Nahitaezko errekrutatze

Errekrutatzea edo nahitaezko errekrutatzea da pertsona bat Estatuaren zerbitzuren batera halabeharrez biltzea, gehienetan nahitaezko soldadutza betetzeko. Antzinarotik dator, eta, izen desberdinekin bada ere, indarrean dago herrialde batzuetan.

Soldadutzara deitutako gazteen azterketa fisikoa, Japonian, 1941 inguruan.

Soldadutzarako errekrutatzea

Txinan dago gizon gazteen errekrutatzearen aurrekari zaharrenetako bat: Qin-eko Estatuak nahitaezko soldadutza ezarri zuen, etxe guztien erregistroa egin ondoren. Horri esker, ordaindu behar ez ziren armada handiak osatu ziren, eta faktore giltzarria izan zen Qin dinastia sortzeko, Txina osoa konkistatu baitzuen K.a. 221. urtean.[1]

Zerbitzu militarra betetzeko gizon gazteak nahitaez errekrutatzeko sistema modernoa, herrialde askotan hedatua, Frantziako Iraultzaren garaian eratu zen, 1790eko hamarkadan.[2] Hura izan zen armada handi eta boteretsu bat antolatzeko oinarrizko tresna. Geroago, Europako nazio gehienek bake garaietarako hartu zuten sistema bera: adin tarte jakin bateko gizonek 1-3 urte bitarteko soldadutza aktiboa egin behar dute, eta, ondoren, erreserba indarra osatzen dute, gatazka kasuetan soilik erabiltzen ahal dena.[3]

Soldadutzaz besteko errekrutatzea

Badira nahitaezko errekrutatze sistemak, militarrak ez diren beste zerbitzuak egitera behartzen dutenak armak erabili gabe, nahiz batzuetan sistema militarizatu baten mende egon. Izaera horretako adibide dira, esate baterako, Francoren diktadurak Espainian Sección Femenina erakundearen bitartez emakumeentzat ezarritako zerbitzu soziala; edo Erresuma Batuko meatzaritzan lan egiteko gazteen ezinbesteko errekrutamendua, Bigarren Mundu Gerran;[4] edo Ameriketako Estatu Batuetako armadak kontzientzia eragozleei ezarritako armarik gabeko lanak.[5] Gauza bera izan zen Espainian, nahitaezko soldadutza zegoen garaian, kontzientzia eragozleei 1988tik 2001era ezarritako ordezko prestazio soziala.[6][7]

Arazoak eta eztabaida

Nahitaezko errekrutatzea eztabaidatua izan da beti, askatasuna eta norbanakoen eskubideak urra ditzakeelako. Are eta gehiago, maiz aurre egin izan zaio nahitaezko errekrutatzeari, kontzientziazko arrazoiak argudiatuta edo eragozpen politikoak aldarrikatuta, edo biak batera, askotan desobedientzia edo intsumisio jarreren bitartez. Kasu batzuetan, nahitaezko errekrutatzea legez saihesteko irtenbide bakarra da herrialdetik kanpora irtetea, baina legeria gehienek hori ere eragozten dute. Erreklutamendu militarreko sistema batzuek armarik gabeko ordezko zerbitzu zibila ezartzen dute, Austrian[8] eta Suitzan,[9] esate betarako.

     Armadarik gabe      Borondatezko soldadutza      Nahitaezko soldadutza oraingoz, baina ezabatzeko asmotan      Nahitaezko soldadutza      Daturik ez

Nahitaezko errekrutatzea auzitan

XXI. mendearen hasieratik, estatu asko soldadu boluntario edo profesionalekin hasi ziren beren tropak osatzen, eta nahitaezko errekrutatzea bertan behera uzten. Alabaina, bide hori hartu zuten herrialde gehienetan ez zen legez indargabetu, baizik gerra edo krisi kasuetan erabiltzeko aukera gorde.[10]

Estatu Batuetan, nahitaezko zerbitzu militarra 1973an amaitu zen, baina 18-25 urte bitarteko gizonezkoak behartuta daude Hautapen Zerbitzuko Sisteman erregistratzera, beharrezkoa balitz nahitaezko soldadutza berriro sartu ahal izateko.

Espainian, nahitaezko soldadutza 2001. urtean desagertu bazen ere,[6] nahitaezkotasuna ez zen ezabatu Konstituzioan, eta armada profesionalizatu zuen legearen aitzinsolasean berariaz gogorarazten zen.[11]

Erreferentziak

  1. War and state formation in ancient ... – Google Books
  2. (Frantsesez) «De la conscription au SNU : les différentes formes du service national» vie-publique.fr (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  3. (Frantsesez) «Les Jeunes IHEDN» jeunes-ihedn.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  4. «Bevin Boys - BIS» web.archive.org 2009-07-03 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  5. BERR.gov.uk. .
  6. «Real Decreto 247/2001, 9 de marzo, por el que se adelanta la suspensión de la prestación del servicio militar» Noticias Jurídicas (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  7. MOC (2002) En legítima desobediencia. Tres décadas de objeción, insumisión y antimilitarismo. Madrid, Traficantes de Sueños. ISBN 978-8460742954.
  8. (Frantsesez) Österreich, Außenministerium der Republik. «Service militaire obligatoire» www.bmeia.gv.at (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  9. (Frantsesez) «Service militaire» www.ch.ch (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  10. «Le déclin mondial du service militaire obligatoire - l'Opinion» web.archive.org 2022-12-13 (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).
  11. Jefatura del Estado. (1999-05-19). Ley 17/1999, de 18 de mayo, de Régimen del Personal de las Fuerzas Armadas. , 18751–18797 or. (Noiz kontsultatua: 2022-12-13).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.