Muki-belar
Muki-belarra (Pinguicula grandiflora) Lentibulariaceae familiako landare intsektujalea da.
Muki-belar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Lamiales |
Familia | Lentibulariaceae |
Generoa | Pinguicula |
Espeziea | Pinguicula grandiflora |
Ezaugarriak
Landare txikia da, 12-15 zentimetro luze, erroseta-formakoa. Hosto luzangak ditu, berde argiak; haien azala, harrapaketaz eta digestioaz arduratzen diren guruinen presentziaren ondorioz, distiratsua, koipetsua eta eranskorra da. Lore zurtoin tentea errosetaren erdian garatzen da, eta haren muturrean lore bakarra, morea, atzealdean ezproi luze bat duena. Loraldia, altitudearen arabera, apiril-uztail bitartean gertatzen da. Muki-belarra udan soilik da karniboroa, udazkenean intsektuak harrapatzeko ahalmenik ez duten hostoak agertzen baitira.[1][2]
Hostoen distirak erakartzen ditu intsektuak eta, azalean ezartzen direnean, itsatsita gelditzen dira. Haren harrapaketa mekanismoa pasiboa edo erdiaktiboa ote den ez dago erabat argi; izan ere, hostoen ertzek barrurantz biltzeko joera dute. Prozesu mantsoa da eta bi egun inguru behar izaten du guztiz bukatzeko. Beraz harrapaketarekin baino, digestioarekin du zerikusia. Horrez gain, hostoaren azalak beherantz egin ohi du biktima itsatsita gelditu den lekuan eta, horrela, digestio-jarioetan barneraturik gelditzen da. Digestio-prozesua 3-4 egunetan gertatzen da; ondoren, hostoak berehala zabaldu eta haien gainean intsektuen hondarrak agertzen dira. Hostoak etengabe berritzen dira, beren iraupena 5-6 egunekoa baita.[1][2]
Bizilekua
Itsas mailatik mendi-gailurreraino aurki dezakegu, zohikaztegi, horma eta ezponda urtsu eta iturburuetan.[1]
Banaketa
Europan banaturik dago. Ia Euskal Herri osoan hazten da, Ebroko haranean izan ezik.
Erabilpenak
Sendabelar gisa erabilia izan da, eta propietate desberdinak ditu. Dituen sendagaien artean, hauexek aipatuko genituzke: azido organikoak, mineralak, gai espasmolitikoak eta labenzima. Haren hostoak txikitu ondoren, zauri egin berrien gainean jarri ohi dira. Sustraia ere, enplasto modura erabili ohi da, "ziatikak" eragiten duen mina apaldu eta umeen etenak sendatzeko. Hostoen-zukuak behi-errapeetako gaitzak berehala sendatzen dituela diote. Sustraiak eta hostoak batera xehetu ondoren, ilea horiz tindatzeko erabiltzen dira.[1] Europako iparraldean hostoak esnea gatzatu edo mamitzeko erabiltzen da.[3]
Erreferentziak
- Terés, Joxepo. Muki-belarra, landare intsektujalea. Elhuyar aldizkaria, 83. zenbakia, 1994ko maiatzak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-10).
- Euskal Herriko landare karniboroak. Argia aldizkaria, 2002ko abenduak 15, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-10).
- Basapiztu. Sendabelarrak. blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-10).
Kanpo estekak
- Errekondo, Jakoba Otordu lasaia Argia astekaria, 2009ko ekainak 7, argia.eus