Miren Elgarresta
Miren Elgarresta Larrabide (Zumarraga, Gipuzkoa, 1965eko apirilaren 1a) gipuzkoar teknikaria eta kudeatzailea da. Albaitaritzan lizentziatua, ordutik lehen sektoreari lotutako zenbait enpresatan teknikari gisa jarduten finkatu du bere ibilbide profesionala. 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria izendatu zuten, Markel Olano diputatu nagusiaren sailera atxikita. 2015-2019 legealdiaren ondoren ere kargu horretan jarraitu zuen 2019tik aurrera, 2022ra arte. 2022ko urrian Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Emakundeko zuzendari izendatu zuen.[1] EAJko kidea da, Oñatin eta Antzuolan zinegotzi izandakoa.
Miren Elgarresta | |||
---|---|---|---|
2022ko urriaren 4a - ← Izaskun Landaida | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Zumarraga, 1965eko apirilaren 1a (58 urte) | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Zaragozako Unibertsitatea (1983 - 1989) lizentziatua : Albaitaritza | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | aholkularia | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Ibilbidea
1983an albaitaritza ikasketak hasi zituen Zaragozako Unibertsitatean, eta 1989an lizentziatu zen. Lizentziatura horretaz gain Euskal Ikasketen diplomaduna da, eta bigarren hezkuntzako irakaskuntza masterra gauzatu du.
1989tik 2004ra arte Lurgintza Nekazal Kooperatiban egin zuen lan teknikari gisa, abeltzain eta baserritarrei aholkularitza emanez. 1997 eta 2004 bitartean Artzain Eskolako albaitari teknikaria eta irakaslea izan zen.[2] 2001ean Artzain Mundua elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta gerora bertako koordinatzailea izan zen.[3][4] 2004tik aurrera Abelur kooperatiban aritu zen, abeltzain ustiapenetako aholkulari-teknikari lanetan, 2009ra arte. Ondoren ingurumen alorrera igaro zen, eta 2009tik 2015era Arantzazuko Parketxean ingurumen proiektuen teknikari modura egin zuen lan.[5]
2007an hasi zuen bere ibilbide politikoa, Oñatiko EAJren kide eginda.[6] 2011ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendetan aurkeztu zen, eta 2015ean alderdiaren alkategaia izan zen.[7][8] 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendari izendatu zuten.[9] Ardura horretan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko lehen foru plana (Aurreǃ) jarri zuen martxan.[10] Gainera, Berdintsunerako Emakunde Sariaren epaimahaikidea izan da, baita Emakundeko zuzendaritza kontseiluko ordezkoa eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Zuzendaritza Batzordeko ordezkoa ere.[11]
2022ko urrian, Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Emakundeko zuzendari izendatu zuen Elgarresta, Izaskun Landaida ordezkatuz.[1][12]
Bizitza pertsonala
Zumarragarra izan arren, 29 urte zituenetik Oñatin bizi da.[8] Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu.[13] Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez mintzatzen da. Mendia, zinema eta irakurtzea ditu gustuko.
Hauteskundeak
Hauteskundeak | Hautagaitza | Barrutia | Postua | Emaitza | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|
2011ko udal hauteskundeak | EAJ | Oñati | 10.a (17tik) | Ez hautetsia | |||
2015eko udal hauteskundeak | EAJ | Oñati | 1.a (17tik) | Hautetsia[lower-alpha 1] | |||
2019ko udal hauteskundeak | EAJ | Antzuola | 3.a (11tik) | Hautetsia | |||
|
Erreferentziak
- Eusko Jaurlaritza. (2022). «Gobernu Kontseiluak Miren Elgarresta, Miren Saratxaga eta Eneko Goenaga izendatu ditu hainbat arloren buru (Gobernu Bilera 2022-10-4)» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- Zarandona, Josune. ««Orokorrean, emakumeen bizkar gainean dago zaintzaren ardura»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- «Miren Elgarresta, artzainen artzain (110. alea)» Otamotz 2005-10-23 (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- «Miren Elgarresta: ‘Ameriketan, ‘euskaldun’ berbea errespetuzko berbea da’» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- Miren Elgarresta CV 2019 - Gipuzkoako Foru Aldundia, gipuzkoairekia.eus
- Hauteskundeak 2015 EAJ-PNV, Miren Elgarresta www.eaj-pnv.eus
- EAJ-PNV. «Miren Elgarresta izango da Oñatin EAJren hautagaia alkatetzarako» EAJ PNV (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2015-01-23). «Miren Elgarresta, candidata del PNV a la Alcaldía de Oñati» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- «77/2015 FORU DEKRETUA, irailaren 1ekoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren titularra izendatzekoa.» egoitza.gipuzkoa.eus (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- EAJ-PNV. «Aurre!, Emakumeen aurkako indarkeria gainditzeko Erkidegoko lehen Foru Planak prebentzioan jarriko du indarra» EAJ PNV (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- (Gaztelaniaz) Astarloa, Iraitz. (2022-10-04). «Miren Elgarresta, nueva directora de Emakunde» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- Lozano, Arantxa Iraola-Maite Asensio. «Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2015-01-23). «Miren Elgarresta, candidata del PNV a la Alcaldía de Oñati» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).