Nafarroako Errege Kontseilua

Nafarroako Errege Kontseilua Nafarroako Erresumako errege erakunde gorena izan zen. Xedea errege-erreginei beren gobernuan laguntza eta aholkuak ematea bazuen ere, izatez berezko garrantzia hartu zuen une askotan.

Nafarroa Garaiko Foruen bilduma, 1614

Deskripzioa

Erregeak berak aukeratzen zituen Kontseiluko kideak, elizako goi mailako hierarkiaren (Iruñeko eta Baionako apezpikuak, Leireko eta Olibako abadeak…), administrazioko goi mailako kargudunen (Erresumako kantzilerra, Errege diruzaina…), aitonen-semeen eta jaun aberats nagusien artetik. Egoitza beti Iruñean izan zuen. Badirudi hamabi zirela Errege-Kontseiluko kideak hasieran. Aholkuak eman ez ezik, munta handiko erabakiak hartu ohi zituen Errege Kontseiluak justizia, administrazio eta politika alorretan.

« Et que Rey ninguno que no oviesse poder de fazer Cort sin conseyo de los ricos ombres naturales del Regno, ni con otro Rey o Reyna, guerra ni paz, nin tregoa non faga, ni otro granado fecho o embargamiento de Regno, sin conseyllo de XII ricos ombres o XII de los más ancianos sabios de la tierra.  »

Nafarroako Foru Orokorra, I. liburua, I. idazpurua , I. atala[1]

Hasieran erregeen alboko pertsonak baziren ere, sarrera handiagoa izan zuten justizia eta administrazio gizonek XV. mendetik aurrera. Justiziaren alorrean, Errege Kontseilura eramaten ziren Nafarroako Gorteek hartutako erabakiei egin beharreko apelazioak, eta beste hainbeste gertatzen zen Nafarroako Kontuen Ganberan hartutako erabakien aldetik.

XVI. mendean, Nafarroa Garaia Gaztelako Koroaren mendean geratu zenetik aurrera, aginpide politikoa galdu zuen Errege Kontseiluak, eta zazpi kide izan zituen handik aurrera: erregeordea eta beste sei kontseilari, Gaztelako erregeak aukeratuak. Erregeordea eta bi kontseilari kanpotarrak izan ohi ziren, gaztelarrak.[1] Gorteek behin eta berriz protestatu zuten hautatze horren kontra, kontseilari guztiak nafarrak izatea nahi zutelako. 1561. urtean, karta gaineko eskubidea aitortu zitzaien Nafarroako Errege kontseilariei. Eskubide horren arabera, errege agindu oro Errege Kontseiluak onartu behar zuen lehenik, Nafarroan indarrean jarri aurretik. Haren epaiak apelaezinak ziren, gaztelar justiziaren atsekaberako.

Foruekin batean desagertu zen Nafarroako Errege Kontseilua 1841. urtean. Nafarroako Lege Hitzartuaren ondorioz, Nafarroako Lurralde Auzitegiak ordeztu zuen zenbait eginkizunetan.

Bibliografia

  • FORTUN PEREZ DE CIRIZA, LUIS JAVIER. (1986). «El Consejo Real de Navarra entre 1494 y 1525» Príncipe de Viana. , 165-180 or. ISSN 1137-7054..
  • Artola, Miguel. Diccionario Temático. in: Enciclopedia de Historia de España. Alianza Editorial, 325-326 or..

Erreferentziak

  1. Estornés Zubizarreta, Idoia. Consejo Real de Navarra. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-21).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.