Milka (Biblia)
Milka (hebreeraz: מִלְכָּה, Mīlkā) Biblian ageri den pertsonaia da, Haranen alaba, Loten arreba, Jiskaren ahizpa eta Nahorren emaztea. Tradizioaren arabera, Rebekaren amona zela uste da, eta midrashen testu batzuek Sararen ahizpa bezala identifikatzen dute.
Milka (Biblia) | |
---|---|
Argitalpena | |
Ageri den obrak | ikusi
|
Datu biografikoak | |
Jaiotza | Mesopotamia |
Sexua | emakumezkoa |
Familia | |
Aita | Haran |
Ezkontidea(k) | Nahor (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Sararen ahizpa
Hasiera liburuko pasarte batek Haran Jiskaren eta Milkaren aita gisa identifikatzen du[1][2]. Zenbait testu errabinikoren arabera, Jiska eta Sara pertsona bera zen[3]. Babiloniako Talmudaren arabera, Jiska eta Sara pertsona bera zela idatzi zuena Isaak Nappaha Palestinako errabinoa zen[3].
Rebekaren arbasoa
Hasiera liburuak dio Rebeka Milkaren biloba eta Betuelen alaba zela[4], baina batzuek uste dute Milka Rebekaren ama izan zitekeela. Haien ustez, Betuel testuari geroago gehitutakoa zen eta Rebeka Milkaren eta Nahorren alaba zen[5][6].
Ezkontza eta ondorengoak
Hasiera liburuko 22. kapituluaren arabera, Milkak eta Nahorrek zortzi seme izan zituzten: Utz, Buz, Kemuel, Kesed, Hazo, Pildax, Idlaf eta Betuel[7]. Targum Jonathanek uste zuen Jainkoak Milkari seme asko eman zizkiola bere ahizpa Sararen merituan[8]. Milkaren seme Betuel Padan-Aramera joan zen (Aram-Naharaim ere deitua) eta Rebeka izeneko alaba izan zuen[9][4]. Midrash batek dio Milka juduak ez ziren profeta guztien arbasoa izan zela[10].
Intzestua
Abraham ben Ezrak idatzi zuen Haran, Milkaren aita, ez zela Haran, Abrahamen anaia, beste pertsona bat baizik. Milka Nahorrekin ezkondu zen, hura ere Abrahamen anaia zen. Ben Ezraren interpretazioaren arabera, Milka ez zen bere osabarekin ezkondu[11].
Babiloniako Talmudean, Isaak errabinoak idatzi zuen Haran izena duten bi gizonak pertsona bera zela, eta Jiska eta Sara ere pertsona bera zela. Hori egia bada, Milka osabarekin ezkondu zen. Geroago Lebitarrenak izeba-iloben arteko ezkontzak legez kanpo utzi zituen arren[12][13], osaba-iloben arteko ezkontzak ez zituen debekatu. Talmudek ere arrebaren alabarekin ezkontzea onartzen du[14].
Erreferentziak
- Has 11:29
- (Ingelesez) Radin, Max. (1922). «Teknonymy in the Old Testament» The Harvard Theological Review 15 (3): 293-297..
- (Ingelesez) Segal, Eliezer. (1992). «Sarah and Iscah: Method and Message in Midrashic Tradition» The Jewish Quarterly Review 82 (3/4): 417-429. ISSN 0021-6682..
- Has 24:15
- (Ingelesez) Jastrow, Morris, Jr.; Eerdmans, B.; Ginzberg, Louis. «Bethuel» Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
- (Ingelesez) Emerton, J. A. (1992). «The Source Analysis of Genesis XI 27-32» Vetus Testamentum 42 (1): 37-46. ISSN 0042-4935..
- Has 22:21-22
- (Ingelesez) «Targum Jonathan on Genesis 22:20» Sefaria (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
- Has 22:23
- (Ingelesez) Saperstein, David. «May You Be Like Sarah and Milcah» Hadar (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
- (Ingelesez) Hirsch, Emil G.; Seligsohn, M. «Milcah» Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
- Lb 18:14
- Lb 20:19
- (Ingelesez) «Yevamot 62b-63a» Sefaria (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).