Muonio

Muonio (antzinean, Muonionniska; ipar samieraz, Muoná) Finlandia iparreko Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Muonionjoki ibaiak Suediako Kiruna eta Pajala udalerrietatik banatzen du; gainontzeko bizilagunak, Enontekiö iparraldean, Kittilä ekialdean eta Kolari hegoaldean dira. Nahiz eta ia Bizkaia bezain handia den, 2,038.09 km², eskualdeko udalerri txikienetakoa da eta hainbat herrixketan antolatua dago; aipagarrienak, Munioko elizatea, izen bereko aintziraren ondoan dagoen Särkijärvi eta Ylimuonio herriak dira. Gainera, samien jatorrizko lurraldearen barnean dago, Sápmi deritzoten lurraldean, baina muonioar samien kopurua oso txikia denez, udalerria ez dago Finlandiako Sami Lurraldearen barruan.

Artikulu hau Finlandiako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Muonio (argipena)».

Muonio

Muonioko armarria
Armarria
Berezko izena Muonion kunta
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Tunturi Lappiko azpieskualdea
Alkatea Sirpa Hartojoki
Sorrera 1868
Muonio Finlandiako mapan
Koordenatuak 67°57′25″N 23°40′45″E
Azalera
- Ur-azalera
2.039,98 km²[1]
133,97 km² (%6,6)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
2.325 (2017.08.31)[2]
1,22 bizt/km²
(2016)[2]
% 94,9 (ofiziala)
% 0,6
% 4,5
Webgune ofiziala

Udalerria herrialdeko elur-sasoi luzeena izateagatik ospetsua da; izan ere, Olos muinoan urtero ospatzen den biatloi txapelketak hasiera ematen dio Finlandiako elur-sasoiari. Muonioko motore ekonomikoak Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren bihotzean dauden Pallas eta Olos muinoak dira. Lehenengoa, udalerriko eski pista natural onenak dauden muinoa da eta, gehienbat, hasiberrientzako eta erdi mailako eskiatzaileentzako eski-estazioa da. Bigarrena aldiz, erdi mailako eta adituentzako pistak dauzka batik bat, haien artean, bost pista gorri eta pista beltz bat; guztira, bi muinoen artean, hemeretzi pista daude.

Tunturien Lappi azpieskualdea osatzen duten udalerriekin batera, Lappiko eremu babestu garrantzitsuenetako bat osatzen du udalerriak, lehen aipatutako Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala. Baso eta zingiraz beteriko paisaia muinotsua da eta oso babestu eta zaindua dagoenez, ibilaldiak egiteko aprobetxatu ohi dute bertara iristen diren bisitariek; 2007an esaterako, 312.000 natura-zale jaso zituen parkeak [3][4].

Ingurunea

Sakontzeko, irakurri: «Tunturi Lappiko ingurunea»
Zisne taldea Jerisjärvi aintzira izoztuaren gainean.

Udalerria Lappi eskualdearen mendebaldean dago, Muonionjoki edo Muonio ibaiak Finlandia eta Suedia mugatzen dituen ekialdeko ertzean. Bizilagunak Enontekiö iparraldean, Kittilä ekialdean, Kolari hegoaldean eta, Kiruna eta Pajala suediarrak mendebaldean dira. Nahiz eta udalerria nahiko laua den, herrialdeko eremu menditsuenetakoan dago, Tunturi Lappi izeneko eskualdean (ikus, "Tunturi"); eta tontor ezagunenak Muonioko mendi garaiena den Pallas, Olos eta Keimiö dira. Udalerriak, guztira, 2.037,91 km²-ko azalera dauka, ia Bizkaia herrialdea bezain handia. Bestetik, klima nagusia azpiartikoa da; dena den, 500-600 metro goitiko eremuetan klima polarra gailentzen da. Hala, klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira: lautada eta mendi magaletan taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak haltzadiak, izeidi gorriak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; mendi gailur ingurunetan, ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak[5].

Muonio zirkulu polar artikoa paraleloaren gainean dagoenez -150 bat km iparrera-, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 27tik uztailaren 15ra; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduaren 11tik 30era izaten da. Klima nagusia azpiartikoa denez, tenperatura nahiko leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urritik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[6][7][8].

 
2013ko Muonioko klima datuak[9]
Muonio
Klima azpiartikoaUrtOtsMarApiMaiEkaUztAbuIraUrrAzaAbeGuztira
Maximoa ºC-0,13,52,59,128,427,52622,918,912,70,75,713,1
Batez besteko maximoa ºC-8-6,3-5,83,814,318,318,618,611,73-3,7-4,74,9
Batez bestekoa ºC-12,6-9,8-12,5-1,68,713,213,813,18,9-0,5-8,3-9,50,2
Batez besteko minimoa ºC-17,6-14,1-20,3-72,89,19,17,85,5-4,1-14-14,9-4,8
Minimoa ºC-33,6-30,5-34,5-22,5-6,61,640,9-0,8-14,8-28,6-38,4-16,9
Prezipitazio-egunak1313815713151117243028194

Muonio osatzen duten herriguneak eremu lauan daude, Muonio izeneko ibaiak sortzen duen ibarrean sakabanatuta. Hala ere, nahiz eta biztanle gehien dituzten herriak ibai honen ekialdeko bazterrean egon, Muonio mendi gehien dauden herrialdeko udalerrietako bat da; hala nola, nabarmentzekoa da garaiena den eta Kolariko Ylläs mendiarekin batera Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalaren ikur nagusia den Pallas. Hain zuzen, mendi honen zazpi tontorrak ezagunak dira Lappi osoan: 807 metroko Taivaskero, 785eko Laukukero, 775 metroko Pyhäkero, Lehmäkero, Palkaskero, Orotuskero eta Pallaskero; bertan dago udalerriko eski-estazio ospetsuena. Beste mendi ezagun batzuen artean, aipagarriak dira Keimiö eta eski-pistak dituen Olos ere[10][11].

Elur-oreinak Taivaskero gailurrean bazkatzen.

Herrialdeko gainontzeko udalerriekin alderatuz gero, ez dago aintzira asko Muonion; hala ere, guztira, 226 bat dira. Horietatik ezagunenak Äkäsjärvi, Tunturi Lappiko bigarren handiena den eta 23,51 km² dituen Jerisjärvi, Kangosjärvi, Liepimäjärvi, samien artean aipamen berezia duen Pakasaivo, Särkijärvi, Torasjärvi eta Vuontisjärvi dira. Aintzirekin batera, urmael, ibai eta gainontzeko ubideek udalerriaren ur-eremua osatzen dute, Muonioren azalera osoaren %6,6 baino ez dena, 134,04 km² (Finlandiako batez bestekoa %10,2 da). Beraz, ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da[12][13].

Ibaiek, bestalde, muoniotarren bizimodua baldintzatu izan dute betidanik; Suediarekin muga egiten duen Muonionjoki edo Muonio ibaia, esaterako, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoa da. Bertan, izokinak eta hegoaldeko ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-zale ugari erakartzen dituztenak. Ibai horrek eta senideek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediaren arteko muga markatzen duen ibar ospetsua. Ibar hau iparraldeko lurraldeetako sarbide nagusia izan da urte askotan, eta bertako herritarrei izaera propioa eman die[14].

Ondorengoa da Muonioko babestutako eremu bakarra:

Pallas mendiaren elurrezko profila neguko egunsentian.
  • Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala: Tunturi Lappiko lau udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Pallas eta Ylläs mendiek osatzen duten ingurunea barnean hartzen duena. 2005. urtean sortu zen parkeak, guztira, 1.020 km²-ko azalera du eta, ondorioz, herrialdeko hirugarren parke nazional zabalena da. Bereizgarri nagusiak natura ibilbide zainduak (hemezortzi), fauna eta landaredi basatia, izen handiko hiru mendiak -Pallas, Ylläs eta Ounas- eta bakoitzak sortzen duen ingurune bereziak dira. Ibilbide luzeetan eta aintzira inguruetan dauden etxolek eta urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldiek bisitari ugari erakartzen dituzte. Iaz, esaterako, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako natura parkea izan zen, 514.800 naturazale[15][16].

Faunari dagokienez, animalia artiko espezie gutxi batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota asko klima hotza dela-eta. Hain zuzen, uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-berdantzak, ipurzuri arruntak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, marikoi isatsluzeak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta papagaiak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka txikiak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, pinu-gailupak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak udalerrian[16][17].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsuek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat[16].

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Muonioko historia» eta «Muonioko gudua»

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira Jerisjärvi aintziran, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [18].

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediako Erresumako antzinako Laponia probintziaren barruan zegoen. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta lurralde hau Pajalako elizbarrutiaren esku gelditu zen; lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samiek, haien artean muonioarrek, beren bizimodu bereziagatik ipar sami deitura jaso zuten.

Alemaniarrek Laponiako Gerran finlandiarrei utzitako mezua: "Erakutsi gabeko arma-senidetasunaren esker onez!".

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu behar izan zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandiako Dukerri Handia eta Suediako Erresumaren arteko muga berria Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan jarri zen, eta orduan bat izandako elizbarrutiak banatu egin ziren; Muonio orduan, Kaaresuvanto Enontekiöko kaperaren menpe gelditu zen. Hala ere, menpekotasun horrek ez zuen asko iraun, Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta eta 1817. urtean eraikitako eliza berriari esker, Kaaresuvantotik bereizi eta udalerri propioa sortu zutelako herritarrek 1868. urtean; udalerri berri honek, eliza zegoen herriaren izena jaso zuen, garai hartan Muonionniska. Urte hauetan, finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek hauen ohiturak bereganatu zituzten [19].

II. MGn hildakoen omenezko oroitarri-hilerria.

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, Lappiko biztanle guztiak herrietatik atera zituen eta naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak; aipatzekoa da 1944ko urriaren 26ean hasi eta 30ean bukatu zen gudua. Kittiläko mugatik gertu izan zen gudua, finlandiar gudarosteak irabazi zuen eta bizia galdu zuten 63 soldaduen omenez oroitarri bat eraiki zen bertan. Alemaniarrek, porrotaren ordainetan, Muonioko herri gehienak eta eraikin guztien %80a suntsitu zituzten [20].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. 1960ko hamarkadan basogintza industriak udalerriko ekonomia monopolizatu zuen. 90eko hamarkadako Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz, basogintza industriak diru-sarreretan zuen berebiziko garrantzia alde batera uztea pentsatu zuten herritarrek eta oraindik sortugabeko Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren inguruan turismoa sustatzea erabaki zuten. Pallas eta Olos muinoetako eski-azpiegiturak eraberritu eta handitu zituzten [21][22].

Kantatie 79 errepidea; Olos muino elurtua atzean.

Turismoari esker geroz eta egitura garatuagoak iristen diren arren, muonioarrek lan bila Rovaniemi hiriburura joaten jarraitzen dute eta herriek gutxinaka urtez urte biztanleria galtzen dute [23].

Administrazioa

Azpiegiturak

Ez dago udalerriraino doan trenik, ez eta hegazkinik ere. Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren tren-geltoki hurbilena Kolarin dago laurogei bat kilometro hegoaldera (Kolariko geltokia); bertatik, aspaldian, basogintza industriaren Lappiko enbor preziatuak irtetzen ziren. Bestalde, aipatzekoak dira kilometro gutxi batzutara dauden Enontekiö, Pajala eta, batez ere, handiena den Kittilä aireportuak; hauek, udalerriaren sarrera ateak dira eta bertatik, ehunka bisitari iristen da.

Herrixketan zehar ibiltzeko edo inguruetako udalerrietara joateko Kantatie 79 errepidea edo Valtatie 21 autobidea hartu beharra daude. 79a Rovaniemin hasi eta udalerriraino doa Kittilätik, guztira 231 km dauzka, eta udalerria zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera. Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren ondotik, Särkijärvi herritik igarotzen da. Udalerritik igarotzen den autobidea aldiz, Valtatie 21a da. Autobide hau Tornion hasi eta Enontekiöko Kilpisjärvi herriraino doa, Finlandia ipar-mendebaldeko muturreraino. Muonio eta Ylimuonio herriak zeharkatzen ditu autobideak; Botniako Golkotik iparreraino, autobideak 459 km-ko luzera dauka [24].

Pallas Hotela.

Suediara igarotzeko errepidezko muga bakarra dago, Muonio herritik eta Valtatie 21 autobidearen bidez; bertatik, eta Muonionjoki ibaiko zubia zeharkatu ondoren, Pajala udalerri suediarreraino iristen da autobidea [25].

Pallas eta Olos muinoak

Sakontzeko, irakurri: «Pallastunturi» eta «Olostunturi»

Pallas eta Olos muinoetan daude Muonioko eski-azpiegiturak; ospetsuenak, lehenengoak dira. Pallas, udalerriko eski pista natural onenak dauden muinoa da eta, guztira, bederatzi eski pista daude. Pista luzeenak 2,5 km-ko luzera dauka eta gehienak, hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira. Hala ere, nahiz eta txikiagoa izan, Lappiko gainontzeko eski estazioek bezain prestakuntza onak ditu eta neguro eskiatzailez betetzen da.

Olos muinoko azpiegiturak bestalde, xumeagoak dira, baina pista gehiago daude; hauen artean, bost pista gorri eta pista beltz bat. Bi muinoak Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean daude, Tunturien Lappi lurraldearen bihotzean [26].

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak badaude, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Muonionjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean zehar ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak, esaterako [27].

Banaketa

Sakontzeko, irakurri: «Muonioko herrixkak»

Errusiar Inperioaren garaian sortu zen udalerria, 1868. urtean; izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Kaaresuvantotik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek. Udalerriak eliza dagoen herriaren izena jaso zuen, garai hartan Muonionniska, ondoren, gaur egungo Muonio bilakatuko zena.

2.037,91 km²-ko azalera duen udalerri honetan, biztanleria, hainbat herrixketan banatua dago. Herrixka gehienak iparraldean daude, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren eta Muonionjoki ibaiaren ertzean. Biztanleria guztiaren erdia Muonion kirkonkylä (Muonioko elizatea) deitzen den erdigunean bizi da, guztira, 1.200 bat pertsona. "Hiriburuaz" gain, aipatzekoak dira hirurehun bat biztanle dituen Särkijärvi eta, 250 bat dituen eta hegoaldean dagoen Ylimuonio herriak [28].

Hain zuzen, hauek dira garrantzitsuenak:

  • Järvialue
  • Kangosjärvi
  • Kerässieppi
  • Kihlanki
  • Kätkäsuvanto
  • Liepimä

150 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

Hiri senidetuak

Pajala udalerri suediarrarekin elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu ditu Muoniok. Gainera, nahiz eta dokumentu edota akordio ofizialik ez egon, mugaz gaindiko Torne ibarreko gainontzeko udalerriekin ere harreman estua dauka.

Udala

Muonioko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Muonioko Udalbatza [29]
AlderdiaEserlekuak+/-EhunekoaMuonioko udalbatza
--Zentroko Alderdia9 1% 42,6
--Alderdi Sozial-Demokrata6 0% 25,7
--Koalizio Nazionala3 3% 14,5
--Ezker Elkartasuna2 1% 8,9
--Benetako Finlandiarrak1 1% 8,4

Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia izan zen garaile, baina beste udalerrietan baino garaipen estuagoa lortu zuen. Boto guztien %35,2a eta zortzi eserleku eskuratu zituzten, aurreko udalbatzean baino bat gutxiago. Bigarren eta hirugarren alderdiak, sei eserlekuak mantendu zituen Alderdi Sozial-Demokrata eta ordezkari bat gehiago eskuratu zuen Alderdi Nazionala izan ziren. Honela, udalerria gobernatzeko akordio irekiak eskaini zituen udalbatza berriak. Azkenik, bere batzarkidea mantendu zuen Ezker Elkartasuna izan zen, botoen %8,8arekin. Aipatzekoa da inguruko eski-estazioen inguruan eginiko kritiken eta muonioarren desadostasunaren ondorioz, Liga Berdea ez zela hauteskunde hauetara aurkeztu. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Aulikki Heinonen alkate izendatu zuen [30].

Katri Vala olerkari ospetsua.

Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Demografia

Biztanleria

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Muonion, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, %15,6koa, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, altua, %19,6koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %97aren ama hizkuntza da. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldean samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira; azken hau, herritarren %0,6aren ama hizkuntza da. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak diren arren, XVII. mendetik aurrera finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten. Gaur egun, elur-orein zaintzan diharduten sami gutxi batzuk baino ez dira bizi Muonio iparraldean [31].

Udalerriaren aspaldiko izena Muonionniska zen eta izen honek, gaur egungo Muonio izena eman du, Muonio muinoaren eta Muonio ibaiaren antzera.

Ia 2.400 biztanle dituen udalerri hau, biztanle gutxien dauzkan Lappiko bosgarren udalerria da. Azken hamarkadetan biztanleriak beherakada nabarmena izan du; izan ere, eta nahiz eta eraikitako turismo azpiegitura berriek lanpostu ugari sortu dituzten, muonioar gazteek Rovaniemira lan bila alde egiten jarraitzen dute. Berrogei urtetan %20ko beherakada izan da [32].

Biztanleriaren bilakaera[33]
197019751980198519901995199820002002200420062008201020122014Orain
3.0022.8092.8122.8812.8462.6982.5842.5122.4602.4422.4032.3602.3732.3692.3752.380

Nazioartean ezagunenak diren muonioarren artean Katri Vala olerkaria dago; Tulenkantajat literatura talde finlandiarreko idazlea izan zen. Poesia soziala egiten zuen eta sutsuki borrokatu zuen faxismoaren aurka; emakumezko olerkari finlandiar ezagunetako bat da. Beste herritar ezagun bat, Yrjö Kokko idazlea da, Pessi ja Illusia ipuin miresgarria idazteagatik ezaguna.

Samiak

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia» eta «Sápmi»

Udalerria samien jatorrizko lurraldearen barruan dago, Sápmi delako lurraldean. Aspaldian, samiak baino ez ziren bizi bertan, baina askok XVII. mendetik aurrera iritsitako finlandiarren kultura bereganatu eta euren kultura bereiziari uko egin zioten. Gaur egun, biztanleriaren %1a da talde-etniko honen parte, eta bakarrik %0,2aren ama hizkuntza da ipar samiera. Finlandiako Sami Lurraldea erakundea osatzen ez duenez, bertako sami gutxiengoaren kultura ez dago legeekin eta eskubide bereziekin babestuta. Dena den, sami hauek gehienbat iparraldean bizi direnez, Sami Lurraldea osatzen duten udalerrien mugan, bertako eskola eta elizkizunetara joateko aukera dute [34].

Bertako samiek ipar sami deitura jasotzen dute elur-orein zaintzari lotutako bizimoduagatik. Ipar samieraz udalerriaren izena Muoná da, hala ere, izendapen hau ez da ofiziala.

Ylimuonioko eskola.

Tornetarrak

Sakontzeko, irakurri: «Tornetar» eta «Torne ibarra»

Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi zenbiltzan finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [35].

1809. urtean Torne ibarra bitan zatitua izan zen; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.

Hezkuntza eta Osasuna

Lehen Hezkuntzako lau eskola daude guztira udalerrian, Särkijärvin, Ylimuonion eta bi Muonio herrian. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Muonioko elizatean baino ez dago, Muonion Lukio izenekoa [36].

Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, herrigunetik 200 bat km-ra. Hala ere, Enontekiö bizilagunarekin batera, programa berezi bat antolatu du osasunaz arduratzeko. Nahiz eta erietxe nagusia Muonio herrian dagoen, eritasun arinak sendatzeko beste bi eskualde-erietxe daude Ylimuonion eta Pallas muinoaren oinean [37].

Kultura

Muonioko armarria
Muonioko armarria

Armarria

Sakontzeko, irakurri: «Muonioko armarria»

Armarria da Muonio udalerriaren ikur nagusia, eta Harald B. Hellström artistak sortu zuen 1955. urtean; udalbatzak urte bereko ekainaren 1ean eta irailaren 30ean onartu zuen, baina ofizialki ez zuen baliorik izan azaroaren 15ean Barne Ministerioak ontzat eman zuen arte. Armarria sortzerakoan, artistak eskualdeko natura izan zuen buruan eta, hala, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriaren bereizgarriak adierazi nahi izan zituen. Atzealde gorriaren gainean, zilarrezko mendi tontorra dago, buruan sei puntako zilarrezko izarra duena. Hain zuzen, izarrak (iparrizarra) udalerriaren kokapena adierazten du, herrialdearen iparraldean eta Zirkulu Polar Artikoaren gainean, neguko gau ilun, luze eta hotzetan zerua argitzen duen izar nagusia baita. Tontorrak, aldiz, 807 metroko Pallas muinoaren Taivaskero tontorra irudikatzen du; izan ere, Pallas eskualdeko naturaren ikur nabarmenena da eta, azken urteotan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalari eta eski-estazioari esker, udalerriaren motore ekonomiko nagusi ere bilakatu da. Azkenik, aipatzekoa da armarriko sinbolismoak ere Muoniok antzinako kulturarekin eta, zehazki, samiekin duen harremana irudikatzen duela [38].

Leku aipagarriak

Muonioko eliza eraberritua.

Udalerrian historiarekin zerikusia duen museo bat dago, Muonioko Herri Museoa. Museo hau, 1982. urtean sortu zen, baina 1991. urtera arte ez zen bisitarientzako ireki. Muonio herritik pare bat kilometrora, egurrezko hainbat eraikinek osatzen dute museoa. Eraikin nagusia, XIX. mende hasierakoa da eta bertan, udalerriko historiarekin eta muonioarren antzinako bizimoduarekin zerikusia duten ikusgaiak daude. Hala nola, aipatzekoak dira XIX. mendeko bainugela zahar bat eta 1850eko hamarkadako Ylimuonio herriko aletegi edo bihitegi bat. Gainera, bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Ylimuonio herrixka monumentu izendatua izan zen 1993. urtean [39][40].

Beste leku esanguratsu bat, Taivaskeroko oroitarria da; izan ere, zuzi olinpikoak Helsinkiko Udako Olinpiar Jokoetara iristeko egin zuen ibilbidean, Muonio zeharkatu zuen, eta honen omenez, Pallasko Taivaskero tontorrean oroitarri bat ipini zuten herritarrek.

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

  • Muonioko eliza: udalerriko egurrezko eliza Muonioko elizatean dago, Muonionjoki ibaiaren ertzean. 1817. urtean eraiki zen arto kolorezko eliza hau, udalerriko aspaldiko elizaren gainean. Charles Bassi arkitektoak eraiki zuen eta 1822. urtean ateak ireki zituen; 600 fededunentzako lekua dago barruan. Elizak izugarrizko garrantzia izan zuen 1868. urtean, Muonio Kaaresuvantotik banatu eta berezko udalerria bihurtzeko orduan. 1883-1884 urte bitartean, eraberritze lanak egin ziren elizan eta ordura arte bereizturik egondako ezkila-dorrea eta eraikin nagusia batu zituzten. Laponiako Gerran eraikina suntsitu egin zuten alemaniarrek; hala ere, berreraikitze lanek gutxi iraun zuten eta gaur egun ikusten dugun eliza 1949. urterako bukatu zuten [41].
  • Sankarivainajien hautausmaa (edo soilik Sankari hautausmaa): elizaren atzealdean dagoen oroitarri-hilerria da; euskaraz, Hildako Heroien Hilerria. Orokorrean Bigarren Mundu Gerran eta, zehazki, Laponiako Gerran hildako soldadu finlandiarren omenezko hilerria da. Granitoz eraikitako gurutzea Viljo Aaltok diseinatu zuen eta erdialdean agertzen den finlandierazko inskripzioak ("Sotaanlähtö") Utikan Gerra! esan nahi du. Oroitarrian ume bat eta haren gurasoak agertzen dira, Laponiako Gerrako heroi anonimo gisa [44].

Ospakizun bereziak

Azaro aldean, Olos muino inguruan biatloi txapelketa bat ospatzen da, Finlandiako elur-sasoiari hasiera ematen dion ekitaldia. Gainera, martxoan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean barrena egiten den iraupen eskiko txapelketa bat antolatzen da urtero, Lapponia Hiihtoviikko edo Laponia Iraupen Eski Txapelketa. Lehiaketa honek ia aste bat irauten du eta helburua, Muoniotik Enontekiöraino iristea izaten da [45][46].

Pallasko eski pista.

Azkenik, aipagarria da arrantza txapelketak egoten direla Muonionjoki ibaien ertzean dauden herrixketan udara guztian zehar.

Ekonomia

Sakontzeko, irakurri: «Pallastunturi» eta «Olostunturi»

Muonioko egitura ekonomikoaren arabera, langile gehienak zerbitzu sektorean egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Langabetuen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da turismoari esker.

1960ko hamarkadan basogintzak udalerriko ekonomia monopolizatu zuen; 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. 90eko hamarkadako Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz, basogintza industriak diru-sarreretan zuen berebiziko garrantzia alde batera uztea pentsatu zuten herritarrek. Honela, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren inguruan turismoa sustatzea erabaki zuten eta, hala nola, Pallas eta Olos muinoetako eski-azpiegiturak handitu zituzten [21].

Gaur egun, udalerriko diru-sarreren iturri nagusia Pallas muinoko eski estazioa da; Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren erdian dago, Tunturien Lappi lurraldearen bihotzean. Pallas, udalerriko eski pista natural onenak dauden muinoa da eta, guztira, bederatzi eski pista daude. Pista luzeenak 2,5 km-ko luzera dauka eta gehienak, hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira. Olos muinoko azpiegiturak bestalde, xumeagoak dira, baina pista gehiago daude; hauen artean, bost pista gorri eta pista beltz bat [26].

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak badaude, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Muonionjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean zehar ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak, esaterako [27].

Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, muonioarrek lan bila Rovaniemi hiriburura joaten jarraitzen dute eta herriek urtez urte biztanleria galtzen dute [23].

Iruditegia

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kiruna Enontekiö Enontekiö
Kiruna Kittilä
Pajala Kolari Kolari, Kittilä

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.