Moriarti Produkzioak
Moriarti produkzioak Euskal Herriko ekoiztetxe bat da, 2001ean sortua. Film laburrak, dokumentalak eta film luzeak ekoitzi ditu batez ere. Ekoiztetxearen egoitza Pasaian dago.
Moriarti Produkzioak | |
---|---|
Handia filmaren aurkezpenean. Moriarti taldea Eneko Sagardoy aktorearekin. | |
Sektorea | Ikus-entzunezkoa |
Sorrera | 2001 |
Egoitza | Pasaia |
Webgunea | http://www.moriarti.com |
Azken urteetan arrakasta handiko film batzuk estreinatu ditu, besteak beste, Loreak, Handia eta La trinchera infinita, izatez hirurak lehiatu baitziren Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eta han-hemenka sari eta nominazio ugari jaso baitzituzten.
Historia
Moriartiri bi hasiera eman ahal zaizkio; alde batetik talde moduan eta bestalde, produkzio etxe bezala.
Talde moduan 2000. urtean jaio zen, Aitor Arregi, Xabier Berzosa, Jon Garaño, Jorge Gil eta Jose Mari Goenagak Sarobe Arte Eszenikoen Guneko zinema eskolan ikasketak bukatu ostean. Donostiako Larrotxene kultur etxearen laguntzarekin, hainbat film labur amateur egiten hasi ziren orduan.[1]
Urtebete beranduago, 2001. urtean, Moriarti Produkzioak produkzio etxea sortu zuten Aitor Arregi, Asier Acha, Xabier Berzosa, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak. Etapa honetako beraien lehen film laburra Tercero B film arrakastatsua izan zen.
Hasierako urteetan, Euskal Herriko beste produktora batzuei edukiak, gidoiak edota telebista programa ezberdinetarako ideiak eskaini zizkieten. Irusoin, Orio, Baleuko, Morgan Creativos edo Euskalcom produkzio etxeentzat, besteak beste, egin zuten lan. Irusoinekin duten erlazioa haratago doa, euren film luze gehienak elkarrekin ekoiztu dituztelako.
Hainbat film labur, dokumental eta film luze egin dituzte. Moriartiren film esanguratsu batzuk aipatzearren, Arregik eta Goenagak zuzendu zuten Lucio (2007); Garañok eta Goenagak zuzendutako 80 egunean (2010) eta Loreak (2014); Arregik eta Garañoren Handia (2017) eta Arregi, Garaño eta Goenagaren La trinchera infinita (2019). Moriartiren filmeek nazioarteko zinemaldi ugarietan parte hartu izan dute eta 450 sari baino gehiago lortu dituzte.
Lan egiteko moduaren inguruan aipatzeko da produkzio-etxeetan ez-ohikoa den eredu kolaboratiboa hartu dutela beren gain, eta hala, filmak kide guztien artean egin ohi dituzte. Filma batetik bestera taldekide bakoitzaren rolak txandakatuz, zuzendari, gidoigile edo ekoizle gisa.[2]
Ekoizpen nabarmenenak
Lucio
Lucio Urtubia nafarrak anarkismoari eskaini dio bizitza osoa. Che Guevararekin egin du lan, 3.000 milioi pezetako iruzurra egin dio Citibanki, bahiketa entzutetsuetan hartu du parte... eta hori guztia igeltsero lanetik egun bakar batean ere huts egin gabe.
Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen 2007. urtean. Hainbat sari jaso zituen eta 2008. urteko Goya sarietan dokumental onenaren saria jasotzeko hautagai izan zen.[3]
80 egunean
Axun, 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezusterako, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina, 50 urte luzetan ikusi ez duena. Gaztetan zuten kimika oraindik bizirik dagoela sumatuko dute berehala. Axolagabe gozatu eta dibertitzen dira elkarrekin, Axun, Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduak dudan jarriko ditu Axunek: zer jarraitu, burua edo bihotza?[4]
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen. Nazioarteko estreinaldia berriz, Karlovy Varyko zinemaldian izan zen eta ordutik munduan zehar ehundik gora zinema-jaialditan hartu du parte eta hogeita hamar sari jaso ditu.
Loreak
Aneren bizimodua goitik behera aldatuko da, astero-astero, etxean lore-sorta bat jasotzen hasten denean. Beti ordu berean. Beti modu anonimoan. Lore misteriotsu batzuek aldatu egingo dituzte Lourdesen eta Tereren bizimoduak ere. Ezezagun batek lore-sorta bat utziko du astero, eurentzat hain garrantzitsua izandako norbaiten oroimenean.
Hiru emakumeren istorioa da hau; lore-sorta xume batzuek goitik behera aldatuko dituzten hiru bizimodu. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dituzte… Baina, azken batean, loreak baino ez dira.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldia estreinatuko zen, sail ofizialean lehiaketan. Goya sarietarako izendatua eta Oscar sarietarako aurre-hautagaia ere izan zen. Nazioarteko hainbat jaialdietan lehiatu zen eta 25 sari jaso zituen.[5]
Handia
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.
Handia euskaraz eginiko filmik garestiena eta ikusiena da. 10 Goya sari irabazi zituen eta Donstiako zinemaldian Euskal zinemaren Irizar saria eta epaimahairen sari berezia jaso zituen.[6]
La Trinchera Infinita
Higinio eta Rosa ezkonberriak dira Gerra Zibilak eztanda egiten duenean. Gizona arrisku larrian dago eta emazteak lagunduta, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdira kondenatuko dute bikotea.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria, Euskal zinemaren Irizar saria, Nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria eta Feroz sariak irabazi zituen, beste sari batzuen artean. Espainiako produktoreek ematen duten Forque saria jaso zuen eta baita bi Goya ere.[7]
Filmografia
Film luzeak
- La trinchera infinita (2019)
- Handia (2017)
- Loreak (2014)
- 80 egunean (2010)
Film laburrak
Ekoiztetxeak lan handia egin du film laburren esparruan eta lan sorta handia du bere katalogoan
- Sintonia
- Renovable
- Zarautzen erosi zuen
- Lagun mina
- Urrezko eraztuna
- On the line
- Miramar street
- Tercero B
Dokumentalak
- Lucio
- El metodo Julio
- Asamara
- La casa del Nazareno
- Perurena
- The Dragon House
- Buthango sekretua
- Sahara Marathon
Sariak
80 egunean
- EHGAM Sariak 2010 - “Urrezko hirukia”
- Donostiako Zinemaldia VI San Sebastian - Film Commission saria
- Donostiako Zinemaldia “Sebastiane 2010” saria
- Hamburg Queer Film Festival (Alemania) - Globala saria (Publikoaren saria)
- XI Festival Opera prima de Tudela - "Príncipe de Viana" saria zuzendaritza onenari
- Festival Internacional D'Arras (Frantzia) - Epaimahiaren aipamen berezia
- Festival Internacional D'Arras (Frantzia) - Publikoaren saria
Loreak
- Donostiako Zinemaldia - Signis sariaren aipamena berezia
- Latin Beat Japan- Aktoresei saria
- Palm Springs Film Festival - Latino Award
- Premios Feroz - Bigarren mailako aktore onena (Itziar Aizpuru).
- Premios CEC- Bigarren mailako aktore onena (Itziar Aizpuru).
- Premio Sant Jordi - Film onena
- Bartzelonako Zinemaldia - Film onena
- Bartzelonako Zinemaldia - Euskarazko film onena
- Premios Alfa y Omega - Bigarren mailako aktore onena (Itziar Aizpuru)
- Spirit of Fire Film Fest in Siberia - Film onena
- XIX Premio Familia de CinemaNet - Film onena
- Gasteizko 31. Euskal Zinearen Astea - Film onena
- BRAM! Mostra de Cinema 2015 - Epaimahai gaztearen saria
- Premios de la Crítica Musical Cinematográfica Española - Musika konposatzaile onena: Pascal Gaigne
- Premios San Pancracio del Festival de Cáceres - Zuzendaritza onena (Garaño & Goenaga)
- Bergamo Film Meeting - Hirugarren Saria
- Premios Proyecta 2015 - Poster onena (Iker Ayestaran)
- Cine Ceará Fortaleza (Brasil) - Aktoresa onena (Itziar Ituño)
- I Premio EZAE - Euskal Zine Aretoen saria
- Festival Cinespaña Toulouse - Aktoresa onena (Itziar Ituño)
- Festival Cinespaña Toulouse - Musika onena (Pascal Gaigne)
- Cinehorizontes Marsella - Aktoresa onena (Nagore Aranburu)
- Premios Onda Cero Gipuzkoa - Loreak filmari
- Premios Protagonistas Gipuzkoa - Loreak filmará
- Argia Sariak - Merezimenduzko saria
Handia
- Donostiako Zinemaldia - Epaimahakideen Sari Berezia
- Donostiako Zinemaldia - Euskal Film onenari Irizar Saria
- Festivalers Zinemaldia - Zuzendari onenak eta Film onena.
- 27th Noir in Festival di Como e Milano - Film onena
- Días de Cine - TVE - "Somos Cine" Saria
- Premios Feroz - Poster onena (Iñaki Villuendas)
- Premios Feroz - Musika onena (Pascal Gaigne)
- Premios Medallas CEC - Aktore berri onena (Eneko Sagardoy)
- Premios Medallas CEC - Musika onena (Pascal Gaigne)
- Premios Goya - Aktore berri onena (Eneko Sagardoy)
- Premios Goya - Jantzien diseinu onena (Saioa Lara)
- Premios Goya - Edizio onena (Laurent Dufreche, Raúl López)
- Premios Goya - Produkzio zuzendaritza onena (Ander Sistiaga)
- Premios Goya - Makillaje eta ile-apainketa onena (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz, Gorka Agirre)
- Premios Goya - Argazki zuzendaritzarik onena (Javi Agirre Erauso)
- Premios Goya - Arte zuzendaritzarik onena (Mikel Serrano)
- Premios Goya - Musika onena (Pascal Gaigne)
- Premios Goya - Efektu berezi onenak (Jon Serrano, David Heras)
- Premios Goya - Gidoi original onena (Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga)
- Zinemaldia Cat de Barcelona - Film onena
- Festival de Punta del Este de Uruguay - Aktore onena (Eneko Sagardoy)
- Gasteizko 32. Euskal Zinearen Astea - Film onena
- Premios Union de Actores - Aktore berri onena (Eneko Sagardoy)
Erreferentziak
- «Argiak, kamera... ekin!» Gipuzkoako Hitza 2018-04-27 (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- Susaeta, Igor. ««Pertsonaiei oso lotuta dauden istorioak kontatzen ditugu »» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- «Moriarti Produkzioak - LUCIO» www.moriarti.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- «Moriarti Produkzioak - 80 EGUNEAN» www.moriarti.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- «Moriarti Produkzioak - LOREAK» www.moriarti.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- «Moriarti Produkzioak - HANDIA» www.moriarti.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
- «Moriarti Produkzioak - LA TRINCHERA INFINITA» www.moriarti.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
Kanpo estekak
- Moriarti ekoiztetxearen webgune ofiziala