Mitridates I.a Partiakoa
Mitridates I.a Partiakoa (partieraz: Mihrdat; persieraz: مهرداديکم, Mehrdād; K.a. 195 aldean – K.a. 132), Partiako erregea izan zen K.a. 171 eta K.a. 138 bitartean[1]. Partia potentzia politiko bihurtu zuen, inperioa ekialderantz, hegoalderantz eta mendebalderantz hedatuz. Haren erregealdian, Herāt (K.a. 167), Seleuzia (K.a. 144), Media (K.a. 141) eta Persia (K.a. 139) konkistatu zituzten partiarek.
Mitridates I.a Partiakoa | |||
---|---|---|---|
K.a. 171 - K.a. 138 ← Praates I.a - Praates II.a → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | K.a. 195 aldean | ||
Heriotza | K.a. 132 aldean (62/63 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Priapatio | ||
Ezkontidea(k) | Rinnu (en) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Leinua | Partiako arsaziar dinastia | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | subiranoa |
Bizitza
Priapatioren semea, Praates I.a anaiaren ondorengoa izan zen[2]. Lehenik, ekialderantz hedatu zuen inperioa, K.a. 160 eta 155 bitartean, Greko-Baktriar Erresumako errege Eukratides I.a garaituz[3]. Era horretan, Margiana eta Ariaren kontrola erdietsi zuen, Herat hiria barne. Horrezaz gainera, Ekialde eta Mendebaldearen arteko merkataritza bideak kontrolatzea ere lortu zuen, Zetaren Bidea eta Persiar erregebidea alegia. Horrek aberastasun eta botere handia eman zien partiarrei, eta bide horiek zeharkatzen zituzten eskualdeak mendean edukitzen ahalegindu ziren.
Greko-Baktriar Erresuma menderatu ostean, Seleukotar Inperioaren aurka jo zuen. Media inbaditurik, Ekbatana hartu zuen (K.a. 148)[3], eta Mesopotamiako Seleuzia ere bereganatu zuen. Seleuzia, Ekbatana, Ktesifon eta Mithradatkerten kokatu zituen errege egoitzak. Seleukotarrek kontraerasoa egin zuten, baina partiarrek Demetrio II.a, seleukotar erregea, harrapatu zuten K.a. 139an, eta preso eduki zuten 10 urtez, beren konkistak sendotzen zituzten bitartean. Urte horietan, Mitridatesen alaba Rodogunarekin ezkondu zen Demetrio, eta zenbait seme-alaba izan zituen harekin[2]. Mitridates K.a. 132 aldean hil zen.
Partiarren garaipenen ondorioz, Greko-Baktriar Erresuma helenista, mendebaldeko greziarrekin harremana zeukana, desagertu zen. Hala ere, Mitridatesek helenismoa sustatu zuen menpeko eskualdeetan, eta Filoheleno («grekoen laguna») titulua eman zion bere buruari, txanponetan ageri denez. Izan ere, Mitridatesek txanpon ekoizpena berrabiarazi zuen, K.a. 206an Artsazes II.a (K.a. 211–191) Antioko III.a Handia (K.a. 223–187) seleukotar erregearen mende gelditu zenetik bertan behera utzirik zegoena. Mitridatesen garaian egindako txanponetako erretratua greziar estilokoa da, lehenbiziko aldiz Partian, eta buruan errege diadema du, ohiko greziar ikurra.
Erreferentziak
- Mithradates I. global.britannica.com.
- Mithradates I. parthia.com.
- Cyril, Toumanoff. Arsacids. Encyclopaedia Iranica, Vol. II, Fasc. 5, iranicaonline.org.