Miribilla
Miribilla Bilboko auzo bat da. Bilboko auzorik berrienetakoa izanda, orain dela gutxira arte gune bat zen eta ez zuen legezko auzo izaera. Ibaizabal ibaiaren mendebaldera kokatuta dago, Ibaiondo barrutiaren barruan. Guztira 439.566 metro karratu dauzka. Guztira 3.000 etxebizitza baino gehiago eraiki ziren 2004-2016 urteen tartean.
Miribilla | |
---|---|
Euskal Herria | |
Etxebizitza berriak eta parkearen ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Bizkaia |
Udalerria | Bilbo |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Geografia | |
Koordenatuak | 43°15′10″N 2°55′40″W |
Azalera | 0,44 km² |
Demografia |
Izenaren jatorria
Miribilla hitza gaztelaniatik eratorritako hitz bat dela zabaldu zen, herri etimologiak sortutako Miravilla hitzaren aldaera omen da. Teoria horri eutsi egin dio, esate baterako, gaztelaniazko Wikipediak. Baina Miribilla zuzenean euskaratik datorrela ere pentsatu izan dute Mitxelena bezalako adituek. Gune horri garai labur batean gaztelaniaz Miravilla deitu zitzaion, hau da, hiribilduari begiratzeko tokia. Zaila da azaltzea gaztelaniako Miravilla hori Miribilla bilakatzea. Bilbaopedian, ordea, Javier González Oliverren azalpen hau irakur daiteke[1]: " [...] XX. mendean, Miravilla izena zabaldu zen, gaztelar herri etimologiatik sortua, baina ez zuten izen hura ofizial egin, zorionez; Mitxelenaren moduko hizkuntzalari adituen iritzian, Biribila toponimoari dagokio izena, hasierako b-ren ordez m letra jarrita, euskaraz ohi denez (c.f. Biarritz > Miarritz(e)), ohiko asimilazioa[2]. Hiribilduaren izenari buruzko etimologia hedatuenak toponimo horrekin lotzen dute, Biribilao –“Biribilko ahoa”– esapidearen laburdura baita Bilbao".
Inguruan, hainbeste meategi zeuden eta kale batek meategietako baten izena gorde du, San Luis Meategiaren kalea hain zuzen ere.
Lurraldea
Miribilla auzoak honako muga hauek ditu Bilboko Udalaren arabera: iparraldean Bilbo Zaharrarekin muga egiten, San Luis Meategiaren kalea, On Klaudio Gallastegi kalea eta Askatasuna kalea; ekialdean Mirafloreseko biaduktua; hegoaldean, San Adrian auzoarekin bat eginez, David Zalbide suhiltzailea kalea, Doctor Espinosa Oribe kalea eta Emiliano Arriaga parkea. Azkenik mendebaldean Zabala auzoarekin muga egiten du, bertan, Angela Figuera kalea, Xenpelar kalea, Zabala zeharkalea eta Andres Eliseo Mañarikua kalea ditu mugakideak.[3]
Miribillako behe aldea
Aldi berean, Bilbo Zaharrean kale bat dago Miribilla izena duena. Bertan hainbeste etxe berri egin dituzte orain dela gutxi. "Miribillako beheko aldea" moduan ezagutzen bada ere, ez da Miribillako auzoaren zati bat.
Historia
Miribilla beti egon izan da industriari oso loturik, XIX. mendean zehar meategiak zabaldu zituzten bertan, eta XX. mendearen erdialdera arte martxan egon dira. Guztira hiru meategi egon ziren Miribillan, San Luis meategia, Malaespera meategia, eta Abandonada meategia.
1950eko hamarkadaren erdialdera, behin minerala ia agorturik zenean, itxi egin zituzten. Urteak aurrera egin ahala, meategiak zeuden lurrak eta inguruko etxebizitzak degradatzen joan ziren. Gunea eraberritzeko lehen pausoak 1990eko hamarkadan hasi ziren ematen. Bilboko udalak egitasmo berria aurkeztu zuen, etxebizitza berriak eta beste hainbat azpiegitura berri eraikitzeko. 1997. urtean "Bilbo Eder" izeneko enpresa sustatzaileak, Miribillarako plana prestatu zuen. Auzo berria Iñaki Aurrekoetxea bilbotar arkitektoak diseinatu zuen horrela. Lehen harria 1999ko uztailaren 29an jarri zen. Hasierako urtean gunearen hiritartze lanak egin ziren, kaleak, espaloiak eta abar. Ondoren, etxebizitzen eraikuntza hasi zen.
Guztira 2.977 etxebizitza berri eraiki dira, Bilboko "Zabalgune" berri honetan. Horietatik, 1.935 etxebizitza Babes ofizialekoak, eta 1.042 salmenta librekoak. Lehen etxebizitzak 2003. urteko amaierarako amaitu ziren, eta gaur egun etxebizitza gehienak amaiturik daude.
Ezaugarriak
Eraikitakoak
- Eroskik sustaturiko merkataritza-gune txiki bat.
- Merkatalgunearen gainean eraikitako "Miribilla eraikina".
- Renfeko Aldirien Miribillako geltokia, C-3 linean.
- Miribillako eliza.
- Miribillako Kirol Jauregia eta kiroldegia, Bilbao Arena delakoa.
- 2.800 lagunentzako frontoia, Bizkaia pilotalekua delakoa.
- Bilboko suhiltzaile eta udaltzaingoaren egoitza berria.
- Auzoko anbulategia.
- Mercadona supermerkatua.
Auzoari buruzko datuak
- Eraikinak guztira: 34
- Auzoaren azalera: 439.566 m2
Auzokide ezagunak
Kontuan izan behar da auzo berria izanik, orain arteko ezagun bat ere ez, ez dela txikitatik auzo honetan bizi izan.
- Patxi López (1959): Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ohia. Lehendakari izan arte Miribillan bizi zen. Portugaletekoa jaiotzez, gaur egun gehienbat Madrilen du bizilekua.
- Virginia Berasategi (1975): Triatloi profesionala izandakoa.
- Jon Garcia Herrero (1991)ː Futbolaria.
- Eider Gardiazabal (1975): PSOEko eurodiputatua Europako Parlamentuan. Ramón Rubial PSEko buruzagiaren biloba.
Iruditegia
- Auzoaren ikuspegia 2010ean.
- Juan Carlos de Gortazar kalea.
- San Luis Meategiaren kalea eta eskuinean Miribilla parkea.
- Gernika lorategia eta auzoko etxebizitzak.
- Gernika lorategiko errekatxoa.
- Miribillako eliza.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «Bilbaopedia - Miribilla. Calle» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
- Urgell, Blanca. «Ardiaren taktika» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-15).
- Ayuntamiento de Bilbao: Plano de la Villa.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bilbo |
- (Gaztelaniaz) Miribillako auzoaren webgune ofiziala