuen, eta 2019ko urtarrilaren 26an Donostiako Antzoki Zaharrean jai ekitaldian "Naizen" izeneko elkarte berria aurkeztu zuten, spot batekin,[16] eta informazioa eskaintzen duen webgunearekin batera.[17]
Izenaren esanahia elkartearen arabera:
‘Naizen’ izenak “nor naizen ni” adierazi nahi du (naiz+en[erlatiboa]); hitzekin poesia bidez jolastuz, ‘ni neu naizen gehiena’(naiz+en[superlatiboa]) esanahia ere badu; gainera, beste irakurketa bat ere badu: ‘ni naizena’ orainaldian lehen pertsonan (naiz), eta ez besteek hirugarren pertsonan lehen ulertzen zutena (zen) …
Eta gure izenaren erdigunean (n+aize+n) askatasun haizea (aize), ‘h’ galdu duena, haizeak berak eraman izan balu bezala.
Logotipoaren esanahia, berriz, horrela deskribatzen dute [18] :
Hizki arrosa eta urdinen artean koloreen continuum bat dago: norbera kolore desberdin batekoa. Edo, gehiago sakonduz, kolore horiek guztiak gu denok dauzkagu gure barnean, bakoitzak neurri eta proportzio desberdinean.
Eta ‘i’ hizkiak duen puntuak, poztasun, askatasun eta zoriontasun eztandarekin du zerikusia; hain zuzen, garena izan gaitezkeenean horrela loratzen gara, zoriontasun eztanda agertuz. Gutako bakoitza lore zoragarri bat gara, kolore desberdinetako lore-hostoz osatua. Eta, aldi berean, gutako bakoitza gara lore-hosto bat, familia, lagunartea, etab. osatzen dutenen gainerako lore-hostoen artean. Gehiago esan daiteke: lore-hosto bakoitzak familia bat ordezkatzen du, bere kolore-tonalitate bereziarekin, Naizen osatzen dugun famili-aniztasunaren baitan.
2019ko otsailaren 16an, Naizen elkarteak hitzordu garrantzitsua izan zuen Ondarroan, Ekai Lersundiren heriotzaren urteurrenean.[19] Egun osoko ekitaldiak izan ziren,[20] eta Euskal Telebistarekin batera, Butterfly telesailaren estreinaldia egin zen Bide Onera zineman.[21]
Sariak eta errekonozimenduak
- 2019: Bea Sever, Naizen Elkarteko bozeramailea Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen.
Erreferentziak
- (Ingelesez) Berria.eus. «Naizen jaio da, transexualitate egoeran dauden haurren gurasoen elkartea» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- https://naizen.eus/quienes-somos/la-asociacion/#qué-we egin
- (Gaztelaniaz) Constitución de la Asociación Chrysallis Euskal Herria | Chrysallis. (Noiz kontsultatua: 2019-02-20).
- (Gaztelaniaz) Niñas con pene y niños con vulva. Comprender para poder acompañar. | Chrysallis. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) Ferreira, Maialen. «Familias de menores transexuales: "¿Para qué tienen que acudir a un psiquiatra? Estas personas no tienen ningún problema mental"» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) Encuentro de familias de Chrysallis Euskal Herria | Chrysallis. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) «El material didáctico sobre transexualidad, en siete idiomas» El Diario Vasco 2016-05-18 (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) «Chrysallis EH dice que la guía no contempla la atención a las familias» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) Luces y sombras en la “Guía de atención integral a las personas en situación de transexualidad”: las luces. | Chrysallis. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) PAMPLONA, E. PRESS. (2016-01-22). «Parlamento de Navarra - Ainhoa Aznárez se reúne con familiares de menores transexuales» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- «Chrysallis Euskal Herria inicia una campaña sobre menores transexuales» www.vidasolidaria.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) «"Mi hija pequeña tiene pene y el mensaje de este autobús niega su existencia y su identidad"» Antena3.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) pamplonaactual. (2019-01-27). La presidenta del Parlamento de Navarra participa en la presentación de Naizen -. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) «Nace Naizen, nueva marca de familias de niños transexuales vascos y navarros. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) «'Vamos a seguir luchando por los menores transexuales'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) Moreno, Gloria. (2019-01-30). «Naizen, la nueva Asociación de Familias de Menores Transexuales» Oveja Rosa - Revista sobre familias y amor homosexual (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-01-26). «Nace NAIZEN, asociación de familias de menores transexuales» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- https://naizen.eus/quienes-somos/la-asociacion/#nuestro-nombre-imagen
- (Gaztelaniaz) «Ondarroa se volcó para homenajear a Ekai Lersundi» El Diario Vasco 2019-02-19 (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-02-16). «Ondarroa, volcada todo el día en el recuerdo a Ekai» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
- «Ondarroan estreinatuko dute 'Butterfly' telesaila - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2019-02-11 (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).