Mus
Musa Euskal Herrian asmatutako karta-jokoa da[1]. 40 kartako karta-sortarekin jokatzen da, eta jokalariei launa karta ematen zaizkie. Kartok banatu ondoren, "mus" delakoa proposatzen da. Jokalari guztiak ados badira, karta hauetako bat edo gehiago alde batera utzi eta berriak banatzen dira. Behin musa moztuta (jokalari batek musari uko egiten dionean), jokoa bera hasten da. Bertan lau fase (edo jokaldi) izaten dira, hurrenkera honetan:
- Handia: kartarik handienak nork dituen.
- Txikia: kartarik txikienak nork dituen.
- Pareak: parerik onenak nork dituen.
- Jokoa: Karten balioaren batura hartzen da kontuan. Jokatu ahal izateko 31 puntu behar dira gutxienez. Inor ez bada horrenbestera heltzen, puntua jokatzen da, eta 31 puntura gehien hurbiltzen denak irabazten du.
Fase bakoitzean jokalariek apustu egin dezakete, gutxienekoa bi tanto izanik (enbido). Aurkariek desafioa onartu (eduki), utzi edo apustua igo dezakete. Fase guztiak bukatzean, kartak erakutsi eta apustu bakoitza nork irabazi duen erabakiko da. Tantoak apustu bakoitzaren irabazleari emango zaizkio, zenbait kasutan tanto gehigarriak jaso daitezkeelarik (adibidez, pareen irabazleak zenbait tanto jasotzen ditu eskuan zituen pareen arabera, eta antzera joko/puntuarekin ere). Kartek apustuaren irabazlea nor den adierazi ezin dutenean (berdinak direlako, adibidez), jokalarien hurrenkeran lehena dagoenak du abantaila. Alegia, eskutik hurbilena denak irabaziko luke.
Apustu berezia ere egin daiteke, "hordago" delakoa. Hordagoa botatzean, partida osoa jartzen da jokoan, eta onartuz gero momentuan erabakitzen da irabazlea zein den.
Historia
— Larramendiren Hiztegi Hirukoitzean den sarrera (itzulpena).Mus, honela deritzo Euskaldunen berezko karta joko oso entretenigarri bati. Normalean launaka jokatzen da, launa kartarekin, eta aldi bakoitzean lau txanda dira, handia, txikia, pareak, jokoa. Mus izena ematen zaio, jokoan kideek ezpain, begi eta abarren bidez ulertzen dutelako elkar, eta musu hitzak ezpain, mustur, aurpegi esan nahi baitu, laburturik mus esaten da.
Mus jokoaren lehen erreferentzia 1745ekoa da, Manuel Larramendiren Hiztegi Hirukoitzean ageri da. Lan horretan karta jokoaren izena "musu" hitzetik eratorria delako hipotesia zerabilen, aurpegiko keinuei erreferentzia eginez.[oh. 1]
Musaren lehen idatzizko araudi ezagunak Iruñean argitaratu ziren, 1804an.
Etimologia
Jokoaren izenaren jatorria ez da argia. Larramendik, esan bezala, "musu" hitzetik zetorrela zioen, "aurpegi" adieran, baina beste batzuek musuaren ekintzari ere lotu diote, keinu horrek jokoan 31 puntu edukitzea adierazten baitu.
Zenbaitek latinezko "musso" hitza dute jatorritzat, zeinak "isilik egon" erran nahi baitu. Musik ez izateari "mintzatzea" esaten zaio jokoan, izan ere. Azkenik, frantsesezko "mouche" (eulia) ere proposatu izan da jatorri gisa, nahiz eta esanahi aldetik ez den harremanik ageri.
Arau orokorrak
Espainiar karta-sorta batekin jokatzen da, tantoak zenbatzeko fitxak (harriak, babarrunak, txanponak...) erabiliz. Bi bikotek elkarren aurka jokatzea da ohikoena, bikote bakoitzeko jokalariak aurrez aurre paraturik.
Ohituren arabera, jolas hau lau errege erabiliz jokatu izan da, kartetan agertzen diren lau erregeekin. Euskal Herriko lurralde batzuetan ordea, zortzi erregetara jokatzen dute, batez ere Bizkaia aldean: kasu horretan hirukoek errege balioa daukate, eta bikoek, batekoaren balioa. Hala ere, txapelketa arauen arabera 4 erregetara jokatzen da, jokoaren garbizaletasuna helburu[2].
Mus partida bat 30 edo 40 puntura (ohituren arabera) iristean amaitzen da. Hainbat partida jokatu ohi dira, askotan 3 partida irabazten dituen taldea jotzen da txapelduntzat. Partida batean zehar bildutako tantoak kontatzeko hamarrekoak erabiltzen dira. Talde bakoitzean jokalarietako batek unitateak kontatuko ditu, bost biltzen dituelarik kideari hamarreko bat emango dio, azken honek bost tantoko balioa dutenak bilduz.
Partida keinuekin edo keinurik gabe joka daiteke, betiere hasi aurretik erabakiz nola izango den.
Hasiera
Karten lehen banatzailea nor izango den erabakitzeko, ausaz lau karta banatu eta txikiena suertatzen zaionak hartuko du lan hori. Askotan, lehen txandan "keinurik gabeko mus jarraia" egiten da. Kasu horretan, musa mozten duena izango da esku, automatikoki. Handik aurrera, hurrengo txandan eskuineko jokalaria izango da esku.
Mus
Esku den jokalariak kartaren bat aldatu nahi duela adieraziko du "mus" esanez, edo musa moztuko du, jokoari hasiera emanez. Mus ematen badu, haren eskuineko jokalariari dagokio mus egin nahi duen erabakitzea. Jokalari guztiek mus eman badute, zenbait karta utzi eta beste horrenbeste jasoko dituzte. Mus eman duen jokalaria behartua da gutxienez karta bat uztera.
Eskutik ez den taldeko kideek eskubidea dute bere artean mintzatzeko mus egitearen egokitasunaz. Zenbait tokitan, eta txapelketa nagusietatik kanpo, eskutik den taldeak ere badu eskubide hori.
Banatzean akatsen bat balego edo kartaren bat agerian geratuko balitz, esku den jokalariak erabakitzen du musik badenez. Akatsa larria balitz, kartak bildu eta berriz nahastuko lirateke.
Faseak
Apustuak lehen aipaturiko lau faseetan burutzen dira. Fase bakoitzean jokalariek zenbait tantoko apustuak egiten dituzte. Apustuak onartuak direlarik, faseak amaitzean kartak erakutsi eta irabazlea erabakitzen da. Apustuak taldeen artean egiten dira, alegia, apustua jokalari batek egin badu ere, bere kidearen kartekin irabaztea posible da, azken hauek hobeak badira (jokalariek, ordea, ezin dituzte beren kartak konbinatu).
Handia
Kartarik handiena duenak irabazten du. Bi jokalarik karta handiena balio berekoa badute, bigarren handiena hartzen da, etab.
Txikia
Karta txikiena duenak irabazten du. Berdinak badira, bigarren txikiena hartzen da, etab.
Pareak
Parerik onenak nork dituen; nolabait, zenbateraino diren antzekoak suertatu zaizkizun lau kartak. Parea hasi aurretik pareak badituenez esango du jokalari bakoitzak, fase honetan parte hartuko duen ala ez adieraziz. Parean suerta daitezkeen konbinazioak honakoak dira, txarrenetik onenera:
- Parea: bi karta berdin. Bi jokalarik parea badute, balio handieneko pareak irabazten du.
- Meriak: Hiru karta berdin.
- Dobleak: bi pare (edo lau karta berdin). Bi jokalarik dobleak badituzte, bakoitzaren pare handiena konparatzen da, eta hauek berdinak badira, txikiena.
Jokoa
Karten balioen baturaren araberakoa da, eta 31 puntu behar dira gutxienez. Jokoaren fasea hasi aurretik jokoa baduenez esango du jokalari bakoitzak, fase honetan parte hartuko duen ala ez adieraziz. Kartek berezko balioa hartzen dute, beltzek izan ezik (txota, zaldi eta erregeek 10 puntu balio dituzte).
Jokaldi onena 31 puntu edukitzea da, 32 bigarren onena izanik. Hurrengo jokaldirik onena 40 puntu edukitzea da, eta hortik behera, joko txarrenera (33 puntukora) heldu arte.
Zenbait tokitan errege-jokoa izeneko jokaldia onartua da. Hiru zazpiko eta txotarekin osaturiko 31 puntuko jokoak beste edozein jokaldiri irabazten dio.
Inor ez bada 31 puntura heltzen, puntua izeneko fasea jokatzen da.
Puntua
Ezein jokalari ez bada 31 puntura heltzen, puntua jokatzen da. 31 puntura gehien hurbiltzen denak irabaziko du balizko apustua. Jokaldi onena 30 puntu litzateke, beraz.
Apustuak
Fase bakoitzean apustuak egin ditzakete jokalariek. Behin apustua eginik, aurkarien aukera da apustua onartzea, igotzea ala erretiratzea. Apustua igoz gero, beste taldeak ukanen du apustu berria onartu, igo edo erretiratzeko aukera. Hordagoa ere bota daiteke, jakina.
- Apustua onartua izan bada, txandaren bukaeran ikusiko da nork irabazi dituen jokoan diren tantoak, eta orduan bilduko dira.
- Apustua onartua izan ezean, hots, utzia baldin bada, apustua egin duen taldeak aurkariak azken aldiz egin duen apustua besteko tantoak irabaziko ditu. Aurkariak apusturik egin ez badu, hasieratik paso egin duelako, tanto bat irabaziko du apustua egin duen taldeak. Tantoak apustua onartzen ez den mementoan bilduko dira.
- Hordagoa onartua izan bada, une horretan bertan erakutsiko dira kartak eta orduan erabakiko da nor den ustelaren irabazlea, bestelako tantoak kontuan hartu gabe.
Tanto gehigarriak
Zenbait faseren bukaeran, enbidatutako tantoez gain tanto gehigarriak banatzen dira. Fase bat pasoan joan bada, hots, fase horretan ezein jokalarik apusturik egin ez badu, pasoko tantoak ere banatzen dira.
- Handia: pasoan joan bada, tanto bat irabaziko du karta onenak dituen taldeak.
- Txikia: pasoan joan bada, tanto bat irabaziko du karta onenak dituen taldeak.
- Pareak: parioa irabazi duen taldeak eskuratuko ditu tanto gehigarriak, edo pasoan joan bada, konbinazio onena duen taldeak.
- Pare arrunta: tanto bat
- Meriak: bi tanto
- Dobleak: hiru tanto
- Jokoa: parioa irabazi duen taldeak eskuratuko ditu tanto gehigarriak, edo pasoan joan bada, joko onena duen taldeak.
- 31: hiru tanto
- beste edozein joko: bi tanto
- Puntua: parioa irabazi duen taldeak tanto bat eskuratuko du, edo pasoan joan bada, joko onena duen taldeak.
Keinuak
Musean keinuak egin daitezke jokalari batek dituen kartak bikotekideari jakinarazteko, betiere aurkariak ikustea saihestuz:
- Bi errege: beheko ezpainaren erdialdean hozka eginez.
- Hiru errege: beheko ezpainaren ertz batean hozka eginez.
- Bi bateko: mihia atera ahoaren erdialdetik.
- Hiru bateko: mihia atera ahoaren ertz batetatik.
- Mediak (hiru karta berdin): ezpainak ahoaren alde batera estutu.
- Dobleak (bi pare): bekainak jasoz.
- 31 puntu jokoan: begi batekin keinu egin
- 30 puntuan: sorbaldak jaso (edo begi batekin keinua egin zenbaitetan)
- Itsu (ez pare eta ez joko): begiak itxi
- Hiru errege eta bateko bat: ahoarekin zirkulu bat eginez (musu bat); hala ere, hau ez dago lar zabalduta.
Guztiz debekatua dago aurrez adosturik ez diren keinuak erabiltzea taldekideari informazioa pasatzeko.
Oharrak
- Mus, assi se llama un juego de naipes, muy entretenido, y propio de los Bascongados, que communmente se juega entre quatro, y cada uno con quatro cartas, y ay en cada mano quatro lances diferentes, andia, chiquia, pareac, jocoa. Diósele el nombre de Mus, porque es juego en que los compañeros se entienden por señas de los labios, ojos, etc. y de musu, que significa labios, hocico, cara, se dize contrahido mus. Lat. Ludus chartarum a signis oris muncupatus.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Mus. (Noiz kontsultatua: 2019-08-01).
- Euskal Herriko Mus Federazioaren araudia. (Noiz kontsultatua: 2019-08-01).