Montérégie
Montérégie Quebeceko eskualde administratiboa da. 16 kodea erabiltzen da eskualde hau identifikatzeko eta Montrealen atzetik biztanleriari dagokionez bigarrena da eskualde administratiboen artean.
Montérégie | |
---|---|
Kanada | |
Administrazioa | |
Estatu burujabe | Kanada |
Probintzia | Quebec |
Hiriburua | Longueuil (Quebec) |
Zatiketa | ikusi
|
Geografia | |
Koordenatuak | 45°23′N 73°06′W |
Azalera | 8.824 km² |
Mugakideak | Laurentides, Montreal, Lanaudière, Centre-du-Québec eta Estrie |
Demografia | |
Biztanleria | 1.460.933 (2021eko uztailaren 1a) −130.687 (2021) |
Dentsitatea | 165,56 bizt/km² |
monteregie.gouv.qc.ca |
San Laurendi ibaiaren hegoaldean kokatzen da; zati handi bat Montrealgo metropoli komunitatearen barruan dago, hiriaren aurrean Couronne Sud edo Rive-Sud de Montréal ("Montrealgo hegoaldeko ibarra") osatuz. Bere lurraldea Estatu Batuekiko mugaraino barreiatzen da. Lurraldea bai hiritarra, bai nekazaria da. Zerbitzuek eta turismoak ere bere merkatuaren zati garrantzitsua betetzen dute.
Geografia
Bere izena Monteregiar muinoak (collines montérégiennes) mendilerrotik dator eta hau aldi berean Montrealgo mont Royal mendikotik.
Eskualde honek berezitasun administratiboa du beste guztiekiko, Nord-du-Québecekin batera: hiru azpieskualdetan banatuta dago eta bakoitzak Quebeceko eskualde administratiboei dagozkien egiturak ditu, hau da Conférence régionale des élu(e)s (CRÉ) eskualdeko hautetsien konferentzia, hiriburuaren funtzioak betetzen dituzten udalerri-egoitzak eta beste. Nord-du-Québeceko kasuan azpibanaketak egoteko arrazoiak lur eremu erraldoia eta nazio aldetik anitza izatea (inuita, cree, europar jatorrikoak) badira ere, Montérégien duen biztanleria handia dateke. Hauexek dira azpieskualdeak:
- Longueuileko aglomerazioa (Agglomération de Longueuil): egoitza Longueuilen dago; 2010ean 232.516 biztanle zituela Quebeceko bosgarren udalerria da populazioari dagokionez.
- Montérégie-Est (ekialdea): egoitza McMasterville herrian du. Zati handi bat Cantons-de l'Est eskualde historikoan dago baina eskualde administratiboen mugaketan Estrietik kanpo geratu ziren: Acton, La Haute-Yamaska eta Brome-Missisquoi MRC osoak zein Le Haut-Richelieu eta Rouvilleko zatiak dira.
- Vallée-du-Haut-Saint-Laurent: egoitza Salaberry-de-Valleyfield (40.477 biztanle) hirian; dituen bost MRCetatik hiruk (Le Haut-Saint-Laurent, Beauharnois-Salaberry eta Vaudreuil-Soulangesek) Surôit edo "hego-ekialdea" eskualde naturala osatzen dute.
Mugakideak
- Mendebaldean Ontario.
- Iparraldean, Outaouais eta San Laurendi ibaiez beste aldera Laurentides, Montreal eta Lanaudière eskualde administratiboak.
- Ekialdean Estrie eskualde administratiboa.
- Hegoaldean, marra erabat zuzenak banatuta Ameriketako Estatu Batuak daude, New York eta Vermont estatuak hain justu.
Historia
Eskualde honetan euskaldunen presentziaren arrastorik bada; Surôiteko hiri nagusiaren izena Salaberry-de-Valleyfield (bere izen laburtu herrikoia "Valleyfield" baino ez bada ere) euskal jatorriko -Michel Salaberri bere aitona Ziburun jaioa zen- Charles-Michel d'Irumberry de Salaberryren omenez ezarri zioten[1].
1966an Quebeceko eskualde administratiboak eratu zirenean Montrealgoa askoz ere handiagoa zen. 1987an eskualde batzuk banatzeari ekin zitzaion, oreka lortu nahirik. Urte horretan sortu zen eskualdeetakoa Montérégie izan zen.
Demografia
Biztanle gehienak ibaiaren alboan bizi dira, Montrealetik hegoaldera. Quebeceko eskualde administratiboen artean bigarrena da biztanle kopuruari dagokionez, Capitale-Nationale beraren aurrean.
- Biztanleria: 1.371.731 (2005)
- Azalera: 11.111 km²
- Biztanle dentsitatea: 123,5 hab./km²
- Jaiotze tasa: ‰10,0 (2005)
- Heriotza-tasa: ‰6,4 (2005)[2]
Hizkuntzak
Historikoki zenbait komunitate ingeles hiztun eskualdean plantatu dira, dela Cantons-de l'Est historikoan dela Chateauguay ibaiaren inguruan. Hala ere, eskualdea gehiengo zabalaz frantses hiztuna da[3]: 2006an %52,3k frantsesa zuten hizkuntza bakarra, %44,1ek frantsesa eta ingelesa (kultura mailaren seinale) baina oso gutxi ziren ingelesa edota hirugarren hizkuntzaren bat besterik ez zekitenak.
Jatorriko herriak
Gaur egun Montérégien jatorriko herri bati (kaniengehaga, kanienkehaka edo "mohawk", hain zuzen) aitortutako bi komunitate daude:
- Akwesasne, administratiboki Ontario eta New Yorkeko estatuaren barruko lurretan ere zabaldua.
- Kahnawake (8.550 biztanle), Quebeceko komunitate autoktonorik handiena. Montrealekin zuzenean Honoré-Mercier zubiarekin lotuta dago eta behin baino gehiagotan krisialdi politikoen protagonista izan da.
Banaketa administratiboa
Eskualdeak 14 konderriko eskualde-udalerri (MRC), bere baliokidea den aglomerazio bat eta 178 udalerri ditu. Hiru azpieskualdetan banatuta eta bakoitzaren hiriburua adierazita.
Longueuileko aglomerazioa
MRCaren baliokidea den aglomerazioa da, 5 udalerrik osatua: Boucherville, Brossard, Longueuil, Saint-Bruno-de-Montarville eta Saint-Lambert.
Montérégie-Est
9 MRC daude:
- Acton: Acton Vale.
- Pierre-De Saurel: Sorel-Tracy.
- Brome-Missisquoi: Cowansville.
- Le Haut-Richelieu: Saint-Jean-sur-Richelieu. Hauxe da hiri nagusia.
- La Haute-Yamaska: Granby.
- Lajemmerais: Verchères.
- Les Maskoutains: Saint-Hyacinthe.
- Rouville: Marieville.
- La Vallée-du-Richelieu: Beloeil.
Vallée-du-Haut-Saint-Laurent
5 MRC daude:
- Beauharnois-Salaberry: Beauharnois. Udalerri nagusia Salaberry-de-Valleyfield da.
- Le Haut-Saint-Laurent: Huntingdon.
- Les Jardins-de-Napierville: Napierville.
- Roussillon: Delson.
- Vaudreuil-Soulanges: Vaudreuil-Dorion.
Komunitate autoktonoak
- Akwesasne
- Kahnawake
Erreferentziak
- Salaberry-de-Valleyfield Quebeceko Toponimia Batzordearen webgunean.
- Quebeceko estatistika institutua.
- Hizkuntzak Quebeceko Estatistika Institutuan.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Montérégieko ataria.
- (Frantsesez) Informazio turistikoa.
- (Frantsesez) Outaouais Quebeceko estatistika institutuan.