Naiarako monasterioa
Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioa (gaztelaniaz: Monasterio de Santa María la Real de Nájera) edo, besterik gabe, Naiarako monasterioa Errioxako hiri horretako monasterioa da, Naiara-Iruñeko erregeen panteoia daukana.
Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioa | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Donejakue bide frantsesa Errioxan | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Errioxa |
Q123680441 | Naiara |
Koordenatuak | 42°24′58″N 2°44′08″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XI. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 669-573 |
Eskualdea[upper-roman 1] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BIC | RI-51-0000061 |
573 | |
Webgune ofiziala | |
|
Donejakue bidean kokaturik zegoenez monasterioaren garrantziak handia izaten jarraitu zuen ondorengo mendeetan ere.
Historia
Naiararen konkista
918 eta 924 artean Antso I.a Gartzeitz Iruñeko erregeak Ordoño II.a Leongoa lagun, musulmanen eskutan zeuden Errioxako hiriak konkistatzeko kanpainak egin zituen. 923. urtean konkistatu zuen Naiara eta Gartzia II.a Santxitz semeari eman zion hiria[1]. Hurrengo urtean ordea Abd ar-Rahman III.ak Iruñea hiriburua suntsitu zuen eta 925ean Antso I.aren heriotzaren ondoren Gartzia II.a Santxitzek Naiaran ezarri zuen bere egoitza eta Erresumako hiriburu bihurtu zen. Naiara-Iruñeko Erresuma izena hartu zuen orduan.
Monasterioaren sorrera (XI-XII mendeak)
1035ean Gartzea Santxez "Naiarakoa" bihurtu zen errege. Kondairaren arabera 1044. urtean belatzarekin ehizan ari zela leize baten barnean aldaretxo batean amabirjinaren irudia aurkitu zuen zitori loreak eta kanpaia alboan zituela[2]. Leizeko Andre Maria izena eman zion (Santa María en la Cueva) eta tokian bertan monasterioa eraiki zuen. 1052. urtean sagaratu zen. Une horretan apezpikuaren egoitza bihurtu zen eta errege-erregine panteoia osatzen hasi zen[2]. Monasterioa garrantzitsua izan zedin inguruko santuen hilobiak eraman nahi izan zituen. San Felices Bilibiokoa eta San Millán ekartzen saiatu zen baina ez zuen lortu. Erregea 1054. urtean hil zen, Atapuercako guduan, Fernando I.a anaiaren aurka borrokan[3].
Antso IV.a "Peñalengoa" semeak hartu zuen haren tokia eta monasterioaren lanak amaitu zituen. Haren erregealdian San Isidoro ordeneko monjeek hartu zuten monasterioaren ardura eta 1067an egin zuten kontzilioan erritu bisigotikoa utzi eta erritual erromatarra hartzea erabaki zuten. 1076an Raimundo anaiak Peñalen herrian erail zuen (hortik haren ezizena) eta Iruñea-Naiarako Erresumaren amaiera izan zen[4] eta Naiara gaztelarren esku gelditu zen. Alfontso VI.a Gaztelakoak 1079an Cluny ordenari eman zion monasterioa, eta hark Donejakue bideko geldialdi bilakatu zuen.[5]
XII. mendean Aragoiko Erresumaren esku egon zen, bai eta Iruñea ere. 1134an Gartzia V.a Ramiritz errege zuela Iruñea Aragoetik banandu egin zen eta haren familia Naiarako monasterioan hobiratuta dago.
Monasterio berria
1422an monasterio erromaniko zaharkitua ordezkatuko zuen tenplo berriaren lanak hasi ziren[6] eta 1453an amaituko zen eraikitzen. 1486an Clunyko ordenetik bereiztu zen eta hurrengo urteetan hainbat erreforma garrantzitsu egin ziren, koroko aulkiteria (1493), jangela (1513) eta Zaldunen klaustroa (1517). 1513an Valladolideko San Benito kongregazioak hartu zuen beregain.
1520-22 artean Gaztelako Komunitateen Gerra izan zen eta Naiarak komuneroen alde egin zuenez erregearen tropek hiria harpilatu zuten, bai eta monasterioa ere. 1621 eta 1625 artean monasterioaren ataria eraiki zen eta mendearen amaieran barroko estiloko erretaula nagusia.
XIX. mende hasieran tropa frantsesek eta gerrilariek sarritan erasotu zuten monasterioa eta 1835ean Mendizabalen desamortizazioaren eraginez monjeak kanporatuak izan ziren eta monasterioa bertan behera gelditu zen. Eraikina biltegi, eskola edo kuartela izan zen eta bandalismo ugari jasan zuen. Eliza bera parrokia bihurtu zen 1845 eta 1885 artean.
1889an Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten babesteko helburuaz eta 1895ean Frantziskotarrek hartu zuten[7]. 1909an Estatuak berrizteko ardura hartu zuen eta 1959an patronatu bat eratu zen Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Logroñoko aldundiek, Naiarako udalak eta Frantziskotarren Ordenak osaturikoa[8].
Arkitektura
Monasterioaren kanpoaldeko estilo aniztasunak haren historiaren lekukotasuna erakusten dute. Hormak oso garaiak dira eta sei horma-bular indartsu ditu, izan ere babes funtzio nabarmena baitzuen monasterioak. Horma-bular hauek zilindrikoak dira[6]. XVII. mendean hasi zen dekoratzen, esate baterako 1621 eta 1625 artean egindako eliz ataria.
Monasterioaren barnean bi espazio bereizten dira; alde batetik tenploa bera, errege-erreginen panteoia duena, eta bestetik Zaldunen klaustroa.
Zaldunen klaustroa
1517 eta 1528 artean eraiki zen. Zutabe eta ganga gotikoak eta arku platereskoak konbinatzen ditu. 24 arkuk osatzen dute klaustroa eta 1578an solairu bat gehitu zitzaion arkuteriaren gainean. Elizatik San Juan atea zeharkatuz sartzen da klaustrora. Apaindura platereskoak ditu. Beste ate bat ere badu, Erregeen atea izena duena, izan ere Gaztela-Leon eta Nafarroako armarriak baititu gainean. Ate honek jangela eta sakristiara ematen zuen[9].
Zaldunen klaustroa izena du zaldun askoren hilobiak bertan daudelako[10]. Nobleek beren aberastasunen truke lortzen zuten monasterioan hilobiratuak izateko eskubidea[9].
Klaustroaren mendebaldeko izkinan Portugalgo erregina izan zen Mencía López de Haroren kapera dago, ofizialki Benetako Gurutzearen kapera izena badu ere (Capilla de la Vera Cruz)[6]. Antso II.a Portugalgoaren bigarren emaztea izan zen eta 1248an erregea hil zenean Mencía Naiarara itzuli zen. 1272an hil zen. Hilkutxa XIII. mendekoa da eta Portugalgo eta Lopez de Harotarren armarriak ditu. Haren alboan bi anai eta Garci Lasso Ruiz de la Vegaren hilobiak ere badaude[9].
Diego López de Haroren mausoleoa ere aipatzekoa da. López de Harotarrak Naiarako kondeak eta Bizkaiko jaunak izan ziren XIV. menderarte. Diego Lopitz II.a Harokoaren mausoleoa da hauxe, Bizkaiko hamargarren jauna izan zenarena. Alboan Toda Pérez de Azagra emaztearen hilkutxa gotikoa du[6]. Elizaren sarreraren alboan daude.
Tenploa
Jatorrizko tenploa 1052an sagaratu zen eta estilo erromanikoan eraiki bazen ere eragin mozarabeak ere ikusten zaizkio. Monasterioa 1422 eta 1453 artean eraiki zen eta eliza bera 1516. urtekoa da[7]. Gotiko estiloan eraiki zen. Gurutzeria sinpleko ganga du. Erdiko absidearen ganga izar itxurakoa da eta alboetako abside biak koadrangeluarrak. Triforioak lehiate triangeluarrak ditu.
Koroa 1490 eta 1493 artean eraiki zen gotiko isabeldar estiloan. 36 aulki altu eta 27 baxu ditu, intxaurrondo zurean landuak[6].
Barnealdean hiru habearte daude 10 zutabe bidez banatzen direnak. Koroaren azpialdean suposatzen da amabirjina azaldu zela eta orduko itxura mantentzen du oraindik ere. Erretaula nagusia XVII. mendekoa da eta barrokoa da. Amabirjina ageri du erdialdean eta Beneditarren Ordenaren fundatzaileak ditu alboan, San Benito eta Santa Eskolastika[6]. Amabirjinaren ondoan zitori loredun pitxarra (monasterioaren armarria), lanpara eta kanpaia ageri dira.
Monasterioari sorrera eman zion Amabirjinaren Erdi Aroko eskultura polikromatua ere aipatzekoa da. Bertan Amabirjina agertzen da Jesus haurtxoa eusten. XIII. mendearen amaieran edo XIV.aren hasieran egina dela uste da.
Panteoiak
Erdiko habeartean leizearen sarreran Naiara-Iruñeako errege-erreginen panteoia aurkitzen da. Infanteen panteoia ere badago alboan. Guztira errege-familiako 30 kide inguru daude bertan lurperatuta; hilobi famatuena Zuria Nafarroakoarena da[10], hilobi-arte erromanikoaren erakusgarri aparta baita[11]. Eskultura multzoa hilobiak ezarri baino askoz beranduago eraiki zen eta pizkundetar estilokoak dira. Panteoia bera 1556. urtean hasi zen eraikitzen.
Monasterioan dauden hilobi nagusiak honako hauek dira:[12]
- Antso II.a Gartzeitz "Abarka" eta Urraka Fernanditz
- Gartzia IV.a Santxitz "Naiarakoa" eta Estefania Foixkoa
- Antso IV.a Gartzeitz "Peñaléngoa" eta Plazentzia Normandiakoa
- Antso VI.a Nafarroakoa "Jakituna" eta Antsa Gaztelakoa
- Zuria Nafarroakoa
Presbiterioaren ezkerretara Naiarako dukeen panteoia aurkitzen da. Dukerria Errege-erregina Katolikoek sortu zuten 1482. urtean eta 1600 arte iraun zuen.
Erreferentziak
- «Nájera | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- (Gaztelaniaz) «El Monasterio» Monasterio de Santa María La Real de Nájera 2017-03-02 (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- (Gaztelaniaz) «García Sánchez III El De Nájera - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- «Historia Medieval del Reyno de Navarra» www.lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- Reglero de la Fuente, Carlos M.. La Crónica najerense, Santa María de Nájera y Cluny. .
- (Gaztelaniaz) Conociendo Nájera y el Monasterio de Santa María la Real. (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- (Gaztelaniaz) User, Super. «Monasterio de Santa María la Real, Nájera.» Ayuntamiento de Nájera (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- (Gaztelaniaz) «El Patronato» Monasterio de Santa María La Real de Nájera 2017-03-02 (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- «MONASTERIO SANTA MARÍA LA REAL DE NÁJERA» www.arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- (Gaztelaniaz) «Monasterio de Santa María La Real - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- (Gaztelaniaz) «Panteón Real del Monasterio de Santa María la Real de Nájera» www.gronze.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
- «MONASTERIO DE SANTA MARIA LA REAL DE NAJERA» www.jdiezarnal.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Naiarako monasterioaren webgune ofiziala