Mikronesia
Mikronesia[1] uhartedia edo artxipelagoa Ozeaniako Ozeano Bareko lau eskualde nagusietako bat da, Melanesia, Australasia eta Polinesiarekin batera. Filipinetako uharteetatik ekialdera dago, ekuatorearen eta Kantzer tropikoaren artean.
Mikronesia | |
---|---|
Mota | talde, eskualde kultural eta eskualde geografiko |
Geografia | |
Koordenatuak | 12°N 152°E |
Honen parte da | Ozeania |
Leku geografikoa | Ozeano Barea |
Banaketa administratiboa
Lurralde hau ehunka uhartez dago osatuta, eta, politikoki, honako herrialde hauetan banatuta dago:
- Mikronesiako Estatu Federatuak (Yap, Ponape, Truk eta Kosrae)
- Marshall Uharteak
- Palau (edo Belau)
- Iparraldeko Mariana Uharteak
- Nauru
- Kiribati
- Guam
Geografia
2.000tik gora uharte daude Mikronesian. 3.130 km2 dira guztira.
Uharte horietako asko jatorri bolkanikokoak dira, itsasbazter malkartsukoak, eta besteak, berriz, koralezkoak dira.
Landaredia ugaria da; mangladiak, oihan tropikalak eta txaradiak dira nagusi.
Klima bero hezea da: 2.500 mm euri eta 27-29 °C arteko tenperatura urtean.
Biztanleak
Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna da uharteetako ezaugarri nagusietako bat. Malaysiar-polinesiar familiako hizkuntzak hitz egiten dira uharte gehienetan, elkarren artean ulertezinak direnak; uharte batzuetan Polinesiako hizkuntzak mintzatzen dira. Guztietan ingelesa erabiltzen da bigarren hizkuntza gisa.
Uharte txikietako biztanleak uharte handietara joan ohi dira, bizitzeko baldintza hobeen bila. Biztanle gehien dituzten uharteak Mikronesiako Estatu Federatuak osatzen dituztenak eta Mariana uharteak dira.
Ekonomia
Mikronesiako biztanleen ohiko lanbideak nekazaritza eta arrantza dira. Kokoa, ogi-arbola, mandioka, batata, platanoa eta fruitu tropikalak lantzen dira, batez ere; zenbait tokitan, kakaoa, arroza eta artoa ere lantzen hasi dira. Abere-hazkuntzan, zerriak eta oiloak dira garrantzitsuenak. Itsasketan iaioak dira, baina baliabide urriak darabiltzate.
Bestalde, Belau uhartean basoa eta Naurun fosfato-meak ustiatzen dira, eta Guamen petrolio-findegiak daude.
Uharte askotan korala erabiltzen da zementugintzarako, baina, horiez bestera, toki gehienetan, industria nagusiak elikagaiak (koko, kopra eta olioa, arrainak), txalupagintza eta eskulangintza dira. Kiribatin ehundegiak ere badira.
Turismoa da irabazpide nagusietako bat, gero eta garrantzi handiagoa duena.
Historia
Espainiarren kolonizazioa
Espainiarrak 1668. urtean Mikronesiara iritsi zirenean, hango biztanleak palafito-etxeetan bizi ziren, erreka, aintzira eta itsasertzean antolatutako herrixketan. Nabigatzaile bikainak ziren. Leinu gehienek amarengandik jasotzen zituzten ondasunak herentzian, eta gizonek emazte bat baino gehiago izan zezaketen. Erlijioari dagokionez, politeistak ziren. Garai hartako arte-aztarnarik ia ez dago, baina dantzak, abestiak eta kirolak gaurdaino gorde dira.
XIX. mendearen amaiera eta XX. mendea
1885-1889 bitartean, Espainiak Alemaniari saldu zizkion uharteak.
1914an japoniarrek hartu zituzten, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen aginduz, uharte batzuk Estatu Batuen mendean geratu ziren. Estatu Batuetako itsas armadaren zazpi urteko administrazioaren ondoren, Estatu Batuek izendatutako goi-komisario baten gobernupean geratu ziren uharteak, eta biztanleei tokian tokiko gobernariak hautatzeko eskubidea eman zitzaien.
1946tik 1958ra Estatu Batuek bonba atomikoak leherrarazi zituzten Bikini eta Eniwetok atoloietan, eta han bizi zen jendea beste uharte batzuetara eraman zuten.
1978an Mikronesiako Biltzarrak konstituzio bat onartu zuen, eta uharteak lau barrutitan banatu ziren. Kosrae, Ponape, Truk eta Yap uharteek konstituzioa onartu eta Mikronesiako Estatu Federatuak osatu zituzten. Iparraldeko Mariana uharteek konstituzioari uko egin zioten, eta Estatu Batuen mende jarraitzea erabaki zuten. Marshall uharteek beren konstituzioa onartu zuten 1979an, eta Belau errepublika burujabe bihurtu zen 1980an. Bestalde, Guam uhartea Estatu Batuen mende dago 1898az geroztik; Nauru-k 1968an erdietsi zuen burujabetasuna eta Gilbert uharteek, Kiribati deituraz, 1979an.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2012-03-30). 168. araua: Ozeaniako toponimia. .
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Mikronesiaren historia