Mugarik Gabeko Medikuak
Mugarik Gabeko Medikuak (jatorrian, frantsesez: Médecins sans frontières edo MSF), gizaldeko laguntzarako gobernuz kanpoko erakunde bat da. Mediku laguntza eskaintzen du munduko 80 herrialdetan baino gehiagotan, 1971az geroztik. Genevan (Suitza) dute egoitza nagusia.
Mugarik Gabeko Medikuak | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | MSF eta MSF |
Mota | erakundea, gobernuz kanpoko erakundea, karitatezko erakundea, nazioarteko erakundea eta voluntary health agencies (en) |
Herrialdea | Suitza |
Eskumendekoak | Leger Uten Grenser (en) eta Médecins Sans Frontières (en) |
Agintea | |
Zuzendari exekutiboa | Christos Christou (en) |
Zuzendaria | Jacques Bérès (en) |
Egoitza nagusi (2022–) | |
Osatuta | Leger Uten Grenser (en) Ärzte ohne Grenzen (en) |
Legezko forma | irabazi asmorik gabeko elkartea |
Ekonomia | |
Diru-sarrerak | 1.901.707.000 € (2020) |
Historia | |
Sorrera | 1971ko abenduaren 21a 1971 |
Sortzailea | Bernard Kouchner Jacques Bérès (en) Philippe Bernier Raymond Borel (en) Marcel Delcourt (en) Xavier Emmanuelli (en) Vladan Radoman (en) |
Jasotako sariak | Bakearen Nobel Saria (1999) Indira Gandhi Peace Prize (1996) Elkartasunaren Asturiasko Printzesa sari (1991) European Human Rights Prize Four Freedoms Award – Freedom from Want (1996) Chatham House Prize (2015) Nansen Refugee Award (1993) Elkartasunaren Asturiasko Printzesa sari LennonOno Grant for Peace (2006) Fulbright Prize (2012) Pardes Humanitarian Prize in Mental Health (2017) Lasker-Bloomberg Public Service Award (2015) DZI zigilua The Glass of Reason (2017) Josep Trueta Plaque (2019) Erich-Kästner award (2002) Livingstone Medal |
webgune ofiziala |
Helburu eta egitekoak
Helburu nagusien artean dauden komunitateak eta hondamendi naturalen edo gatazka armatuen biktimak laguntzea da, arraza, erlijio sinesmen edo ideologia politikoa kontuan hartzeke, inor baztertu gabe. Krisialdietako lekuetan independentzia eta inpartzialtasuna mantentzea berehalako erantzunak emateko eta eraginkortasuna eskaintzeko bidea du elkarteak. Hala ere, arriskuak onartzen ditu elkarteak, boterearen aurrean jarrera irmoak hartzeko eta herritarren aldeko testigantzak emateko.
Bazkideei proposatzen dieten diru-aportazioetan, lau bide eskaini ohi ditu MSFk aportazioak bideratzeko:[1]
- Gatazken biktimak
- Desnutrizioa
- Haurren txertaketa
- Hondamendi naturalak
Bazkidetza
2010ean, Espainiako atalak 266.000 bazkide pasatxo zituen: haietako % 57 emakumezkoak ziren eta, adinari dagokionez, % 74k 40 urte edo hori baino gehiago zituen. Probintziei begiratuta, Bizkaia laugarren tokian eta Gipuzkoa seigarrenean ziren, bazkideen kopuruaz den bezainbatean; Nafarroa Garaia eta Araba, ordea, 15 lehenengoetatik kanpo zeuden.[2] MSFko arduradun nagusietako bat Aitor Zabalgogeaskoa euskalduna izan da hainbat urtez, MSF Espainiakoaren zuzendari nagusia izan da,[3] edo Siriako gerran 2010eko hamarkadan MSFk izan duen koordonatzaile nagusia.[4]
Bazkidetza pertsonalak eta aportazio ekonomiko pribatuak sustatzen ditu MSFk, bere diru sarreren %95 baino gehiago jatorri pribatukoa baita. Funtsak gizarte-misiorako erabiltzen dira (medikuntza eta lekukotza), baita aurreko guztia betetzeko beharrezkoak diren administrazio-lanak egiteko eta baliabideak eskuratzeko ere.[1]
Ibilbidea
- 1971n, batzorde batek erakundea sortu zuen Parisen (Frantzia). Urte hartan bertan, Ekialdeko Pakistanek independentzia aldarrikatu eta gerra piztu zen. Bi urte lehenago, Biafrako gerrarekin, "gizaldeko laguntza garaikidea"ren kontzeptua sortu zen. Bi krisialdi horietan nazioarteak emandako erantzun urriak eragin zuen MSFren sorrera.
- 1975ean, maila handiko lehen parte hartzea egin zuten Kanbodiako errefuxiatuei lagunduz, lehenik eta behin Khmer Gorriengandik ihesean eta gero, Vietnamekiko gerragatik.
- 1980an, MSFko taldeek klandestinoki zeharkatu zuten Pakistan eta Afganistanen arteko mugan, azken herrialde hura Sobiet Batasunak inbaditu ostean. Guda horrek inspiratu zuen Le Photographe komiki sorta argitaratzea hiru ataletan (Dupuis, 2003, 2004 eta 2005) handik hainbat urtera. Lan horrek Didier Lefèvre kazetariak 1986an MSFko talde batekin emandako egonaldia kontatzen du, Emmanuel Guibert eta Frédéric Lemercier egileen eskutik. 1980an, Belgikako atala sortu zuten, Frantziaz kanpoko lehena.
- 1984an, Etiopiako goseteak mundu osoan oihartzun handia eduki zuen (USA for Africa kanpainak ere lagundu zuen horretan), eta MSFk maila handiko lehen elikadura programa abiatu zuen.
- 1985ean, Kolonbian hasi ziren gobernua eta gerrillaren arteko gatazka armatuaren biktimak laguntzen. Urte bat geroago Espainiako atala sortu zuten.
- 1988an, Palestinako lurralde okupatuetan hasi ziren lanean, Lehenengo Intifadaren garaian.
- 1991tik Somaliako Gerra Zibilaren biktimei laguntzeari ekin zioten, gatazka hasi zenetik, alegia. Urte hartan bertan, Saddam Husseinen soldaduengandik ihesean 550.000 bat kurdu Irak eta Turkia artean errefuxiatu joan ziren. MSFko taldeak laguntzera desplazatu ziren hara.
- 1992an Bosniako gerran jardun ziren eta Srebrenicako sarraskiaren nazioarteko lekuko bakarra izan zen. Publikoki salatu zuten.
- 1994an, Ruandako genozidioa salatu eta biktimei lagundu zieten. Urte bat geroago Txetxeniako lehenengo gerran egon ziren eta salatu zuten Errusiak masiboki erabilitako indarkeria zibilen aurka.
- 1998an, Nikaragua, Honduras, Guatemala eta El Salvadorren aritu ziren, Mitch urakanaren ondorioz.
- 1999an, Bakearen Nobel Saria jaso zuten, eta eskuratutako diruarekin "Oinarrizko sendagaietara iristeko kanpaina" martxan ipini zuten, gaur egun ere aktiboa dagoena. Hurrengo urtean bertan hasi ziren HIESaren aurkako sendagai antirretrobiralak ematen, gaur egun ia 200.000 pertsonak hartzen dituztenak 19 herrialdetan programa hauei esker.
- 2002an, Angolako Gerra Zibilaren ostean herrialdeak pairatutako goseteak eragin zuen MSFk bertan parte hartzea.
- 2003an hasi ziren mobilizatzen Darfurreko krisialdia zela-eta, munduan oihartzun zabala lortuz.
- 2004ko Indiako ozeanoko lurrikarak elkartasun uholdea eragin zuen eta MSFk beste proiektu batzuetara desbideratu behar izan zuen azkenean soberan geratu ziren diru-laguntza ugari.
- 2005ean, Nigerreko gosetean, Angolako Marburg sukar epidemian eta Marokoko etorkinen krisialdian jardun zuten.
- 2008an, Yemenen zeuden errefuxiatu somaliar eta etiopiarrei lagundu zieten. Urte hartan Myanmarren parte hartu zuten halaber, Nargis zikloiaren ondorioz. Hala ere, AEBetan Living in Emergency: Stories of Doctors Without Borders ("Larrialdian bizi: Mugarik Gabeko Medikuen istorioak") izenburuko dokumentala egin zuten.
- 2009an Nigeria, Niger eta Txaden jardun ziren meningitisaren epidemia bat zela-eta. Urte hartan, Chagas-en gaixotasunaren inguruko kanpaina egin zuten.
- 2010eko Haitiko lurrikara dela-eta bere historiako larrialdi planik handiena egin zuen erakundeak, kolera izurriteari aurre egitea barne. Urte hartan bertan Pakistango uholdeek eragindako ondorioak ere arinduz lagundu zuten.
- 2011n, erakundeak 40. urteurrena ospatu zuten.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Mugarik Gabeko Sortzaileak | Médicos Sin Fronteras» www.msf.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
- (Gaztelaniaz) MSF Espainia, 2010eko oroitidazkia.
- Etxegoien, Fermin. (2008). «Aitor Zabalgogeazkoa: “Potolo egoteak errespetua irabazteko balio dit”» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
- IBAIZABAL: Siria eta Hego Sudaneko errealitate latzak bildu ditu Mugarik Gabeko medikuak Bilbo Areatzan jarritako erakusketan | Bilbo Hiria irratia. 2016-09-30 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
Bibliografia
- Vallaeys, Anne (2004), Médecins Sans Frontières: La biographie. ISBN 978-2213616766
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Mugarik Gabeko Medikuen nazioarteko webgunea
- (Frantsesez) Frantziako atalaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Espainiako atalaren webgunea