Montenegroko historia

Montenegroko historia Goi Erdi Aroan hasi zen batez ere, Dalmazia probintzia erromatarraren ondorengoa. Estatu handiagoen parte izan da zenbait alditan mendez mende, baina Balkanetako beste eskualde batzuekin konparatuta, independentzia aroak eta estatu propioak eduki izan ditu. 2006tik berriz independentea da, Jugoslavia ohiaren desegitearen ondorio berantiar gisa.

Iliria

bertako lehenengo biztanleekin hasi zen, iliriarrak izenekoak. K. o. 9. urtean Erromatarrek konkistatu zuten, eta Iliricum probintzian sartu zuten. Historialarien arabera, IV. menderako erabat erromatartuta zegoen, eta latina zen eguneroko hizkuntza.

Erromako inperioa zatitzean, Montenegro ere bi zatitan banatu zen. Horren ondorioz, eskualde baztertua izan da historian zehar. Erromatarrak indarra galtzen joan ahala, godoak, abaroak eta iparraldeko beste tribu batzuk sartzen joan ziren. Erromatar joerako biztanleak mendietan babestu ziren eta beraien kultura gordetzea lortu zuten hasieran, baina pixkanaka eslaviarren eraginaren menpe gelditzen joan ziren. Kultura erromatarraren aztarna garrantzitsuenak toponimian aurki daitezke. Besteak beste, Dormitur mendiak, lo egiteko tokia esan nahi du.

Duklja, Zeta eta Venezia

San Jovan Vladimir (990-1016), Dukljako printzea.

Tribu eslaviarrek eta iliriar erromatartuen ondorengoek Dukljako dukerria sortu zuten. 1077an Gregorio VII.a aita santuak dukerria onartu zuen eta Mihailo Vojislavljević bihurtu zen bertako errege. Bertatik sortu zen Serbiako Printzerri Handia, Stefan Nemanjaren gidaritzapean, eta Zeta Printzerria izena eman zitzaion. 1360 hamarkadarako estatu independentea zen eta Inperio otomandarrak inguruan eragin handia zuen arren, ez zuen inoiz Zeta Printzerria bereganatu. Kostaldea, hala ere, Veneziako Errepublikak kontrolatu zuen 1470etik 1797ra arte. Garai horretan sortu zen Montenegro izena.

Montenegro

Montenegroko erresumaren aldarrikapena (1910)

1516an Đurađ Crnojević printzeak abdikatu egin zuen, Vavil artzapezpikuaren alde, eta Montenegro estatu teokratiko bihurtu zen. 1851an Danilo II.a zen artzapezpiku printzea, baina ezkondu eta apaizgoa utzita, Montenegro sekularizatzeko bidea hasi zuen. 1878an printzerri guztiz independente bihurtu zen.

1910ean erresuma izendatu zuten, Nikolas I.aren agintepean. 1912an Otomandar Inperioari gerra deklaratu zion. Horren ondorioz, lurralde batzuk irabazi zituen, baina gerra garaian lortutako Shkodër hiriari uko egin behar izan zion. Hiri garrantzitsu hori Albania deituriko estatu sortu berriaren esku gelditu zen.

Lehenengo Mundu Gerran aliatuen alde agertu zen. Austria-Hungariako inperioak bere kontrolpean izan zuen 1918ra arte. Urte horretan Montenegro eta Serbiako Erresumaren arteko batasuna bultzatu nahi izan zen Podgoricako batzarrean. Horren aurrean, independentziaren aldekoak altxamendua antolatu zuten 1919ko urtarrilaren 7an (Gabon eguna Eliza Ortodoxoarentzat). Altxamendu hau bertan behera gelditu zen.

Jugoslavia

Bigarren Mundu Gerran Italiak bereganatu eta Kotor eremuan sartu zuen. Lurralde horietan jatorri italiarreko populazioa zegoela eta Italiako erresumara anexionatu zuen. Gainera, Italiako Elena erregina Montenegroko errege etxekoa zen. 1941an Montenegroko Estatu Independentea aldarrikatu zen (faxisten kontrolpean zegoen estatua, egia esan). Naziak sartzean gerrilla borroka latzak egon ziren.

1945etik 1992ra Montenegro Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren barnean egon zen. Federazioa osatzen zuten sei errepublika subiranoetako bat zen eta Podgorica hiriburuak, garai hartan, Titograd izena izan zuen, Jugoslaviako agintari Josip Broz Titoren omenez.

1992an Jugoslavia desegin zen eta Montenegroko biztanleek erreferendum bidez Serbiarekin batera jarraitzea erabaki zuten, Serbia-Montenegro deituriko estatuaren baitan. Erreferendum horretan parte hartzea txikia izan zen, musulmanek, albaniarrek eta gutxiengo katolikoak abstentzioaren alde egin zuten eta. Batasunaren aurkakoen arabera, propaganda ofiziala desegokia izan zen, federazioaren aldeko botoa emateko deia ezkutatzen baitzen horren azpian.

Bosnia eta Kroaziako gerretan (1991-1995) Serbiarekin batera aritu zen Dubrovniken aurkako erasoan. Bosniako errefuxiatuak atxilotu eta serbiarren esku utzi zituen.

1996an Serbiarekin jarraitzea erabaki zuen bertako gobernuak. Hala ere, ekonomia eta moneta politika berezia erabili zuen, lehenik marko alemaniarra eta geroago euroa hartuz. Montenegroko gobernuan gero eta argiago izan zen independentziaren aldeko jarrera, Montenegroko Aliantza Liberalak gehiengoa zeukan eta.

Independentzia

2006ko maiatzaren 21ean egindako erreferendumean herritarren %55ak Serbiatik bereiztea erabaki zuten. Independentzia hori Serbiak eta NBEko kide gehienek onartu zuten. 2006ko ekainaren 28an NBEko kide izaera onartu zitzaion.

2008ko apirilaren 6an bere lehendabiziko hauteskunde-presidentzialak ospatu zituen.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.