Mikhail Bulgakov

Mikhail Afanasievitx Bulgakov (errusieraz: Михаи́л Афана́сьевич Булга́ков; Kiev, Errusiar Inperioa, gaur egun Ukraina, 1891ko maiatzaren 15agreg./maiatzaren 3ajul. - Mosku, 1940ko martxoaren 10a) sobietar eleberrigile eta antzerkigilea izan zen. Haren idazlanik ezagunena Master i Margarita (euskaraz: «Maisua eta Margarita») da.

Mikhail Bulgakov

Bizitza
JaiotzaKiev, 1891ko maiatzaren 3a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
South Russia
Ukrainian State
Ukrainako Herri Errepublika
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
BizilekuaKiev
Mosku
Kamianets-Podilsky
Txernivtsi
Vyazma (en) Itzuli
HeriotzaMosku, 1940ko martxoaren 10a (48 urte)
Hobiratze lekuaNovodevitxi hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: giltzurruneko gutxiegitasuna
Familia
AitaAfanasiy Bulgakov
Ezkontidea(k)Tatjana Lappa (en) Itzuli  (1913 -  1924)
Lyubov Belozerskaya (en) Itzuli  (1924ko ekaina -  1932ko urriaren 3a)
Yelena Bulgakova (en) Itzuli  (1932ko urriaren 4a -  1940ko martxoaren 10a)
Hezkuntza
HeziketaQ4348927 Itzuli 1909)
Bogomolets National Medical University (en) Itzuli
(1909 - 1916ko urriaren 31)
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakeleberrigilea, antzerkigilea, medikua, satira-idazlea, ipuingilea, libretista, gidoilaria, zientzia-fikzio idazlea, idazlea, kazetaria, antzerki zuzendaria, aktorea, mediku idazlea, zirujaua, biografoa, prosalaria eta autorea
Lantokia(k)Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Lan nabarmenak
KidetzaGurutze Gorria
All-russian association of writers (en) Itzuli
MugimenduaProsa
Genero artistikoasatira
supernatural fiction (en) Itzuli
zientzia-fikzioa
short novel (en) Itzuli
eleberria
kontakizun laburra
Zerbitzu militarra
Adar militarraUkrainian People's Army (en) Itzuli
Armed Forces of South Russia (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasun ortodoxoa

bulgakov.ru
IMDB: nm0119888 IBDB: 82796
Musicbrainz: 91cdafca-3005-409c-bcc5-ef977000cbbc Discogs: 2348067 Find a Grave: 1504 Edit the value on Wikidata

Literaturan berandu samar hasi zelako, beharbada, 1920 inguruko errusiar idazle gazte gehienen ideologia politiko eta estetikoetatik at geratu zen. Eta nola ez zen bere ideiak ezkutatu zalea, ideologia ofizialaren aurkakotasuna jasan behar izan zuen: horra zergatik ez ziren haren idazlan gehienak argitaratu bera bizi zen artean. Baina, hala ere, ez zen marfilezko dorrean itxi, eta ahaleginak egiten segitu zuen, zen bezalakoa onar zezaten. Idazlearen eta aginpidearen arteko indarka hori bilakatu zen, hain zuzen, haren obraren gai nagusi. Errusiar tradizioan hain erroturik zegoen idazle-erantzukizun astunak ez zuen literaturaren parte jostaria gutxiestera bultzatu; aldiz, irudimenez gainezkako jario geldigaitza zuen, eta maite zituen literatura-egiuneak. Denetik idatzi zuen. Bere garaikoek, batez ere, antzerkigile gisa ezagutu bazuten ere, gaur egungo irakurleek aberastasun eta sakontasun gehiago aurkituko dute haren kontakizun eta eleberrietan.

Biografia

Bulgakov Kieven jaio zen, intelektual familia batean. Gaztetatik hartu zuen literaturarako eta antzerkirako grina, baina medikuntza ikasi zuen, eta bi urtez egon zen sendagile, landan. Geroago idatzi zituen orduan izandako esperientziak Mediku baten oroitzapenak (1927) izeneko liburuan. 1918an, kontsulta-gela bat ireki zuen Kieven, Iraultza puri-purian zegoela. 1920an, sendagintza utzi eta literaturatik bizitzea deliberatu zuen. Kaukaso aldera joan zen lehenik, eta gero, Moskun jarri zen bizitzen, behin betiko.

Kazetaritzako lan grisetatik bizimodua ateratzen zuen bitartean asko idatzi zuen, eta genero askotan saiatu zen aldi berean. Gai arantzatsuak erabiltzen zituen, eta kosta egiten zitzaion argitaratzaileak aurkitzea. Moskuko Arte Antzerkiak berariaz eskatuta, Gerra Zibilari buruz idatzirik zuen eleberria (Guardia zuria, 1925) egokitu zuen antzerkirako, Turbindarren egunak izenburuaz. 1926an eman zen lehen aldiz, eta arrakasta ikaragarria izan zuen ikusleen aldetik, baina kritika proletarioa aurka atera zitzaion, eta sobietarren aurkakotzat eta barneko deserritutzat jo zuten egilea.


Berehalaxe, satirazko beste bi komedia taularatu zituen Moskun: Zoeren apartamentua (1926), Vakhtangov antzokian, zenbait zirkulutako ustelkeria morala gaitzat harturik; eta Uharte purpura (1928), Tairoveko Ganbera Antzokian, antzerki-mundua eta zentsura gai hartuta. Prentsa ofiziala berriro oldartu zitzaion eta, bat-batean, 1929aren hasieran, kendu egin zituzten antzokietatik haren lan guztiak. Aldez aurretik, Ihesa izeneko Bulgakoven antzezlana ere debekatua izan zen, Gorkiren oniritzia izan zuen arren. Data hartatik aurrera ez zioten lanik argitaratu, ez haren antzezlanik oholtzaratu ere. Nora jo ez zekiela, zuzenean Stalini idatzi zion. Horrek, telefonoz pertsonalki deitu zion eta bideak egin zituen Arte Antzerkiak lanpostu finko bat eskain ziezaion. 1932an, Turbindarren egunak berriro antzezteko baimena eman zuten. Gertakari hori zela eta ondorioztatu da, era okerrean, Bulgakov, handik aurrera, Stalinen babespe sekretuan bizi izan zela.

Idazten zuena argitaratzeko edo antzezteko egindako eginahal guztiek porrot egin bazuten ere, atsedenik gabe idazten jarraitu zuen. Denboraldi batean, Molièreren bizitza eta obra sakon aztertzeari eman zion. Azterketa-lan hartatik sortu ziren biografia bat, (Moliére jaunaren bizitza), Bourgeois gentilhomme-ren egokitzapen libre bat, L'Avare-ren («Zikoitza») itzulpen bat eta, batez ere, antzezlan bat: Jainkozaleen kabala. Bulgakovek, azkenean, lortu zuen azken antzezlan hori ikus-entzuleetara heltzea, Antzerki Arteak oholtzaratu baitzuen 1936an, prestakuntza handien ondoren eta Stanislavskirekin konponezin bat baino gehiago izan eta gero. Baina, emanaldi batzuen ostean, debekatu egin zuten. Orduan, Arte Antzerkia utzi, eta Bolxoi antzokiarekin izenpetu zuen kontratua, operarako libretoak idazteko. 1938an, debekuak nolabait gainditzeko ahaleginetan, Stalini buruzko antzerki-lan bat idatzi zuen, Batum, baina ez zuen antzezterik lortu. Gaixotasun luze batek penatu zuen arren, etengabe idazten jarraitu zuen harik eta, 1940an, Moskun hil zen arte.

Hamar bat urte kosta zitzaion -utzi eta berriro hasi- bere eleberri ezagunena, Maisua eta Margarita, bilakatuko zena amaitzea. Egilea hil eta askoz geroago argitaratu zen, 1966an. Estalinismoaren ostean, Bulgakoven obra pixkanaka-pixkanaka azaleratzen hasi zen, eta dezenteko arrakasta izan zuen errusiar irakurleen artean.

Idazgintza

Mediku baten oroitzapenak, euskaratua

Oharmen zorrotz, irudimen ahaltsu eta umore handiko gizona zen Bulgakov. Haren ia obra guztiak inguruko errealitatean inspiratuak dira. Asko, gertaera bitxi batetik jaioak. Era berean, airean zebiltzan ideiak jasotzen zituen, ideia zientifikoak, batik bat. Familiaren zirkuluan eta, kontalari aspergaitzaren fama zuen: istorio jostari eta zoragarriak kontatzen bide zituen.

Haren eleberriek drama egitura izan ohi dute: azalpena, dekoratuaren deskripzioa, pertsonaien kanpoko ezaugarriak eta elkarrizketak. Ez zituen inoiz onartu narrazio-egiturak lehertarazteko Boris Pilnyakek egindako ahaleginak, ez eta Vsevolod Meyerholden antzerki-esperimentazioak ere. Bulgakoven idazkera bi ereduren artean mugitu zen: XIX. mendeko errusiar idazle handiak, eta Bulgakoven beraren garaiko idazleen aurkikuntza estilistikoak. Azken horietako batzuen manierismoan erori gabe, esaldi azkarra eta eliptikoa erabiltzen zuen, eta prosa erritmoduna, non entzunkizun musikalak errepikatzen baitziren. Bere garaiko herri-hizkerako elementuak ere erabili zituen, argoteko hitzak barne zirela, baina beti saihestu izan zituen hutsaltasuna eta mimetismo etnografikoa.

Hiru inspirazio-iturri

Gogolek bezala (zalantzarik gabe, idazle horri zor baitzion gehien), hiru iturri erabili zituen Bulgakovek idazterakoan: errealismoa, satira eta fantasia. Guardia zuria, autobiografikoa, neurri handi batean, lehenengoan kokatzen da. Zurien alde atera zen errusiar familia baten zoria deskribatzen da bertan. Eleberriko heroiak, ohoreagatik eta aberriagatik borrokan ari direla, konturatzen dira agintariek alde egiten dutela toki segurura, soldaduak bertan behera utzita. Hala ere, edozein agintari zerbitzatzeko prest dauden oportunistak mespretxatzen dituztenez, historian lekurik gabe geratzen dira. Bulgakoven asmoa ez zen izan historiako fresko bat margotzea, ez eta Iraultzaren sintesi literario bat egitea ere; Bulgakovek, bere heroien ikuspegian kokaturik, gertakariak deskribatu baizik ez ditu egiten. Zenbait berezitasun (boltxebikerik ia ez azaltzea, esate baterako) gertakariak Ukrainako Kieven kokatzen direlako ulertzen dira. Errealismoaren pisua orekatzeko, saihestu ezinezko hondamendi baten susmo itogarria elikatzen duten digresio lirikoak eta pasarte onirikoak sartu zituen.Bulgakoven merituetako bat zuriak eleberriko on edo zintzo gisa aurkezteko ausardia izatea izan zen, ideologia ofizialaren ikuspegiaren kontra. Ihesa antzezlanean ere agintariek traizio egindako ofizial zurien gaia jorratzen da, baina trufazko tonuan.

Satiraren alorrean, kontakizun mordoxka bat idatzi zuen Iraultza ondorengo eguneroko bizitzako zailtasunak, burokraziaren gorakada eta, Iraultzak gorabehera, gizadian betikoak diren bizio unibertsalak gaitzat hartuta. Hala ere, Bulgakovengan, ia beti, satirak fantasiara eramaten du, errealitatea desmuntatzeko bitarteko gisa erabiltzen baita, batez ere, Deabrukeria izenekoan. Zorigaiztoko arrautzak (1925) eleberri laburra, gizarte-esperimentazioko politika leninistaren arriskuei buruzko alegoria bat da: artean gutxi esperimentatutako aurkikunde zientifiko batez indarrez jabetu ondoren, burokrata batek narrasti ikaragarri batzuek Errusia inbaditzea eragiten du. Txakur-bihotza izeneko eleberria zientzia-fikzio filosofikoan sailkatu daiteke: kirurgialari batek txakur bat gizon eraldatzea lortzen du, baina ez du erdiesten haren piztia-atabismoak gainditzea eta, berehalaxe, arrisku publiko bilakatzen da.

Bulgakovek ez zuen sinesten gizartearen eraldatze iraultzailetik gizon berri bat jaioko zenik. Aldiz, belaunaldiak igaro ahala eraikitako kultura desegiteak gizarteak balioa galtzea ekarriko zuela uste zuen. Zientzia-fikziozko beste hiru antzezlan ere zor zaizkio: Adan eta Eba, Dohatsutasuna, eta Ivan Vassilievitch.

Historia-gaiekin, berriz, beste bi antzerki-lan idatzi zituen: Jainkozaleen kabala, Molièreren bizitzari buruzkoa, eta Azken egunak, Puxkinen bizitza kontatzen zuena. Bi lan horietan, hala ere, autobiografia ukitu bat ere nabaritzen da: artistaren eta aginpidearen arteko gatazka tragikoaz ari baitira biak ala biak.

Maisua eta Margarita

Gogoeta luzeen ondoren eta iturri askotariko (demonologia eta magia, erlijioen historia, Erroma, arkeologia, Palestina, eta abar) dokumentatze-lan nekagaitz eta zehatzetatik jaiotako Maisua eta Margarita eleberri korapilatsuan, Bulgakoven aurreko lanetan erabilitako gai eta gogoeta gehienak aurkitzen dira. Hiru gai ehotzen dira eleberrian: sobietar gizarteak arbuiatutako idazle baten patua, deabruak 1930eko hamarkadan Moskura egindako etorraldia, eta Kristoren nekaldia. Idazlearen eta aginpidearen arteko gatazka, kasu honetan, Pontzio Pilatosen eta Jesusen arteko aurkakotasunaren argitan aurkezten da. Nekaldiaren kontakizuna ez da Ebanjelioetan oinarritzen, baizik eta, dirudinenez, David Straussen ikuspegi kritikoan. Gaiaren errealismoak Kristoren historikotasuna azpimarratzen du. Bulgakovek, era horretan, aurka egin zion garai hartako Sobietar Batasunean sobera hedatua zegoen tesiari, tesi horren arabera Kristo mitozko pertsonaia bat baizik ez baitzen. Nahiz eta eleberrian Fausto aipatzen den, Bulgakoven deabruak ez du zerikusirik Goetheren Mephistorekin. Izan ere, deabru tentatzaile bat izan ordez, gaiztoak zigortzeko tresna bat besterik ez baita. Zintzoak mendekatzean, badirudi, paradoxazkoa bada ere, ongia egiten duela. Deabruaren eta haren akolitoen pasadizoen bitartez, egileak sobietar gizartearen satira indartsu eta guztiz barregarria egin zuen.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikhail Bulgakov Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.