NKVD
NKVD[1] (errusieraz: НКВД) edo Barne Arazoetarako Nazio-Batzordea[1] (errusieraz: Народный комиссариат внутренних дел, translit.: Narodnyi kommissariat vnutrennikh diel; IPA transkripzio-sisteman [nɐˈrod.nɨj kə.mʲɪ.sə.rʲɪˈat ˈvnut.rʲɪ.nʲɪx̬ dʲel]) Sobietar Batasuneko barne-arazoetarako ministeritza izan zen.[1]
Barne Arazoetarako Nazio-Batzordea (NKVD) | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Народный комиссариат внутренних дел |
Izen laburra | NKDV (НКВД) |
Mota | Isilpeko polizia, Barne Arazoetako Ministerioa eta Herri komisarioa |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Eskumendekoak | |
Agintea | |
Lehendakaria | E Grigorievitx Yagoda, Nikolai Jezhov eta Lavrenti Beria |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Jabea | Herri-Komisarioen Biltzarra |
Historia | |
Sorrera | 1934ko uztailaren 10a |
Ordezkatzen du | OGPU eta People's Commisariat on Internal Affairs of the Russian Socialist Federative Soviet Republic (en) |
Aurrekoak | OGPU |
Ondorengoak | Sobietar Batasuneko Barne Arazoetako Ministerio, Estatu-Segurtasunerako Ministerio eta MVD |
Desagerpena | 1946ko abuztuaren 26a |
1917an sortua, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren NKVD modura,[2] agentziaren jatorrizko funtzioak polizia orokorraren lanak ziren, bai eta herrialdeko kartzelen kontrola ere.[3] 1930. urtean bertan behera utzitakoa, garaiko NKVDaren funtzioak bestelako agentzietan banaturik, 1934. urtean Herri Komisariatu modura (errusieraz, Narkomat) berjarria izan zen arte.[2] Hala, 1934. urtean, Estatu-Direktorio Politiko Partekatuaren edo OGPUaren funtzioak –garaiko polizia sekretu sobietarra– NKVDaren menpe ezarri ziren, NKVDari, Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte, lege-betetzearen aktibitateen monopolioa emanez.[3] Ondorioz, urte horietan zehar, NKVDaren funtzioen artean ordena publikoa zein polizia sekretuaren jardunak kokatu ziren.[4] Egun, NKVDa ezaguna da errepresio politikoaren testuinguruan, Iosif Stalinen kontrolean bideratutako Purga Handiaren ondorioz. Hiru zuzendari izan zituen: Genrikh Iagoda (1934–1936), Nikolai Jezhov (1936–1938) eta Lavrenti Beria.[1][5][6][7]
NKVDaren menpe egon izan ziren legez-kanpoko hiritarren exekuzio anitz, bai eta Gulag-sistemetako bortxazko lanaren kontrola ere. Agentziako agenteak ziren, gainera, herritar aberatsenen errepresioaren arduradun,[8][9] bai eta Sobietar Batasunaren mugen kontrola eta espioigintza –zeinetatik aipagarria diren politikarien akatzea– zein Sobietar legearen bermatzea, Sobietar Batasunean zein bestelako herrialdeetan;[10] hala nola, Polonia.[11]
1946ko martxoan desagertu zen NKVDa, Herri Komisariatuak Ministeritzak izatera pasa zirenean eta, ondorioz, agentzia haren eginkizunak Barne Arazoetarako Ministerioaren (MVD) eta KGB agentziaren esku geratu ziren.[1][12]
Historia eta egitura
1917ko Errusiako Otsaileko Iraultzaren ostean, Behin-behineko Gobernuak polizia tsarista bertan behera utzi eta Herriaren Militsiya sortu zuen. Osteko Errusiako Urriko Iraultzak, 1917an ere, Lenin eta Boltxebikeak ezarri zituen Estatuaren kontrolean, zeinak erregimen Boltxebike berri bati hasiera eman zioten: Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa (RSFSR). Behin-behineko Gobernuaren Barne Arazoetarako Ministerioak (MVD), 1917an zehar Georgi Lvov (1917ko martxoa), Nikolai Avksentiev (1917ko abuztua) eta Alexei Nikitin (1917ko urria) politikarien menpe, ministerioa NKVDan bilakatu zuen, Herri Komisarioaren kontrolean. Hala ere, NKVDa, MVD-jatorriko lanez gainezka –hala nola, hiri-gobernuen eta suhiltzaileen kontrola, bai eta garaiko Militsiyaen esperientzia-falta–, segurtasun-indar netorik gabe geratzen zen. Honi erantzunez, Herri-Komisarioen Biltzarrak, 1917ko abenduan, Cheka izeneko polizia politiko sekretua sortu zuen, Feliks Dzerzhinski-ren kontrolpean. Cheka, NKVDarekiko agentzia independente modura, legez-kanpoko epaiketak eta exekuzioak burutzeko eskumena jaso zuen, "Errusiako iraultza Sozialista-Komunista defendatzeko" ezinbesteko.[13]
1922. urtean, RSFSRaren NKVDaren Estatu-Direktorio Politiko modura (GPU) berrantolatu zen Cheka; halere, urte berean Sobietar Batasuna sortu zenez, non RSFSRa kiderik nagusiena zen, GPUa OGPU bilakatu zen, Sobietar Batasuneko Herri-Komisarioen Biltzarpekoa. Halere, garai hartan oraindik RSFSRko NSVDak militsiyaren kontrola izaten jarraitu zuen.[13]
1934ean, RSFSRko NKVDa Batasun-mailako segurtasun-indar bateratu bat izateko transformatua izan zen: NKVDa. Era berean, hamarkada bat lehenago sortutako OGPUa agentziaren kontrolpean geratu zen, Estatu-Segurtasunerako Direktorio Nagusi modura (GUGB). Aipagarri da, era berean, 1946. urtean RSFSRak bere segurtasun-agentzia propioa berreskuratu zuela: RSFSRko MVDa. Aipatutako agentzien fusioaren ondorioz, NKVDak atxiloketa-gune guztien kontrola lortu zuen (Gulagak barne), bai eta polizia-eskumen guztiak.[13]
NKVDaren historian zehar, hainbat izan ziren agentziak eduki zituen Direktorio Nagusi edo Departamentuak (errusieraz: ГУ; Главное управление-tik, Glavnoye upravleniye):[13]
- Estatu-Segurtasuna (GUGB edo ГУГБ);
- Langile eta Herritarren Militsiya (GURKM edo ГУРКМ);
- Muga- eta Barne-Guardia (GUPVO edo ГУПВО);
- Suhiltzaile-Zerbitzua (GUPO edo ГУПО);
- Autobide-Direktorioa (GUŠD edo ГУШосДор);
- Trenbide-Direktorioa (GUŽD edo ГУЖД);
- Gulag-sistema (GULag edo ГУЛаг);
- Ekonomia-Direktorioa (GEU edo ГЭУ);
- Garraio-Direktorioa (GTU edo ГЭУ); eta
- Gerra-presoen eta herritar presoen Direktorioa (GUVPI edo ГУВПИ).
Jezhov aroa
Nikolai Jezhoven NKVDaren birmoldaketa erabateko gertaera suposatu zuen NKVDaren baitan; izan ere, Nikolai berak 1936ko udazkenean burututako eskualde-polizia pokitikoaren purga baino lehenago –1939ko maiatzean Batasun-mailako NKVDaren zuzentaratu baten bidez ofizial egina, zeinak hiri- eta eskualde-polizia guztiak botere zentralpean uzten zituen–, tentsio handia zegoen poliziaren zentralizazioaren eta poliziaren eskualdeko elementuen aldeko partaideen artean, sarritan Moskutik bideratu nahi ziren politiken aurkako emaitzak zekarrena.[14] Aipagarri da ere, halaber, sortze-momentu beratik ere, NKVDa oso egitura moldagarria izan zuela, 1938–1939an soilik, adibidez, agentziaren osaera eta buruzagitza hiru aldiz aldatuz.
Jezhoven buruzagitzan zehar –informalki, Jezhov aro modura ezaguna dena–[15], Purga Handia bere gorenera ailegatu zen, 1937–1938 artean. Hala, bi urte horietan zehar, gutxienez 1.3 milioi pertsona izan ziren espetxeratuak, bai eta 680,000 baino gehiago ere exekutatuak, "Estatuaren aurkako krimenak" burutzeagatik. Era berean, Gulag-populazioa 685,000 biztanle baino gehiagotan emendatu zen, populazioa hirukoiztuz, eta horietatik guztietatik 140,000 pertsona, gutxienez, goseak jota hilko zirenak.[16]
1941eko birmoldaketa
1941eko otsailaren 3an, GUGBeko 4. Departamentua (Sekzio Berezia edo OO, errusierako Osoby Otdel-etik)[17] NKVDatik banatu egin zen, Sobietar Indar Armatuen kontrainteligentzia-agentzia berria sortzeko, bere 12 Sekzio eta Ikerketa-Unitate batekin,[18] Sobietar Batasuneko NKVDaren eta NKGBaren 00151/003 agindu bateratuaren ondorioz ofizial eginikoa. Era berean, GUGBaren bestelako zatiak ere bertan behera utzi ziren eta eskumen zein langileak sortu berri zen Estatu-Segurtasunerako Herri Komisariatura (NKGB) pasa ziren. Aipagarri da ere, GUGBaren Departamentuak Direktoratu modura izan zirela izendatuak zuzenean, beren eskumen propioak eraldatu gabe utziz, salbuespen bakarrarekin: OO GUGBa hiru Sekziotan izan zen banatua; hala nola, OKRa, Otdel KontrRazvedki edo kontrainteligentzia-sekzioa –aipatutako OO GUGBaren 11. Sekzioaren ondorio–, zeina Aleksander Belyanov buru zen.[19][20]
1941–1943 tartea: NKVDaren gainbehera eta GUGBaren urrezko aroa
1941eko ekainean zehar, Sobietar Batasunak Alemaniako inbasioa jasan ostean, Sobietar Batasuneko NKGBa bertan behera utzi zen, bere unitateak, de iure, NKVDra itzuliz 1941eko uztailaren 20an. Aipatutako kontrainteligentzia-sekzioa kontrainteligentzia-direktoratu modura izan zen bilakatua, UOO NKVF modura. Berriki bertan behera utzitako NKGBaren bestelako eskumen batzuk ere, gainera, bestelako Komisariatu batzuen menpean geratu ziren, NKVDaren tamaina eta influentzia murriztuz; hala nola, Direktoratu Bereziak edo SMERSH. GUGBa, berriz, NKGB izendatzen hasi zen ere, NKVDrekiko independente berriro ere.
1946–1953 tartea: KGBren sorrera
1946an, Sobietar Herri Komisariatu guztiak "ministerio" modura izan ziren berrizendatuak; hala, NKVDa MVD bilakatu zen, NKGBa MGB (Estatu-Segurtasunerako Ministerio) berrizendatu zen bezala. Amaitzeko, 1953an eta garaiko NKVDren buru zen Lavrenti Beriaren atxiloketaren testuinguruan, MGBa MVDren menpe geratu zen berriro eta polizia- eta seguritate-zerbitzuak betirako eta azkenengoz izan ziren banatuak 1954ean, bi unitate independentetan:
- Sobietar Batasuneko Barne Gaietarako Ministerioa (MVD), espetxe- eta milizia kriminalen eskumenak zituena; eta
- Sobietar Batasuneko Estatu-Segurtasunerako Komitea (KGB), polizia politikoaren, inteligentziaren, kontrainteligentziaren, Batasuneko buruzagiaren defentsa pertsonalaren eta komunikazio konfidentzialen eskumenak zituena.
GUGBaren rankinga
1935–1945 tartean, NKVDko Estatu-Segurtasunerako Direktoratu Nagusiak edo GUGBak bere ranking-sistema propioa zuen, Sobietar militarren ranking-sistemara atxiki aurretik:
- Goi-mailako aginte-pertsonala
- Estatu-Segurtasunerako Komisiario Nagusia (1935ean sortua)
- Estatu-Segurtasunerako 1. Mailako Komisiarioa
- Estatu-Segurtasunerako 2. Mailako Komisiarioa
- Estatu-Segurtasunerako 3. Mailako Komisiarioa
- Estatu-Segurtasunerako Komisiarioa (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Komandante Senior modura ezaguna)
- Aginte-pertsonal seniorra
- Estatu-Segurtasunerako Koronela (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Komandante modura ezaguna)
- Estatu-Segurtasunerako Teniente-koronela (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Kapitain modura ezaguna)
- Estatu-Segurtasunerako Komandantea (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Teniente Junior modura ezaguna)
- Erdi-mailako aginte-pertsonala
- Estatu-Segurtasunerako Kapitaina (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Komandante modura ezaguna)
- Estatu-Segurtasunerako Komandante Seniorra (1943 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Komandante Junior modura ezaguna)
- Estatu-Segurtasunerako Komandantea (1942 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Sargentu modura ezaguna)
- Estatu-Segurtasunerako Komandante Juniorra (1942 aurretik, Estatu-Segurtasunerako Sargentu modura ezaguna)
- Aginte-pertsonal juniorra
NKVDaren aktibitatea
Errepresio politikoa
Sobietar politika gauzatzeko bidean, Estatu Sobietikoaren etsaiak ("herriaren etsaiak") Gulag-ezparruetara izan ziren bidaliak, bai eta ehun milaka hiritar exekutatuak ere, NKVDaren eskuetan. Modu formalean, horietako gehienak NKVDaren troikak atxilotzen zituzten ("triplete" modura ere ezagunak), horretarako sortutako gerra-epaitegi bereziak. "Limurtze modu fisikoak", halako testuinguruetan, Batasun-mailako dekretu berezien bidez onetsirik zeudenez, NKVDak gehiegikeri anitz dokumentatu zituen agentziaren bizitzan zehar. Era berean, ehundaka hobi komun sortu ziren operazio hauen ondorioz, bai eta "plan sekretuei" jarraiki eginiko exekuzio estrajudizialen seinaleak ere. "Plan" hauetan "etsai publikoen" (kleroa, noblezia...) biktima-zenbaki eta -proportzio bat definitzen zen, gune jakin batean, NKVDaren 00486 Aginduari jarraiki. Agindu honen arabera, errepresioa jasotzen zuen banakoaren familia, umeak barne, erreprimigarri bilakatzen zen ere.
NKVDak bideratutako purgak Alderdi Komunistaren Politburoak erabilitakoari jarraitutako olatuak izaten ziren. Purga-olatu hauen adibide, ingeniarien aurkako kanpainak (Shakhty Epaiketa), alderdiaren eta elite militarraren arteko konspirazioak (Purga Handia, NKVDaren 00447 Aginduaren ondorioz) eta medikuen aurkako kanpainak (Medikuen konplota) ditugu. Bestalde, gas-furgonetak ere erabiltzen ziren purga eta errepresio modura; adibidez, Purga Handiaren garaian, Mosku, Ivanovo eta Omsk-eko hirietan.[21][22][23][24]
NKVDaren operazio asko, gainera, talde etniko konkretuen aurkakoak izan ziren. Hala, adibidez, NKVDaren Poloniar Operazioaren ondorioz (1937–1938), 110,000 poloniar baino gehiago izan ziren exekutatuak.[25] Bestalde, exekutatuak ez zirenean, deportatuak izaten ziren, bereziki kanpotarrak ziren baino Sobietar Batasunean bizi ziren horiek. Honen adibide, jatorri estatubatuarreko amerikarren kasu dugu, zeinak ezin zuten lortu AEBtarako bueltatzeko pasaporte berria (duela urteak "erregistro-helburuarekin" sobietar autoritateek kendu ostean). Gainera, pasaporte berria eman ez ezik, Lubiankako Presondegira eraman eta bertan akatzen zituzten. Era berean, "Mendebaldeko influentziez pozoiturik" egoteaz susmagarri ziren langile estatubatuarrak ere torturatuak, exekutatuak eta hilobi komunetan bota egiten ziren. Azkeneko honen adibide, sobietar Ford GAZ instalazioko estatubatuarrak ditugu, zeinak, Stalinen ustetan "pozoiturik" zeuden, eta beraiek eraikitako Ford A Modeloetan izan ziren torturatzera garraiatuak.[26] Hala ere, errepresioaren gehiengoa –eta, ondorioz, NKVDaren biktimaren gehiengoa– Errepublika Sobietarretako biztanleak izan ziren.
Amaitzeko, aipagarri da ere NKVDa Sobietar Batasunaren gobernu komunistaren arma modura jokatu zuela sinesmen erlijiosoak zituzten minorien aurka; hala nola, Errusiako Eliza Ortodoxoa, Ukrainako Eliza Ortodoxoa, Erromako Eliza Katolikoa, Greziako Eliza Katolikoa, islama, judutarrak eta bestelakoak, Yevgeny Tuchkov-ek bideratutako operazioetan.
Nazioarteko operazioak
1930eko hamarkadan zehar, NKVDak Stalinen aurkako politikarien exekuzioaren eskumendea eduki izan zuen ere; horretarako, espioigintzarako sare bat sortu zuen Pavel Sudoplatov eta Iskhak Akhmerov-en esku, Mendebaldeko herrialde gehienetarantz zabaltzen zena –AEBak barne–. Espioi hauen jatorria, era berean, anitza zen; hala nola, langabezian zeuden intelektualak –Mark Zborowski-ren kasuan– zein Martha Dodd bezalako aristokratak. Inteligentzia-jasotzeaz gain, sare honek Sobietar Bastasuneko "lan bustia" ahalbidetzen zuen,[27] zeinaren bidez Sobietar Batasunaren etsaiak desagertu edo modu publikoan exekutatuak izaten ziren.[28]
NKVDaren inteligentzia- eta Operazio Berezietarako unitateek (errusieraz: Inostranny Otdel; IO NKVD), modu bateratuan, bestelako herrialdeetako politikarien exekuzioak organizatzen zituzten; hala nola, mugimendu nazionalisten liderrak, tsar-garaiko ofizialak eta Iosif Stalinen etsai pertsonalak. Bide honen bidez ofizialki exekutatukoen artean, hainbat dira bereziki aipagarri:
- Leon TrotskI, Stalinen etsai politikari pertsonala eta bere politiken nazioarteko kritiko garratzena, exekutatua izan zen Mexiko Hirian 1940. urtean;
- Yevhen Konovalets, Ukrainako lider patriotikoa eta Ukraina sobietarrean mugimendu independentista sortu nahi zuena, exekutatua izan zen Rotterdam-en (Herbehereak);
- Yevgeny Miller, Errusiako Inperioko Tsarraren Armadaren general-ohia, 1930eko hamarkadan, Europako gobernuen lagunduta, komunismoaren-aurkako mugimenduak sortzen aritu zen Sobietar Batasunean, Parisen bahituta eta Moskun exekutatua izan zen, interrogatu ostean;
- Noe Ramishvili, Georgia independentearen Lehen Ministroa, Boltxebikeen Iraultzaren ostean Frantziara erbesteratu zen, non Georgiako mugimendu nazionalista sortu eta koordinatu zuen, bai eta Abuztuko Matxinada ere. Parisen exekutatua izan zen;
- Boris Savinkov, Boltxebikeen-aurkako terrorista eta Errusiako iraultzailea, Errusiara itzultzeko konbentzitua izan zen eta, ustez, GPUaren Trust Operazioaren baitan exekutatua;
- Sidney Reilly, MI6ko agente britainiarra, 1925. urtean Errusiara bere kabuz sartutakoa, Trust Operazioa azaleratzeko saiakerak egin zituen, Savinkoven heriotza mendekatu nahian exekutatua;
- Alexander Kutepov, Errusiako Inperioko Tsarraren Armadaren general-ohia, Britainia Handiko zein Frantziako Gobernuen laguntzarekin komunismoaren-aurkako taldeak sortzen aritzeagatik exekutatua.
Bestalde, bestelako disidente politiko anitz ere egoera oso susmagarriak agertu ziren hilik; hala nola, Walter Krivitsky, Lev Sedov, Ignace Reiss eta Alemaniako Alderdi Komunista-ohiaren (KPD) kide zen Willi Münzenberg.[2][29][30][31]
Sheng Shicai-k, sobietarren-aldeko liderrak, Xinjiang-en (Txina), NKVDaren laguntza izan zuen Stalinen Purga Handiarekin batera Xinjiangen ere antzeko prozesu bat eragiteko, 1937an. Sheng eta sobietarren arabera, Troskisten konspirazio bat sortzen ari zen, Sobietar Batasuna hausteko "konspirazio Troskista [eta] faxista" bat. Sobietarren Kontsul Generala, Garegin Apresoff, Ma Hushan Generala, Ma Shaowu, Mahmud Sijan, Xinjiang probintziako ofizial burua zen Huang Han-Chang eta Hoja-Niyaz ziren, ustez, konspirazio honetako 435 konspiratzaileetako batzuk.[32]
Espainiako Gerra Zibila
Espainiako Gerra Zibilean (1936–1939), NKVDko agenteek, Espainiako Alderdi Komunistarekin batera (PCE), gobernu Errepublikarraren alde posizionatu zen, Armada sobietarra Espainian influentzia sobietikoa ezartzearen trukean eskainiz.[33] Madril inguruan presondegi sekretu anitzak sortu zituen NKVDak, agentziaren etsaiak zirenak atxilotu, torturatu eta exekutatzeko; hala nola, Espainiako Nazionalistak eta Espainiako Katolikoak, bai eta, 1938tik aurrera, anarkistak eta Troskistak ere.[30] Honen adibide modura, 1937an garaiko POUM Troskistaren idazkari zen Andreu Nin dugu, bere lankideekin batera Alcalá de Henares-ko NKVDaren presondegi sekretuan torturatu eta exekutatua izan zena.[34]
Bigarren Mundu Gerra
Alemania naziaren inbasioa baino lehenago, eta betiere agentziaren helburu propioak lortzeko helburuarekin, NKVDa afinak ez ziren bestelako agentziekin kooperatzeko prestatu egin zen, bai eta Alemaniako Gestapoarekin ere. 1940eko martxoan, NKVDko zein Gestapoko bozeramaileak Zakopane-n bildu ziren astebetez, Poloniako bakea korrdinatzeko, gaur egun Gestapo–NKVD konferentzia modura ezagunak diren horietan. Hala, NKVDak ehundaka komunista alemaniar eta austriar eman zizkion Gestapori. Hala ere, inbasioa hasi zeneko momentutik aurrera, NKVDko unitate askoz nazien aurka borrokatu zuten; hala nola, NKDVaren 10. Rifle Dibisioa Stalingradeko Guduan.
Alemaniaren inbasio-ostean, NKVDk zituen atxilotuak exekutatu edo deportatu zituen. Bigarren Mundu Gerran zehar, NKVDaren Barne-Tropak ere erabiliak izan ziren nazien aurreratzeari aurre egiteko. Hala, euren funtzio nagusia barne-segurtasuna izanik ere, NKVDaren dibisioak frontean ere erabili ziren, bereziki Stalinen 270. eta 227. Aginduek desertzioa de iure gaitzesten zutenetik aurrera; hala nola, Stalingradeko Gudua eta Krimeako ofentsibaren kasuetan. Bi agindu hauek, hurrenez hurren 1941 eta 1942an onartuak, tropen morala igotzeko "koertzio- eta brutalitate-bideen" esplorazioa onetsi egiten zuen. Era berean, aipagarria da ere NKVDaren tamaina asko emendatu zela Bigarren Mundu Gerran zehar, 15 errifle-dibisiotik 54ra pasaz 1945. urterako, bai eta 28 brigada ere.[35] Halere, NKVDak ez zuen, bere historia osoan zehar, unitate mobil armatu edo mekanikorik eduki, Waffen-SSa ez bezala.[2]
Etsaiek hartutako lurraldeetan, NKVDaren funtzio nagusia sabotaia izan zen; hala, Kyiv-eko erortzearen ostean, NKVDaren agenteek nazien kuartel nagusiari su eman zioten, herri-barnearen gehiengoa errez.[36] Era berean, antzeko prozesuak eraman ziren ere okupaturiko Bielorrusia eta Ukrainan.
NKVDak, testuinguru honetan, atxilotze, deportatze eta exekutatze masiboak burutu zituen; hala nola, Alemaniaren kolaboratzaileak zein erresistentzia-mugimendu antikomunistak –Poloniako Armia Krajowa eta Ukrainako Armada Matxinatua, adibidez, beren herrialdeak Sobietar Batasunetik independizatu nahi zituztenak–. 1940–1941 tartean ere, bereziki Katingo sarraskiaren testuinguruan, NKVDak hamar milaka preso poloniar exekutatu zituen.[37][38] Hala, 2010ean, Errusiako Estatu-Dumak Stalin izendatu zuen Katingo sarraskiaren errudun modura, non 22,000 gerra-preso poloniar exekutatu ziren Stalinen NKVDpean. Aipatutako deklarazioaren arabera, gaur egun artxibaturik dagoen materialak "ez du soilik tragedia izugarri hau azaleratzen, baizik eta ebidentziatu egiten du ere Katingo krimena Stalinen eta bestelako sobietar liderren agindu zuzenpean egin zela".[39]
Amaitzeko, aipagarri da ere NKVDaren unitateak erabiliak izan zirela ere partisanoak erreprimitzeko Ukraina eta Baltikoetan, 1950eko hamarkadaren hasierara arte luzatu zena.
Inteligentzia-aktibitateak
NKVDak burututako inteligentzia-aktibitateetatik, hurrengoak dira aipagarri:
- Comintern-aren bidezko nazioarte mailako espoingintzarako sare bat antolatzea;
- Richard Sorge-ren, "Orkestra Gorriaren" eta Willi Lehmann-en operazioak, Bigarren Mundu Gerran zehar baliozko informazioa eman zutenak;
- 1940ko hamarkadan zeharreko Erresuma Batuko ofizialen lortzea;
- Britainiar inteligentzia- (MI6) eta kontrainteligentzia-zerbitzuetan (MI5) infiltratzea;
- AEBetako zein Britainia Handiko arma nuklearren diseinuaren detailezko informazioa lortzea;
- Stalin akatzeko konspirazioak gelditzea; eta
- Poloniako Herri Errepublika osatzea, Bigarren Mundu Gerran zehar. Hala, gerraosteko Poloniako Herri Errepublikako lehen Presidentea NKVDko agentea zen Bolesław Bierut izan zen.
Ekonomia sobietarra
Gulag-sistemetako lan behartuen hedatzea sobietar ekonomian inpaktu nabaria izan zuen, bai eta urrutiko eskualdeetako garatze ekonomikoa ahalbidetu zuen ere; hala, Gulag-sistemaren bitartez Siberiaren kolonizazioa eta Iparraldeko eta Ekialde Urrunaren kolonizazioa ahalbidetu zen. Izan ere, Gulag-sistemen ondorioz, meategiak, hainbat sistema (errepideak, trenbideak, kanalak, presak eta fabrikak, adibidez) eta etxebizitzak eraikitzen ziren, sobietar ekonomia planifikatuaren baitan.
NKVDaren garapen-helburuetatik meritugarriena, seguruenik, sobietar zientziaren eta armagintzaren garapena izan zen. Izan ere, atxiloturiko zientzialari eta ingeniari asko sharashkas izena zuten presondegi berezietan atxilotzen ziren Gulagetan beharrean, non presoek beren lan arruntarekin jarraitzen zuten; hala nola, Sergei Koroliov –sobietar espazio-programaren diseinu-burua, 1961ean– eta Andrei Tupolev, abioi-diseinatzaile famatua. Aleksandr Solzhenitsin idazlea ere sharashka baten egon zen preso, The First Circle (euskaraz: Lehen Zirkulua) nobela garai hartan oinarrituz ostean idatzitakoa.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, NKVDak sobietar arma nuklearren garapen-lanen koordinazioa burutu zuen ere, Pavel Sudoplatov Generalaren zuzendaritzapean. Aipagarri da, aitzitik, sobietar programa nuklearraren garapena ez zela zientzialari presoekin bideratu, baizik eta programaren garrantzi, segurtasun eta sekretu maila handiaren ondorioz NKVDak koordinaturikoa. Era berean, NKVDaren espioigintzaren ondoriozko AEBtako informazioa ere erabilia izan zen programaren garapenean.
NKVDaren Herri-Komisarioa
Agentzia Herri-komisario baten kontrolpean zegoen (Espainiako ministro baten funtzio antzekoarekin). Era berean, GUGBko Lehen Zuzendariordea nor den aipatuko da, direktoratuak, aipatu bezala, eduki zuen berebiziko garrantziari jarraiki:
- 1934–1936. Genrikh Yagoda, Barne Arazoetarako Herri-komisarioa zein Estatu-Segurtasuneko zuzendari.
- 1936–1938. Nikolai Jezhov, Barne Arazoetarako Herri-komisarioa.
- 1938–1945. Lavrenti Beria, Barne Arazoetarako Herri-komisarioa.
- 1945–1946. Sergei Kruglov, Barne Arazoetarako Herri-komisarioa.
1938 eta 1943 urteetan zehar, GUGBak estatus ezberdinak eduki zituen; hala, Vsevolod Merkulovek 1941eko lehen erdialde inguruan GUGBa Herri Komisariatu propio modura birrantolatu zuen, Bizargorri Operazioaren testuinguruan berriro ere MVDaren menpe geratu zen arte. 1943an, ikus daitekeen bezala, berriro ente independente modura garatu zen GUGBa (KGB modura).
NKVDaren ofizialak
Moskuko artxibategian eginiko ikerketa baten ondorioz, Andrei Zhukov-ek 1930eko hamarkadan zehar NKVDan egondako eta atxiloketetan edota exekuzioetan parte hartutako ofizial guztien identifikazioa burutu zuen, 40,000 izen-abizen baino gehiagoko zerrenda batetan.[40]
Erreferentziak
- Saila, Kultur. (2011-07-18). «NKVD» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
- B., SEMUKHINA, OLGA. (2019). UNDERSTANDING THE MODERN RUSSIAN POLICE.. CRC Press ISBN 0-367-87879-8. PMC 1129772852. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Huskey, Eugene. (2014). Russian Lawyers and the Soviet State : the Origins and Development of the Soviet Bar, 1917-1939.. Princeton University Press ISBN 978-1-4008-5451-6. PMC 884013569. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Khlevni︠u︡k, O. V.; Хлевнюк, О. В.. (2015). Stalin : new biography of a dictator. ISBN 978-0-300-16388-9. PMC 893896537. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Galeotti, Mark. (1996-01). «KGB: state within a state. The secret police and its hold on Russia's past, present and future» International Affairs 72 (1): 204–205. doi: . ISSN 1468-2346. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Gellately, Robert. (2007). Lenin, Stalin, and Hitler : the age of social catastrophe. (1st ed. argitaraldia) Alfred A. Knopf ISBN 978-1-4000-4005-6. PMC 82287392. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Merridale, Catherine. (2002). Night of stone : death and memory in twentieth century Russia. Penguin ISBN 0-670-89474-5. PMC 50519976. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Lynne., Viola,. (2009). The unknown gulag : the lost world of Stalin's special settlements. Oxford University Press ISBN 978-0-19-538509-0. PMC 305148788. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- 1964-, Applebaum, Anne,. (2010). Gulag : a history. Anchor eBooks ISBN 978-0-307-42612-3. PMC 681407459. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- (Ingelesez) McDermott, Kevin. (1995-01). «Stalinist Terror in the Comintern: New Perspectives» Journal of Contemporary History 30 (1): 111–130. doi: . ISSN 0022-0094. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- «Iron curtain: the crushing of Eastern Europe, 1944-1956» Choice Reviews Online 50 (11): 50–6346-50-6346. 2013-07-01 doi: . ISSN 0009-4978. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Statiev, Alexander. (2010). The Soviet counterinsurgency in the western borderlands. Cambridge University Press ISBN 978-0-511-73039-9. PMC 650495208. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Malcher, George C.. (1993). Blank pages : Soviet genocide against the Polish people. Pyrford Press ISBN 1-897984-00-6. PMC 30036432. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Harris, James. (2001-04-01). «Dual subordination ? The political police and the party in the Urals region, 1918-1953.» Cahiers du monde russe 42 (42/2-4): 423–446. doi: . ISSN 1252-6576. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- (Ingelesez) Limited, Alamy. «Nikolai Yezhov's time in charge is sometimes known as the 'Yezhovshchina' ('the Yezhov era'), a term coined during the de-Stalinization campaign of the 1950s. After presiding over mass arrests and executions during the Great Purge, Yezhov became a victim of it himself. He was arrested, confessed under torture to a range of anti-Soviet activity, and was executed in 1940. By the beginning of World War II, his status within the Soviet Union became that of a political non-person. Among art historians, he has the nickname 'The Vanishing Commissar' because after his execution, his likeness was reto Stock Photo - Alamy» www.alamy.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Figes, Orlando. (2007). The whisperers : private life in Stalin's Russia. (1st ed. argitaraldia) ISBN 978-0-8050-7461-1. PMC 145431653. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- A., Cienciała, Anna M. (1929- ) Lebedeva, Natal'â Sergeevna, (1936- ) Materski, Wojciech, (1944- ) Schwartz, Marian. Kipp, Maia. (2012). Katyn : a crime without punishment. Yale University Press ISBN 978-0-300-10851-4. PMC 894947284. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- .
- Auteur., Dziak, John J... (1988). Chekisty : A history of the KGB. Heath and C° ISBN 0-669-10258-X. PMC 490911354. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Śmigiel, Kazimierz. (1971-12-09). «Władze kościelne na polskich ziemiach inkorporowanych do Rzeszy Niemieckiej (1939-1945)» Prawo Kanoniczne 14 (3-4): 149–167. doi: . ISSN 2353-8104. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- (Errusieraz) «Человек в кожаном фартуке. Главный палач Лубянки Василий Блохин лично расстрелял более десяти тысяч человек. Недавно ему поставили новый памятник» Новая газета 1280692800000 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Colton, Timothy J.. (1995). Moscow : governing the socialist metropolis. Belknap Press of Harvard University Press ISBN 0-674-58741-3. PMC 32311195. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- «Новости | Крымское ЭХО» web.archive.org 2019-08-03 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- «РЕШАЮЩИЙ ПОВОРОТ ::: Григоренко П.Г. - В подполье можно встретить только крыс ::: Григоренко Пётр Григорьевич ::: Воспоминания о ГУЛАГе :: База данных :: Авторы и тексты» www.sakharov-center.ru (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Goldman, Wendy Z.. (2011). Inventing the enemy : denunciation and terror in Stalin's Russia. Cambridge University Press ISBN 978-1-139-12789-9. PMC 768771211. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Tzouliadis, Tim. (2008). The forsaken : an American tragedy in Stalin's Russia. ISBN 978-1-59420-168-4. PMC 191697339. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- Timasheff, N. S.; Barmine, Alexander. (1946). «One Who Survived» Russian Review 5 (2): 105. doi: . ISSN 0036-0341. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- author., Klehr, Harvey,. Venona : Decoding Soviet Espionage in America. ISBN 978-0-300-12987-8. PMC 1024008800. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Orlov, Aleksandr. (2004). The march of time : reminiscences. St Ermin's ISBN 1-903608-05-8. PMC 55884407. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Andrew, Christopher M.. (1999). The sword and the shield : the Mitrokhin archive and the secret history of the KGB. ISBN 0-465-00310-9. PMC 42368608. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Sean., McMeekin,. (2004). The red millionaire : a political biography of Willi Münzenberg, Moscow's secret propaganda tsar in the West, 1917-1940. Yale University Press ISBN 0-300-09847-2. PMC 59305807. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Forbes, Andrew D. W.. (1986). Warlords and Muslims in Chinese Central Asia : a political history of Republican Sinkiang 1911-1949. Cambridge University Press ISBN 0-521-25514-7. PMC 11044999. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Pringle, Robert W.. (2015). Historical Dictionary of Russian and Soviet Intelligence. (Second edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4422-5318-6. PMC 916449917. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Large, David Clay. (1991). Between two fires : Europe's path in the 1930s. Norton ISBN 0-393-30757-3. PMC 25763971. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- J., Zaloga, Steve. (2008). The Red army of the great patriotic war 1941-45. Osprey ISBN 978-0-85045-939-5. PMC 1090345138. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Birstein, Vadim J.. (2011). SMERSH : Stalin's secret weapon : Soviet military counterintelligence in WWII. ISBN 978-1-84954-689-8. PMC 880429105. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- Sanford, George. (2005). Katyn and the Soviet massacre of 1940 : truth, justice and memory. Routledge ISBN 978-0-203-44704-8. PMC 191799525. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- «Lviv museum recounts Soviet massacres | Центр досліджень визвольного руху» web.archive.org 2019-01-15 (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- (Ingelesez) Barry, Ellen. (2010-11-26). «Russia: Stalin Called Responsible for Katyn Killings» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
- (Ingelesez) «Stalin's secret police finally named but killings still not seen as crimes» the Guardian 2017-02-06 (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).