Minimalismo
Minimalismoa 1960ko hamarkadaren hasieran, espresionismo abstraktuaren erreakzioz, Estatu Batuetan sortutako mugimendua da. 1965ean, Donald Judd teorialari eta artistak artikulu bat idatzi zuen Specific Objects aldizkarian, bere objektibotasun erabatekoaren idealak adierazteko euskarri gisa pintura utzi eta haren ordez eskultura lantzen hasi izana argudiatuz. Urte hartan bertan, Richard Wollheimek "minimal" hitza erabili zuen lehen aldiz printzipio horien arabera sortutako obrak aipatzeko. Joera horren sorburua infinituaren kontzeptua adierazteko errepikapenaren ideia erabiltzen zuten Constantin Brancusi, Alexander Rodtxenko eta Vladimir Tatlinen obra batzuetan zegoen.
Minimalistak arte-objektuan bertan kokatzen ditu bere sormenaren erreferentziak, kanpoko munduaren interferentzietatik erabat aldenduz. 1960ko hamarraldiaren hasieran, beren ideiak adierazteko eskultura baliatu zuten artista erradikalen belaunaldi bat sortu zen: Judd bera, Robert Morris, Carl Andre, Dan Flavin, Sol LeWitt eta Richard Serra, besteak beste. Egitura edo sistema gisa definitzen zituzten obra sail bat sortu zuten, oinarrizko materialak eta forma geometrikoak erabiliz.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.