Mulato

Mulatoa gurasoak bata larruazal zurikoa eta bestea beltzekoa dituen gizabanakoa da.[1]

Etimologia

Hitza XVI. mendean sortu zen, lurralde amerikarren kolonizazio espainiarren testuinguruan. Konkistatzaileek nozio hori erabili zuten gizaki txuri (Amerikaren kolonizazio garaian, nagusiki, jatorri europarreko biztanleak) eta esklabo beltzen arteko batasunaren ondorioz sorturiko gizakiak izendatzeko. Hasiera batean, izendapenaren gaztelerazko erabilera sei kastatan banaturiko zatiketa arraziala azaltzeko gauzatu zen. Banaketa horren bitartez, kolonizatzaile espainiarrek lurralde amerikarretako biztanleak hurrengo kasta edota kategoriatan sailkatu zituzten: espainiarrak, indioak, beltzak, mestizoak, mulatoak eta zanboak.[2]

Bere jatorri etimologikoan, mula («mando») hitzetik dator. Izan ere, mandoa zaldiaren eta astoaren arteko ugalketaren ondoriozko animalia da. Gaur eguneko zenbait herrialdetan oso ohikoa da mulato jatorri mistoa duten populazioak aurkitzea; hala nola, Karibe inguruko Puerto Rico, Kuba, Dominikar Errepublika, Venezuela eta Kolonbia herrialdeetan, edo Hego Amerikako Brasil, Ekuador eta Perun.

Juan de Pareja erretratua, Diego Velázquez margolariarena, 1650. urtearen inguruan egina. Juan de Pareja esklabo jaio zen, Espainian. Ama afrikar jatorriko esklabo bat zuen; eta aita, espainiar zuri bat.

Historia

Ameriketan finkatu ziren lehen esklabo beltzak europarren zerbitzura iritsi ziren Antilletara, ondoren uharteen ustiaketara bideratuz. 1501ean lurralde kristauetako beltzak Indietara igarotzea baimendu zen lehenengo aldiz; eta, 1508an, salerosketari baimena eman zitzaion. Erregetzaren lege-xedapenek beltzak kasta itxi bat mantentzearen alde egin arren, esklaboen erdia edota herena emakumezkoa izan behar zela zehaztuz edota ezkontza mistoak debekatuz, mestizaje prozesua berehala hasi zen. Praktikan, arraza araberako banaketa ezinezkoa izan baitzen, eta hamarkada gutxiren buruan, beltzen, indioen eta zurien arteko ezkontza eta nahasketak biderkatu ziren.

Nahasketa horien artetik, beltzen eta zurien arteko batzeek arre edota mulatoa izenekoa sortzen zuten. Horien egoera soziala kaxkarra zen, beltzen oso antzekoa, eta mestizoen kasuan ez bezala, batasun ilegalen emaitza izan ohi ziren. Gainera, oro har emakumezko esklabo beltzen seme-alabak zirela kontuan izanik, amaren izaera juridikoa jasotzen zuten oinordetzan, lehen garaian batez ere mestizoek izan zuten onespen sozialari ateak itxiz.

Aske edota esklabo izanda, esklabo beltzen muga eta zapalkuntza arauak jasotzen zituzten. Besteak beste, unibertsitateetako sarrera debekatua zuten, baita eliz-gizon edota armadako ofizioak ere. Hein handi batean horren ondorioz, mulato askeen gehiengoa artisautza jardunera bideratu zen[2].

Erreferentziak

  1. «mulato» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  2. (Gaztelaniaz) Artola, Miguel. (1991). Enciclopedia de Historia de España. Alianza Editorial, 840 or. ISBN 84-206-5241-5..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.