Mozambike

Mozambike[1] (República de Moçambique portugesez) Afrikako hego-ekialdeko estatu bat da, Indiar ozeanoaren kostaldean kokatutakoa. Munduko herrialderik txiroenen artean dugu rankinean, garapen indize oso baxu, desberdintasun maila handi eta bizi itxaropen baxuekin. Hala ere, 2001etik Mozambikeko urteko hazkunde ekonomiko tasak munduko altuenen artean ditugu.

Mozambikeko Errepublika
República de Moçambique
Ereserkia: Pátria Amada (en) Itzuli
Goiburua: All we are one
("Denok bat gara")

Mozambikeko bandera

Emblem of Mozambique (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaMaputo
25°54′55″S 32°34′35″E
Azalera801.590 km²
Punturik altuenaMonte Binga (en) Itzuli
Punturik sakonenaMozambikeko kanala (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakTanzania, Malawi, Zambia, Zimbabwe, Eswatini, Hegoafrika eta Komoreak
Administrazioa
Mozambikeko presidenteaFilipe Nyusi
Mozambikeko lehen ministroaAdriano Maleiane (en) Itzuli
LegebiltzarraAssembly of the Republic (en) Itzuli
Epai autoritateaSupreme Court of Mozambique (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria29.668.834 (2017)
3.835.082 (2013)
Dentsitatea37,01 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa5,359 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak2.405.631 (2015)
Bizi-itxaropena58,311 (2016)
Giniren koefizientea54 (2014)
Giza garapen indizea0,446 (2021)
Ekonomia
BPG nominala12.333.859.926,277 $ (2017)
1.318.997.684,5428 (2016)
BPG per capita426 $ (2017)
46 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa37.093.250.483 nazioarteko dolar (2017)
2.003.207.568 (2016)
BPG per capita EAPn1.250,243 nazioarteko dolar (2017)
33,084 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala3,4 % (2016)
Erreserbak3.361.066.044 $ (2017)
1.177.859.484 (2016)
Inflazioa24,6 % (2016)
13,5 (2015)
Historia
Sorrera data: 1975eko ekainaren 25a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+258
ISO 3166-1 alpha-2MZ
ISO 3166-1 alpha-3MOZ
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli, Schuko (en) Itzuli eta BS 546 (en) Itzuli
Internet domeinua.mz
portaldogoverno.gov.mz

25 milioi biztanle inguru ditu 2014ko estimazioaren arabera. Hiri nagusiak Maputo hiriburua (Lourenço Marques independentzia baino lehen; 1.178.116 biztanle 2007an), Matola (671.556), Beira (431.583), Nampula (388.526) eta Chimoio (256.992) dira, 250.000 biztanleko marra gainditzen dituztenak.

Commonwealth, Afrikar Batasuna eta Lusofonia erakundeen kideak dira, besteak beste.

Geografia

Mugak

Mugakideak ondokoak dira: Indiako ozeanoa ekialdean, Tanzania iparraldean, Malawi eta Zambia ipar-mendebaldean, Zimbabwe mendebaldean eta Swazilandia eta Hegoafrika hego-mendebaldean.

Orografia eta hidrografia

Zambezi ibaiak Mozambike ipar-mendebaldetik hego-ekialdera igarotzen du, eta bi alde nagusi bereizten ditu lurraldean: iparraldeko lur garaiak eta hegoaldeko lur behereak. Zambezitik iparralderako lurraldean, itsasbazterra meharra da, erdialdea eta iparraldea goi-lautada bat da, gehienez ere 600 m garai eta ibar sakonek hautsia dena, eta mendebaldea menditsua da (2.000 m inguruko mendiak).

Zambezitik hegoalderako lurraldean, berriz, itsasbazterra oso zabala da, zelaia edo muinoduna eta hareatsua, eta lurraldearen ia zabalera osoa hartzen du hegoaldeko muturrean; mendebaldeko muga inguruan, ordea, Gorongosako mendietan, Mozambikeko mendirik garaienak daude (Binga mendia, 2.436 m). Zambezi ibaiaz gainera, Mozambikeko beste ibai nagusiak, iparraldetik hegoaldera, Rovuma, Lurio, Ligonha, Save eta Limpopo dira.

Klima eta landaredia

Mozambikeko klima tropikala da, hego-ekialdeko haize hezearen eragina duena, eta urria-martxoa bitartean euri-sasoia eta apirila-urria bitartean sasoi lehorra dituena. Tenperaturari dagokionez, lur behereetan 26-30 °C izaten urtarrilean eta 15-20 °C uztailean; lur garaietan, berriz, 22-25 °C urtarrilean eta 11-15 °C uztailean. Askoz euri gehiago egiten du iparraldean hegoaldean baino. Landarediari dagokionez, lur garaietan, ipar-mendebaldean batez ere, baso tropikala da nagusi; lur behereetan, berriz, sabana eta estepa tartekatzen dira; itsasaldean kokondoak eta mangladiak daude, Zambezi ibaiaren deltan batez ere.

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Mozambikeren banaketa administratiboa»

Mozambike hamar probintziatan eta probintzia-maila duen hiriburu (cidade) batean banatzen da. Probintziak 129 barrutitan banatzen dira eta haiek, era berean, Postos Administrativos direlakotan eta herritan (Localidades). 1998tik aurrera, gainera, 33 udalerri (Municipios) sortu dira bertan.

  1. Cabo Delgado
  2. Gaza
  3. Inhambane
  4. Manica
  5. Maputo (hiria)
  6. Maputo
  7. Nampula
  8. Niassa
  9. Sofala
  10. Tete
  11. Zambezia

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Mozambikeko historia»

K. o. I. eta IV. mendeen artean, bantu hizkuntzaz mintzatzen ziren herriek mendebaldetik eta iparraldetik, Zambezi ibaiaren haranean zehar, lautadara eta kostaldera migratu zuten. Herri horiek nekazaritza eta burdingintza ezagutzen zituzten.

Portugesen kolonizazioa

Portugalgo esploratzaileak 1498an Mozambikera lehen aldiz iritsi orduko, mendeetakoa zen arabiarrek gobernatutako salerosketa, batik bat esklabotzarena, kostaldean eta ondoko uharteetan. 1500 ingurutik aurrera, portugaldar merkataritza-guneak eta gotorlekuak ohikoak bilakatu ziren ekialderako bide berriak bultzaturik. Geroago, merkatariak eta esploratzaileak barnealdera sartu ziren urre eta esklabo bila. Portugalen botereak gora egin arren, bertan ez zen asko nabari, kolonoek autonomia handia baitzuten. Ondorioz, Lisboarako ez zen oso gune interesgarria inbertsioak egiteko, Indiako eta Ekialde Urruneko zein Brasilgo salerosketek etekin askoz handiagoak baitzekartzaten.

Beira (1905)

XX. mendearen hasieran, Portugalek Mozambikeko administrazioa konpainia pribatu handienen eskuetan utzi zuen; adibidez, "Mozambique Company", "Zambezi Company" edo "Niassa Company", denak Ingalaterrak sustatuak eta kontrolatuak hein handi batean. Konpainiek burdinbideak luzatu zituzten aldameneko herrialdeetara, eta Erresuma Batuko kolonietako zein Hegoafrikako meatzetarako langile merkeak (eta askotan bortxatuak) ere hornitzen zituzten. Oro har, metropoliko politikak Portugalgo etorkinen alde egiten zuenez, jatorrizko herritarren integrazioaren, azpiegitura ekonomikoaren edo populazioaren heziketaren gainean arreta txikia ezarri zen.

Burujabetzara bidean

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako estatu gehienek, nola edo hala, koloniei independentzia edo autonomia eman zieten; Portugalek, berriz, tinko adierazten zuen Mozambike eta itsasoaz haragoko gainerako lurraldeak aberriaren probintzia arruntak baino ez zirela.

Mozambiken, independentziaren aldeko nahia areagotuta, 1962an, kolonialismoaren aurkako zenbait mugimendu batu ziren eta Mozambike Askatzeko Frontea (FRELIMO) osatu zuten. Hark, 1964ko irailean, Portugalgo gobernu kolonialaren kontrako kanpaina abian jarri zuen. Nolanahi ere, Portugalek 400 urtez baino gehiagoz menderatu zuen herrialdea, eta herritar guztiek ez zuten independentzia nahi, eta are gutxiagok aldaketa iraultza armatuaren bidez gertatzea. FRELIMOk, hasieran, "askatutako" zonak ezarri zituen iparraldean, eta mugimenduaren indarra hazi zen hurrengo urteetan. 1969rako, Mozambikeko heren bat, batez ere iparraldean eta erdialdean, bere menpean zeukan FRELIMOk.

Estatu independentea eta gerra zibila

Portugalen bertan diktadura sozialismoaren ildoko estatu-kolpe batek bertan behera utzi ondoren, gobernu berriak koloniei independentzia eman zien. Mozambike independente 1975eko ekainaren 25ean bihurtu zen ofizialki. Horren ostean, FRELIMOk alderdi bakarreko gobernua ezarri zuen, Sobietar Batasunaren aldekoa. Gainera, eskola erlijiosoak eta tribuko nagusien boterea desagerrarazi zituen.

Armando Guebuza Mozambikeko lehendakaria (2005)

Mozambikeko gobernu berriak, halaber, Hegoafrikako (ANC) eta Zimbabweko (ZANU) askapen-mugimenduei babesa eman zien. Aldi berean, Rhodesiako zein Hegoafrikako (garai horretan oraindik ere apartheid legedia indarrean zegoela) gobernuek Mozambikeko boterearen aurkako mugimendu matxino armatua sustatu zuten, Mozambikeko Erresistentzia Nazional (RENAMO) izenekoa. Horrenbestez, Mozambikeko independentziaren lehendabiziko hamarkada gerra zibilak, aldameneko zuriek gobernatutako herrialdeen sabotajeak eta krisialdi ekonomikoak markatu zuten. Mozambikeko gobernuak, azpiegitura ahulari aurre egin nahian, industria pribatuak nazionalizatu zituen. Urte horietan, jatorri portugaldarreko mozambiketarrek alde egin zuten era masiboan.

Nolanahi ere, gerra zibilean zehar, gobernuak ezin izan zuen hirietatik kanpoko lurraldeetan benetako administrazio eraginkorra garatu. Jotzen da borrokan milioi bat mozambiketar hil zirela, 1,7 milioi aldameneko estatuetan errefuxiatu ziren, eta beste hainbat milioi barnean mugiarazi zituzten.

1986ko urriaren 19an, Samora Machel herrialdeko presidentea hegazkinistripuan hil zen. Hegazkina bidetik ateratzeko, Hegoafrikak eskua sartu zuela salatu zuen Sobietar Batasunak. Edonola ere, Joaquim Chissano ondorengoak RENAMOrekiko bake-negoziazioak hasi zituen. 1990ean, konstituzio berria indarrean jarri zen eta horrek alderdi anitzeko sistema, merkatuan oinarritutako ekonomia eta hauteskunde askeak ekarri zituen. Gerra zibila 1992ko urrian amaitu zen.

2004ko lehendakaritza eta legebiltzarrerako hauteskundeetan, FRELIMO alderdiko Armando Guebuza hautagaiak zen irabazi zuen. 2005ean hartu zuen kargua, baina oposizioak iruzur-salaketa egin zuen eta nazioarteko behatzaileek sostengua eman zioten, gardentasun faltagatik.

2014ko abuztuaren 25ean, urriko hauteskundeetara bitartean su-etenera deitu zuten Mozambikeko Gobernuak eta Renamo Mozambikeko Erresistentzia Nazionalak. Bi aldeek aurreko astean hitzartu zuten bake akordioa; berez, 1992tik indarrean zegoen su-etena, baina 2013ko urrian armadaren eraso batek hautsi zuen. Besteak beste, Renamoko militanteek politikan jarduteko bideak ere zehazten zituen itunak[2]. Irailaren 5ean, bi urteko gatazkaren ondoren, Armando Guebuza Mozambikeko presidenteak eta Afonso Dhlakama oposizioko buruak bakea sinatu zuten. Frelimo alderdikoa zen Guebuza, eta Renamokoa, berriz, Dhlakama. Bi alderdiak hamabost urteko gerra zibil batean borrokatu ziren elkarren aurka —milioi inguru lagun hil ziren—. 1992an bukatu zen gerra, baina 2012an borrokak berriz piztu, eta Dhlakamak Gorongosako Parke Naturalera jo zuen ihesi[3]. 1975ean independentzia lortu zuenetik, Mozambiken beti Frelimo fronteak agindu zuen. Urriaren 14an presidente berria aukeratzeko bozak egin ziren, eta, lehen aldiz, beste bi indar ageri ziren Frelimori itzal egiteko moduan. Renamok irailean gobernuarekin bake akordio bat sinatu izanari etekina atera nahi zion; baina MDM mugimendu berria alderdi bitasuna hausteko moduan zegoen[4].

Intsurgentzia islamikoa

2017. urteko urritik, iparraldeko Cabo Delgado probintzian, Estatu Islamikoa deritzon mugimenduarekin lotura duen mugimendu islamista armatu bat erasoak egiten ari da, ISIS-Mozambique izenarekin ezagutzen dena. Gas naturalen erreserbak dituen eskualdea eta Gobernuak gogor ekin du islamisten aurka, baina ez du gatazka kontrolatu. 2021 bitartean 3.100 hildako eragin ditu gatazka honek Armed Conflict Location & Event Data Project (ACLED) erakundearen arabera[5]. Era berean, barne errefuxiatuen jendetza mugimendu handia eragin du gatazkak, 500.000 lagunek utzi izan behar dituzte beren etxe eta herriak[6].

Demografia

Etniak

Makuak % 47,8; tsongak % 23,3; malawiarrak % 12; xonak % 11,3; yaoak % 3,8; swahiliak % 0,8; makondeak % 0,6; portugesak % 0,2; besteak % 0,7. Erlijioa: animistak % 47,8; katolikoak % 23,8; musulmanak % 17,8; besteak % 0,3.

Zambeze ibaitik iparraldera bizi diren etnien artean, makuak eta yaoak ditugu eta bertatik hegoaldera bizi direnen artean, tsongak eta shonak. Portugaldar gehienek (250.000 inguru) alde egin zuten Mozambikek 1975ean burujabetasuna erdietsi zuenean. Hegoaldeko eta erdialdeko itsasaldean bizi da jende gehiena.

Osasuna

Mozambikeko osasun-egoera txarra da. Gaur egun, HIESa da arazo gehien sortzen ari den gaixotasuna, biztanleen % 12 baitaude kutsatuta, estimazioen arabera; baina malaria, hepatitisa eta elikadura-urritasuna ere kezkatzekoak dira. Jaiotza- eta heriotza-tasak oso handiak dira. Umeen artean, 100 hiltzen ziren 1.000 jaiotakoetatik 2005ean. Amen artean, 550 hiltzen ziren 100.000 jaiotzetatik 2010ean. 2009an 5.5 ume batez beste zeukan ama bakoitzak.

2014an 52.6 urtekoa zen bizi-itxaropena.

Ekonomia

Emakume bat artaburuak biltzen Mozambiken.

Mozambike Afrikako herrialde pobreenetako bat da, eta biztanleriaren parte handi bat pobretasun-mailatik behera bizi da. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Mozambikeko ekonomia independentziaren aldeko borroketatik osatzen ari zen oraindik. Osatze-lan hori zaila izan zen oso, zenbait lehorte izan zirelako batetik, eta bestetik, gerra zibilak konpondu gabe jarraitzen zuelako. Lur sailak eta industriak, ordu arte atzerritarren esku, nazionalizatu egin ziren. Gerraren ondoren, ekonomia hazten hasi zen, gerrako errefuxiatuak itzuli eta erreforma ekonomikoek izandako arrakastari esker; 2000. urtean uholde handiak zirela-eta, mantsotu egin zen hazkundea, baina gorako bidean ari da, oro har. Hala eta guztiz ere, ekonomiak aurrera egiteko eragozpen handiak dira lehorteak eta uholdeak, tirabira politiko eta sozialak, segurtasunik eza eta ustelkeria. Zor publikoari dagokionez, Mozambike zor handienetakoa duen herrialdeetako bat da Afrikan.

Mozambikeko ekonomia-jarduera nagusia nekazaritza da. Mozambikeko lan-indarraren % 75 nekazaritzan aritzen da, baina herrialdearen % 12 besterik ezin da landu. Lursail handietan kotoia, tea, azukre-kanabera, kokoa, kakahuetea, mandioka eta akaiu intxaurrak lantzen dira esportatzeko. Bertarako lantzen dira, berriz, artoa, arroza, artatxikia eta basartoa. Nekazaritza lehorteen eta uholdeen mende dago, eta ez ditu biztanleen oinarrizko beharrak asetzen; hori dela eta, behar-beharrezkoa du Mozambikek atzerriko laguntza.

Hizkuntza ofizialak

Mozambikeko biztanle gehienak bantu familiako hizkuntzaz mintzatzen dira, baina portugesa da mintzaira ofiziala. Swahili, makua, sena, ndau eta shangaan ofizialak ez diren hizkuntza nagusiak dira. Itsasaldean swahilia erabiltzen da eta hizkuntza ofiziala, portugesa, hirietan hitz egiten da batez ere.

Mozambiketar ezagunak

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.