Nablustar xaboi
Nablustar xaboia edo Nablusko xaboia (arabieraz: صابون نابلسي, ṣābūn Nābulsi) Gaztelako xaboi mota bat da, Palestinako Nablus hirian bakarrik egiten dena. Haren osagaiak oliba olio birjina —eskualdeko nekazaritzako produktu nagusia—, ura eta sosa konposatu bat dira[1]. Amaierako produktua boli kolorekoa da eta ez du ia usainik, nahiz eta orain batzuek fruta edo landare lurrinekin fabrikatzen dituzten, beste merkatu batzuetara iristeko.
Nablustar xaboi | |
---|---|
xaboia | |
Kokapena | |
Occupied territory | Zisjordania |
Palestina Estatuko lurralde-antolaketa | Nablusko Gobernazioa |
Hiria | Nablus |
Historia
Emakumeek egin ohi zuten etxerako, X. mendean lantegi txiki batzuk agertzen hasi aurretik ere, baina Nablusen industria garrantzitsua bihurtu zen XIV. mendetik aurrera, eta Ekialde Hurbil osora eta Europara esportatzen zen.1907an Nabulsi xaboiaren 30 lantegiek 5.000 tona xaboi ekoizten zuten, Palestinako xaboiaren erdia, baina industria maldan behera hasi zen Jerikon 1927an izandako lurrikararen eta Israelgo okupazio militarraren ondorioz[2]. Egun bi xaboi fabrika besterik ez dago Nablusen[1], eta Arafat xaboi fabrika izandakoa Palestinako Kultura Ondarearen Zentro bat da gaur egun[1].
Gaur egun, kontsumitzaile gehienak Palestinan bertan eta inguruko herrialde arabiarretan daude, baina Europako eta Estatu Batuetako GKE batzuek ere merkaturatzen dute.
Ekoizteko prozesua
Esan bezala, Nabulsi xaboiaren osagai nagusiak oliba olio birjina, ura eta sosa konposatu bat dira. Konposatua egiteko, barrilla landarearen errautsak eta karea nahasten dira. Konposatu hori berotzen da gero urarekin eta oliba olioarekin kobrezko ontzi handi batzuetan hartzidura hobien gainean. Uraren eta sosa konposatuaren nahasketa kontzentratzen joaten da zortzi egunetan errepikatutako 40 ziklotan. Xaboi likidoari etengabe eragiten zaio dukshab[3] izeneko arraun itxurako zurezko tresna batekin.
Ondoren, xaboi likidoa zurezko lurrera isurtzen da, karratu itxura emanda. Gogortu ondoren kubotan zatitu eta lantegiaren zigilua ezartzen zaio. Lehortzeko prozesua hiru hilabetetik urtebetera bitartekoa da eta oso modu berezian egiten da: kono itxurako pilak osatuz jartzen dira, erditik hutsik, airea ibil dadin xaboi-kuboen artean.[4]
Azken urratsa da eskuz biltzea paper ziratuan, baina esportaziorako direnak bildu gabe utzita.
Galeria
Erreferentziak
- (Ingelesez) IMEU. «Nablus' Olive Oil Soap: A Palestinian Tradition Lives On | IMEU» imeu.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- (Ingelesez) «Crafting traditional olive oil soap in Palestine» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- (Ingelesez) «Soap Making in Palestine» Palestinian Soap Cooperative 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- «Imágenes: Elaboración del tradicional jabón de aceite de oliva en Palestina» palestinalibre.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).