Nafarroako Kateak
Nafarroako Kateak Nafarroako armarriaren eta banderaren ikur eta osagarri nagusia dira. Objektu historiko seguruenik mitiko bat dira kateok, baina haren erlikia edo ustezko parteak gordetzen dira zenbait tokitan Nafarroan, katebegi pusketa gisa.
Nafarroako Kateak | |
---|---|
![]() | |
Honen parte | Nafarroako armarria |
Historia
Nafarroako armarriaren jatorri ikonografikoa Tibalt I. Nafarroako erregearen zigiluan dago, zeinean karbunko bat agertzen zen, puntu zentral bat duen ikurra, inguruetara zabaltzen dena luzakin batzuekin. Forma horrek kate baten itxurara ebolizonatu zuen, honelaxe:
Eboluzioaren urrats funtsezkoa 15. mendean izan zen, non sinboloa berrinterpretatu zen Navas de Tolosako guduaren kondairaren arabera. Gudu horretan, 1212an, Iberiar penintsularen Errekonkista garaietan, Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko erregeek gerlari musulmanak garaitu zituztenean Navas de Tolosako parajeetan, oraingo Jaengo probintzian. Garaitzaren unean Antso VII.a Azkarraren gerrako ospil izan ziren kateak.
Katea Miramamolin Berdea (Muhammad An-Nasir) errege mairuaren denda inguratzen zutenak omen dira, Antso Azkarrak berak hautsi baitzituen bere ezpatarekin. Erdian dagoen esmeraldak errege mairuak turbantean zeramana irudikatzen du. Antso Azkarrak irudi hori aukeratu zuen bereizgarri heraldikotzat, ordu arte erabiltzen zuen Arrano Beltzaren ordez.
Dena den, berriki Tomás Urzainki nafar historialariak azaldu du dokumentatuta dagoela kateen armarria bazela Nafarroan lehenagotik, adibidez: Lizarrako Done Mikel elizan (1160), Iruñeko Biblian (1189) eta Chartresko katedralean.[1]
Erlikiak
Nafarroako Kateen ustezko katebegi zatiak gordetzen dira Nafarroako zenbait puntutan, erlikia historiko gisa. Orreagako kolegiatan daude bi pusketa gordetzen dira batera, Antso VII.aren panteoian. Beste zati bat Tuterako katedralean, erretaula nagusiaren ezkerraldeko azpiko aldean dago ikusgai. Mendabiako Legardako baselizan ere gordezen dira katebegi batzuk.[2]
Nafarroako Diputazioaren jauregian ere bada zati bat, Iruñean. Katebegi hauek Iratxeko monastegitik eraman zituzten bertara 19. mendean.
Erreferentziak
- Burgi, Mikel. El escudo de Navarra. Nabarralde, 2016-09-05, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-25).
- Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: LAS CADENAS DE NAVARRA: ¿Dónde están?» Arte, Historia y curiosidades (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).