Mitanni
Mitanni[1], gaur egungo Siriaren iparraldean existitu zen antzinako erresuma baten izena izan zen, Naharina bezala ere ezaguna. Izen hau, aurrerago, Khabur eta Eufrates ibaien artean zegoen eskualdea izendatzeko erabili zen asiriar-berri garaian. Mitanni estatu feudal bat izan zen, noblezia gerlari batek gidatua, K.a. 1600 inguruan garrantzi handia hartu zuena, Orontes ibaia eta asiriar, egiptoar, siriar eta hititar inperioen artean zuen kokapen pribilegiatuagatik.
Mitanni Nuzi (gaur egungo Kirkuk) eta Tigris ibaitik ekialdean, Alepo eta Siriaraino mendebaldean hedatzen zen. Bere erdigunea Khabur haranean zegoen, bi hiribururekin: Taidu edo Taite, eta Washshukanni (asiriar iturrietan Ushshukana deitua), oraindik erabateko ziurtasunez aurkitu ez dena, eta, beraz, ezta industu ere. Bere azalera osoak nekazaritza ahalbidetzen zuen ureztatze artifizialik gabe. Bere klima asiriarrenaren antzekoa zen, eta bertan, hurritak eta amoriarren hizkuntza hitz egiten zuten beste herri batzuk bizi ziren.
Historia
Akadiarren garaitik, hurritak, Tigris ibaiaren ekialdean bizi ziren, Mesopotamiaren iparraldeko zatian, eta Khabur haranean, Nuzin, Ugariten eta Hattusaseko hititar artxiboetan aurkitutako testuetan aipatuak dira. Mariko testu kuneiformeek amorieraz eta hurriteraz izenak dituzten Mesopotamia iparraldeko hiri-estatuetako gobernariak aipatzen dituzte.
Uste denez, hurritar tribu etsaiak eta hiri-estatuak, dinastia bakar batean batu ziren, elite indoeuropar batek gobernatua, K.a. 1595ean jasan zuen Mursili I.aren hititar arpilaketagatik eta kasitarren inbasioagatik Babiloniaren pot egitearen ondorioz. Alepporen hititar konkista, uneko asiriar erregeen ahuldadea eta hititarren barne borrokek, botere hustasun bat eragin zuten Mesopotamia iparraldean. Honek, Mitanni erresuma sortzera eraman zuen. Izen ariarrak, batez ere, erregeen eta mitanniar jainkoen izenetan islatzen dira. Beste alde batetik, hurritar elementua, antzinako sumertar kulturaren igorlea izan zen.
Mitanni edo Khanigalbaten lehen idatzizko aipamena Bogazkoyko testu hititarren akadiar bertsian agertzen da, Hattusili I.aren erregealdiaren garaikoak. Khanigalbat eta Mitanni ezberdintasunik gabe erabiltzen dira, lehenengo hitza antzinakoagoa den arren. Aldi berean, Khurri eta Mitanni, estuki lotutako hitzak dira, hizkuntza elkarte bereko ondoko lurraldeei baitagozkie, ohi, errege berberak gobernatuak. Hala ere, geografiari dagokionez, Khurri Goi Siriarekin bat dator, Kaukasoa eta Van aintziraren artean, Khanigalbat Goi Mesopotamian dagoen bitartean, aurrekoaren iparralde eta ipar-ekialdean, Tigris eta Eufrates ibaien artean.
Mitanniren historiari buruzko ideia, oso lausoa da derrigorrez, datu askorik ere ez baitago, eta gainera, kanpotik etorriak, nagusiki, Amarnako gutunetatik eta Bogazkoyn aurkitutako zenbait hititar trataturen sarrera historikoetatik. Mitannik, berebiziko garrantzia hartu zuen K.a. 1600ean, asiriar, egiptoar, hititar eta siriar inperioen artean zuen kokapen pribilegiatuagatik. Bere botere gorena K.a. XV. mendean lortu zuen, hego-mendebalderantz hedatuz, Siriarantz, non Egipto atzera bota ahal izan zuen, Hattik, K.a. XIV. mendean potentzia nagusi bezala ordeztu zuen arte.
Gerra gurdiak bezalako hobekuntza garrantzitsuak egin zituen armada batekin eta zalditeria indartsu batekin, Mitanniko armadak zenbait aldiz garaitu zuen faraoien Egipto, eta Asiria inbaditu zuen (oraindik historialariek azaltzerik ez dutena, semitar inperioaren indar militarra dela eta).
Mitannik ez zuen lortuko bere lurraldea konkistetatik salbu mantentzerik. Alde batetik, Goi Eufrates eta Tigrisen arteko lurraldea, hititar hedakuntzaren xede izan zen Hattusili I.aren garaitik. Bestetik, hiksoen porroten ondoren, egiptoar faraoiak, behinola Sirian izan zituzten lurraldeak birkonkistatzen saiatu ziren. Hititen goraldia eta Mitanniren gatazka dinastikoek, erresuma ahuldu zuten, Asiria berpiztu eta berrindartu baten mende geratu zelarik denbora batez, sortu eta 250 urtera bakarrik. Ondare baliotsua utzi zuten, horien artean, bere antolaketa administratibo berritzailea eta zenbait eraginezko arte fin bat, ariarrak zein semita eta egiptoarrak.
Mitanniko gobernariak
- Kirta K.a. 1500-K.a. 1490
- Shuttarna I.a, Kirtaren semea K.a. 1490-K.a. 1470
- Barattarna, P/Barat(t)ama K.a. 1470-K.a. 1450
- Parsha(ta)tar K.a. 1450-K.a. 1440
- Shaushtatar (Parsha(ta)tarren semea) K.a. 1440-K.a. 1410
- Artatama I.a K.a. 1410-K.a. 1400
- Shuttarna II.a K.a. 1400-K.a. 1385
- Artashumara K.a. 1385-K.a. 1380
- Tushratta K.a. 1380-K.a. 1350
- Artatama II.a Tushrattaren anaia eta hititek lagundua K.a. 1350
- Shuttarna III.a Artatamaren seme usurpatzailea, asiriarrek lagundua K.a. 1350
- Shattiwaza Tushrattaren seme edo anaia K.a. 1350-K.a. 1320
- Shattuara I.a K.a. 1320-K.a. 1300
- Wasashatta Shattuararen semea K.a. 1300-K.a. 1280
- Shattuara II.a Wasashattaren seme edo iloba K.a. 1280-K.a. 1270 Salmanasar I.ak garaitua.
Indusketak
- Nuzi, amerikar espedizio batek industua R. F. S. Starren zuzendaritzapean 1930eko hamarkadan.
- Tell Fecheriye
- Tell Rimah, Sindjar
- Tell Sabi Abyad, gaur egun herbeheretar talde batek industua.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.