Obanosko Infantzoien Biltzarrak

Obanosko Infantzoien Biltzarrak XIII. eta XIV. mendeetan Nafarroako Erresumako infantzoiek eginiko batzarrak ziren. Batzarrak kapare edo kaparedun izeneko bigarren mailako nobleek (zaldun, kleriko eta nekazari libreak) osatzen zituzten, eta Nafarroako usadio eta ohiturak defenditu zituzten, errege eta ahaide nagusien (nobleteria, apezpikua eta burgesia) gehiegikeriak aurre eginez.

Obanosko armarria, Infantzoien Biltzarren zigilua eta esapidea dituena.

Deskribapena

Biltzarrak Obanos hiribilduan egin ohi zituzten, geografikoki Nafarroako Erresumako erdigunea zelako. Hala ere, infantzoiak Nafarroako eskualde guztietatik zetozen, ez Izarbeibarratik bakarrik.

Erakunde independentea eta estamentu ofizialetatik at funtzionatu zuena izan zen. Biltzarren ordezkariak demokratikoki hautatuak izan ziren, errege-erreginen eskumenetik kanpo, eta erregeari adierazi zizkioten bere eskaerak. Biltzarrek epaiak eman eta bete ere egin zituzten. Nobleteriaren gehiegikeriez defenditzeko biltzarrek behin betiko korporazioa sortu zuten.

Infantzoien esapidea edo lema "Pro libertate patria, gens libera state" zen, bi esanahi izan dituena:[1]

  • "Aberria libre izan dadin, jendarteak ere libre behar du". Itzulpen honetan Behe Erdi Aroan feudalismoa zela eta pertsonak libreak ez zirela ez da kontuan hartzen.
  • "Aberri askearen alde, jende librea, jaiki". Itzulpen honetan latinez izan (sum) eta egon (sto) ezberdinak direla kontuan hartzen da. Horregatik, «jaiki» edo «adi egon» itzultzen da.

Ordezkatzen zituzten herri eta hiribilduen eskubideak defenditu zituztelako, biltzarren parte-hartzaileak jazarri eta zigortuak ez ezik exekutatuak ere izan ziren. Baziren garaiak noiz klandestinitatean aritu zuten, erregearen gehiegikeriak borrokatuz eta Nafarroako Erresuma babestuz.

Hala ere, XV. mendean biltzarrak estamentu ofizialeen kontrolpean zeuden eta Gaztela eta Aragoiko mugetan gaizkile harrapatzeari baino ez zuten ekin. Horregatik, baliagarriak ez zirelako, 1510ean desegin zituzten.

Nafarroako Erresumako gizarte-antolamendua

Behe Erdi Aroan Nafarroako Erresumako gizartea feudalista zen, gizarte-mailak piramide batean antolatuak. Hona hemen antolamendua gailurretik hasita:

  • Erregea piramidearen gailurra zen.
  • Nafarroako Gorteetan ordezkariak zituztenak:
    • Estamentu Militarra, nobleteriarena. Bitan banatuta zegoen:
      • Zaldunak eta Infantzoiak, bigarren mailako nobleteria zena. Erresuma babesteko soldaduak zituzten eta trukean ez zituzten zergak ordaintzen eta errentak jaso, justizian eskubide bereziak izaten (adibidez, epaitegi bereziak) eta herri-lurretan eskubideak zituzten. Hauen artean, infantzoiak kapareen azpian daude eta batzuetan nekazari libreak baino ez ziren. Guztiak Elizaren menpean zeuden.
      • Ahaide nagusiak goi mailako noblezia ziren, errege kontseiluko kide zirenak. Administrazioa (gobernua eta justizia) osatzen zuten, eta piramidearen tontorrean zeuden.
    • Estamentu Eklesiastikoa, Eliza Katoliko Erromatarrari zegokiona. Ordezkari nagusia Iruñeko apezpikua zuen, botera handia eta batzuetan erregeekin liskarrak zituena. Gizarte-mailan, estamentua bigarren mailako nobleteria baino inportanteagoa zen.
    • Estamentu Unibertsitatekoa Hiribilduei zegokiona. Pixkanaka-pixkanaka, erregeak eratu ahala, hiribilduen ordezkariak eta baita status bera zuten haranetakoak ere parte hartu zuten. Hiribilduaren arabera, frankoak[2] edo kapareak[3] ziren.
  • Nafarroako Gorteetan inolako ordezkaririk ez zutenak:
    • Nekazari petxariak, petxak edo zergak ordaindu behar zituztenak, ez zeukaten Gorteetan egoteko eskubiderik baina bai Udaletan eta Kontzejuetan.
    • Nekazari koilazoak, lurrari lotuak, hasieran morroi-lanak egiten zituztenak eta gero errentariak izango zirenak.
    • Azkenean, erlijio gutxiengoak:juduak, mairuak eta beste talde baztertuak, agoteak bezala. Talde hauek bere zerga-sistema propioa ere bazuten.

Infantzoien egoera, gainera, ezberdina izan zen hiribilduaz hiribildua: Tuteran infantzoien estatusa kolektiboa izan zen; Lizarran burgesen parean zeuden eta beste hainbat lekutan frankoen menpean zeuden.

Biltzarren funtzionamendua

Eskualde bakoitzak gain-biltzarkide batek ordezkatua zen, biltzarkideek hautatua. Biltzarra indarrean zeuden tokietan biltzarkideek gain-biltzarkideen erabakiak mantentzeari zin egin zioten. Biltzarra arduradun batek zuzendua zen, gaztelaniaz "cabdiello" eta euskaraz "buruzagi" izena zutena. Honek epaiak ematen zituen zigorrak jarriz. Hitza jateagatik Biltzarrak berak zigorrak eman eta bete zituen.

Bilerak herri askotan egin zituzten. Dakigunez Miluzen, Arteagan, Etxaurin, Los Arcosen eta, batez ere, Obanosen egin zuten (hauek famatuenak izan ziren). Hala ere, "bere eskubideak defenditzeko beharrezkoak zirenean" egin zuten.

Biltzarrak zin amankomun eta korporatibo egin zuen.[4] Zinean, nahiz eta aginpide nagusia zegoela aitortu bazuten ere ez zuten "erregea" hitza erabili baizik eta "jaun" (gaztelaniaz: Señoría). Horrela koroaren boterearen menpe formalki egon arren, beti titulua onartu edo ukatu zezaketen.

Infantzoien zigilua

Infantzoien zigilua 70 zentimetrozko diametro duen zirkulu osatu gabea da.

Zigiluaren aurrealdean gurutze bikoitza duen liburu irekia eta zin egiten ari diren hamabi eskuineko eskuak daude. Inguruan honako esapidea du: Sigillum Oniversitatis juratorum Navarre (Nafarroako Zinpekoen Korporazioaren Zigilua)

Atzealdean eskuinerantz zamalkatuz ari den armaz hornitutako zalduna dago. Inguruan honako esapidea du: Pro libertate patria gens libera state (Aberri askearen alde, jende librea, jaiki edo Aberria libre izan dadin, jendarteak ere libre behar du).

Egun 1283 eta 1328 arteko bost zigilu baino ez daude, biltzarrak puri-purian zeuden garaietakoak.

Bilakaera historikoa

Antso VII.a

Antso VII.a Nafarroakoaren erreinaldian (1194-1234) lehendabizikoz ageri ziren biltzarrak.[5] Hau hasieran mesfidati izan bazen, gero toleratu egin zituen, ahaide nagusien bere etsaien (nobleteria, apezpikua eta burgesia hasiberria) aurkako kontrapisua zirelako.

Gainera, erregeak bere eraginkortasuna aprobetxatu zuen, gaizkileen aurkako polizia moduan aritu zutelako.[6]

Tibalt I.a

1234an Antso VII.a hil eta Xanpainako laugarren kondea eta erregearen iloba zen Tibalt I.a Nafarroakoa (1234-1253), foruak zin eginda, errege bihurtu zen.

1235ean, Gregorio IX.a aita santuak erregeari Infantzoien biltzarrak desegiteko ahalmena eman eta Irantzuko monasterioaren abadeari eta Orreaga eta Tuterako abadeei akabatzea agindu zien. Hurrengo urtean eta erregea Nafarroaraino heldu baino lehen, altxamendua izan zen Tuteran. Altxatuen artean infantzoiak eta hiribilduak ziren. Nafarroako seneskalak arbitral-batzorde baten bitartez tregoa bat lortu zuen 1235eko urriaren 28 eta 1236ko otsailaren 2 artean. Erregea 1236ko irailean iritsi zenez, egoera aldatu eta Tutera 1237ko azaroarako arbitratze onartu zuen. 1237ko ekainean errege batzordea biltzarkideei zina desegitea agindu eta hauek agindua onartu ez zutenez, eskumikatu zituzten. Laudoa aita santuak apelatu eta biltzarra ez desegitea lortu zuen. Bitartean erregeak gain-biltzarkideei 1.000 soldata eskaini zizkien berriro Biltzarra ez deitzeko.

1237ko azaroaren 5ean erregeak eta infantzoiek Infantzeria egiaztatzeko bide berria onartu zuten. 1237an ere infantzoi talde batek Foru Zaharra idatzi zuten, nafarrek izandako eskubide publiko eta pribatuak sistematikoki adierazteko.[7][8]

Tibalt II.a

Tibalt I.aren semea Tibalt II.a Nafarroakoa (1253-1274) Nafarroako Ahaide Nagusien Batzordeak hautatua izan zen. Umea zela, Margarita Borboikoa ama izan zuen erregeorde. Batzordeak foruak zin eragin zion. Frantzian bizi zen, Nafarroako Erresuman bost aldiz baino ez zen izan. Seneskalen bitartez gobernatu zuen eta Nafarroako Gorteak kontrolatzea saiatu zuen, lortu ez bazuen ere.

Infantzoien Biltzarrek, ahaide nagusiekin eta hiribilduekin batera, foruak defenditu zituzten, eta erregearen boterea murriztu. Ordutik, Infantzoien Biltzarrak eskubideen jagole bihurtu eta erregeek gogor erasoak izan ziren.

Luis IX.a Frantziakoa aitaginarrebaren laguntzari esker eginiko zina desegitea onartzen zuen bulda lortu zuen, larderiazko erregimen politikoa eratuz. Garaipena lortzeko etsaiak zatitu zituen, senideei eta kanpokoei mesede eginez eta infantzoi eta zaldunei baztertuz. Hiribilduen kexak batzuetan entzun eta bestetan paso egin zuen. Lortutako buldari esker banakako zinak eskatu zituen.

Biltzarra itzalpean ekin zion lanari, erregearen baimenik gabeko gain-biltzarkideak aukeratuz. Erregeak Urbano IV.a aita santuaren laguntza izan zuen eta honek 1264ko urtarrilaren 31ean Bordeleko artzapezpikuari Nafarroako Erresuman eginiko Biltzarrak desegitea agindu zion.

Henrike I.a

Tibalt II.aren anaia zen Henrike I.a Nafarroakoak (1270-1274) bide bera jarraitu zuen, Nafarroako usadio eta ohiturak errespetatu gabe eta Biltzarrak saminduta izanik. 25 urte zituela hil eta Joana alaba ama Blanka Artoiskoak Parisera bidali zuen. Hantxe 1275ean lau urteko Frantziako erregearen oinordekoa Filipe ezkondu zuen.

Nabarreriako Gerra

Sakontzeko, irakurri: «Nabarreriako Gerra»

Xanpaina leinuko erregeekin izandako arazoak zirela eta, Nafarroako Gorteek Jaume I.a Aragoikoari koroa eskaini zioten, eta Cascanteko jauna zen Piarres Antso Monteagudokoa Erriberrin egindako 1274ko abuztuaren 27ko bileran gobernadore izendatu zuten.[9] Jaume I.ak uko egin eta laster hasi zen Gaztelako erregeak erresuma okupatzeko saiakera. Iruñerria eta Mendialdeko jauna zen Gartzia Almorabid gobernadorenahia, Iruñeko apezpikuak, estamentu eklesiastikoak eta Nabarreriak osatzen zuten taldeko buruzagia, Alfontso X.a Gaztelakoaren alde egin zuen. Honek armada bidali eta Mendabia konkistatu eta Viana setiatu zituen.

Blanka Artoiskoa alargun erregeordeak Iruñera jo eta Frantziako seneskal zen Eustace de Beaumarchais hautatu zuen gobernadore. Piarres Antso Monteagudokoak Erriberrin zegoen Gorteen bileran dimititu egin zuen.

Beaumarchais Nafarroara iritsita, altxamendua izan zen. Gazteluen alkaideak txandakatu zituen eta eskualdeko ordezkariei fideltasuna zin eragin zien, infantzoiek Biltzarra desegin zezaten laguntza eskainiz. Almorabid eta bere taldeko nobleek Joana I.ari (1274-1305) fideltasuna ere zin egin zioten. 1276ko apirilaren 2an Beuamarchaisek eta Ahaide Nagusiek, zaldunek, infantzoiek eta hiribilduek elkar ez erasotzeko ituna sinatu zuten. Egun, altxamenduei eta itunei buruz ez daude datu zehatzik.

Hala ere, frantziarrek ez zuten Nabarreria kontrolatu. Iruñeko apezpikuak eta estamentu eklesiastikoak bertoko biztanleen laguntza izan zuten. Burgoa gotortu zuten, justu Beaumarchais eta antzinako gobernadorea zen Piarres Antso Monteagudokoak eskatu zuten kontrakoa. Iruñeko apezpikuak San Zernin eta San Nikolasko biztanleak eskumikatu zituen frantziar leinuaren alde egiteagatik. Gobernadoreak erreginaren onespen eskatzera Nabarreriara heldu zenean, aldaratua izan eta San Zerninen kokatu zen. Laster Almorabid eta infantzoiek Nabarreriako kontzejuaren alde egin zuten.

1276ko maiatzetik aurrera, Iruñeko burgoen arteko liskarrak hasi ziren. Ibañez Baztandarrak hitzartua, Monteagudok hasieran Nabarreriaren alde egin bazuen ere, alderdiaz aldatu eta gobernadorearen alde egin zuen. Hori zela eta, erail zuten (itxura denez, Almorabidek agindua)[9]. Filipe III.a Frantziakoak bere armada Nafarroara bidali zuen, eta armadaren zati handiena Burlatatik irailaren 6an sartu zen. Nabarreriaren alde bidalitako gaztelar armada Iruñetik 15 kilometrora geratu zen, Erreniegan. Gartzia Almorabidek, Ibañez Baztandarrak eta beste noble askok, frantziar armada zetorrela jakinda, gauez ihes egin zuten hiritik. Gudarosteek hirian sartu eta sarraskia egin zuten dena hondatuz. Nabarreria, San Migel eta Judutegian katedrala baino ez zen zutik geratu. Bizirik zeudenak Tiebasko gaztelura eraman zituzten preso, bertan urkatzeko. [Nabarreria 48 urtez despopulatua izan zen, eta katedrala 30 urtez itxita.

Hiriburua konkistatu eta gero, erresistentzia amaitu zen eta infantzoiek eta gaztelu eta dorretxeko alkaide eta jaun guztiek Joana I.ari fideltasuna zin eta horrela arnegatu zuten:

« zalditeria-partida hiribilduekin eginiko zina desegin eta hemendik aurrera erregea edo bere gobernadorearen baimenik gabe zin berririk ez egitea.[10]  »

1281eko galdeketa

Jasandako errege errepresioa gorabehera, Infantzoien biltzarrak 1280ko abenduaren 26an berpiztu ziren, eta Guerin d'Amplepuis gobernadore berriak espediente bat hasi zuen biltzarrak legez kanpo utzi eta zigortzeko.

"1281eko galdeketa" izeneko espedienteak Biltzarraren legezkotasunik eza azaltzea zuen helburu. Galdeketan 104 lekukoen aitortzak daude, horietako asko biltzarkideak. Aitormenetan Frantziako gobernadore eta funtzionarioen aurkako Biltzarren jarrera ez ezik, Biltzarraren historia ere azaltzen da. Garai hartan, Biltzarra bost eskualdetan banatuta zegoen[11]: Arteaga (Erro, Urraul eta Zaraitzu ibarrak), Miluze (Iruñerria), Iratxe (Lizarrako merindadea), Erribera (Ebro, Arga, Zidakos eta Aragon ibaien haranak) eta Obanos (Uterga, Orbaibar eta Oibar).

Aitormen asko galdu badira ere, lekukoetatik 16 zaldunak, 15 klerikoak, 7 nekazariak eta 3 burgesak ziren. Beste 62ak ez da aipatzen eta 3 alkate zeuden. Galdeketan "Biltzarrak Antso Indartsuaren erregealdian infantzoi, nekazari eta kleriko Iñigo Martinez Subizakoa ahaide nagusiak eginiko bidegabekeriez babesteko jaio zirela" eta erregeak baimena eman zuela esaten da. Hasieratik ahaide nagusiek eta zaldunek hartu zuten parte. Gaizkileen aurkako justizia eginez "txiroak defendituak izan ziren eta erresuma defenditua eta herrialdea bakean zeuden". Lekukoek ez zuten hainbeste esan Tibalt II.a eta Henrike I.aren erreinaldiei buruz "Biltzarretan jardunean parte hartu zutelako eta Filipe erregearen errepresalien beldur zirela, honek Biltzarrekiko kontrakoa zen eta". Tuterako sakristauak gizartearen eskubideak erregea eta bere ofizialen gehiegikerien aurka defenditzea Biltzarren helburuetako bat zela esan zuen.

Errepresioa izan arren, jarraitutasuna

1289an errepresioa areagotu egin zen, 21 zaldun Biltzarra uztera bultzatuz. Hori zela eta, infantzoiek eta hiribilduek Biltzar bateratua osatu zuten. 1290. urteko hasieran sarekada berriak izan ziren.

1290eko apirilaren 9an Antso IV.a Gaztelakoak Frantzia eta Nafarroako erregearen ordezkariekin ituna sinatu zuen gaizkileen aurkako borroka bere gain hartzeko. Itun honetan Infantzoien Biltzarren jazarpenari bidea ematen zion.

Jazarpena izanagatik ere, Frantziako mariskala eta Nafarroako gobernadorea zenak Frantziako gros tournois zilarrezko txanponak Nafarroako sanchete beste balio izateko eta bi urtez biak erabilgarriak izateko dekretua eman zuen "Obanosko Infantzoien Biltzarraren baimenarekin". Urte bi geroago, 1293ko urriaren 13an, antzeko beste dekretua eman zuen hurrengo lau urteetarako. Honek nafarren baimena izan zuen "graziagatik, ez betebeharragatik".

Infantzoi eta hiribilduen arteko batasuna 1297an lehengoratu zuten Obanosen urrian eginiko bilera batean. Bilera honetan biek "Nafarroako Jaun Nagusiari oroan eta beti"fideltasuna gordetzea zin egin zuten, erregina titulua erabiltzea saihestuz. Biltzarrak bizirik zirauten eta horrela azaldu zen Gorteek 1299ko abuztuaren 31n egindako bileran.

Luis I.a

Luis I.a Nafarroakoa (1305-1316) Nafarroako errege izan zedin, Infantzoien Biltzarrek 1305eko maiatzean bilduta, erregenahiari Foruak zin egitera eta bizitzera etortzea eskatu zioten, 1274. urtetik aurrera jasandako kalteak gogoratuz.

Era berean, 1306ko apirilean erresumaren eskubideak ez ezik Luis Setatia bere jaun naturalarenak ere zaintzea zin egin zituzten, hau erresuman baldin bazegoen:

« Bereziki printze jaraunsleari Nafarroara bera etortzea On Luis Setatiak bidalitako ordezkari nobleek, Boloniako kondea, San Gileko prioreak eta bere lagunek esandako epean, hurrengo Pizkunde jaian bukatzen dena. Ordurako bere hitza betetzen ez badu, ez dituzte bere gobernadore, ordezkari ez bere ofizialen aginduak obeditu.[12]  »

Eskaera 1306ko urrian berritu zen, eta 1307ko apirilaren 28an eta berriro irailean eraman zuten Gorteetara.

Gorteak, zaldunak, infantzoiak eta hiribilduak ados zeudenez, Erresuma altxatuko zen beldur, Luis Setatia urrian agertu zen Nafarroan. 1307ko urriaren 13an koroatu zuten. Gero errepresioari ekin zion, izendapen egin eta hiribildu eta hiri bakoitzaren foru eta eskubideak zin egin zituen bitartean. Hori bukatuta, Nafarroatik alde egin zuen inoiz ez itzultzeko. Berarekin batera preso adierazgarri batzuk eraman zituen, tartean Fortun Almorabit, eta behin Tolosako gartzelan sartuta ez ziren inoiz etxera itzuli. Biltzarkide askok, batez ere klerikoak, isun gogorrak jaso zituzten eta Nafarroan Tenpluko ordena desegin zuen.

1313an Biltzarrak 5.000 librako isuna jaso zuen eta biltzarkideak jazarri eta hilarazi zituzten. 1314an Baztan 188, Irunberrin 103, Iruñean 70 eta Tafalla 53 lagun zigortuak izan ziren. 1314ko maiatzaren 5ean Obanosko infantzoiak barkatu zituen, hogei izan ezik, 5.000 sanchete edo gros tournois ordaindu bazituzten.

Filipe II.a

1317ko urtarrilaren 9an Filipe II.a Nafarroakoa (1316-1322) koroatu zuten. 1317ko urriaren 24an gobernadoreak erregeak ezin zuela Nafarroara joan foruak zin egitera esan zuen. Gainera elizgizonek, zaldunek, infantzoiek eta hiribilduen ordezkariek bildu behar zirela agindu zuen Frantziara joan eta erregeari fideltasuna zin egitera eta erregearen Nafarroako usadio eta ohiturak zin egitearen lekuko eta ordezkariak izateko. 1319ko irailaren 30a arte ordezkariak ez ziren Parisera joan. Erregeak erabilitako eredua ezezaguna da.

Karlos I.a

Karlos I.a Nafarroakoak (1323-1328) foruak zin egin ez zituenez, bere gobernua ez zen legala eta indar militarrak erabili behar izan zuen erresuma kontrolatzeko. Gobernadoreen bitartez gobernatu zuen eta Nabarreria berreraikitzeari ekin zion. Hau bere jarrerak bera hiltzean altxamendua bultzatu zuen.

Karlos Burusoila hil zenean, ahaide nagusiek, zaldunek, infantzoiek eta hiribilduen ordezkariek Garesen bildu eta 1328ko martxoaren 13an "Laguntasun eta Batasun Eskutitza" idatzi zuten bere eskubideak eta erresuma denfendatzeko hurrengo erregea nor zen jakin barik. Nafarroako Gorteek maiatzaren 1ean bildu ziren Iruñean eta aho batez Joanari eman zioten koroa, Luis I.aren alaba eta Filipe Évreuxkoaren emaztea zena.

Filipe III.a eta Joana II.a

1328ko uztailaren 20an Évreuxeko kondeak ordezkari hautatu eta bidali zituen. Horietako bat Henrike Sullykoa Biltzarrekin harremanetan jarri eta, hauen aburuz, erregea herriarekiko eta herria erregearekiko izan behar zituzten betebeharrak azaldu zioten.

Autoritarismoa murriztuz eta Nafarroako zuzenbide publikoa errespetatuz, Filipe III.ak eta Joana II.ak, foruak zin eginda, 1329ko martxoaren 5ean Iruñeko katedralean koroatu zuten. Hiru hilabete geroago Frantziara itzulita, erresuma frantziar gobernadoreen bitartez gobernatu zuten. Nafarroako foruak onartzearen truke Biltzarren desagerpena eskatu zuten. Henrike Sullykoak zituen potereak absolutuak ziren eta erregea izango balitz gobernatu zuen.

1330ean estamentu guztiak sortutako batzorde batek arau eta legeak laburbildu eta Foru Zaharra berritu zuen "Filipe III.aren Hobeagotzea" idatzi zituen. Erregeak zenbait funtzionario ustelen kargugabetzea onartu zuen. Biltzarrek gaitasun politikoa galdu zuten.

Filipe III.a behin baino ez zen Nafarroara itzuli, 1342an Alfontso XI.a Gaztelakoarekin batera Algecirasko setioa antolatzeko hain zuzen ere. Espedizio honetan hil zen.

Karlos II.a

1351an Karlos II.a Nafarroakoak (1332-1387) nekazariak zapaldu zituenean, Biltzarren gaitasun politikoa berpiztu zuen. Biltzarren errepresioa latza zen: zortzi kapitain urkatu (launa Miluzen eta Iruñean) eta azpimerinoak exekutatu zituen Sakanan.

Bukaera

XV. mendean erakundea estamentu ofizialak kontrolatuta zegoen, administrazioak bultzatu eta antolatuta eta erregearen alkateek zuzenduta. Bere zeregin nagusia Gaztela eta Aragoiko mugetan gaizkileak harrapatzea zen.

Azkenean, bere jarduera eza zela-eta, 1510ean bertan behera utzi zituzten.[11]

Erreferentziak

  1. www.puntubi.com - Infantzoiak
  2. Harluxet hiztegia: franko (izond.): Erdi Aroan Europatik, batez ere Frantziatik, etorririk Nafarroako Erresuman kokatu ziren atzerritarrei eman zitzaien izena.
  3. Harluxet hiztegia: kapare: Nahiz aitoren seme edo alaba izan ez, hainbat pribilegioren jabe zen pertsona librea.
  4. Jesus M. Usunariz: Historia breve de Navarra Silex, 2006 ISBN 84-7737-147-4 Google Booksen
  5. www.misteriodeobanos.org - Infanzones
  6. Herreros Lopetegi, Susana: «Navarra en la órbita francesa», in Historia Ilustrada de Navarra (1993) Iruñea, Diario de Navarra. ISBN 84-604-7413-5
  7. Jesús de Galíndez: Valor de los Fueros vascos considerados según las circunstancias históricas que les dieron origen
  8. Luis Suárez Fernández: Fernando el Católico y Navarra: el proceso de incorporación del reino a la Corona de España Ediciones Rialp, 1985 ISBN 84-321-2293-9 Google Booksen
  9. Mª Raquel García Arancón: Tres linajes navarros bajo la Casa Champaña
  10. Gaztelaniazko jatorrizko testua honela zioen: "deshacer la jura que hizo con la partida de caballería y con las buenas villas el rey lo mandare, y que en adelante no hará ninguna jura sin licencia del rey o su gobernador".
  11. Mª Raquel García Arancón: "La Junta de Infanzones de Obanos"
  12. Gaztelaniazko jatorrizko testuak honela zioen: "Especialmente para requerir al príncipe heredero a que venga personalmente a Navarra en le plazo que han prometido los nobles, el conde de Bolonia, el prior de San Gil y sus compañeros, enviados con poderes especiales de don Luis Hutín , plazo que expira en la proxima fiesta de Resurección. Si para entonces no cumple la promesa, no obedecerán a ningún gobernador ni lugarteniente ni oficial suyo."

Bibliografia

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.