Naima El Bani
Naima El Bani Altuna (Bilbo, 1993) bizkaitar paleozenografoa, sedimentologoa eta geologoa da.
Naima El Bani | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1993 (30/31 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Bordeleko Unibertsitatea Tromsøko Unibertsitatea - Norvegiako Artikoko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | geologoa |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Udako Euskal Unibertsitatea |
Bizitza
Naima El Bani Altuna inoiz Artikoan bere burua imajinatu ez zuen bilbotarra da. Bergarakoa du ama eta Casablancakoa aita. Geologia kuriositatez aukeratu zuen, ikasi nahi zuena oso ondo ez zekielako, baina bazekien itsasoarekin zer ikusia zuen zerbait izango zela.[1]
«Geologiak ez zuen inoiz nire interesa piztu, 17 urterekin bidaia bat egin nuen arte Norvegiako hegoaldera, autobusez eta kanpinez kanpin, ama eta ahizparekin. Orduan ikusi nituen fiordoak, eta hura izan zen lehen aldia geologian interesa sentitu nuena».[2]
Euskal Herriko Unibertsitatean Geologia ikasketak egin ondoren, Paleozeanografia eta Sedimentologia masterra ikasi zuen Bordeleko Unibertsitatean.[3] Master amaierako lana egiteko garaian, Frédérique Eynaud-engana jo zuen. Berak ere foraminiferoak ikertzen zituen. Emakume hark Artikoko lagin batzuekin lanean ari zen proiektu batean laguntza behar zutela esan zion. Azkenean, Artikoari buruz egin zuen lan hura, eta lanaren harira Kanadako ikerketa batean parte hartzeko beka bat eman zioten. 2018an doktoregoa Artikoko foraminiferoekin jarraitzea erabaki zuen, CAGE zentroan (Centre for Arctic Hydrate, Environment and Climate).
Doktorego-tesia aurkeztu zuen 2021ean, Norvegiako Artikoko Unibertsitatean. Foraminiferoen inguruko doktorego-ikerketak egi zituen Tromsøko Unibertsitateko Geozientzien Saileko Artikoko Gas Hidratoetarako, Ingurumenerako eta Klimarako Zentroan, Tine L. Rasmussen eta Mohamed Ezat ikertzaileen zuzendaritzapean.[3][4]
Artikoan iraganeko itsas korronteak nolakoak ziren ikertzen du. Baina ikerketa ez da gaur egun munduak pairatzen duen aldaketa klimatikoetan zentratzen, hau da, estatu industrialek eragindako aldaketa klimatikoan, baizik eta milaka urtez «era naturalean» Lurrean eman diren aldaketa klimatikoetan. Zehazki, aldaketa natural horietan itsasoek izan duten eragina ari da aztertzen. Horretarako, foraminifero izeneko fosil txikiak aztertzen ditu. Hauek oskola duten organismoak dira eta bertan gordetzen dute bizi izan diren uren parametro fisikoak, «adibidez, nolakoa zen tenperatura». «Oskolaren konposizio kimikoa aldatzeko ahalmena dute eta oso tresna onak dira ingurunea eta iraganeko itsasoa ikertzeko».[5]Itsasora egiten dituzten espedizioetan lortzen ditu laginak.[6]
Naimak euskarazko kontu aktibo bat du Twitterren eta maiz espedizio-bidaietan horietan ikusitakoez, bere lanaz, edo klima aldaketaz aritzen da.[7]
2018an Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen Txiotesia lehiaketa irabazi zuen.[3] Sei txiotan azaldu zuen "Ipar Atlantikoan eta Artikoan iraganeko itsaso-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz" izenburuko tesia.[8][7]
Sariak eta errekonozimenduak
- 2018: Txiotesia lehiaketako irabazlea txiolari ulergarrienaren sarian.
- 2020: Gonbidatua UEUnko udako ikastaroen irekiera-jardunaldian: “Zientziak eta Euskara. Esperientzietatik etorkizunera.[9]
Erreferentziak
- «Artikoa eta klima aldaketa» Cursos de Verano UPV/EHU 2022-02-18 (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- «"Ez banintz Altuna nire errealitatea guztiz desberdina izango zen"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- Galarraga, A.. (2019ko urtarrilaren 11). «Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2019ko apirilaren 29a).
- Berasategi Otamendi, Gorka. (2022). «Klima krisia, poloetako izotz artetik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- Belategi, Ainara Rodriguez, Hegoi. (2021-02-24). «Naima El Bani Altuna, Artikoan bizi den euskal geologo baten bizipenak» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- Euskadi Irratia, Amarauna. (20020-08-28). «"Asko dakigu, baina oraindik asko dago ikertzeko eta ulertzeko"» www.eitb.eus (EITB) (Noiz kontsultatua: 2020-08-24).
- «Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- «Ipar Altantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- «ZientziaK eta Euskara. Esperientzietatik etorkizunera. (UI48 hasiera jardunaldia). :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-18).
Kanpo estekak
- Txiotesia lehiaketa irabazi zuten 6 txioak. 2018
- «Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut"» www.unibertsitatea.net .
- @artikoan kontua Twitterren. Euskaldun bat Artikoan.
- Elkarrizketa: Naima El Bani Altuna | Geologo bilbotarra Artikoan bizilabe.elhuyar.eus
- «Klima krisia, poloetako izotz artetik» Berasategi Otamendi, Gorka. (Berria, 2022). Elkarrizketa luzea Naima El bani Altuna eta Sergio Henrique Fariarekin, biek Artikoa eta Antartika ikertzen dute.