Mundu-ikuskera
Mundu-ikuskera (alemanez: weltanschauung, ingelesez: worldview, frantsesez: vision du monde, gaztelaniaz: cosmovisión) 'mundua' edo errealitatearen deskribapen orokor bat osatzen duten ideien, azterketen eta sinesmenen sistema edo sarea da.
Munduari buruzko ikuspegi filosofiko zabala eta trinkoa da, beraz, izateari buruzko ontologia eta ezagutzari buruzko epistemologia eta, horiei jarraiki, praxeologia eta etika ere barneratu ohi dituelarik.
Mundu-ikuskera edo Weltanschauung Wilhelm Dilthey filosofoak erabili zuen estrainekoz gerora zabaldu den zentzuarekin, Einleitung in die Geisteswissenschaften idazlanean ("Giza Zientziei Sarrera", ulertuz 'espiritu' edo Geist kultura gisa)[1].
Kontzeptua
Etimologia
Mundu-ikuskera terminoak 'mundu' eta 'ikuskera' terminoen etimologiak baditu ere, kontzeptua alemaneko Weltanschauungtik dator, han Welt ('mundua') eta Anschauung ('pertzepzioa' edo 'ikuspegia') terminoez osatuta dagoelarik, munduaren pertzepzio zabalari aipu egiten.
Definizioa
Mundu-ikuskera edo Weltanschauung 'mundua' edo errealitatearen deskribapen orokor bat osatzen duten ideien, azterketen eta sinesmenen sistema edo sarea da. Errealitatea hauteman, interpretatu eta harekin elkarreragiten du, bere bidez, pertsona, teoria-sistema edota kultura talde batek[2]. Zentzu horretan, mundu-ikuskerak 'mundua ikusteko betaurrekoak' edo 'errealitatean ibiltzeko mapak' lirateke guretzat[3].
Antropologikoki, mundu ikuskerak "pertsona talde batek gauzen izaerari buruz egiten dituen eta bere bizitza ordenatzeko erabiltzen dituzten" oinarrizko aurresuposizio kognitibo, afektibo eta ebaluatzaile gisa "adieraz daitezke"[4]. Zentzu antropologiko honetan, munduikuskerak kulturen zati lirateke, kultura harturik "jendearen ezaugarri diren ikasitako portaera, ideia eta produktuen sistema integratua" gisa[5].
Mundu-ikuskerak era oso zabalean definitzerik ere badago: "bihotzaren oinarrizko orientazioa, istorio gisa edo aurresuposizio multzo batean adieraz daitekeena ... errealitatearen oinarrizko eraikuntzari (kontzienteki edo inkontzienteki, koherentziaz edo koherentziarik gabe) eusten diogularik, eta horrek bizi, mugitu eta gure izatearen oinarria ematen du"[6]
Konposagaiak
Mundu-ikuskera zabal eta trinko batek munduaren zerizana zein den (ontologia), nola ezagutu behar dugun (epistemologia) eta, ondorioz, bere baitan nola jokatu behar dugun (praxeologia eta etika) barneratu ohi ditu. Luzeago esanda, mundu-ikuskera batek, orientazio kognitibo zehatz baten bidez[7], filosofia naturalista ala materialista isla dezake; horren inguruan, postulatu funtsezko, existentzial eta normatiboak; eta, azkenik, gai anitzak, balioak, emozioak eta etika[8].
Apostel eta bere taldeko proposamean[9], adibidez, mundu-ikuskera ontologia zabala da, munduaren eredu deskribatzaile dimentsioanitza. Sei elementu hauek izan beharko lituzke: ontologia bera (Zer da mundua?), axiologia (Zeintzuk dira gure helburuak?) edo prospektiba (Nora goaz?), etika (Zer egin behar dugu?), praxeologia edo metodologia (Nola lortu beharko genituzke gure helburuak), epistemologia (Nola ezagutu behar dugu mundua?), eta etiologia (Munduaren jatorria eta eraikuntza zein da?).
James W. Underhill-ek, bere aldetik, bost azpikategoria iradokitzen ditu, lan desberdinetan garatuz[10]: munduaren hautematea, munduaren ulerpena, pentsamolde kulturala, mundu pertsonala eta norbanako ikuspegia.
Mota nagusiak
Mundu-ikuskera zabala eta trinkoa mundu-ikuskeraren galdera guztiei erantzuten diona kontsidera daitezke. Nola sailkatu mota nagusiak? Sigmund Freud-entzat[11] epistemologia edo ezagutza finkatzeko metodoa zen irizpidea, eta metodo zentraltzat hartu zuen zientzia moderno edo mendebaldarra. Irizpide hori pixka bat gehiago lotuz ezagutza horrek barnean duen ontologia edo errealitatea ezagutza finkatzeko metodoa har dezakegu, hots, egungo kultura eta filosofia mendebaldarreko materialismoa. Horrela, mundu-ikuskera hauek sailka genitzake:
- Gain-naturalistak: jainko sortzailearen erlijioak, ikuspegi masonikoa, idealismoak...
- Materialistak: zientzia mendebaldarra, panteismoak, postmodernismoa...
- Azpi-naturalistak: gogo-barneko erlijioak, animismoak...
Gain-naturalista
Mundu-ikuskera gain-naturalistek munduaren, errealitatearen edo naturaren iturburua eta azalpena bere kanpo dagoen balizko baten bidez azaltzen dute eta, beraz, bere 'gain' dagoenaren bidez. Beste hitzetan, balizko gain-naturalistan, natura bere gain dagoen printzipio ahalguztidun edota sortzaile batek azaltzen du.
Erlijio hedatu edo entzutetsu batzuen 'Jainko Sortzailea' delakoaren printzipioa hemen kokatzen da. Kristautasun, islamismo eta judaismoaren kasua da, erlijio abrahamiko edo 'Libururaren erlijioak' bezala ezagutuak. Mundua edo Unibertsoa naturaz gaindiko kristauen Jainkoak, musulmanen Alak edo juduen Yahvehk sortu zuela uste dute, beren profetei ematen zieten beren Eskrituretako interpretazioak eta sinesmenek munduaren ikuspegia definituko dute, eta, bidenabar, Kristau, Mahomatar eta Juduen bizitzan jarduteko praktikak aginduko dira horietan.
Ez da erlijio nagusi guztien kasua. Hinduismoan gain-naturalismoa presente da ('Brahmaren pertsonal'ean enfasia, adibidez), baina garrantzi epistemiko gehiago du azpi-naturalismoak ('Brahma inpertsonal'ean enfasia, adibideari jarraiki). Budismoan berariaz ezezten da gain-naturalismoa (Buda ez da Jainko gisa onartzen), eta azpi-naturalismoa bide-bakar gisa proposatzen da.
Ikuspegi masonikoaren arabera, mundua 'Arkitekto Handi' batek diseinatu eta sortu zuen, bere ezagutzara heltzeko sinboloen bidezko barneratze emozional eta arrazionala jorratu behar dugularik.
Idealismoaren proposamenetan, 'zerk osatzen du errealitatea eta nola sortzen da?' erantzutean izpiritua, adimena edo adimeneko gauzei (ideiak) lehentasuna ematen zaie materiaren gainean. Zentzu horretan, gain-naturalismo leun gisa koka genitzake.
Materialista
Mundu-ikuskera materialistek munduaren, errealitatearen edo naturaren iturburua eta azalpena mundu horretan beran dagoen balizko batek azaltzen du. Beste hitzetan, balizko materialistan natura bere konposagaiek eta prozesuek azaltzen dute.
Ikuspegi materialistan, beraz, natura eta unibertsoa materia hutsez osaturik dago, ez dago besterik existentzian. Dena da materiala edo fisikoa, hots, dana dira materia, energia eta informazio fisikoak[12]. Bizitza eta kontzientzia daude, jakina, baina materialak dira, materiak osatzen dituelako gauza guztiak eta fenomeno guztiak. Horrela, a) mundu materiala fenomeno material batean du hastapena (Big-bang delakoan); b) bizidunak bizia hartu zuten materia dira; eta c) gizakiak adimena hartu zuten eboluzionatutako animaliak dira, eta funtsean materia dira ere. Materialismoa, ondorioz, unibertso osoa sistema fisiko itxia gisa ulertzen da; ez dago beste aldagairik.
Egungo zientzia mendebaldarrak mundu-ikuskera materialista honekin lerrokatzen da ia erabat. Zientzialari batzuek Jainko sortzailearengan sinismena mantentzen badute ere, zientziak guztia azaldu ezin dezakeenaren posibletasuna onartuz, hori ez da zientziaren barnean kontsideratzen, kanpoan baizik.
Panteismoan edo, behintzat, panteismo ez bitalistetan, normalean pertzibitzen dugun errealitatearen osotasuna Jainko gisa ulertzen da. Berriz ere, ez dago ezer hortik kanpo, eta 'Jainko' gisa deitua duguna horren osotasuna besterik ez da.
Postmodernismoaren arabera, ez dago egia objektiborik edo arau moralik; 'errealitate' deitzen duguna giza eraikuntza soziala da azken batean. Dena den, gure ezagumenetik at 'zerbait' existitzen dela ('mundu objektiboa') eta 'hor' dakusagun guztia (materia, bizitza eta kontzientzia) fenomeno materialak direla onartu ohi da. Zentzu horretan, ikuspegi materialistarekin lerrokatzen da Postmodernismoa.
Azpi-naturalista
Mundu-ikuskera azpi-naturalistek munduaren, errealitatearen edo naturaren iturburua eta azalpena bere 'azpian' edo 'barnean' dagoen balizko baten bidez azaltzen dute. Beste hitzetan, balizko azpi-naturalistan, natura bere 'sakonean' dagoen printzipio esanezin eta adierazezin batek azaltzen du.
Bilatzaile mistikoak, kultura eta erlijio desberdinetan presente, mundu-ikuskera honekin lerrokatzen dira. Ramana Maharshi Indiako Hinduismoan[13], Lao tze Txinako taoismoan[14], Mojud sufia Islamean[15], Eckhart Maisua edo Joan Gurutzekoa mistikoak Europako Kristautasunean, Isaac Itsua Kabalista Judaismoan[16], ta Buddha bera Indiako Budismoaren hasieran, adibide dira. Gogoan sartzeko teknikak anitzak dira [17] eta literatura iniziatikoaren lekukotasunak ia zenbakiezinak.
Hipostasi edo 'mundua azaltzen duen printzipio' hori adierazezina dela diote, ez da inter-subjektiboa eta ikasi daitezkeen kontzeptuen multzoan, zientzia mendebaldarrean bezala, intra-subjektiboa eta norberak bere gogoan esperimentatzeko bidaia baizik. Gizakiak bere gogoaren barnean eta sakonean murgilduz lortu beharreko ezagutza dela onartzen dute, meditazioarekin, erritoekin edo bestelako iniziazio eta esperientziekin.
Animismoak ere mundu-ikuskera azpi-naturalistan kokatu beharko lirateke. Hasiera batean, natura naturaren printzipioen bidez azaltzen dela onartzen da, baina naturak ez dira ohiko gogoan pertzibitzen diren bezalakoak, indar ezkutu eta misteriotsuen espresio baizik. Hinduismoko bhaktismo debozionalak ere[18], ez du zertan jainko sortzaile bat atzean izan behar, eta animismo azpi-naturalista gisa uler daiteke ere.
Beste sailkapenak
Aurreko sailkapenaren inguruan uler daitezke egin diren beste proposamenak. Lehen sailkapen kanonikoa Wilhelm Dilthey filosofo alemaniarrarena izan zen, 1911ko Mundu-ikuskerak eta haien garapena Metafisikan saiakerakoa[19]. Mundu-ikuskera gizakiaren esperientziaren alderdi kognitibo, ebaluatzaile eta bolizionalak biltzen dituen bizitzari buruzko ikuspegitzat hartu zuen. Literaturan eta erlijioan duten agerpenak gogoratuz, hiru ikuskera mota nagusi bereizi zituen[20].
- Askatasunaren Idealismoan gure nahimenaren askatasunak, hots, gure buruak eta jakiteko nahiak, gure munduaren antolaketa egituratzen du. Platon, Descartes, Kant eta Bergsonek ordezkatuko lukete ikuskera hau, besteak beste.
- Naturalismoan hautemateek (pertzepzioek) eta froga-akatsek (esperimentazioak) dira errealitatea mundu-ikuskera batetan itzultzen dutenak, kontingentziak ebaluatu eta beraiei erantzunez. Demokrito, Hobbes, Humen eta beste hainbat filosofo modernoek erakutsiko lukete ikuspegi hau.
- Idealismo Objektiboan gizakien idealizazio ahalmena ez da benetakoaren gainetik, berari datxekio (bere barnean 'inherente'a da) errealitatearen alde guztien arteko koherentzian eta harmonian. Heraklito, Parmenides, Spinoza, Leibniz eta Hegel lirateke ordezkariak.
Sigmund Freudek[11] oinarrizko lau mundu ikuskera definitu zituen: zientzia, erlijioa, filosofia eta artea.
Stephen Pepperek[21] mundu-ikuskerek errealitatea azaltzeko "sustrai-metaforak" dituzte iturri, errealitatea azaltzeko eguneroko esperientziatik ekarrita. Metafora horiek jendearen oinarrizko ezagutza praktikotik ateratzen badira ere, mundu-ikuskerak filosofi eskola nagusiekin pareka daitezke; Pepperek sei aipatzen ditu[21]: animismoa, mistizismoa, formismoa, mekanismoa, organizismoa eta kontestualismoa.
Clément Vidalek[22], bere partetik, muturreko mundu-ikuskera argienak deskribatzen ditu: zientifikoa, elijiosoa, bakterioena, eta gizarteena. Mundu-ikuskera zientifikoaz zera dio: a) mundua modelatzeaz arduratzen da (ontologiaz, azalpenetaz eta predikzioetaz) b) egiaztatutako azalpen-indarra emanez c) behaketako eta esperimentuko laguntzarekin. Mundu ikuskera honek errealismo kritikoa duela dio, "jarduera esperimental eta enpirikoak naturari buruzko egietara eraman gaitzakeela uste du".
Espresio eta eztabaida nagusiak
Mundu-ikuskeren espresio nagusiak eta, horien eremuetan, eztabaida nagusiak izan lezaketen agerpenen kronologiari jarraiki sailka daitezke: kognizioan, hizkuntzan, eta sistema kontzeptualetan agerpena.
Kognizioan
Mundu-ikuskerei buruzko eztabaida nagusia hizkuntzan eta Hizkuntzalaritzan eman da, baina zenbait autorek kontzeptuaren lehen erabilerak adimen edo kognizio aurre-linguistikoan kokatuago ikusi dituzte.
Hasteko, Wilhelm Dilthey filosofo alemaniarrak Mundu-ikuskerak eta haien garapena Metafisikan saiakeran[19] arreta kognizioan jartzen duela (edo jarri nahi duela) ematen du. Interesa erakartzen diona gure adimenarekin errealitatea nola taxutzen dugun da, eta ez hainbeste gerora kontzeptuetan jarritako 'ideien sistemak', parametro filosofikoetara jada itzulitakoak (askatasunaren idealismoa, naturalismoa eta idealismo objektiboa)[20]. Horrela, literaturan eta erlijioan duten agerpenak gogoratzean, ez du mundu-ikuskeren zerrenda eta deskribapen soila egiten, gizakiaren alderdi kognitibo, ebaluatzaile eta bolizionaletan jartzen du arreta, eta horietakoren batek balio unibertsala izatea ezinezkotzat jotzen zuen, eskema baliagarritzat jotzen zituen (hots, eskema kognitibo baliagarritzat, ez enpirikoki literalak[23]).
Hizkuntza eta Hizkuntzalaritzari dagokionez, Wilhelm von Humboldt alemaniar etnolinguistikaren sortzailea jartzen da kontzeptuari lehen garrantzia eman zion teoriko gisa. Baina Jürgen Trabant-ek ekarri eta James W. Underhill-ek gogorarazi diguten bezala, Wilhelm von Humboldt alemaniar etnolinguistikaren sortzaileak ez du Weltanschauung kontzeptua ekarpenen sustrai, Weltansicht baizik. Weltansicht Humboldtek erabili zuen hizkuntza komunitate batek (nazioak) partekatutako errealitatearen atzemate kontzeptual eta sentsoriala aipatzeko. Weltanschauung, lehen Kantek erabilia eta gero Hegelek ezaguna egina, alemanez eta gero ingelesez erabiliko filosofia, ideologia eta ikuspegi kultural edo erlijiosoei erreferentzia egiteko, Weltansicht delako hizkuntzen komunitateen errealitatea atzemateko moduari baino.
Oro har, kognizioari buruz diziplina desberdinetan idatzi dutenen artean Weltanschauung kontzeptua dager, besteen artean, Dilthey, Freud, Heidegger eta Gadamer[24]. Teoriko aleman hauen erabileretan herri, familia edo pertsona baten "mundu ikuskera zabala" edo "munduaren pertzepzio zabala" izendatzeko erabiltzen da. Weltanschauung bat herri baten munduko esperientzia paregabean sortuko zen, hainbat mila urtean zehar bizitakoak eraginda. Herri baten hizkuntzak herri horren Weltanschauung-a islatuko luke egitura sintaktikoetan eta itzulezinak edo itzulgaitzak diren konnotazioetan eta adierazpenetan. Baina, hasieran, kognizio egite baten aurrean geundeke.
Hizkuntzan
Mundu-ikuskerak, kontziente ditugun buru eskematan presente egiten ditugunez, hizkuntzan dute espresio nagusia. Horrela, bere paperari buruzko eztabaidarik sutsuena Hizkuntzalaritza edo Filologian da.
Wilhelm von Humboldt (1767–1835) filologo prusiarrak hizkuntzaren erabilera eta munduaren ikuskera banatu ezinak direla proposatu zuen. Hizkuntza gizateriaren abentura sortzailearen zati garrantzitsu gisa zekusan eta, horretan, kultura, hizkuntza eta hizkuntza komunitateak aldi berean eta ezin bestean garatu zirela zioen, batak bestean euskarri hartuz, salbuespenik gabe. Mahai hau, bere hanka guztiekin, egunerokotasunean berrizten da, bere ustez. Hizkera berez eta inplizituki sortzailea delarik, gizakiak bere lekua hartzen du hizketan, hizkuntza eta pentsamendua aldatuz sormen egiteen eta trukeen bidez.
Hizkuntza muga edo esparru gisa hartzen duen determinismo linguistikoarekin erlazioan da ikuspegi hau. Determinismo linguistikoa hizkuntzak eta bere egiturek gizakien ezagutza edo pentsamendua mugatu eta zehazten dutenaren ustea da, kategorizazioa, memoria eta pertzepzioa bezalako pentsamendu prozesuak barne.
Benjamin Lee Whorf-en (1897-1941) erlatibitate linguistikoaren hipotesian hizkuntza baten egitura sintaktiko-semantikoa herri baten mundu-ikuskeraren azpiko egitura (edo azpiko egitura bat) da, hizkuntzak munduaren pertzepzio kausala eta entitateen kategorizazioa antolatzen dituelako. Munduaren eta kausalitatearen errepresentazioa linguistikoa delarik, pertzepzio sozialak eragiten ditu eta, horrela, hizkuntzaren eta pertzepzioaren arteko elkarreragin etengabea ematen da[25].
Whorf-en hipotesiak 1940ko hamarkadaren amaieran eragin handia izan zuen, baina gerora protagonismoa galduko zen. 1990eko hamarkadan ikerketa berriek erlatibitate linguistikoaren teoriari laguntza gehiago eman zioten Stephen Levinsonek (j. 1947) eta bere taldeak Max Planck psikolinguistikako institutuan (Nijmegenen, Herbehereak) egindako lanetan[26]. Teoriak arreta handitu du Stanford Unibertsitateko Lera Boroditskyren lanaren bidez ere[27].
Leo Apostelen taldeak[9] bitxikeri batzuk plazaratzen ditu: Sapir – Whorf hipotesia zuzena bada, planetako mundu-ikuskeren mapa linguistikoaren antzekoa izango litzateke, baina ia bat dator musikaren araberakoarekin; eta Sapir – Whorf hipotesiaren bertsio sendo baten arabera, hizkuntza berri bat ikasi edo asmatu beharko litzateke mundu ikuskera berri bat eraikitzeko.
Sistema kontzeptualetan
Kognizioan agertu eta hizkuntzan espresatua izan eta gero, mundu-ikuskera bat sistema kontzeptual bat eratortzen da, zabalagoa ala murritzagoa, trinkoagoa ala ez hain koherentea. Maila horretan, nahiz eta enpirikotasun pertzeptual batetik abiatu, oinarrizko sinesmenak biltzen ditu. Mundu-ikuskera zehatz bat onartzen duen norbanako edo giza-taldearentzat, operatibotzat edo 'frogatutzat' hartu ohi da, axioma gisa[28], baina, sistema kontzeptual eratorri direnetik, beraien arteako egokitasunak eta beraien barneko trinkotasunak intelektualki baloratzerik eta argudiatzerik badago.
Aukera hauek irekitzen dira adibidez, bi mundu-ikuskeren artean: a) nahikoa sinesmen komun dituzte, eta haien arteko alderaketa edo elkarrizketa eraiki daiteke; ala b) funtsean bateraezinak edota, are gehaigo, alderaezinak dira. Erlazioan dagoen beste aukera bat mundu-ikuskerak baloratzean datza: bakarrik egin daiteke mundu-ikuskera beraren ikuspegitik, erlatibismo kulturalak esan bezala? Beste mundu-ikuskeretatik egin daiteke ere, bakoitzak besteengandik zer hartu edo kontrastatu nahi duen ahalbidetuz? Eta mundu-ikuskeren ikerketa neutroa egiterik badago, Ninian Smartek proposatu legez[29]?
Azken asmo honekin, nahiz eta mundu-ikuskera erlijiosoak, filosofikoak edo zientifikoak alderatzea ahalegin delikatua den, aurresuposizio eta balio kognitibo desberdinetatik abiatzen direlako, Clément Vidalek mundu ikuskerak alderatzeko irizpide metafilosofikoak proposatu ditu, hiru kategoria handitan sailkatuz[30]:
- Helburua : koherentzia objektiboa, zientifikotasuna, esparrua.
- Subjektibotasuna : koherentzia subjektiboa, erabilgarritasun pertsonala, emozionaltasuna.
- Subjektu-artekotasuna: subjektuen artekotasuna trinkotasuna, erabilera kolektiboak, narratibagintza.
Meta-kontzeptuan
Mundu-ikuskeraren meta-kontzeptua, hots, mundu-ikuskeraren kontzeptuari buruz hausnarketa kontzeptualak, aurreko zenbait alderen balorazioa laguntzen dute.
Batetik, mundu-ikuskera maila kontzientean ageri eta jarduteko kontzeptu-sare gisa ikus daiteke, norberaren artikulaziorako eta taldeen eztabaidetarako eskuragarri daudena. Zentzu horretan, Gestalt psikologiako aldagai nebarmenak edo komunikabideen analisiko ground ('oinarria') aldagaia kokatzen diren adimen jarduera kontzienteago baten kokatu zen mundu-ikuskera, aurre-kontzientzia sakonago batean baino azaleratuagoa eta esplizitoagoa. Horrela ulerturik, mundu-ikuskera hizkuntzaren eremu kontzientekoa zatekeen nagusiki.
Aldiz, mundu-ikuskeraren definizioan aldagai kontzeptualetaz landa aldagai emozionalak edo pertzeptualak sartzen direnean, posible egiten da mundu-ikuskeren sorkuntza eta garapena kognizio aurre-kontziente eta aurre-linguistikoaren mailan gehiago kokatzea. Adibidez, James W. Sire pentsalari kristauak mundu-ikuskera honela definitzen duenean: "errealitatearen oinarrizko eraikuntza ... kontziente edo inkontzientea" [6].
Beste espresioak edo islak
Mundu-ikuskera kontzeptuarekin erabilera zehatzagoak eman dira ere, gizartearen edota gizabanakoen hainbat alderdiri lotuta. Kasu honetan, mundu-ikuskeraren galdera batzuei (ez guztiei) erantzuten diotenak hartzen dira mundu-ikuskera gisa, eta terminoa beste erabilera batzuekin parekatzen da: ideologia zehatz gisa, filosofia zehatz gisa, eta abar.
Geist gisa
Mundu-ikuskera edo weltanshauung zabalak Geist moduan zehaztuko lirateke, alemaniako filosofiari jarraiki eta, batez ere, Hegelek Gogoaren Fenomenologian[31] ematen duen formulazioan. Geist 'gogoa' (Azurmendiren azterketako terminoan) edo 'genioa' (Mokoroak bere lanean proposaturiko terminoan) litzateke euskaraz. Baina Hegelek, zabalago, 'adimena, argitasuna, erudizioa; esentzia ukiezina, espiritua' bezalako hurbilketak aurkeztu zituen, espazioan eta denboran hartzen omen zituen zehaztapen desberdinei buruz hitz eginez:
- Weltgeist edo munduarena.
- Volksgeist edo nazio batena.
- Zeitgeist edo denbora tarte batekoa.
Denboran arreta intelektual gehien hartuko zuena Volkgeist izango zen, nazio baten kideak modu zehatzetan jokatzera bultzatzen duen ohiko izaera edo indar ikusezin gisa (hasieratik, Hegelek Weltgeist´a lanabes kontzeptual moduan ikusi zuen, praktikan volkgeist´en konkrezioen bidez ematen zelarik). Adibidez, Joxe Azurmendik Europako herri gogoa nola zehaztu zen aztertzen du Volksgeist. Herri gogoa liburuan: nazioarekiko, monarkia absolutoekiko, Estatuekiko; arrazekiko... Eta, bere irakurketan, mundu-ikuskeratzat har daitezkeen ikuspegien eskutik izan zen: ilustrazioa, erromantizismoa, idealismoa, positibismoa, bitalismoa, nazismoa...
Geist eta Volkgeist delakoetan eman zen arreta intelektualaren gorpuzte zehatza izan zen XIX mendearen erdialdean Wilhelm Wundt, Moritz Lazarus eta Heymann Steinthalek egindako Völkerpsychologie ("nazioen psikologia") baten proiektua[32]. Proiektuak etzuen aurrera egin baina, operakortasun gehiagoz ala gutxiagoz, egungo proposamen zehatzak ulertzeko eta kokatzeko balio dute oraindik kontzeptu zabal hauek. Adibidez, Hofstedek[33] Volkgeist fokapena dakar eta Mullerrek[34] Weltgeist fokapena (ikus behean, azken atalean).
Sinesmen-sistema gisa
Mundu-ikuskera sinesmen-sistema bat da, gizabanako batek edo gizarteak dituen sinesmenak bilduz, eta beste sinesmen-sistemekin erlazioan[35]. Amankomunean dituzte, beraz, kontzeptuak:
- Mundu-ikuskera, sinesmen kontzienteen inguruan oinarritzen da, eta sinesmen sistema bat da hortaz. Goian aipaturiko mundu-ikuskera nagusiak sinesmen-sistemak dira, gehiago ala gutxiago frogatuak, kultura talde zehatzetan edota bilatzaile existentzial zehatzengan.
- Giza talde batek partekatutako sinesmen-sistema orokor batean, horren oinarria osatzen duten azpiko hipotesien multzoa mundu-ikuskera gisa uler daiteke ere, Koltko-Riverak[36] erakusi bezala.
- Azkenik, mundu-ikuskera batek sinesmen sistema zehatzetan espresioak eta islak hartzen ditu. Adibidez, epopeiek eta poema epikoek mundu ikuskera hedatuen agerpen dira; germaniarren nibelungeniak, antzinako helenoen Iliada, tamil herriaren Silappadhikaram, hinduen Ramayana eta Mahabharata, sumerioen Gilgamex, arabierren Mila gau eta bat gehiago eta Mandé herriaren Sundiata epopeia mundu-ikuskera desberdinen espresio lirateke[37].
Filosofia korronte gisa
Filosofia eskolak, unibertsoaren funtsezko galderen erantzunak eskaini ohi dituztelarik, mundu-ikuskera gisa hartuak izan daitezke. Filosofo presokratikoen mundu-ikuskera, adibidez, erabat kontrajarria da filosofia marxistakoarekin. Stephen Pepperek[21] jendeak errealitatea azaltzeko "sustrai-metaforak" erabiltzen dituela dio, eguneroko esperientzian oinarritutakoak. Bere ustez, metafora hauetatik sortzen dira filosofi eskola nagusiak, goian aipatu legez: animismoa, mistizismoa, formismoa, mekanismoa, organizismoa eta kontestualismoa.
Paradigma gisa
Paradigma zientifiko batek teoriak, ikerketa metodoak, zilegi kontsideratako postulatuak eta metodologia estandarrak biltzen ditu, munduikuskera baten islatzat hartu daitezkeelarik. Horrela, mekanizismoak, bitalismoak, sistemismoak edo balizko antropikoak mundu-ikuskera desberdinak edo, gutxienez, mundu-ikuskera berdinaren espresio desberdinak izango lirateke.
Ideologia politiko eta ekonomiko gisa
Ideologiak pertsona edo talderen baten ideia, sinesmen eta balioen saskiak izanik, mundu-ikuskerak edo mundu-ikuskeraren zatiak osa ditzakete. Adibidez, ideologia kapitalista, jabetza pribatua, lehia eta irabaziak azpimarratzen dituena, mundu-ikuskera materialistaren isla politiko eta ekonomikoa kontsidera daiteke. Estatu Batuetarako, adibidez, bost mundu-ikuskera politiko proposatu dira: Malthusianismo berdea, Libertario isolatzailea, globalismo neoliberala, Nazionalismo populista eta Sozialdemokrazia[38].
Norbanakoen pentsamolde eta bizimolde gisa
Mundu-ikuskeren espresio zehatzena norbanakoen taldeen edo norbanako bakoitzaren pentsamoldean (eng. 'mindset') eman daiteke, hots, hipotesi, sinesmen eta jokamoldeen sarean. [39]
Pentsamoldea sistema gisa ideia ohikoa da Erabakien Teorian[40] eta Sistema Orokorren Teorian [41], eta mundu-ikuskera batek gidatzen duen aldi baterako jarrera gisa ikusia izan da[2].
Funtzioak
Errealitatea ez egoteari eusteko
Norberaren mundu-ikuskerak, Izuaren Kudeaketa Teoria (Terror management Theory), delakoaren arabera, heriotzaren antsietatearen aurkako espazio ziur gisa balio du[42]. Norberaren mundu-ikuskeraren idealak bizitzeak autoestimuaren sentsazioa ematen omen du, bizitzaren mugak gainditzearen zentzua emanez (adibidez, hilezkortasunean sineste erlijiosoan bezala; sinbolikoki, arte lanetan edo haurrek hil ondoren bizitzea edo norberaren kulturari egindako ekarpenetan). Norberaren mundu-ikuskerari erasoa eta heriotzaren gogorapena alderatzen duten esperimentuen bidez erakutsia izan da lotura hori[42].
Errealitatearen eraikuntzari eusteko
Mundu-ikuskerak erlijioekin parekatu edo erlazionatu dira sarri: "mundu-ikuskera erlijiosoa" deitu zion Nishida Kitarok ekialdeko erlijioen esanahi filosofikoari[43]; David Naugle neo-kalbinistak kontzeptuaren historia egitean kristautasuna mundu-ikuskera esanguratsu gisa baloratu zuen[44]; James W. Sire pentsalari kristauak mundu-ikuskera erlijioso amankomun bati buruz hitz egin du[6]; David Bell-ek superinteligentzien diseinatzaileei planteaturiko galdera erlijiosoak 'mundu-ikuskera' gisa aurkeztu ditu[45], eta abar. Zentzu horretan, fedearen eremuan sartuta, hots, errealitatea ez egotearen antsietatea gutxitu ostean, mundu-ikuskerak errealitatearen eraikuntza pertsonalak eusteko bertute izango lukete.
Gizarteari eusteko
Zenbait zientzialarik kultura-talde desberdinak zehazteko sailkapenak sortu eta testatu dituzte, emaitzak mundu-ikuskerei hurbilpen gisa kontsideratu daitezkeelarik. Ikuspegi horretatik, gizarteari eta gizartearen beharrei eutsiko liokete mundu-ikuskerek.
Sailkapen ezagunena, ziur asko, Geert Hofstede gizarte psikologoaren 'sei dimentsioen eredua' da: Distantzia hierarkikoa, Indibidualismoa, Maskulinitatea, Ziurgabetasunaren kontrola, Epe Luzerako Orientazioa, eta Indulgentzia versus Eustea[33].
Beste fokapena du Roland Mullerrek, munduko kultura talde guztietan ematen diren hiru mundu-ikuskera bereiztean, eta norbanako bakoitzak hiruren nahasketa duela ondorioztatuz [34].
- "Errua–Errugabetasuna" mundu-ikuskeran ardatza arrazoibide deduktiboa, kausa eta efektua, galdera onak eta prozesua dira, gaiak zuri-beltz ikusiz, idatzizko kontratuak funtsezkoak direlarik, komunikazioa zuzena da eta sarri latza, eta abar.
- "Ohore–Lotsa" mundu-ikuskeran ohorezko aukerak dira ardatz, komunikazioa eta elkarreraginak emozionalak dira, helburua lotsa ekiditea da eta besteentzat ohoretsua izatea da, eta abar. Bereziki indartsua lizateke Asiako eskualde gehienetan.
- "Boterea–Beldurra" mundu-ikuskeran garrantzitsua da inguruko jendea ebaluatzea eta hierarkian kokatzea.
Adibidez, pertsona bat Botere-Beldurrezko gizarte batean hazi daiteke, Ohore-Lotsa familia batean, eta Errua-Errugabetasuna irizpide duen eskolara batean.
Herri-kulturan
- Crossroads: Labor Pains of a New Worldview egungo mundu-ikuskeraren sorrera eta XXI mendeko parametro berriak aztertzen dituen dokumentala.
- Worldview Estatu Batuetako Heavy-Metal taldea da, power metal eta metal progresiboko musika jorratzen duena.
- VölkGeist Bogotako (Kolonbian) Heavy-Power Metal taldea da.
- Worldview jendea informatu eta inspiratzeko istorio garrantzitsu eta irudimentsuak bultzatzen dituen zinema produktora da.
- WorldView Garapeneko Funtsa mundua hobeto ulertzea sustatu eta pobrezia murrizteko ikusleen irismena zabaltzea helburu duten media proiektu desberdinetarako finantzan laguntzen duen funtsa da.
Erreferentziak
- Dilthey, Wilhem. (1883). Einleitung in die Geisteswissenschaften. Erstausgabe, Leipzig.
- «What is a Worldview?» web.engr.oregonstate.edu (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- "Worldview are what [we] take as given realities, the maps of reality that [we] use for living” ( Hiebert, Paul G. 2008 Transforming Worldviews. Baker Academic, Grand Rapids, p. 15).
- "Worldview is the fundamental cognitive, affective, and evaluative presuppositions a group of people make about the nature of things, and which they use to order their lives. Worldview are what people in a community take as given realities” (Hiebert, Paul G. 2008 Transforming Worldviews. Baker Academic, Grand Rapids, p. 15).
- “[Culture is] the integrated system of learned patterns of behavior, ideas, and products characteristic of a society” (Hiebert, Paul G. 1983 Cultural Anthropology. Baker Books, Grand Rapids, p. 25)
- James W. Sire The Universe Next Door: A Basic World view Catalog. InterVarsity, Downers Grove. p15–16 (aipuan hizkien etzana Wikipediakoa da). "a fundamental orientation of the heart, that can be expressed as a story or in a set of presuppositions (assumptions which may be true, partially true, or entirely false) which we hold (consciously or subconsciously, consistently or inconsistently) about the basic construction of reality, and that provides the foundation on which we live and move and have our being."
- Funk, Ken (2001-03-21). "What is a Worldview?". Retrieved 2019-12-10.
- Palmer, Gary B. (1996). Toward A Theory of Cultural Linguistics. University of Texas Press. p. 114. ISBN 978-0-292-76569-6..
- Diederik Aerts, Leo Apostel, Bart de Moor, Staf Hellemans, Edel Maex, Hubert van Belle & Jan van der Veken (1994). "World views. From Fragmentation to Integration". VUB Press. Translation of The basic book of World Views, from the Center Leo Apostel. https://web.archive.org/web/20210225044323/https://www.vub.be/CLEA/pub/books/worldviews.pdf(Page numbers from the published version are inserted in brackets.)
- "World-perceiving, world-conceiving, cultural mindset, personal world, and perspective", bakoitzaren deskribapenetarako ikus Underhill, James W. (2011). Creating worldviews: metaphor, ideology and language. Edinburgh, Scotland: Edinburgh University Press. ISBN 978-0748679096; (2012). Ethnolinguistics and Cultural Concepts: truth, love, hate & war. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-1107532847; (2009); eta Humboldt, Worldview and Language. Edinburgh, Scotland: Edinburgh University Press. {{ISBN|978-0748638420}}.
- Freud, S. (1933).New introductory lectures on psy-choanalysis(W. J. H. Sprott, Trans.). New York: Norton.
- «Nature/Basic statements - Wikibooks, open books for an open world» en.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- Maharshi, Ramana (1995) Día a día con Bhagavān. Madrid: Etnos.
- Laozi. (2012). Tao Te Ching : los libros del Tao. ISBN 978-84-9879-345-1. PMC 823668058. (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- Mojud El Hombre De Vida Inexplicable. Gaia Ediciones 2010 ISBN 978-84-8445-281-2. PMC 690090474. (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- «ISAAC THE BLIND - JewishEncyclopedia.com» www.jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- (Ingelesez) The Tree of Contemplative Practices – The Center for Contemplative Mind in Society. (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- «Srimad Bhagavatam» web.archive.org 2008-07-19 (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- Wilhelm Dilthey: Gesammelte Schriften. (Weltanschauungslehre). Band VIII, Stuttgart 1960.
- Wilhelm Dilthey: Gesammelte Schriften. (Weltanschauungslehre). Band VIII, Stuttgart 1960, 107-115 orr.
- Pepper, S. C. (1970). World hypotheses: A study inevidence. Berkeley: University of California Press.
- Vidal, C. (2008) Wat is een wereldbeeld? (What is a worldview?), in Van Belle, H. &Van der Veken, J., Editors, Nieuwheid denken. De wetenschappen en het creatieve aspect van dewerkelijkheid, in press. Acco, Leuven.
- Ikus Makkreel eta Rodi, Wilhelm Dilthey, Selected Works, 6. liburukia, 2019.
- «Worldview (philosophy) | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
- (Ingelesez) Kay, Paul; Kempton, Willett. (1984-03). «What Is the Sapir-Whorf Hypothesis?» American Anthropologist 86 (1): 65–79. doi: . ISSN 0002-7294. (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- «Max Planck Institute for Psycholinguistics, Nijmegen - Home» web.archive.org 2004-09-09 (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- «Wayback Machine» web.archive.org 2009-09-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- Balizko sozialak gizataldearen baitan axiomak nola bilakatzen diren aztertzeko Social Axioms Survey eraiki da ( https://en.wikipedia.org/wiki/Social_Axioms_Survey).
- ""sistema erlijioso eta sekular desberdinen azterketa neutroa, apasionatua - munduaren ikuskeraren analisia deitzen diodan prozesua" ("the neutral, dispassionate study of different religious and secular systems—a process I call worldview analysis."; Ninian Smart 2006 Worldviews: Crosscultural Explorations of Human Beliefs, Point Par Point, Longueuil (Québec); p. 14)
- Vidal, Clément (April 2012). "Metaphilosophical Criteria for Worldview Comparison". Metaphilosophy. 43 (3): 306–347. CiteSeerX 10.1.1.508.631. doi:10.1111/j.1467-9973.2012.01749.x. doi: ..
- Hegel, G. W. F. (1807). Phänomenologie des geistes. Bamberg und Würzburg: Joseph Anton Goebhardt.
- Klautke, Egbert (2010). "The mind of the nation: the debate about Völkerpsychologie" Central Europe. 8 (1): 1–19. doi:10.1179/174582110X12676382921428.
- Hofstede, Geert (2010). "The GLOBE debate: Back to relevance". Journal of International Business Studies (Sage Publications) 41 (8): 1339–46.
- Muller, Roland (2001). Honor and Shame. Xlibris; 1st edition. ISBN 978-0738843162
- (Ingelesez) Rettig, Tim. (2017-12-07). «Belief Systems: what they are and how they affect you» Medium (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- (Ingelesez) Koltko-Rivera, Mark E.. (2004-03-01). «The Psychology of Worldviews» Review of General Psychology 8 (1): 3–58. doi: . ISSN 1089-2680. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- https://qwiklit.com/2013/09/10/the-20-greatest-epic-poems-of-all-time/ .
- (Ingelesez) «The five worldviews that define American politics» Salon 2011-01-12 (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- «What is a Worldview?» web.engr.oregonstate.edu (Noiz kontsultatua: 2021-02-19).
- Steele, Katie; Stefánsson, H. Orri. (2015-12-16). Decision Theory. (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- Bertalanffy, Ludwig von, 1972. ([1976 1982]). Teoría general de los sistemas : fundamentos, desarrollo, aplicaciones. Fondo de Cultura Económica ISBN 968-16-0627-2. PMC 48315517. (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
- Schimel, Jeff; Hayes, Joseph; Williams, Todd; Jahrig, Jesse (2007). "Is death really the worm at the core? Converging evidence that worldview threat increases death-thought accessibility". Journal of Personality and Social Psychology. 92 (5): 789–803. doi:10.1037/0022-3514.92.5.789. PMID 17484605.
- Kitaro, Nishida (1993) Last Writings: Nothingness and the Religious Worldview. Honolulu: University of Hawaii Press
- David K. Naugle 2005 Worldview: The History of a Concept. Eerdmans, Grand Rapids (Mich) ISBN 0-8028-4761-7 page 4
- Bell, David (2016). Superintelligence and World-views: Putting the Spotlight on Some Important Issues. Guildford, Surrey, UK: Grosvenor House Publishing Limited. ISBN 9781786237668. OCLC 962016344.
Bibliografia
- Azurmendi, J. 2008: Volksgeist. Herri gogoa, Donostia, Elkar, ISBN 978-84-9783-404-9.
- Hegel, G.W.F.: Gogoaren fenomenologia I. Donostia. Klasikoak. 2005. Itzul.: Xabier Insausti eta Ibon Uribarri. ISBN 84-96455-09-2
- Hegel, G.W.F.: Gogoaren fenomenologia II. Donostia. Klasikoak. 2005. Itzul.: Xabier Insausti eta Ibon Uribarri. ISBN 84-96455-10-6
- Vidal, C. (2008) Wat is een wereldbeeld? (What is a worldview?), in Van Belle, H. &Van der Veken, J., Editors, Nieuwheid denken. De wetenschappen en het creatieve aspect van dewerkelijkheid. Acco, Leuven.
- Koltko-Rivera (2004) The Psychology of Worldviews doi 10.1037/1089-2680.8.1.3
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Mundu-ikuskerei buruzko literatura zehatz-mehatz azaleratua, Koltko-Rivera berezialariaren eskutik (ingelesez)
- Mundu-ikuskerak metodologikoki zehazteko proiektua, Apostelen taldearen eskutik (ingelesez)
- Mundu-ikuskerak enpirikoki zehazteko proiektua, Wikipediarekin lotutako ekimen baten eskutik (ingelesez)