Musikene
Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia da, 2001ean sortua eta Donostian kokatua, Ibaeta auzoan.
Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia | |
---|---|
2015etik Musikeneren egoitza Benta Berrin dago. | |
Sortze data: | 2001 |
Egoitza: | Europa plaza, Benta Berri Donostia, Gipuzkoa Euskal Herria Musikene Musikene (Donostia erdigunea) |
Webgunea: | musikene.eus |
Kokapena
2014-2015 ikasturte arte Donostiako Miramar jauregian izan zuen egoitza. 2015ko abenduan eraikuntza berria Benta Berriko Europa plazan inauguratu eta eskola aktibitateak bertara eraman ziren, Gipuzkoako Unibertsitate Campusaren baitan, Donostiako Eskola Politeknikoaren alboan.[1] Eraikin berria eraikitzeko lanak 2012ko amaieran hasi ziren. GAZ Arkitektoak estudioak diseinatutako eraikinak, 2016an Euskal Herriko Arkitekto Elkargoaren saria jaso zuen[2]
Historia
Eusko Jaurlaritzak 2001-2002an goi mailako musika ikasketak ezarri zituen. Horretarako Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarentzat Fundazio Pribatua sortu zuen, diru-irabazirik gabekoa. Bere helburua, musika-irakaskuntzarekin zerikusia duten ekimen eta jarduerak sustatzea da, egoitza Donostian izanik. Interpretazioa, konposizioa, zuzendaritza eta pedagogiaren esparruan kualifikazio profesionala ziurtatzen duen kalitatezko hezkuntzaren alde egiten duen ikasteko lekua da.[3]
Fundazioaren finantziazioa, gehienbat, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-languntzetatik dator, baita ikastegian matrikula egiten duten ikasleen ordainketetatik ere.
Musikeneren ezaugarrietako bat ikasle bakoitzaren talentuaren garapenari ematen zaion arreta da, lanbiderako gaitasun handia lortzeko helburuarekin. Lan-merkatuan ikasleei eskatuko zaien mailaren araberako prestakuntza ematen dituzte. Horretarako, Musikenek ospe handiko irakasle taldea du; nazioartean ezagunak bakarlari modura edo Europako orkestra onenen kide direlako. Ikastegiak maila handiko irakasleak aukeratu ditu, urtetako esperientziarekin.
Musikeneko ikasleek aukeratutako espezialitatearen banakako klaseak jasotzeaz gain, talde instrumental handiagoetan ere parte hartzen dute. Egungo musikarien lan-errealitateari ohitzeko. Irakasgai horiek formatu ezberdinetakoak dira: ganbera taldeak, Perkusio Ensenblea, Saxofoi Ensenblea edo Metal Taldea.
Azken hamar urteotan, Musikene Estatuko musika ikasleen artean erreferentziako erakunde akademiko bilakatu da, bai eta beste herrialdetakoa.
Egoitza
Kanpotik ikusita ezaugarri bat du nagusi: mozketa zuzen eta garbien bidez eraikinaren pieza trinkoari eginiko hiru ebakiak. Ebaki hauek eraikinaren barneko distira hiri guztian erakutsi nahi dute.[4]
Fatxada guztia aluminiozko xafla batez inguratuta dago, eta pertsonen kokapenaren arabera, modu batera edo bestera ikusiko dira eraikinaren aurpegiak: eraikinaren kanpo-azala xafla beltz, itsu eta leunek estaltzen dute; ebakitako guneetan, xafla horiek urre kolorekoak dira, zulatuak eta estanpatuak. Aluminiozko kanpo-fatxada beltz eta distiratsuak barne-fatxada urreztatuarekin kontraste bat egiten du.
Eraikin honen bihotza Auditorioa da, egoitzaren erdialdean kokatuta. Auditorioak 588 metro karratu ditu eta hiru areto desberdinetan bereiz daitekeen gela honek 420 laguneko edukiera du[5]. Musikenek 13.096 metro karratu ditu eta eraikin hau sotoak, behe solairuak eta beste lau solairuk osatzen dute. Hauek dira instalaziorik garrantzitsuenak[6]:
Irakaskuntza gunea
- 55 ikasgela instrumental, 10 ikasgela (teoriarako), bakarkako entseguetarako 39 kabina, elektroakustika gela bat eta grabazio gela batez osatuta dago.
Liburutegi-mediateka
- Auditorioa baino handiagoa (765 m²) den instalazio honetan partiturak, liburuak, hemerotekak, eduki multimediak, aldizkarien sailak, ordenagailu gune bat eta ikasketa guneak aurkitu daitezke. Katalogazio Zerbitzuen bulegoa bertan kokatuta dago isolamendu akustiko eta proiekzio gelarekin batera.
Administrazio eta idazkaritza gunea (365 m²)
Irakasleen gunea (540 m²)
Kafetegia (155 m²)
Ikasketak
2014ko abenduaren 18an jakinarazi zenez, Orkestra Ikasketa masterra martxan jartzeko asmoa zeukaten EOSek eta Musikenek 2015ean. Harizko instrumentuak jotzen ikasteko helburuarekin eta Espainiako Kultura Ministerioak homologatutako bakarra izanik[7]. 2017/18 ikasturtean, goi-mailako titulua, masterra eta espezializazio ikastaroak eskaintzen dira bertan.
Erreferentziak
- https://web.archive.org/web/20160919094239/http://www.berria.eus/paperekoa/1747/021/001/2015-12-31/burbuila_akustiko_erraldoi_bat.htm
- (Gaztelaniaz) Viva, Arquitectura. «GAZ Arkitektoak, Musikene en San Sebastián» Arquitectura Viva (Noiz kontsultatua: 2018-05-03).
- Musikene. «Historia | Musikene» musikene.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
- Musikene. «Egoitza | Musikene» musikene.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
- (Gaztelaniaz) «Así es el nuevo edificio de Musikene en Ibaeta» diariovasco.com 20151230121323 (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
- «Musikene. Euskal Herriko goi-mailako Musika Ikastegia» www.kulturklik.euskadi.eus 2016-07-19 (Noiz kontsultatua: 2018-05-03).
- «Orkestra Ikasketa masterra jarriko dute abian EOSek eta Musikenek 2015ean», Berria, 2014-12-19
Kanpo estekak
- Musikeneren webgunea
- Gorka Erostarbe: Burbuila akustiko erraldoi bat, Berrian, 2015/12/31