Mintzapraktika
Mintzapraktika euskararen erabilera sustatzeko ekimen orokorra da, Euskal Herrian zehar barreiatutako mintzalagun, berbalagun, mintzakide edo solaskide taldeak biltzen dituena. Aipatutako helburua hartuta, hiztunak arlo teorikotik praktikara igarotzea xedea da, gizartean ikusgarri bihurturik eta beti ere boluntariotzan oinarrituta dagoelarik. Horretarako mendirako txangoak, ekitaldi kulturalak eta abar antolatzea ohikoa da.
Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea dute ekimen hauek, eta gaur egun Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan martxan daude, 40 udalerritan eta 2.000 bat pertsonek parte hartzen dutelarik.
Historia
Aitzindaria Donostiako Mintzalagun ekimena izan zen 1993an, eta ordutik hedatuz joan dira antzeko egitasmoak euskal geografian zehar. 2000an Bizkaiko erakunde publikoak herrialde hartan mintzapraktika antolakuntzen hasi ziren. Azkenik, 2007an hiru probintzietarako koordinazio moduan "Mintzapraktika" ekimena abian ipini zuten AEK, Topagunea eta Eusko Jaurlaritzak.
Urte batzuk lehenago, 1989an Kataluniako Generalitatea eta 19 udalerrik sortu zuten "Consorci per a la Normalització Lingüística" erakunde publikoa martxan ipini zuten, "voluntaris per la llengua" izeneko ekimenak lankidetzan egiteko asmoz. Katalunian, ohikoa da mintzapraktika taldeetan estatu espainiarretik kanpotik etorritako herritarrek parte hartzea.
Bestela, Galizian ere 2007an erakunde publikoak lehenengo ekimenak sustatzen hasi ziren.