Mourid Barghouti
Mourid Barghouti (arabieraz: مريد البرغوثي; Deir Ghassana, Zisjordania, 1944ko uztailaren 8a; Amman, Jordania, 2021eko otsailaren 14a)[1] poeta eta idazle palestinarra izan zen.[2]
Mourid Barghouti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bani Zeid, 1944ko uztailaren 8a |
Herrialdea | Palestinako Britainiar Mandatua (1944 - 1948) Palestina (1988 - 2021) |
Lehen hizkuntza | arabiera |
Heriotza | Amman, 2021eko otsailaren 14a (76 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Radwa Ashour (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Kairoko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Biografia
Barghouti Ramallahn hazi zen, bere hiru anaiekin batera. 1960ko hamarkadaren erdialdean, Kairoko Unibertsitatera (Egipto) joan zen ikastera, eta azken ikasturtean zegoenean, 1967an, Sei Eguneko Gerra hasi zen. Gerra amaitzean, Israelek Gaza eta Zisjordania bereganatuak zituen, eta Barghoutik ezin izan zuen jaioterrira itzuli. Barghouti Kuwaitera joan zen eta hango Industrial Collegen lan egin zuen hasieran, irakasle. Aldi berean, literaturarekiko eta poesiarekiko interesa garatzen hasi zen, eta laster argitaratu zituen idatzi batzuk Beiruteko al-Adab eta Mawaqif aldizkarietan eta Kairoko Al-Ahram kazetan. 1968an, Naji al-Ali ilustratzaile palestinarra ezagutu zuen, garai hartan hark ere Kuwaiten lan egiten baitzuen.
1970ean, Barghouti Radwa Ashour nobelagile eta akademiko egiptoarrarekin ezkondu zen. Seme bat izan zuten, Tamim Al Barghouti, gaur egun poeta ezaguna dena.
Urtebete geroago, Barghouti eta haren emaztea Egiptora joan ziren.
Idazlea
Barghoutik 1972an argitaratu zuen bere lehen poesia-liburua (Dar al-Awdeh) Beiruten. Horren atzetik beste 12 poesia liburu argitaratu zituen. Bere Lanak Beiruten argitaratu ziren 1997an. The Aldeburgh Poetry Trust-ek 2003an argitaratu zion ingelesez Small Sun izeneko lana. 2000. urtean "Palestinako Poesia Saria" jaso zuen. Bere olerkiak aldizkari arabiarretan eta nazioartekoetan argitaratu dira, eta ingelesezko itzulpenak hainbat aldizkaritan. Bere poema ezagunenetako bat Pen International aldizkariaren azalean agertu zen.[3]
Deportazioa
1977ko udazkenean, Egiptotik erbesteratu zuten Barghouti, Anuar as Sadatek Israelera egin behar zuen bisita zela eta, eta 17 urte geroago baizik ez zuen itzultzerik izan. Hamazazpi urte horietan, Barghouti familiarengandik urrun bizi izan zen gehienetan; familia Kairon zegoen, eta bera Budapesten bizi izan zen, Gazteria Demokratikoaren Munduko Federazioko OLPren ordezkari eta kultura agregatu gisa.[4]
Osloko akordioei esker, azkenean, 1996an Barghouti Zisjordaniara eta Ramallahra itzuli zen, 30 urtez erbestean egon ondoren.[5] Gertakizun horretan oinarrituta idatzi zuen Ra'aytu Ram Allah (Ramallah ikusi nuen) nobela autobiografikoa (Kairo, 1997). Lan horri esker irabazi zuen Literaturako Naguib Mafhouz Domina urte hartan bertan. Liburua hainbat hizkuntzara itzuli da, eta Palestinako kulturaren munduko beste pertsona garrantzitsu batzuk ere azaltzen dira, hala nola Ghassan Kanafani eta Naji al-Ali. Europan batez ere liburu horrengatik da ezaguna, baina mundu arabiarrean ezagunagoa bere 12 poesia liburuengatik.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Mourid Barghouti: Leading Palestinian poet Mourid Barghouti dies aged 76» BBC News 2021-02-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- «Mourid Barghouti hil da, erbestea islatu zuen Palestinako idazle maitatua» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- «"Mourid Barghouti Selected Poems"» web.archive.org 2010-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- (Ingelesez) Jaggi, Maya. (2008-12-13). «A life in writing: Mourid Barghouti» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- (Txekieraz) s.r.o, Sabre. «Mourid Barghouti» PWF.cz (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).