Murgilari arrunt
Murgilari arrunta (Aythya ferina) Anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da. Iparraldeko Europan eta Asian kumatzen du eta neguan hegoaldera migratzen du, gure latitudetara[1]. Azken urteetan Euskal Herrian kumatu den kasuak izan dira[2].
Murgilari arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Anseriformes |
Familia | Anatidae |
Generoa | Aythya |
Espeziea | Aythya ferina Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 66 g (pisua jaiotzean) |
Zabalera | 0,77 m |
Kumaldiaren tamaina | 8,9 |
Errute denbora | 25 egun |
Deskribapena
Tamaina ertaineko ahatea murgilari bat da. 42-49 cm arteko luzera eta 72-82 cm arteko hego zabalera ditu[3]. Arrak buru marroia du eta begia gorria da. Mokoa iluna du baina erdialdean gris argia da. Bularraldea eta buztana beltzak dira eta gorputzaren erdialdea eta hegoak gris argiak. Hankak ere gris ilunak ditu. Emearen gorputzeko grisa ilunagoa da eta beraz kontraste txikiagoa egiten du. Murgilari gaztea emearen antzekoa da[4].
Habitata
Talde handiak osatzen ditu, sarritan murgilari mottodunarekin batera, eta edozein hezegunetan pausatzen da, putzuetan, aintziretan eta ibaien eremu geldoetan, beti ere ertzetan landaretza handia badu. Kostaldeko paduratan ere agertzen da[4].
Uretan dabilela hegaldatzen hastea asko kostatzen zaio, horregatik arriskuetatik ihes egiteko nahiago izaten du ur azpian murgildu eta alde egitea[4].
Ugalketa
Uretatik gertu landareen zurtoin eta hostoerkin plataforma landua egiten du eta ondoren lumatxaz estaltzen du. Apirila aldera 6 eta 11 arrautza artean jartzen ditu, berde-grisaxkak, eta 24-28 egunetan zehar txitatzen ditu. Emeak zaintzen ditu txita jaioberriak eta 50-55 egun pasa ondoren gai dira beren kabuz baliatzeko[4].
Elikadura
Sakonera txikiko uretan elikatzen da. Hondoan dauden landare sustraiak, hostoak eta ernamuinak jaten ditu, batez ere, eta horretarako murgildu egiten da. Dieta osatzeko, moluskuak, intsektuak eta harrak ere jaten ditu.[5]
Taxonomia
Carl von Lineok 1758ko Systema Naturae liburuan deskribatu zuen aurrenezkoz eta Anas ferina ("ahate basatia") izena eman zion[6]. 1822 urtean Friedrich Boie zoologo alemaniarrak Aythya generoan sartu zuen[7]. Aythya izena grekerazko αἴθυια (aithuia) izenetik dator, Aristotelesek aipaturiko hegazti hezezagun bat da[8].
Adina
Ezagutzen den murgilari zaharrena Erresuma Batuan aurkitu zen, eta zeraman eraztunaren arabera 22 urte eta hiru hilabetetako adina zuen[9].
Iruditegia
- Murgilari taldea.
- Murgilariak hegan.
- Emea eta txitak.
- Arrautzak.
Erreferentziak
- RSPB A to Z of UK Birds
- «Murgilari arrunta lehenengoz umatu da Txingudin eta Gipuzkoan» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-05-29).
- Mark Beaman, Steve Madge. (1998). Guía de las aves de Europa, norte de África y próximo oriente. Ed. Omega, 142 or. ISBN 8428209464..
- «Porrón europeo» SEO/BirdLife.
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- Jobling, James A.. (2010). The Helm Dictionary of Scientific Bird Names. London: Christopher Helm., 64 or. ISBN 978-1-4081-2501-4..
- Hans-Günther Bauer, Einhard Bezzel eta Wolfgang Fiedler. (2005). Das Kompendium der Vögel Mitteleuropas: Alles über Biologie, Gefährdung und Schutz. Verlag Wiebelsheim, Wiesbaden, 111-113 or. ISBN 3-89104-647-2..