Mugi txartela
Mugi txartela Mifare Classic teknologiadun kontaktugabeko txartela da, 2013ko martxoaren 4an Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritakoa. Txartelak herrialde osoko garraio publikoen ordainketa-sistema bateratzeko asmoa dauka, hau da, txartel bakarra izateko jaulki da. Hala, dagoeneko momentura arte Gipuzkoako garraio publikoetan erabiltzen ziren beste txartel batzuk ordezkatzen ditu, hala nola Lurraldebus txartela, tarifa-sistema bateratu bat ere martxan jarrita, Mugi Sistema, alegia.
Irrati-uhin bidez 2 eta 10 cm bitarteko distantziara komunika dezake informazioa, txartela eta balioztatze-puntuaren arteko kontakturen beharrik ez duela. Txartelak saldo eguneratuaren informazioa gordetzen du, eta bezeroak balioztatze-puntuetako pantailetan zein beste dispositiboetan ikusgai du, adibidez Interneten.
Mugi Sistema
Mugi Sistema Gipuzkoako tarifa-sistema bateratua da, eta bere euskarria Mugi txartela da. Sistema hau Lurraldebus sistemaren bilakaeratik dator, hainbat hobekuntza gaineratu zitzaizkiola. Hala, 2013ko martxoaren 4tik aurrera tarifa-sistema bakarra dago sistemaren barruan dauden eragile guztientzako, izan ere, hori zen Lurraldebus txartelaren helburua. Ordaindu beharreko tarifa bidaiariak egiten dituen jauzien araberakoa da, eta ez eragile bakoitzak ezartzen duen prezioaren araberakoa.
Horrek esan nahi du Gipuzkoako lurralde osorako tarifa-gune amankomunak ezarri direla, bidaiatzeko modu guztiek (autobusa, trena...) zein eragileek errespetatuko dutena. Hala, Gipuzkoako lurraldea tarifa-gune ezberdinetan banatu da, zenbat eta gune gehiagotan zehar bidaiatu, orduan eta gehiago ordaintzen delarik. Txartelak, guneen arteko jauziak zenbatzen ditu, eta dagokion prezioa kentzen du guk dugun hasierako saldotik. Hala, behar-beharrezkoa da txartela bai bidaiaren hasieran zein bidaiaren amaieran balioztatzea, sistemak zenbat jauzi egin ditugun zenbatu ahal izateko.
Bestalde, hainbat motatako Lurraldebus txarteletan Mugi txartelaren hobekuntzak ezarriko dira martxoaren 4tik aurrera. Lurraldebus txartel arruntak, Familia ugariarenak, txartel sozialak eta 18 urtetik beherako gazteentzako txartelak Mugi Sisteman integratuko dira automatikoki.
2019ko apirilaren 1.tik 2020ko apirilaren 1.ra bitarteko tarifak
Mugi Sistemaren hobaridun tarifen gutxieneko deskontua prezio orokorraren %47koa da, hilean 1 eta 20 bidaia artean egitekotan; %57koa, 21 eta 50 bidaia artean egitekotan; eta %90eko deskontua 51. bidaiatik gora egiten dutenentzat, beti ere Mugi txartel pertsonalizatua bada. Mugi txartel anonimoen kasuan, prezio orokorraren gaineko %32ko deskontua aplikatiko da, bidaia kopurua kontuan hartu gabe.[1]
Beherapena | Donostia eta Arrasateko hiri-barruko busak / 0 Jauzi | Jauzi 1 | 2 Jauzi | 3 Jauzi | 4 Jauzi | 5 Jauzi | Irun eta Errenteriako hiri-barruko busak | Eibar, Hernani, Lasarte-Oria eta Zarauzko hiri-barruko busak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Aldizkako tarifa (paperean) | - | 1,80€ | 2,65€ | 4,95€ | 7,25€ | 9,40€ | 12,60€ | 1,50€ | 1,30€ |
Familia Ugaria 20 | 1,45€ | 2,10€ | 3,95€ | 5,80€ | 7,50€ | 10,10€ | |||
Familia Ugaria 50 | 1,35€ | 1,35€ | 2,50€ | 3,65€ | 4,70€ | 6,30€ | |||
Mugi txartel arrunta (1-20 bidaia) | %47 | 0,95€ | 1,40€ | 2,62€ | 3,84€ | 4,98€ | 6,68€ | 0,80€ | 0,69€ |
Mugi txartel arrunta (21-50 bidaia) | %57 | 0,77€ | 1,14€ | 2,13€ | 3,12€ | 4,04€ | 5,42€ | 0,65€ | 0,56€ |
Mugi txartel arrunta (51tik gorako bidaiak) | %90 | 0,18€ | 0,27€ | 0,50€ | 0,73€ | 0,94€ | 1,26€ | 0,15€ | 0,13€ |
Mugi txartel gaztea (51tik gorako bidaiak) | %100 | 0,00€ | |||||||
Gaueko zerbitzuak | - | 2,10€ | 3,10€ | - | - | - | - | 1,50€ | - |
Linea aldaketa(*) (**) | %25 (**) | 0,24€ | 0,35€ | 0,65€ | 0,95€ | 1,24€ | 1,66€ | 0,20€ | 0,17€ |
Mugi txartel anonimoa | %32 | 1,22€ | 1,80€ | 3,37€ | 4,93€ | 6,39€ | 8,57€ | 1,02€ | 0,88€ |
(*) Eragile bereko linea aldaketak doakoak dira.
(**) Eragile ezberdineko linea aldaketetan, egindako bidaia garestiena osorik ordainduko da, eta bidaia merkeenaren %25a ordainduko da. Taulan azaldutako prezioak 1-20 bidaia arteko kasurako baliogarriak dira, %45eko beherapena aplikatzen delarik.
Zonakatzea
Zonakatzearen bitartez ibilbide batean egindako jauziak zenbatzen dira, dagozkion tarifak aplikatzeko. Mugi sistemak hamabost gune ezberdinetan banatzen du zerbitzatutako lurraldea:
- 1. gunea, Bidasoa Beherea (Hondarribia eta Irun).
- 2. gunea, Donostialdea (Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil).
- 3. gunea, Urola Kosta (Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia).
- 4. gunea, Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku, Ondarroa eta Soraluze).
- 5. gunea, Durangaldea (Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, Zaldibar).
- 6. gunea, Arratia-Zornotza (Bedia, Galdakao, Lemoa eta Zornotza).
- 7. gunea, Bilbo (Basauri, Bilbo eta Etxebarri).
- 8. gunea, Busturialdea (Bermeo, Busturia, Forua, Gernika, Mundaka eta Muxika).
- 9. gunea, Tolosaldea (Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduaien, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil).
- 10. gunea, Goierri (Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga).
- 11. gunea, Debagoiena (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati).
- 12. gunea, Urola Erdia (Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa).
- 13. gunea, Lekeitio-Berriatua (Berriatua eta Lekeitio).
- 14. gunea, Araba (Arrazua-Ubarrundia).
- 15. gunea, Gasteiz (Gasteiz).
Txartelaren ezaugarriak
Mugi txartela kontaktu gabeko txanpondegi-txartela da, birkargatu beharrekoa. Txartelak 5€ko kostua dauka, eta horrekin orainduz gero, Mugi Sistemaren hobaridun tarifak ezartzen dira. Birkargak egiteko tokien artean Gipuzkoako hainbat kiosko, paperdenda, Correos-eko postetxe, edota Kutxako kutxazain dago. Gipuzkoatik kanpo, Bilboko Termibus eta Gasteizko Herran kaleko autobus geltokian ere birkarga daitezke txartelak, Pesa konpainiaren txarteldegietan dauden birkarga-makinetan, alegia.
Motak
Hiru txartel mota dago:
Anonimoa
Transferigarria da. Ez dauka ez argazki ez datu pertsonalik. Txartel honekin prezio orokorraren gaineko %32ko deskontua aplikatzen da, bidaia tarterik kontuan hartu gabe.
Arrunta
Pertsonala eta transferiezina da. Erabiltzailearen argazkia eta datuak ditu. Edonork eskura dezake, txartela eskatzeko formularioa betez.
Taldeak
Pertsonala eta transferiezina da. Erabiltzailearen argazkia eta datuak ditu. Baldintza batzuen behean besterik ezin da eskuratu, oro har, txartelaren jabea Gipuzkoan erroldatuta egon behar du, eta bere errentak ezin du IPREM adierazlea 2,5 aldiz edo gehiago biderkatu. Txartel hau erabilita, txartel arruntari ezartzen zaizkion tarifei beherapenak gehitzen zaizkio. Hurrengo taldeak daude:
- Haurrak: 5 urte baino txikiagokoentzat.
Bidaiak doakoak dira.
- Familia Ugariak:
Bidaiei %20ko beherapena gehitzen zaie Familia Ugari Orokorra direnentzat, eta %50ekoa Familia Ugari Berezia direnentzat.
- Gazteak, 5 eta 24 urte bitartekoentzat.
Bidaiei %12ko beherapena gehitzen zaie.
- Adinekoak: 65 urte baino gehiagokoentzat.
Bidaiei %52ko beherapena gehitzen zaie.
- Pertsona ezinduak, %65 edo gehiagoko ezintasuna dutenentzat.
Bidaiei %52ko beherapena gehitzen zaie.
- Soziala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradun direnentzat.
Bidaiei %52ko beherapena gehitzen zaie.
Mugi txartelera atxikitako garraioak
2013ko martxoaren 4an Mugi txartela martxan jarri zenetik, ordura arte zegoen Lurraldebus txartela erabil zitekeen garraiobide berdinetan erabilgarri da txartel berria. Lurraldebus txartelei dagokienez, sistema berrian sartu ziren automatikoki, Mugi txartelaren abantaila eta ezaugarri berdinak ezarriz. Honako hauetan erabil daiteke Mugi txartela:
Autobusa
- Lurraldebus
- Donostibus (Donostiako udal autobusak)
- Iparbus (Errenteriako udalo autobusak)
- Irunbus (Irungo udal autobusak)
- Hiribusa (Hernaniko udal autobusak)
- Arrasateko urbanoa (Arrasateko udal autobusak)
- Udalbus (Eibarko udal autobusak)
- Xorrola (Oiartzungo udal autobusak) *ez da deskonturik ezartzen*
- Bergarako Herribusa (Bergarako udal autobusak)
- Zarauzko udal autobusak
Burdinbideak
- Euskotren Trena
- E1 linea (Bilbo-Matiko - Donostia-Amara)
- Topo E2 linea (Lasarte-Oria - Hendaia) eta E5 linea (Amara - Altza)
- E4 linea (Bilbo-Atxuri - Bermeo)
- Larreinetako funikularra
- Donostiako Renfe Aldiriak (2019ko apirilaren 1.tik aurrera)
Erreferentziak
- MUGI. Aldaketak MUGI sisteman, apirilaren 1etik aurrera: tarifa berriak gazteentzako beherapen handiagoak eta RENFE aldiriak zerbitzua. (Noiz kontsultatua: 2019-03-30).