Muga konbergente
Muga konbergente bat bi plaka tektonikok elkarrekin talka egiten dutenean sortzen den muga mota da. Muga hauen oinarria bi plaken arteko hurbilketa mugimendua da. Muga hauetan, gehienetan, plaka bat bestearen azpitik sartzen da, mantua deseginez. Muga mota honek, bertan ematen diren presio eta tenperatura baldintzak direla eta, mota desberdineko prozesu geologikoak sortzen ditu, hala nola, mendilerroak. Sumendien sorrerarekin harremanetan dago ere. Bi plakek talka egitearen ondorioz subdukzio eremu deritzona sortzen da. Eremu hauetan bi plaketako bat tolestu egiten da elkar jotzearen ondorioz eta bestearen azpian sartzen da, mantuan hondoratuz.
Aipatu beharrekoa da, orobat, plaka litosferikoen mugimendua zinta garraiatzaile baten antzekoa denez, mugen beste aldean faila transformakorra edo ertz dibergentea egon daitezkeela. [1]
Dortsal ozeanikoak eta muga konbergenteak
Teoria batek dioenez, muga konbergenteak dortsal ozeanikoen ondorioz sortzen dira. Dortsal ozeanikoetan bi plaka elkar urruntzen dira, eta mantutik hozten diren materialak goruntz ateratzen dira, zentruaren bi aldeetara bananduz. Prozesu hau lur azpian ematen diren konbekzio korronte mugimenduan oinarrituta dago. Materialak, mantutik irten ahala hoztu egiten dira, eta ozeano kapa berri bat osatzen da. Dortsal ozeanikoaren bi aldeetara banatzen diren materialak oso mantso aldentzen dira eta pixkanaka, muga konbergente bat dagoen gunera hurbilduz dijoaz. Erlazio honekin ondorioztatu daiteke zinta garraiatzaile mugimendua, litosfera alde batetik hazi egiten delako, dortsal ozeanikoan, eta bestetik, muga konbergenteetan hondoratzen da.
Muga konbergente motak [2]
Plaken arteko talka hauek kontinente-kontinente artean izan daitezkez, zeinetan mendilerro bat sortuko den (Himalaia); ozeano-ozeano izan daiteke eta horietan arku-uharteak sortzen dira (Japonia); edo ozeano-kontinente izan daitezke eta hauetan fosa bat eta mendilerro bat sortzen da (Andeak). Orain mota hauek banan-banan esplikatuko dira.
Bi plaka ozeanikoen arteko talka.
Bi plaka ozeaniko edo bi plaka mistoen alde ozeanikoek elkar talka egiten dutenean, dentsitate handieneko plaka hondoratuko da, subdukzio zona bat sortuz. Hondoratzearen ondorioz, V formako hobi ozeanikoa sortuko da, 10 kilomentroko altuera izatera iritsi daitezkeenak. Subdukzioa jasan duen plakan dauden materialak presio eta tenperatura gorakada sufrituko dute, beraz, metamorfismoa gertatuko da. Gainera, hondoratutako plakan dauden materialak urtu egingo dira magma-poltsak eratuz. Poltsa hauek hondoratu ez den plakaren arrakaletatik gora egingo dute, sumendiak eratuz. Sumendiak itsas-maila baina altuagoak badira, sumendi-uharteak edo arku bolkanikoak deitzen direnak osatuko dituzte (argazkian ikusten den bezala). Japonia eta Aleutiar uharteak dira arku bolkanikoaren adibide garbia
Horrez gain, bi plaken artean gertatu den talka dela eta, bi plaken arteko frikzioa gertatuko da, beraz lurrikarak sor daitezke.
Plaka kontinental eta ozeaniko baten arteko talka.
Plaka ozeanikoa eta plaka kontinental batek talka egiten dutenean, plaka ozeanikoa kontinentalaren azpian hondoratzen da, bestea baino trinkoagoa eta meheagoa delako. Horren ondorioz, subdukzioa gertatzen da, plaka kontinentala mantuan barneratzen delako. Barneratutako plaka gero eta gazteagoa izan orduan eta angelu txikiagoa osatuko du litosferarekiko eta beraz intentsitate handiko lurrikarak gertatuko dira. Bestalde, hondoratutako plaka gero eta zaharragoa izan orduan eta angelu handiagoa eta ondorioz lurrikarak intentsitate baxuagoa edukiko dute. Horrez gain fosa ozeanikoak ere sortzen dira.
Beste alde batetik, subduzitutako plakaren material batzuk urtu egiten dira, eta pixkanaka plaka kontinentalaren goiko aldera igotzen hasten dira. Magma poltsa hauek gora egiten dutenean bolkanismoa eragiten dute baina kasu honetan, kontinente barruko sumendiak izango dira. Gainera, bi plaken arteko talka dela eta frikzioa gertatzen da, eta lurrikarak ematen dira kontinentearen mingainean, hau da, muga sortu den eremutik gertu.
Muga konbergente mota honekin bukatzeko, mendikate batzuen eraketak azaldu behar dira. Bi plakak talka egitearen ondorioz, eta plaka baten subdukzioaren ondorioz, presioak gora egiten du, ertz kontinentala desitxuratuz, lodituz. Bertan dauden materialak konprimitu eta altxatu egiten dira, mendikateak sortuz. Mendikate hauei ozeano inguruko mendikateak esaten zaie, eta bere eraketa prozesuari orogenesia deritzo. Konprimitze honen emaitza bezala sumendiak ere sor daitezke. Guzti honen adibide garbia Hego Ameriketako Andeak dira.
Bi plaka kontinentalen arteko talka
Bi litosfera- plakaren ertz kontinentalek elkar jotzen dutenean ez da hondoratzerik gertatzen, bi litosfera eremuak antzeko ezaugarriak dituztelako, arinak eta lodiak dira. Plaken arteko talka honi izen berezia ematen zaio: kontinenteen arteko talka-zona.
Plaka mugimendu honetan ematen diren indarrengatik, bi plaken ertzak tolestu eta zartatu egiten dira, talka egiten duten zonan. Litosferara pixkanaka loditzen joaten da eta loditutako eremu horri kontinente arteko mendikatea esaten zaio. Bi plaka horien konpresio indarren ondorioz, litosfera altxatu egiten da mendikateak sortuz. Mendikate hauei kontinente barruko mendikatea esaten zaio. Mendikate hauen sorrera ere orogenesi prozesu bezala definitzen da, baina aurreko orogenesia baino intentsitate handiagokoa. Kasurik ezagunena Himalaietan gertatzen da, non Tibeteko goi-ordokia azpian dagoen plakak sorturiko altxaketa den.
Bestalde,litosferan arrakalak eta hausturak gertatzen dira, lurrikarak eragin ohi dituztenak. Lurrikara horiek ez dira sakonera handikoak, izan ere, bere fokua altuera baxuko edo ertaineko eremuetan ditu. Litosfera barruko magma poltsak ez dira azaleratzen, eta beraz ez da bolkanismorik gertatzen, lurraren azpian hozten baitira.
Munduan dauden adibideak
- Himalaiako mendikatea sortu duen Eurasiako plaka eta Indiako plakaren arteko talka.
- Zeelanda Berrian dauden Hegoaldeko Alpeak, Australiako plaka eta Pazifikoko plakaren arteko talkaren ondorioz sortuak.
- Uharte Aleutiarrak sortu dituen Pazifikoko plakako eta Ipar Amerikako plakaren arteko subdukzioa.
- Nazcako plaka eta Hego Amerikako plakaren arteko subdukzioaren ondorioz Andeak sortu dira.
- Marianetako itsas hobia
- Ur-jauzien mendikatea Ipar Amerikako plaka eta Juan de Fuca plakaren arteko subdukzioaren ondorioz sortua.
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, Ingelesezko Wikipediako «Convergent boundary» artikulutik itzuli da; zehazki, 2017ko urriaren 31ko bertsio honetatik. Izan ere, artikulu horretan aritu diren wikilariek GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentziekin argitaratu dute beren lana.
- Geología, Batxilergoa I. Erein D.L. 2011 ISBN 9788497465281..
- Alkorta), Díez, Belen ( Díez. (L.G. 2010). Lurraren eta ingurumenaren zientziak : Batxilergoa 2. Erein ISBN 9788497465663..