Mizelio
Onddoak Eukarya domeinu barnean sailkatzen den talde polifiletikoa da[2]. Kloroplastorik gabeko organismo taldea osatzen dute, eta beraz burutzen duten estrategia trofikoa heterotrofia izango da. Horretarako, historian zehar garatu duten estrategia entzimen bidezko kanpo liseriketa izan da, hau da, entzima hidrolitikoak kanpo mediora askatzen dira, horien bidez materia organikoa deskonposatzen da eta ondoren monomeroak xurgapenez barneratuko dira; azken honi osmotrofia esaten zaio.
Mizelioa beraz, funtzio osmotrofikoa optimoki betetzeko, onddo ez lebaduriformeek garatu duten gorputz begetatiboa da. Gorputz begetatibo hau, hifez osotutako tutu sistema konplexu adarkatu batez eratuta dago. Mizelioa osatzen duten hifek orokorrean 3-30µm-tako (batez ere sifonatuetan) diametroa aurkezte dute, pareta tubular sendo batez inguratuta egoten dira eta elikagaiak barneratzeko eta garraiatzeko ahalmen handia aurkezten dute. [3]
Mizelio motak
Nagusiki bi mizelio mota berezitu daitezke aurkezten dituzten hifen izaeraren arabera:
Sifonatua
Mizelio sifonatua osatzen duten hifek ez dute septo edo trenkadarik aurkezten, zenozitiko ere esaten zaio. Kasu honetan, mizelioa etengune gabeko tutu sistemaz osatuta dago eta beti polinukleatua izango da. Orokorrean soilik talde primitiboagoetan ageri da.
Trenkatua
Mizelio trenkatuan aldiz, hifek septo edo trenkadak aurkezten dituzte. Trenkadek etenak ezartzen dituzte tutuetan zehar, baina hifa konpartimentalizatuta eta konektatuta dagoen egitura dinamikoa da. Horretarako hifan zehar poro egiturak agertzen dira, zeintzuek igarotzen diren substantzien garraioa kontrolatuko duten. Poroak desberdinak izango dira onddo taldearen arabera:
- Ascomycota tadean, poroa sinplea, bakarra eta zentrala izango da. Talde batzuetan ikusi da poroaren inguruan gorputz beltz batzuk garatzen dituztela babes bezala, hauei Woronin gorputzak esaten zaie.
- Basidiomycota espezie gehienetan poro hori mintz sistema konplexu batez inguratuta dagoela ikusi da, horri doliporoa[5] esaten zaio. Talde eboluzionatuago hauetan, batzuetan parentosoma izeneko egitura inguratzailea ere ageri daiteke.
Mizelio trenkadatuaren barnean bi azpi mota bereizten dira. Mizelioak bizi zikloaren zein fase betetzen duen arabera, primarioa edo sekundarioa bereiztu ditzakeguz.
Primarioa
Mizelio primarioa edo monokariotikoa, hau da, zelula bakoitzeko nukleo bakar bat aurkezten duena[6]. Zuzenean espora batetik sortutako mizelioa izango da, normalean tenporalki laburragoa izaten da, hau da, eskasa eta biziraupen laburrekoa.
Sekundarioa
Mizelio sekundarioa edo dikariotikoa, hau da, trenka bakoitzeko bi nukleo aurkezten dituena[7]. Nukleo bat gameto arraren kopiarena izango da eta bestea gameto emearena. Basidiomikotoetan, espora batetik hozitutako mizelio primario biren arteko somatogamia gertatzen denean. Bertatik, baldintzak egokiak direnean, karpoforoa sortuko da.
Tertziarioa
Mizelio honek basidiokarpoa eratuko dituzten antolakuntza maila altuagoko pseudoehunak sortuko ditu eta beti dikariotikoa izango da[8]. Hifa generatiboa, eskeletikoa edo inguratzailea agertu daitezke (hiruren arteko desberdintasuna pareta zelularrean dagoelarik) mizelio mota honetan, eta maiz, hifek eraldaketak pairatzen dituzte basidiokarpoaren egitura sendoagoak sortzeko.
Egitura mizeliarrak
Mizelio-kordoia
Erresistentzia handiko hifa sorta sendoa da, hau da, hainbat hifa arrunten arteko elkar gurutzamenduak sortutako egitura erresistentea izango da. Bestalde, hifa hauek sendotasun handia lortzen dute batzuetan pareta zelularraren izaera aldatu (loditu) egiten delako. Askotan egurrean hazten diren basidiomikotoetan agertzen dira, eta mendian begi bistaz ikusi daitezke, mizelioa sortzen duten hifekin gertatzen ez den moduan.
Mizelio harrapakaria
Nitrogeo edo bestelako elikagai batzuen gabezia dagoen guneetan zenbait onddok garatu duten egitura begetatiboa[10]. Hifa lateral, labur eta unizelularrez osatuta daude, eta harrapatze mekanikoaren funtzioa betetzen dute. Orokorrean nematodo bezalako ornogabeak harrapatzen dituzte, horietatik elikagaik lortzeko.
Hifa haustorioa
Onddo bizkarroiek garatzen duten hifa bereiztua, zeinak xurgatze ahalmen handia duen. onddo bizkarroiek duten arazoa da, topo egiten dutela euren ostalariarekin, zeluletan barneratu behar direla eta ondoren digeritzen dutena xurgatu behar dutela[10]. Beraz, hifen morfologia guztiz desberdina izango da funtzio hori bete ahal izateko.
Esklerozio
Baldintza desfaboragarrietan zenbait onddo espeziek sortzen duten erresistentzia egitura[10]. Egitura hau berriro hozitzen denean bi egoera gerta daitezke, alde batetik zuzenean mizelio berri bat garatu daiteke. Bestalde, ugal egiturak garatu daitezke eta ondoren ale berriak sortu daitezke inguruko baldintzak egokiak diren bitartean. Oso espezie gutxik egiten dute, adibidez Claviceps purpurea bizkarroia.
Zorroa eta Hartig sarea
Onddo ektomikorrizikoek landare ostalariaren sustraiaren inguruan sortzen duten hifa geruza lodiari zorroa deritzo [13]. Onddo hauen hifak, kortexean barreaituko dira interzelularki, baina inoiz ez intrazelularki. Beraz, Hartig sarea sustraiaren kortex edo epidermisaren zelulen artean garatzen den hifa sare sistema izango da.
Arbuskuluak
Onddo endomikorrizikoek ostalariaren zelulen barnean sortzen duten hifa egitura adarkatuak dira. Egitura huek sortzen dituzten onddoak oharkabean pasatzen dira ez dutelako fruitu gorputz makroskopikorik garatzen; Ikusteko, landare ostalariaren sustraiaren tindaketa berezi bat egin behar da.
Karpoforoa
Askomikota eta basidiomikota taldeetako onddoek garatzen duten fruitu gorputza non ugal egitura sexualak antolatuko dituzten. Askomikotoetan askokarpo esaten zaio eta basidiomikotoetan basidiokarpo; orokorrean bertan espora sexualak garatu eta ondoren askotuko dituzte barreiatu daitezan. Normalean mizelio tertziarioak osotua egongo da.
Estroma
Ugalketarekin erlazionatuta dagoen pseudoehun berezi bat da non ugal gorputza barreiatu egingo den [10]. Berez hifez osatutako masa antzu somatikoa izango da, baina ugal egiturak biltzeko funtzioa betetzen du.
Erreferentziak
- Fitxategi:Mycelium growth simulation.gif. (Noiz kontsultatua: 2019-02-06).
- Woese, Carl R.. (1990). «Towards a natural system of organisms: Proposal for the domains. Archaea, Bacteria, and Eucarya» Evolution (AEB) 87 (Noiz kontsultatua: 2018/12/16).
- (Gaztelaniaz) Izco, Jesús. (2004). Botánica. McGraw-Hill, 213, 221, 227 or. ISBN 978-84-486-0609-1..
- Fitxategi:Mizelio egituraren garapena.jpg. (Noiz kontsultatua: 2019-01-31).
- (Gaztelaniaz) «Basidiomycetes. Características generales» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2019-01-31).
- «Plantas y Hongos» www.plantasyhongos.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
- «Plantas y Hongos» www.plantasyhongos.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-16).
- (PDF) Ascomycota. (Noiz kontsultatua: 29/01/2019).
- Fitxategi:Clathrus ruber kordoi mizeliarra.jpg. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
- «Estructuras vegetativas» w3.ual.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-31).
- Fitxategi:Claviceps purpurea.JPG. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
- Fitxategi:Ectomycorrhiza illustration.jpg. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
- «Micorrizas» www.biologia.edu.ar (Noiz kontsultatua: 2019-01-31).