Milan Kundera
Milan Kundera (Brno, Txekoslovakia, gaur egun Txekia, 1929ko apirilaren 1a - Paris, 2023ko uztailaren 11) txekierazko eta frantsesezko idazlea izan zen. Jatorriz txekoslovakiarra, 1975etik erbestean izan zen Frantzian, eta 1981ean frantziar hiritartasuna eskuratu zuen.[1] 2019an, berriz, txekiar hiritartasuna eman zioten.[2]
Milan Kundera | |
---|---|
(1980) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Královo Pole (en) eta Brno, 1929ko apirilaren 1a |
Herrialdea | Txekoslovakia (1929ko apirilaren 1a - 1979) aberrigabea (1979 - 1981) Frantzia (1981eko uztailaren 1a - Txekia (2019ko azaroaren 28a - |
Bizilekua | Paris Purkyňova street (en) Rennes |
Lehen hizkuntza | txekiera |
Heriotza | Parisko 7. barrutia eta Paris, 2023ko uztailaren 11 (94 urte) |
Familia | |
Aita | Ludvík Kundera |
Ama | Milada Kunderová |
Ezkontidea(k) | Olga Haasová (en) (1956 - 1960(e)ko hamarkada) Věra Kunderová (en) (1967 - 2023) |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Faculty of Arts, Charles University in Prague (en) (1948 - 1949) Pragako Arte Eszenikoen Akademiaren Zinema eta TB eskola (1949 - 1952) |
Hizkuntzak | frantsesa txekiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, gidoilaria, itzultzailea, eleberrigilea, antzerkigilea, unibertsitateko irakaslea eta poeta |
Enplegatzailea(k) | Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskola |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia comité de lecture des éditions Gallimard (en) Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia |
Genero artistikoa | eleberria kontakizun laburra saiakera antzezlana olerkia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Alderdi politikoa | Txekoslovakiako Alderdi Komunista Txekoslovakiako Alderdi Komunista |
| |
Lanik ezagunena Izatearen arintasun jasanezina (txekieraz, Nesnesitelná lehkost bytí) du. Hartan oinarriturik, izen bereko filma egin zuen Philip Kaufman zuzendariak (The Unbearable Lightness of Being).
Bizitza
Milan Kundera 1929ko apirilaren 1ean jaio zen, Brno hirian, orduko Txekoslovakian. Musika ikasi zuen haurra zela, eta, urteekin, literaturan murgildu zen erabat. Literatura irakatsi zuen Pragako Musika eta Arte Dramatikoen Akademian 1952tik. Alderdi Komunistako kide egin zen 1948an; 1950ean kanporatu zuten, eta 1956an berriro onartu. Militantea izan zen 1970era arte.
Bere burua olerkari gisa eman zuen ezagutzera 1953an, Člověk zahrada širá liburuarekin, eta haren ondoren Monology ("Bakarrizketak", 1957) argitaratu zuen. Baina hitz lauz izan zuen arrakastarik handiena bere herrian, Směšné lásky ("Amodio barregarriak" , 1963-68) ipuin liburuarekin eta Zert ("Txantxa", 1967) eleberriarekin. Lan horretan, estalinismoaren garaiko txekiar batzuen bizitza kontatu zuen, ironiaz. Hizkuntza askotara itzuli zuten, eta arrakasta handia ekarri zion.[3]
1968ko Pragako Udaberrian parte hartu zuenez, Sobietar Batasunaren erantzunak, Txekoslovakiako erreformei aurre egiteko inbasioak, zuzenean eragin zion, beste askori bezalaxe: haren literatura debekatu zuten, eta alderditik behin betiko kanporatu. Zivot je jinde ("Bizitza beste nonbait dago", 1972) bigarren lanarekin Frantzian saritu zuten. Hara jo zuen, Vera Hrabankova emaztearekin, Txekoslovakiako Gobernuak atzerrira joateko baimena eman zionean, 1975ean.[3]
Kniha smíchu a zapomnení ("Barrearen eta ahaztearen liburua", 1979) idatzi zuen gero, eta haren lanik ezagunena atzetik: Izatearen arintasun jasanezina. Pragako Udaberriaren garaian dago girotuta, eta gizon baten zalantza existentzialak erakusten ditu, eguneroko bizitzako eszenen eta gogoeta transzendentalen artean.[3]
Nesmrtelnost ("Hilezkortasuna", 1988) eleberriaren ondoren argitaratutakoak frantsesez idatzi zituen: La lenteur ("Geldotasuna", 1995), L'identité ("Identitatea", 1998), L'ignorance ("Ezjakintasuna", 2000) eta, azkena, La fête de l'insignifiance ("Hutsalkeriaren jaia", 2014). 2023ko uztailaren 11n hil zen, Parisen; 94 urte zituen.[3]
Bibliografia
Saiakera
Eleberri eta istorioak
- Txantxa (Žert), 1967.
- Amodio barregarriak (Směšné lásky), 1968.
- Bizitza beste nonbait dago (Život je jinde), 1969.
- Agur baltsea (Valčík na rozloučenou), 1976.
- Barrearen eta ahaztearen liburua (Kniha smíchu a zapomnění), 1979.
- Izatearen arintasun jasanezina (Nesnesitelná lehkost bytí), 1984.
- Hilezkortasuna (Nesmrtelnost), 1990.
- Geldotasuna (La Lenteur), 1993.
- Identitatea (L'Identité), 1998.
- Ezjakintasuna (L'Ignorance), 2000.
- Hutsalkeriaren jaia (La fête de l'insignifiance), 2014.
Euskaraz
- Amodio barregarriak, Karlos Cid (Erein, 1993).
- Jacques eta Nagusia, Beatriz Zabalondo eta J.L. Aranguren Txiliku (Susa, 2004).[4]
- Izatearen arintasun jasanezina Karlos Cid Abasolo (Elkar eta Alberdania, 2009).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2023/7/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- André Clavel-en artikulua, L'Express, 2003ko apirilaren 3a
- Milan Kundera idazleak txekiar nazionalitatea dauka ostegunetik. Berria, 2019ko abenduak 4, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-7-12).
- Imaz, Andoni. Milan Kundera idazle txekiarra hil da. Berria, 2023ko uztailak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-7-12).
- Jacques eta Nagusia. susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-7-23).