Milango bost egunak
Milango bost egunak, 1848ko martxoaren 18an Austriar Inperioaren agintearen aurka hasi zen Herrien Udaberriko testuinguruan Milanen izan zen iraultza deskribatzeko erabiltzen den esamoldea da. Milan, orduan, lonbardiar-veneziar erresumako hiriburuetako bat zen. Inperioaren aldekoek gertaera hauek gerra zibil bezala deskribatu zituzten, milandarrek, atzerriko okupazioaren aurrean askapen mugimendu batez hitz egin zuten bitartean.
Milango bost egunak | |||
---|---|---|---|
Baldassare Verazziren margolana | |||
Data | 1848ko martxoaren 18tik 22ra | ||
Lekua | Milan, Lombardia-Venezia Erresuma | ||
Koordenatuak | 45°28′01″N 9°11′24″E | ||
Emaitza | Matxinatuen garaipena eta hiriaren askapena[1] | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Bost eguneko borrokaren amaieran, hiriko biztanleek Austriako agintariak eta tropak kanporatu zituzten. Udalerriak behin-behineko gobernu moderatua ezarri zuen, hirian zeuden oposiziogile milandar, errepublikano eta federalistekin gatazkan. Udalerriak bere bizilagunari, Karlos Alberto Sardiniakoari, dei egin zion, bere erresuma hedatzeko aukera bat ikusi baitzuen. Karlos Alboertok gerra deklaratu zien Austriari eta Lonbardia anexionatu zuen, baina honek, bere hondamendi militarren ondoren, alde egin behar izan zuen, abdikatzera behartuz.
Matxinadak, emozio handia eragin zuen, eta elementu iraultzaileak erakarri zituen, Mazzini eta Garibaldi kasu, orduan erbesteratuak zirenak, monarkikoen artean beldur handiak piztuz. Risorgimentoaren historiografian, altxamendua, Italiako batasunaren atal nagusietako bat da, garaipen garrantzitsu bat lortzeko herri ekimen bakarra baita, eta Italia eraikitzea ekarriko zuten gertaeren hasiera markatu zuen.
Aurrekariak
Luis Filipe I.a Frantzian boteretik kendu zuen iraultzaren ondoren, hungariarrak altxatu ziren eta Austriak konstituzio modernoa, demokratikoa eta ordezkatzailea ezartzea eskatu zuten[8]. Vienako ikasleek, era berean, prentsa askatasuna eta erakundeen erreforma eskatu zuten. Armadak bortizki erreprimitu zuen gainerako biztanleen artean zabaltzen zen protesta. Fernando I.a Austriakoa enperadoreak Metternich kantzilerrarengandik bereizi eta erabaki zuen konstituzio bat onartu eta gobernu berri bat eratzea. Iraultza, baina, inperio osoan zabaldu zen, bereziki Lombardiar-Veneziar erresuman, non Venezia izan zen altxatzen lehena[9].
Milan, Veneziarekin batera, lombardiar-veneziar erresumako hiriburuetako bat zen, Austriar Inperioaren menpeko estatu bat, Metternichek ezarri zuena Vienako Kongresuan, Napoleondar inperioa erori ondoren. Italiako penintsulako hiri handian bazen intelektualtasun bat urte asko zeramatzana jarduera nazionalistan. Adibidez, Venezian Daniele Maninekin eta Milanen Carlo Cattaneorekin[10].
1848ko urtarrilean, Milango egoera piztu zen. Tabakoaren aurkako boikota ("Sciopero del fumo"), Austriako gobernuaren zergak kaltetzera bideratua, larriagotu zen. Tropa inperialek hainbat abusu egin zituzten zerga horren kontura eta 6 pertsona hil eta 50 zauritu zituzten[11][12]. Gertakari hauek beste hiri batzuetara hedatu ziren, bereziki Paviara, eta herritarrek austriarrekiko zuten gorrotoa areagotzen lagundu zuten. Vienak errepresio politika aplikatu zuen eta militante nazionalisten atxiloketa agindu zuen. Urtarrilaren 30ean armak eta gerrako munizioak eramatea debekatu zen, eta otsailaren 1ean zentsura ezarri zen. Martxoaren 17an, Vienako altxamenduaren albisteak Milanera iritsi ziren.
Altxamendua Milanen
Egun hauetan, Lombardo-Veneziar erresumako erregeordea, Austriako Rainier Artxidukea, eta Milango gobernadorea, Johann Baptist Spaur, ez zeuden hirian. Radetzky mariskala baina zen zegoen jardunean, laurogei urteko militar kementsu baina zorrotza. Milanen, goarnizio austriarra handia zen, 14.000 armadun, gehienak hungariarrak, kroaziarrak eta beste eslaviar batzuk[13][10].
Martxoaren 18
O'Donnell kondeak, gobernadorea ordezkatu zuenak, enperadorearen asmoa iragarri zuen: prentsa lege bat egitea eta, uztailaren 3a baino lehen, Austriaren kontrolpean zeuden nazionalitateen biltzar bat deitzea. Asmoa lausoegia zenez, Attilio de Luigi Mazziniarrak eta beste nazionalista batzuek manifestazio herrikoi bat antolatzea erabaki zuten. Behin-behineko gobernu bateko kide izango direnen izenak ere aipatu zituzten[10].
Cesare Correntik aldarrikapen bat prestatu zuen, prentsa askatasuna, guardia zibil baten sorrera, ordezkaritza nazionalaren deialdia eta armadaren neutraltasuna eskatzen zituena. Gabrio Casati podestak eta udalerriko kide batzuek osatzen zuten hegal moderatuak Vienatik kontzesioak lortu nahi zituzten, baina matxinada armatua onartzeari uko egin zioten[10].
Veneziarrek ez bezala, autonomia nahi zutena, milandarrek Piemontearekin bat egitea aurreikusten zuten, azken honen ekintza militarraren zain, Austriako errepresiotik babestuko zituena. Batzuek, Carlo Cattaneok kasu, Karlos-Alberto Sardiniakoaz mesfidati eta iraultza baten arrakastaz eszeptiko, Lombardiaren autonomia lortu nahi zuten[10].
Milandar talde armatu batek, Casati gobernadorearen jauregira iritsi aurretik, zaindari bat hil eta O'Donnell harrapatu zuen. O'Donnellek hiru dekretu sinatu behar izan zituen: poliziaburua kargutik kentzea, poliziak bere armak udalerriari entregatzeko agindua ematea eta guardia zibila sortzea. Casati, Cernuschi eta matxinatuak Austriako destakamendu batek antolatutako tiroketa batean harrapatu zituzten, eta, irtenbide baketsu bat bilatzen ari ziren bitartean, Torresani-Lanzfeld poliziaburuak O'Donnellen dekretuak baztertu zituen[14].
Guardia Zibila berez sortu zen, Radetzkyk berehala kontraneurriak antolatu zituen bitartean. Austriako destakamenduak kuarteletatik atera ziren eta puntu estrategikoak hartu zituzten. Herritarrek lehen barrikadak antolatu zituzten, altzariak eta koltxoiak leihoetatik botaz. Lehenengo tiroak arma-laburrekin egin ziren, eta, horiekin batera, lore-pitxerrak bota zituzten balkoietatik eta teilatuetatik[14].
Austriarrek 100 pertsona inguru harrapatu zituzten, Teodoro Lechi jeneral ohia eta zinegotziak barne[14], milizia iraultzailearen agintea onartu bezain laster. Hauek Rocchettara eraman zituzten, Sforzatarren gaztelura. Han mantendu zituzten horietako asko altxamendua amaitu arte. Beste batzuk, ordea, Radetzkyk bahitu bezala hartu zituen[15]
Martxoaren 19
Hiri osoa iraultzan parte hartzen hasi zen, destakamendu austriarrak isolatuta daude hirian zehar eraiki ziren 1.600 barrikaden ondorioz. Barrikada hauen arteko komunikazioa umezurztegietako haurrak ziren Martinittarren bidez egiten zen. Iraultzaileak klase sozial guztietatik zetozen: haien artean mazziniarrak, federalistak, Piamonteko monarkiaren aldekoak eta katoliko sutsuak zeuden. Barrikadetako batean apaizgaiak zeuden[16], eta herritarrek Pio IX.a Aita Santuari dei egiten zioten hartu zituen neurriengatik jaso zuen kredituagatik: amnistia orokor bat preso eta erbesteratu politikoentzat eta konstituzio bat onartzea[17].
Radetzkyk hiria bonbardatzeko mehatxua egin zuen, bertako matxinatuak langileak, artisauak, ikasleak eta arma gutxiko emakume asko izanda ere. Luciano Manara, Cernuschi eta Agostino Anfossi bezalako liderrak agertu ziren. Austriarrek gaztelua eta gotorlekua utzi zituzten[18].
Borroka areagotu ahala, Cattaneok gerra kontseilu bat eratu zuen Cernuschi, Clerici eta Terzaghirekin matxinada koordinatzeko, bereziki hiriko ateak hartu eta lonbardiar landazabala biltzeko[18]. Bi posizioen arteko komunikazioa Lombardia mobilizatzea helburu zuten globoen bidez egiten da[19].
Matxinada ezagutu bezain laster, zirrara handia piztu zen Italiako penintsula osoan. Lehen laguntza Como, Paviatik eta Italiar Suitzatik iritsi ziren[19]. Genovako abertzaleek Milanera irtetea eskatu zuten, eta Nino Bixio eta Goffredo Mameli 300 mazziniensekin atera ziren gauean. Boluntarioak beste eskualde batzuetatik ere bazetozen. Hala ere, Piamonteko tropek atxilotu egin zituzten. Boluntarioek, askotan errepublikarrak, Karlos Alberto erregea gehiago izutzen zuten austriarrek baino. Lehen boluntarioak Milanera 23ra arte ez ziren iritsi, hiria askatu ondoren[20].
Radetzkyk su-eten bat proposatu zuen, Casati aldekoa zena, oraindik Vienak erreformak eman zain. Cattaneok halako su-etenaren arriskua sentitu zuen, Radetzky Lombardo-Veneziar erresumatik irtetearen aukera bakarrik onartzeko prest baitzegoen[19]. Martxoaren 19an eta 20an[21], matxinada batzordeak (Taverna etxea) armistizioa errefusatu zuen, bereziki Ettinghausen komandantearena[22]. Casatik negoziazioak egin zituen Karlos Albertorekin, gertakariek ustekabean harrapatu zutena. Azken honek ez zuen austriarren aurkako gatazka batean sartzen lehena izan nahi, eta soilik bere mugak urratuz edo Milango udalerriari laguntza eskatuz esku hartzea onartu zuen, bere burua Europako gobernuen aurrean justifikatzeko[23].
Enrico Martini, Karlos Albertorekin bilera bat egin ondoren, Milanera joan zen, esku-hartze militarra bermatuz, udalerriak behin-behineko gobernu bat eratzen bazuen. Concordiak, Turingo egunkari batek, berehalako gerra eskatu zuen[24][23].
Martxoaren 20
Borrokek aurrera jarraitu zuten martxoaren 20an. Beharrezkoa zirudien zuzendaritza politiko eta militar bat martxan jartzea, Casatik une horregatarte egiteari uko egin ziona, Udala soilik ordezkatzeko asmoz. Azkenean, goizean erabaki zen, ordenantza baten bidez, O'Donnellen dekretuak indarrean jarriko zirela, "aginte politikorik ez zegoelako". Ordenantzak lau batzorde exekutibo eta Bellati poliziaren zuzendaritza ere aurreikusten ditu. Batzorde exekutiboak honako hauek dira: pertsonen Segurtasunerako Zaintza Batzordea (Comitato di vigilanza alla sicurezza personale), Segurtasun Publikoko Batzordea (Comitato di pubblica sicurezza), zeinaren presidentea Angelo Fava doktorea zen[25], finantzen bartzorde bat, eta biziraupenaren eta hiriaren defentsaren arloko gaietarako bana[26]. Francesco Borgia kondea, Lechi jenerala, Alessandro Porro, Enrico Guicciardi, Anselmo Guerrieri-Gonzalaga abokatua eta Giuseppe Durini kondea Udaleko kolaboratzaile izendatu zituzten[21].
Udalaren kokapena anbiguoa da: Casati, iraultza garaile izan arren, soilik O'Donnellek preso eta estortsio pean egindako dekretuetan oinarritzen zen. Izan ere, Udala eta bere ordezkariak korronte aristokratiko moderatukoak ziren, eta eginahalak egin zituzten iraultzak joera demokratikoa edo errepublikarra har ez zezan, Austriako agintaritzaren aurrean gehiegi konprometitu ez eta matxinatuengandik urruntzeko[21].
Arratsaldean, Cattaneon gerra kontseilua osatu ondoren, Casatik ordenantza bat igorri zuen, botere guztiak Udalaren esku zeudela esanez. Gaetano Strigelli eta Vitaliano Borromeo kondeek udal taldea indartu zuten[21]. Anfossi Duomora igo zen, ordura arte tiroldar ehiztariek okupatua, eta hiru koloreko bandera jarri zuen[12].
Martxoaren 21
Torresani-Lanzfeldek, 26 urtez poliziaburua izan eta Metternichek bere leialtasunagatik estimatuak, Milan utzi zuen Austriako administrazioko kide guztiak atzetik zituela[25].
Behin-behineko gobernua eratu zen. Casati, Vitaliano Borromeo, Marco Greppi, Giuseppe Durini, Anselmo Guerriri Gonzalaga, Pompeo Litta, Gaetano Strigelli, Cesare Giulini, Antonio Beretta, Alessandro Porro eta Correnti zituen idazkari nagusiak. Gobernu berriak Martini enbaxadore izendatu zuen Turinen[24].
Borroka, matxinatuentzako abantaila bihurtzen da; via Monte di Pietà jauregian, 160 soldadu austriar setiatuta zeuden. Borroka honetan, Anfossi hil egin zuten. Austriarrek puntu gutxi batzuk baino ez zituzten kontrolpean, matxinatuek galera handiekin konkistatzen dituztenak. San Simplicianoko kuartela, San Lucako ikastetxea eta San Simoneko poliziaren bulegoak erori ziren. Radetzkyk, zailtasunetan eta hornidura eskasarekin, erretiratzeko aukera dagoela uste zuen[12].
Martxoaren 22
Goizean, Cattaneok, orientazio demokratikoko bigarren gobernu bat eratzeari uko egin ondoren, Gerra Kontseiluan bere dimisioa aurkeztu zuen, Defentsa Batzordearekin bat egitea proposatuz. Erabaki honekin, gobernuaren elementu moderatuen aurrean amore eman zuen, menpeko posizio batean jarriz eta Italiaren independentziaren aldeko borroka federal eta nazional baten proiektua babestuz[26].
Biztanleria garaile izan zen Porta Tosan eta Porta Comasinan, harresien kanpoko herriekin lotuta errefortzuak eta hornidurak iristea ahalbidetzen duena. Radetzkyk bere tropak gazteluaren inguruan bildu zituen eta hiria bonbardatu zuen 11:00etan hasi zen erretirada babesteko[27].
Egun hori ospatzeko, behin-behineko gobernuaren egunkari ofizialak "Il 22 marzo" zuen izena. Lucini Passalacqua kondeen jauregian zuen egoitza, Via Monti di Pietà kalean.
Ondorengo gertakariak
Piemonte gerran sartu zen
Martxoaren 23an, Austriako armadak jada ez zuen baserik Lombardian, eta apirilaren 2an, Quadrilateroko gotorlekuetara erretiratu ziren[27].
23an, Martini Turinera iritsi zen. Karlos Alberto Sardiniakoari Radetzkyren ihesaren berri eman zion eta espero zuen gutuna eman zion. Karlos Alboertok aldarrikapen bat idatzi zuen eta, hiru koloreko banderarekin, bere jauregiko balkoitik Italiaren lehen independentzia gerraren hasiera adierazten zuen Piemonteren esku-hartzea iragarri zuen, Camillo Cavourrek Risorgimenton gerraren aldeko artikulu luze bat argitaratu zuen bitartean[28].
Piemonteko armadaren mugimenduak motelak ziren, karreradun ofizial asko ez baitzeuden gerra honen arrakastaz konbentzituta, beste batzuk, iraultzaileei nazka erakusten zieten bitartean. Ticinoa martxoaren 25ean pasa zuten eta Milanera 26an iritsi ziren. Tropen progresioa motela zen, Radetzkyri erraz erretiratzeko aukera emanez. Hau Karlos Albertorentzat lehen gerra zen eta esperientzia falta zitzaion. Jeneral aditurik gabe eta Antonio Franzini gerra ministroaz inguratuta zegoen. Bakoitzak bere iritzia ematen zuen, eta, ondorioz, komandoa nahastu egiten zen[29].
Hemendik aurrera, Milanen, egunkari eta zirkulu politiko asko sortu ziren. Erbesteratutako asko, Giovanni Berchet eta Giuseppe Ferrari tartean, etxera itzuli ziren eta kezkatuta zeuden Piemonterekin zegoen aliantzarekin[30]. Apirilaren 7an, Giuseppe Mazzini Milanera joan zen. Apirilaren 30ean, bilera batean parte hartu zuen oposizioko buruzagiekin, Ferrari, Cattaneo eta Cernuschirekin, eta kontra agertu zen, Italiak demokraziaren eta errepublikaren gainean independentzia lor zezan, nahiz eta behin-behineko gobernua boteretik kendu nahi izan[31].
Armada eta gastu militarrak finantzatzeko, behin-behineko gobernuak interesik gabeko mailegua abiarazi zuen martxoaren 27an, baina arrakasta txikia izan zuen[32]. Apirilaren 8an, Lombardiako gainontzeko hirietako gobernu matxinatuetako kideen babesarekin, Lonbardiako behin-behineko gobernu zentral bat eratzea erabaki zuen, probintzia bakoitzeko kide batekin.
Aldi berean, Toscanako Dukerri Handiak eta Aita Santuen Lurraldeek, konstituzio bat eman zutenak, soldaduak bidaltzea baimendu zuten, lehenak, Austriaren aurkako gerra babesteko, gerra deklaraziorik gabe, eta bigarrenak, euren mugak babesteko[33]. Giovanni Durando Aita Santuaren Jenerala, bere aginduetan gainditu zen, eta Po ibaia zeharkatu zuen Veneziari laguntzeko. Maiatzean, Bi Sizilietako Erresumak, Pepek zuzendutako tropak bidali zituen[34]. Esku-hartze hauek, Karlos Alboertoren politika eta aldarteari men egiten zioten, "L'Italia farà da sè" (Italiak bere burua egingo du) uste zuena[35].
Garaipen batzuk lortu arren, Karlos Albertok ezin izan zuen Radetzky behin betiko garaitu, Austrian espero ziren errefortzuak jasotzea ahalbidetuz. Piemontetarrentzako zailtasunak berdinak izaten jarraitzen zuten: pertsona gehiegi agintean eta eskarmentu falta nabarmena akats taktikoetara eramaten zuena[29].
Piemonteren errendizioa
Vincenzo Gioberti eta Piemonteko agente askok, lombardiar funtzionarioak konbentzitu zituzten Lonbardiak Sardiniako Erresumarekin bat egiteko, eta errepublikarren azken erresistentzia gainditu zuten. Maiatzaren 12an, bat-egitea aldarrikatzen zuen dekretu bat argitaratu zen[36].
Maiatzaren 29an plebiszitu bat egin zen demokraten kontseiluaren aurka, Mazzini barne, behin-behineko gobernuak Lonbardiako batzar bat deitzea aurreikusita zegoelako. Emaitza anexioaren aldekoa izan zen (aldeko 561.002 boto eta kontrako 681)[36] eta ekainaren 28an Turingo Ganberak lege proiektua onartu zuen, aldeko 127 botorekin eta kontrako 7rekin, honako hau aurreikusten zuena:
« | Lombardia eta Padua, Vicenza, Treviso eta Rovigo probintziak berehala batzea, herri hauek bozkatu eta onartu zutena. Lonbardiak eta probintzia horiek, sardiniar estatuekin eta jada elkartuta dauden beste estatuekin batera, erresuma bakar bat osatzen dute. | » |
Uztailaren 25ean Custozaren porrotaren albisteak kezka eta eztabaida piztu zituen Milanen. Oro har, hiria Piemonteko armadaren laguntzarekin defendatu behar zen. Lurjabe handiek baino ez zuten nahiago antzinako erregimen austriarra iraultzailea baino[37]. Cattaneo, Mazzini, joera guztietako errepublikano eta demokraten presiopean, Lombardiako behin-behineko gobernuak defentsa publikoko batzorde bat sortu zuen uztailaren 27an, alderdi militar, finantzario eta polizialez ahalik eta azkarren eta eraginkortasun handienarekin arduratzen dena[21].
Abuztuaren 1ean, Turinek izendatu zituen Lombardiako errege ordezkariak, Trantsizio Erregimenaren Legearen arabera. Angelo Olivieri di Vernier jenerala, Massimo Cordero di Montezemolo diputatua eta Gaetano Strigelli ziren. Hurrengo egunean, behin-behineko gobernua ezohiko kontsultarako itzuli zen. Erregearen helburua Alderdi Errepublikanoak Milanen boterea hartzea saihestea edo balizko garaipen herrikoi batek monarkia boteretik kentzea zen[21][37].
Desadostasunak errege komisarioen eta batzordeko kideen artean sortu ziren. Abuztuaren 4an, Olivierik batzordeko kideen aurka protesta egin zuen, barrikadak antolatzea eta mobilizaziora deitzea ez zegokiola argudiatuz, austriarren etorrera aurreikusiz, hiriaren hego-ekialdean hiru Piamonteko dibisioren eta austriarren arteko borrokak lehertu baitziren[38].
Hala ere, iraultza eta independentzia ilusioak bere amaierara iritsi ziren abuztuaren 4 eta 5eko armistizio akordioekin, Piamonte Custozaren porrotaren ondoren, Karlos Albertok Salascoko armistizioa sinatzera behartuz[39][40]. Batzordearen protestak ondoriorik gabe geratu ziren Olivierik akordio austro-piemotarraren baldintzak jakinarazi zituenean: erregeak hiria Radetzkyri entregatu zion, bertan abuztuaren 6an eguerdian sartu zena, Piemonteko tropak Ticinotik haratago erretiratu ziren bitartean[21][38].
Ondorioak
Karlos Albertok 1849ko martxoan ekin zion berriro liskarrei, baina Novarako guduan berriro galera handia izan zuen eta bere seme Viktor Emanuelen alde abdikatu zuen[41]. Cavourrek, gobernuaren ardura hartu zuenak, Frantziara hurbiltzeko politika bat ezarri zuen, Austriako inperio boteretsuari aurre egiteko funtsezkotzat jotzen baitzuen, Viktor Emanuelek lagunduta. Milanek beste altxamendu demokratiko bat izan zuen 1853an, 1848ko mamuak esnatuz. Cavourren politikak Plombièresko akordioetara eta Frantzia Italiako Bigarren Independentzia Gerran parte hartzera eraman zuen, Milan eta Lonbardia Zuricheko Itunaren bidez 1859an behin betiko anexionatzera, eta errepublikar anbizio guztien amaierara[42][43].
Oroitzapena
Monumentuak
Milanen, Piazza Tosak Piazza della Vittoria izena hartu zuen. Giuseppe Grandik 1881ean egindako obelisko bat dago, lehiaketaren lehen irabazleak, Luca Beltramik, bere eraikuntzari uko egin ondoren. Obeliskoaren inguruan, bost emakume irudik bost egunak sinbolizatzen dituzte: ukitua, mina, xaxatzea, gosea eta garaipena. Obeliskoaren goialdeko izarrak egun berria sinbolizatzen du. Plaza inguratzen duten kaleek gertaeren protagonistak gogorarazten dituzte.
Filmografia
- Dalle cinque giornate alla breccia di Porta Pia (1923),Silvio Laurenti Rosaren film mutua.
- Le cinque giornate, Dario Argentok 1973an egindako film historikoa.
- Le cinque giornate di Milano, 2004ko telesail laburra, Carlo Lizzanik zuzendua eta Giancarlo Giannini antzezle nagusia.
Narrazioa
- Aprire il fuoco Luciano Bianciardik 1969an idatzia, altxamendua XX. mendera eramaten du.
- Una storia romantica, Antonio Scuratirena (2007).
Erreferentziak
- Grenville, J. A. S. (John Ashley Soames), 1928-2011.. (2000). Europe reshaped, 1848-1878. (2nd ed. argitaraldia) Blackwell Publishers ISBN 0-631-21914-5. PMC 41592926. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Berkeley, G. F.-H. (George Fitz-Hardinge), 1870-. (2010). Italy in the making. Volume 3, January 1st 1848 to November 16th 1848. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-15865-7. PMC 619916260. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- (Ingelesez) Charles Edmund Maurice. (1887). The Revolutionary Movement of 1848-9 in Italy, Austria-Hungary, and Germany. G. Bell and sons (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- «Due secoli di guerre. 1. Il risveglio dell’America: La guerra d’indipendenza degli Stati Uniti (1775-1783): La guerra anglo-americana (1812-1814): Le lotte per l’indipendenza nell’America latina (1810-1847) 2. La Francia contro l’Europa 3. Le guerre dell’unità d’Italia 4. Le guerre yankee 5. Le - Indro Montanelli - Mario Cervi - - Libro Usato - Editoriale Nuova (Novara) - | IBS» www.ibs.it (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini, 329 orr. .
- Banti, Alberto Mario, 1957-. (2008). Il Risorgimento italiano. (1. ed. nella Economica Laterza. argitaraldia) GLF editori Laterza ISBN 88-420-8574-X. PMC 212739513. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- (Gaztelaniaz) «Die kriegerischen Ereignisse in Italien in den Jahren 1848 und 1 de Meyer-Ott, Wilhelm, 1797-1877: very good Hardcover (1877) | Hammelburger Antiquariat» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini 2004, 325 orr. .
- Ambrosini 2004, 326 orr. .
- Ambrosini 2004, 330 orr. .
- Baldi 1905, 3-4 orr. .
- «La Scuola per i 150 anni dell'Unità d'Italia - Eventi - Le Cinque giornate di Milano» www.150anni.it (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini 2004, 329 orr. .
- Ambrosini 2004, 331 orr. .
- Giuseppe Gallia, Antonio. (1867). Biografia del generale Teodoro Lechi. .
- Romano 2001, 16-17 orr. .
- «Autenticità umana e spirituale, Pio PP. IX» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini 2004, 332 orr. .
- Ambrosini 2004, 333 orr. .
- Ambrosini 2004, 345-346 orr. .
- «Il Governo provvisorio di Lombardia» www.societanazionale.it (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- (Italieraz) «Carlo CattaneoIndietro, Savoia!» lastampa.it 2011-06-13 (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini 2004, 341 orr. .
- Ambrosini 2004, 334 orr. .
- «Digitami - Opera» www.digitami.it (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- «Comitato di vigilanza sulla sicurezza personale, 1848 marzo 20 - 1848 agosto 6 – Istituzioni storiche – Lombardia Beni Culturali» www.lombardiabeniculturali.it (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini 2004, 335 orr. .
- Ambrosini 2004, 338 orr. .
- Ambrosini 2004, 351-352 orr. .
- Ambrosini 2004, 348 orr. .
- Belardelli 2010, 140 orr. .
- Ambrosini 2004, 347 orr. .
- Ambrosini 2004, 349 orr. .
- Ambrosini 2004, 350 orr. .
- «1848-1849 - Le printemps des peuples - Herodote.net» www.herodote.net (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Ambrosini & 2004 354.
- Ambrosini & 2004 371.
- Ambrosini & 2004 372.
- (Frantsesez) Cinq journées de Milan. 2020-01-29 (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Belardelli & 2010 142.
- Ambrosini & 2004 381-383.
- Romano, Sergio, 1929-. (2001). Storia d'Italia dal Risorgimento ai nostri giorni. TEA ISBN 88-7818-780-1. PMC 48939789. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- Romeo, Rosario.. (1984). Vita di Cavour. Laterza ISBN 88-420-2523-2. PMC 12975885. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
Bibliografia
- Ambrosini, Filippo. (2004). Carlo Alberto re. Edizioni del Capricorno ISBN 88-7707-030-7. PMC 60436997. (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- (Italieraz) Baldi, Giovanni. (1905). Le cinque giornate di Milano (1848) / [di Giovanni Baldi.. ] Firenze : Nerbini (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).