Nadia Calviño
Nadia María Calviño Santamaría (Coruña, 1968ko urriaren 3a) Espainiako ekonomista eta Europako Batzordeko goi funtzionarioa da. 2020tik aurrera Espainiako Gobernuko Hirugarren Presidenteordea da eta Ekonomia eta Eraldaketa Digitaleko ministroa, Pedro Sánchez presidentearekin. 2018ko ekainaren 7a eta 2023ko azaroaren 20a bitartean Espainiako Ekonomia eta Enpresa ministro izan zen Sánchez presidentearekin.[1] 2023ko azaroaren 21az geroztik Espainiako Ekonomia Gaietarako ministroa da. 2023ko abenduaren 8az geroztik Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluko (ECOFIN) lehendakaria da.[2]
Calviño Europako Batzordeko Aurrekontuen Zuzendari Nagusia (DG BUDG) izan zen 2014tik 2018ra.[3]
Biografia
Nadia María Calviño Santamaría Coruñan (Galizia) jaio zen 1968ko urriaren 3an. José María Calviño Radiotelevisión Españolako (RTVEko) zuzendari nagusi ohiaren alaba da. 1991n Ekonomian lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta 2001ean Zuzenbidean Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNEDen).
Espainiako Ekonomia Ministerioan lanean hamar urte baino gehiago eman eta gero, Europako Batzordera pasatu zen 2006an. Han, Konkurrentziako Zuzendaritzako zuzendari nagusi laguntzailea (DG COMP) eta Barne Merkatuko zuzendari nagusi laguntzailea (DG MARKT) izan zen, baita Finantza Zerbitzuen Departamentuko zuzendari nagusi laguntzailea ere. 2014az geroztik, Aurrekontuen zuzendari nagusia izan zen, Günther Oettinger Europako komisario alemanaren agindupean.[4] Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasle ere izan zen.[5]
Espainiako Gobernuan, 2018ko ekainaren 1eko mozioaren ondoren, Pedro Sánchezek bere gobernu berriko kide aukeratu zuen Calviño. Hala, ekainaren 7an, Ekonomia eta Enpresa ministro kargua hartu zuen. Sánchezen bigarren gobernua eratu zenean, Calviño Gobernuko presidenteorde izatera igaro zen, eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa izenekoaren buru da.
2023ko abenduaren 8an europar estatuetako finantza ministroek Nadia Calviño Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluko (ECOFIN) lehendakari izendatu zuten.[2]
Erreferentziak
- Telebista, Euskal Irrati. «Nadia Calviño, Pedro Sanchezen Gobernuko Ekonomia ministroa» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- (Gaztelaniaz) Gómez, Manuel V.. (2023-12-08). «Nadia Calviño presidirá el Banco Europeo de Inversiones» El País (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
- (Ingelesez) «Director-General Nadia Calviño» Comisión Europea - European Commission (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- (Gaztelaniaz) «Nadia Calviño: "La Comisión Europea no quiere recortes drásticos en los fondos regionales"» El Español 2018-03-28 (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
- «Universidad Complutense de Madrid» www.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).