Monopolio
Ekonomian, monopolioa (grekeratik, mono -bat- eta polein -saldu-) dagoela esaten da merkatu batean ondasun edo zerbitzu baten eskaintza enpresa bakar baten esku dagoenean. Adibidez, urrutiko herri bateko okindegiak monopolio bat osatzen duela esan daiteke, bera baita herri mailako merkatuko ogi-saltzaile bakarra. Ondasuna eskaintzen duen enpresak, monopolista izena duena, merkatu-botere handia hartzen du, merkatuko salneurria eta eskaintzen den kopurua bere mendean dituelako, bereziki ordezko ondasunik eta merkatu-kuota kenduko dion lehiakiderik ez dagoelako eta monopolio iraunkorretan beste enpresen sarbidea sarrera-hesien bitartez eragozten delako. Hala ere, prezio igoera batek eskaria gutxitzen duela hartu behar du kontuan monopolistak. Enpresaren etekinak maximotzen dituen prezioa eta eskaintzen den kopurua jakiteko, monopolioaren eredu mikroekonomiko bat garatzen da, kostuak, eskaria, ekoizpena eta prezioa biltzen dituena. Monopolioak merkatuan ezartzen duen kontrola, oro har prezio altuagoak ezarriz eta kopuru txikiagoak eskainiz, eta sektore bateko enpresen arteko konkurrentzia ezak ekar dezakeen prezioen gehiegikeria eta produktuaren kalitatearekiko utzikeria direla eta gaitzetsi egin ohi da monopolioen existentzia. Horrela monopolioak ezabatu edo gutxienez arautzeko gomendioak, konpainien arteko lehia bultzatu eta efizientzia handiagoa lortzearren, egiten ohi dituzte ekonomialariek.
Monopolioen sorburuak
Ordezko ondasunen inexistentzia eta eskariaren elastikotasuna
Hertsiki, ekoizle oro da monopolista bere merkatuan. Adibidez, kale batean dagoen okindegiak kale horretan monopolio bat osatzen duela esan daiteke. Monopolioaren definizioa operatiboa izateko, ordea, merkatuan gertuko ordezko ondasunik ez dagoela edo ez direla aise eskuragarri ezartzen da baldintza gisa. Horrela, okindegiaren adibidean, bezeroa ogia erostera beste okindegi batera erraz joan daitekeenez, ogia ezberdina izan daitekeen arren, egoera ez da monopoliotzat hartzen.
Ordezko ondasunak daudenean ere, enpresak monopolioaren antzeko merkatu-egitura sortzeko estrategia eraman dezake aurrera, merkatua segmentatuz edo zatituz. Enpresak merkatuko kontsumitzaile jakin batzuei bereziki zuzenduriko produktua merkaturatzen duenean eta kontsumitzaileek fideltasunez erantzuten badute, monopolio egoera baterantz abia daiteke. Epe luzera, ordea, monopolioa iraunkortasuna produktuaren ordezgarritasunaren mendean izango da.
Ordezko produktuen inexistentzia eta ondoriozko monopolioaren merkatu-boterea eta indarra eskariaren elastikotasunaren bitartez neur daiteke. Elastikotasunak eskariaren aldakortasuna neurtzen du prezioaren aldaketen ondorioz. Ondasunak ordezkorik ez badu edo behar beharrezkoa bada, bere eskaria inelastikoa izango da (hau da, prezioak igo arren, eskaria ez da nabarmen aldatuko produktua beharrezkoa bada) eta monopolistak bere prezioak inposatu ahal izango ditu. Ondasuna behar beharrezkoa ez bada edo horren ordezko ondasunak badaude, enpresaren eskaria elastikoagoa izango da eta aukera handiak daude merkatu egoera monopoliotik baino konkurrentziatik gertuago izateko. Beraz, ordezteko ezintasuna erabatekoa eta betierekoa izaten ez denez, monopolio garbiak arraroak direla esan daiteke.
Sarrera hesiak
Monopolioak une jakin batean sektore batean enpresa bakar batek jarduten duelako sortzen dira. Baina monopolioak iraunkorra izan dadin sarrera hesiak izenekoak daude, beste enpresak sektore horretan sartzea eragozten dutenak, hala nola egin beharreko inbertsioaren tamaina handia eta patenteak. Jarraian, monopolio-egoera sorrarazi ohi duten sarrera hesien sailkapena egiten da, horietako batzuk loturik egon badaitezke ere:[1]
- Ekoizpen faktore baten kontrola: Produktu bat ekoizteko beharrezkoa den ekoizpen-faktorea edo baliabidea enpresa bakar baten esku dagoenean, enpresa horrek beste enpresen sarrera eragozteko aukera du, baliabide hori eskuratzea eragotziz. Adibidez, mineral bat meategi bakar batetik erauzten bada eta mineral hori ordeztuko lukeen bestelako gairik ez badago, meategia ustiatzen duen konpainiak monopolio egoera batera bideratu dezake bere jarduera.
- Inbertsio handi baten beharra: Jarduera batzuetan, hala nola energia-sektorean eta siderurgian, ekoizpen-prozesuek azpiegitura handien beharra dute. Azpiegitura horiek eskala-ekonomiak sorrarazten dituzte: zenbat eta ekoizpen handiagoa izan, enpresaren batez besteko kostu totala orduan eta txikiagoa da. Horrek sektorera sartu nahi duten enpresa txikien sarrera eragozten du: hasieran behar den tamainako inbertsioa egin ezinik, azpiegitura txikiagoa izango dute eta batez besteko kostu totala handiagoa. Horrela, azpiegitura handiko jarduerek enpresa txikiak batzertu eta monopolioak edo oligopolioak eratu ohi dituzte. Monopolioa monopolistak dituen batez besteko kostu txikiagoengatik sortzen denean eta, beraz, enpresa asko egonda baino kostu txikiagorekin ekoizten badu, monopolio naturala dagoela esaten da.
- Enpresen arteko itunak: Merkatu batean enpresa askok jardun arren, beraien artean itun bat adostu eta bateratuta aritzen badira, de facto monopolio bat sor daiteke. Horrela, trust eta kartelak monopolio egoera batera eraman dezaketen itunak dira.
- Sektoreko enpresa kopurua: Definizioz monopolioa enpresa bakarra duen merkatua da. Merkatu batean, zenbat eta enpresa gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da, enpresa batek lidergoa hartu eta beste enpresak merkatutik kanporatzea edota sektoreko enpresak ados jartzea batera ekin eta monopolio bat osatzea. Sektorean enpresa gutxik jarduten dutenean, oligopolio egoeran alegia, errazagoa da enpresa batek, liderrak alegia, besteak kanporatu edota denak batera aritzea monopolio bat sortzeko.
- Teknologian nagusitasuna: Sektore batean enpresa batek duen nagusitasun teknologikoak monopolio-egoera batera eraman dezake. Adibidez, XX. mendeko azken hamarkadetan Intel ekoizleak txip sektorean monopolista izan zen, bere teknologiak zituen abantailei esker. Hala ere, nagusitasun teknologikoak epe laburrerako monopolio egoera sorraratzen du gehienetan, teknologiaren hedapen azkarrak eta lehiakideen inbersioek monopolio hori hautsi egiten baitu. Beste alde batetik, ordea, nagusitasun teknologikoak ez du ziurtatzen monopolioaren sorrera: batzuetan merkatuan nagusitzen den enpresa ez da teknologian nagusia dena, baizik eta bere produktuaren inguruan kontsumitzaile gehien biltzen dituena, kontsumitzaileen arteko harremanak erraztuz. Horren adibide moduan, Microsoft enpresaren sistema eragileak aipatzen dira, aurreratuenak ez diren arren, bere inguruan erabiltzaile gehien bildu eta sektore horretan ia monopolista izatera heldu zena.
- 'Estatuak ezarritako hesiak: Estatuak ezarri eta babestutako patenteek eta egile eskubideek monopolio-egoerak sorrarazten dituzte. Oro har, monopolioak kontsumitzailearen interesen aurkakoak badira ere, estatuen arabera asmatzaile eta artisten mozkinak babestuz berrikuntza eta sormen intelektuala sustatzen dira hesi horien bitartez.
Cournoten monopolio eredua
XIX. mendean eskola marjinalistaren aitzindaria izan zen Antoine Augustin Cournot ekonomialari frantsesak monopolistak bere etekinak maximotzeko finkatu beharreko prezioa eta ekoizpena ezarri zituen eredu mikroekonomiko batean.
Monopolioaren eskari-kurba eta sarrera marjinala
Konkurrentzia perfektuan ez bezala, monopolistaren eskari-kurba beherakorra da: enpresa bakarra dagoenez, bera da merkatua eta bere eskari-kurba merkatuko eskari-kurba izango da. Horrela, erabakitzen duen prezio-aldaketa orok eragina izango du kontsumitzaileen aldetik eskatzen den kopuruan: prezioaren merketzeak eskariaren handitzea ekarriko du. Ez dago garbi, ordea, prezio-eskari konbinazio berriak enpresaren sarrerak gehituko dituen: sarrera marjinala, beraz, aldakorra izango da eta negatiboa ere izan daiteke, prezioa merketzean.
Goiko taulako lehen bi zutabeetan monopolista batek duen eskari-funtzioa agertzen da: prezio bakoitzeko, eskaria zein den. Sarrera totala prezio eta eskariaren kopurua bidertuz eskuratzen da. Sarrera marjinalak, berriz, prezioaren gehikuntza bakoitzean, sarrera totalaren aldaketa adierazten du. Monopolistak prezioa gehitu egin dezake, baina eskaria jeitsi egingo zaio horren ondorioz. Grafikoan, taulako prezio-eskari konbinazio diskretuak modu jarraituan azaltzen dira: goiko grafikoan, eskari-funtzioa (p: prezioa, q: eskari-kopurua) q=10-p/2 da (beste era batera, p=20-2q) azaltzen da. Sarrera totala (beheko grafikoan) pq da: 20-2q×q=20q-2q^2. Sarrera marjinala horren deribatua da, eskariaren aldaketa txikien ondorioz nola aldatzen den sarrera totala alegia: 20-4q. Sarrera marjinala eta eskari-funtzioa, goiko grafikoan, puntu beretik abiatzen dira: prezio altuenean saltzen den lehen unitateak prezio altueneko sarrera gehigarria ematen dio monopolistari. Sarrera marjinala negatiboa denean, sarrera totalak jeisten ari direla esan nahi du: monopolistak sarrera maximoak ditu (beheko grafikoko gailurra) sarrera marjinala 0 denean. Ohartu eskariaren lerroak batez besteko sarrera ere ematen duela: Bbs=pq/q=p, q desberdinetarako. |
|
Monopolistaren prezioa eta ekoizpena
Analisi marjinalaren printzipioaren arabera, monopolistak ekoizten duen produktuaren azken unitatearen sarrera marjinala unitate horren kostu marjinalaren berdina izango da bere mozkina maximotzeko. Baldintza honetatik abiatuz honela frogatzen da ezarri beharreko prezioa, monopolistak bere etekinak maximotzearren.
Enpresak unitate gehigarri bat ekoiztu eta merkaturatzea erabakitzen duenean eskuratzen duen sarrera marjinalak bi osagai ditu:
- unitate bat gehiago saltzeagatik eskuratzen duena, unitate horren P prezioa alegia;
- unitate gehigarria eskaintzean, merkatuan produktu-unitate bat gehiago dago (gehitzen direnak unitate bat baino gehiago badira, ∆Q) eta beraz, kontsumitzaileek unitate horiek eskuratzeko gutxiago ordainduko dute: ∆P prezio beherakada bat dago Q unitate guztietan (gehitzen direnak unitate bat baino gehiago badira, ∆P/∆Q) eta, ondorioz, monopolistaren sarrerak gutxitu egingo dira. Eskariaren aldetik gertatzen den efektu hau honela kalkula daiteke, non Ed eskariaren elastikotasuna den:
Beraz, sarrera marjinala, prezio eta kopuru-efektuak gehituta, honela kalkulatzen da:[2]
Mozkin maximoko puntuan kostu marjinala eta sarrera marjinala berdindu egiten dira:
Eta orduan hau izango da monopolistak mozkinak maximotzeko ezarri beharreko prezioa hau izango da:
Merkatu-boterea
Ikusten denez, monopolistak ezarri beharreko prezioa ez dago guztiz bere mendean, merkatuak inposatzen dion elastikotasunaren mendean baizik. Elastikotasuna oso handia (zenbaki negatibo handia, -100 esaterako) bada (monopolistaren produktuak ordezkoak baditu, esaterako)[3], ezarri beharreko prezioa kostu marjinaletik zertxobait handiagoa izango da soilik, konkurrentzia perfektuan bezalatsu[4]. Merkatuak ezarritako elastikotasuna txikia bada (zenbaki negatibo txikia, -2 esaterako), monopolistak merkatu-botere handia duenean alegia, prezioa kostu marjinaletik oso gora jarri ahal izango du monopolistak.
Arestiko emaitzetan oinarrituz, monopolistak prezioak finkatzeko duen merkatu-boterea neurtzeko Lerneren adierazlea erabiltzen da:
Konkurrentzia perfektoan aritzen den enpresa batean jarri beharreko prezioa bat dator kostu marjinalarekin (P=KM) eta beraz, L=0 beteko da. Lerneren adierazlea zenbat eta handiagoa den, orduan eta merkatu-botere handiagoa izango du monopolistak.
Monopolioaren gizarte-kostuak
Cournoten ereduan, monopolioak konkurrentzia perfektuan baino kopuru txikiagoa ekoiztu eta merkaturatu eta prezio altuagoan saltzen du, mozkinak eskuratuz. Gogoratu behar da konkurrentzia perfektuan enpresak ez duela mozkinik eskuratzen, kostu marjinala prezioarekin berdindu behar baitu. Monopolioak eskuratzen dituen mozkinak konkurrentzia perfektuko kontsumitzaileen soberakinetik eskuraturisko transferentzia besterik ez da. Transferentzia horretaz gainera, badago kontsumitzaileen soberakin galera bat, inork jasotzen ez duena eta beraz berreskuraezina dena. Hain zuzen, monopolio-egoeran badira monopolioari eta kontsumitzaileei onuragarri zaizkien baina azkenean gauzatzen ez diren salerosketak: badaude kontsumitzaileak ekoiztutako unitate gehigarri bat erosiko luketenak kostu marjinala baino handiagoa den prezio bat ordainduz, baina ez monopolioak ezartzen duen prezio altuagoan.
Efizientzia-galera horretaz gainera, monopolioaren gizarte-kostuak badu beste osagai bat, errenta ekonomikoak deritzona. Izan ere, monopolioa bere egoerara heldu eta bertan irauteko hainbat gastu izaten ditu, monopolio-egoera helburu izan gabe izango ez lituzkeenak. Horietan estatuari monopolioa atxiki eta babesteko eginiko presioak, ekoizpen txikiagoa burutzeagatik erabili gabeko ekoizpen-ahalmena eta publizitate-kanpainak.
Monopolioak eta politika ekonomikoa
Estatuak monopolio bat desegitea neurri egokitzat jo daiteke, kontsumitzaileek irabazia monopolioaren galera baino handiagoa delako. Berezko monopolioan, ordea, neurri hau aurrera eramatea zailagoa da, monopolioa jarduera ekonomikoaren beraren ezaugarriengatik, jasaten dituen kostu finko altuengatik hain zuzen, sortzen baita. Berezko monopolioak kontrolatzeko horiek jabetza publikokoak bihurtu izan dira, prezio eta kopuru efizienteagoak ezartzeko. Historiak, ordeak, estatu-monopolio horiek egokiak ez direla frogatu izan du: enpresa pribatuek baino ahalegin txikiagoak egiten dituzte ekoizpena eraginkortasunez burutzeko eta askotan interes politikoen mendean izaten dira.
Jabetza publikoaren aukera monpolioaren erregulazioa izan daiteke, bereziki prezio arautu maximo bat ezarriz. Monopolioak ez diren egoeretan, prezio maximoek produktuen eskasia eta merkatu beltza ekartzen dituzte batzuetan; monopolioetan, ordea, erabaki egokia izan daiteke, betiere prezioa batezbesteko kostu totaletik gora badago. Prezio maximo bat finkatzean, monopolistaren prezioa baino txikiagoa, estatuak kontsumitzailearen soberakina handitu egiten du, prezio horretatik gora gehiago ordaintzeko prest dauden kontsumitzaile gehiago baitaude. Monopolistak bere mozkinak gehitzen dituen prezio- eta kopuru-efektuak zenbat diren izango da: prezio txikiagoarekin mozkina galtzen du unitate bakoitzeko, baina aldi berean gehiago saldu ere egiten du. Edonola ere, prezio arautu maximoak monopolistak berez sorraratzen duen efizientzia-galera berreskuratu egiten du. Muturrean, prezio arautu maximoa batezbesteko kostu totalarekin bat datorrenean alegia, monopolistak ez du mozkinik eskuratzen, baina kontsumitzailearen soberakina konkurrentzia perfektuko egoerako mailara itzultzen da.
Prezio-diskriminazioa
Prezio-diskriminazioa izaten da monopolioak bere mozkinak gehitzeko erabiltzen duen estrategia arrunt bat. Printzipioz monopolioak ezartzen duen prezioari uko egin baina aldi berean monopolioaren kostu marjinaletik gora dagoen prezio merkeago bat ordaintzera prest dauden kontsumitzaileak badaude. Kontsumitzaile horientzat produktuaren prezio berezi bat eskainiz, monopolioak saldutako unitate horiengatik mozkin gehigarriak eskuratzen ditu, hasierako prezioan izandako mozkinak galdu gabe. Estrategia honen adibide bat, trenbide-konpainiek (maiz monopolio moduan jarduten dutenak) bidaiari arrunt, ikasle eta adineko pertsonentzat ezartzen dituzten prezio bereziak dira. Ikasle eta adineko pertsonentzako prezio bereziak ezarriko ez balira, bidaiari arruntei dagokien mozkinak soilik eskuratuko lituzke, ikasleak eta adineko pertsonak ez baileudeke prest prezio arrunta ordaintzeko. Prezio bereziekin, ordea, kolektibo horien kontsumitzaile bilakatu eta mozkin gehigarriak gaineratzen dituzte, betiere prezio horiek kostu marjinaletik gora badaude.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Krugman, Paul. (2008). Fundamentos de economía. Reverté, 275-276 or..
- Pindyck, Robert S.; Rubinfeld, Daniel L.. (2010). Mikroekonomia. Deustuko Unibertsitatea, 398-404 or..
- Elastikotasuna handia dela esango da, prezio igoera baten ondorioz, eskaria nabarmen jeitsi denean.
- Gogoratu konkurrentzia perfektoa prezioa bat datorrela kostu marjinalarekin.
- Irudi honetan, sinplifikatzeagatik, kostu marjinala lerro horizontala da eta beraz, kostu totala K=kq motako lerro bat da. Horrela, kostu marjinala batezbesteko kostu totalarekin (K/q) dator bat eta kostu marjinaletik gorako eta prezioaren bitarteko azalera da mozkina.