Moneda baserria

Moneda baserria Donostiako (Gipuzkoa) baserri bat da, XVI. mendean eraikia. Garai hartan Donostiako Oatarren leinuarena zen. Ulia mendiko hegoaldean kokatuta dago, gaur egungo Bidebieta auzoan, kiroldegitik oso gertu, hiri giro bete-betean sartua, orratz-etxez inguratua.

Moneda baserria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′22″N 1°56′49″W
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXVI. mendea
    Errotazarretik eta Monedatik ("Boneda" mapan) zetorren ubidearen planoaren zati bat, 1861ean eginda. Donostiako Udal Artxiboa.

    Historia

    Mendeetan nekazaritza eta abeltzaintzarako erabilia, Lehenengo Karlistaldian (1833-1840) ospitaletzat jarri zuten.

    Egungo baserriak ez du zerikusirik Oatarrek eraiki zutenarekin, Jose Goikoa arkitektoak XIX. mendearen bukaeran erabat zaharberritu baitzuen eraikina. Jose Goikoak berak, Donostiako udal arkitektoa zelarik, Ategorrieta-Ulia auzoan dagoen Buskando ur-biltegia ere eraiki zuen, eta Moneda baserriko lurretan zegoen iturburu oparoko urak Buskando eta Soroborda ur-biltegietara bideratu zituen tunel baten bitartez, ur horiek "Belle epoque" garai hartako Donostiako etxeetara bideratu ahal izateko.[1] Iturburu eta tunel horren sarrerako aztarnak Bidebietako frontoitik aurrera dagoen bailaratxoan daude. Hiria uraz hornitzeko beharra beti egon da lotuta biztanleriaren hazkuntzarekin, Monedako urak bideratu zirenean 10.000 lagun bizi ziren Donostian. Donostiara ura eramateko historian zehar egin diren urratsak eta une horietako bakoitzean zein zen biztanleria ikus daitezke taula honetan:[1]

    Urtea Uraren jatorri berria Donostiako biztanle kopurua Ur horiek Buskandora zihoazen?
    1566 Olarain (ez zen lortu) 6.000 Ez
    1609 Morlans 8.000 Ez
    1850 Lapazandegi (Uliako hegoaldean) 10.000 Ez
    1850 Moneda baserria (Uliako hegoaldean, Bidebieta) 10.000 Bai
    1864 Errotazar (Uliako itsasaldean) 14.600 Bai
    1879 Ingelesen iturria (Uliako itsasaldean) 19.232 Bai
    1884 Txoritokieta 20.823 Bai
    1893 Olarain (Antigua) 32.609 Ez
    1899 Añarbe 32.600 Ez
    1902 Artikutza 37.703 Ez
    1960 Artikutza 135.000 Ez
    1976 Añarbe 172.000 Ez

    XX. mende erdialdean, Altza udalerria Donostiak bereganatu eta gero, oraindik baserria zen, Trintxerpear asko Monedara joaten ziren esnea erostera, eta bertako baserritarrak asto-gurdian baratzeko produktuak eramaten zituzten Trintxerpera.

    Moneda baserria 2014an

    1970eko hamarkadaren hasieran Bidebieta auzoa guztiz urbanizatzearekin batera, Donostiako Aurrezki Kutxak erosi eta erabat eraberritu zuen.[2] Aurrezki kutxaren bulegotzat erabili izan zen, eta Kutxaren artxibo orokorra bertan egon zen zenbait urtez. Gaur egun gizarte laguntzarako gunea da.[3]

    Erreferentziak

    1. Muñoz Echabeguren, Fermín. (2003). El agua potable en la historia de San Sebastián Edateko ura Donostiako historian. Aguas del Añarbe = Añarbeko Urak ISBN 84-607-7900-9. PMC 433440762. (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
    2. (Gaztelaniaz) Ion Urrestarazu Parada: «Caserio Moneda», Donostiando, 2012-05-09.
    3. «Garai berria Monedarentzat», Irutxulo aldizkaria, 2003-11-14.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.