Mikelete

Mikeletea ("praka-gorri" edo "txapel-gorri" ezizenez ere ezagunak) Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldea da. Garai batean Aldundiaren ardurapeko miliziako kideak izan ziren.[1] Bizkaian ere hasierako izendapena izan zen, foral izena hartu arte.

Mikelete
Datuak
Motapolizia
HerrialdeaEspainia
JabeaErtzaintza eta Gipuzkoako Foru Aldundia
Historia
Sorrera1839

Lehendabiziko helburuak herri-bakea mantentzea eta gaizkileen jazarpena bazituzten ere, XIX. mendean zehar aldatuz joan ziren, eta azken aldian herrialdeko zergak ere jaso behar izan zituzten. Gaur egun, beraien funtzioak foru eraikinen zaintza eta, aldundiko ahaldun nagusi eta foru diputatuen bizkartzaintza dira. 4 mikelete daude gaur egun eta organikoki Ertzaintzako agenteak dira Gipuzkoako Foru Aldundira esleituak daudenak.

Izenaren jatorria

Mikelete kontzeptuak Kataluniako mendietako fusilariak adierazten zituen.[2] XVIII. mendean jada existitzen ziren, eta Pirinioen iparraldeko lurraldeetan lapurretarako sarraldiak egiten zituztela aipatzen da leku horietako agirietan (Aure harana, Comminges).

Historia

Mikeleteak, 1931.

Konbentzio Gerran herrialdean mikelete talde bat sortu bazuten ere[3], lehendabizikoz 1839ko irailaren 24an Gipuzkoako Foru Aldundiak Segurtasun Publikoa eta Babesaren Jagoleen taldea eratu zuen, Lehen Karlistaldiko soldadu ohiak erabiliz.

Jagoleak 1841ean deuseztatu eta 1844an mikeleteak sortu zituzten. 100 laguneko taldeak arazoaz arazo irautea lortu zuen. 1874ko uztailaren 16an, Bigarren Gerra Karlista zela eta, Gipuzkoako Mikelete Boluntarioen Batailoia sortu zen, mikeletez eta boluntarioz osatua, hildako asko izan zuena (720 kideetatik %20a)[4].

Espainiako Gerra Zibilean, Gipuzkoako kanpaina eta gero, mikelete gehienek errepublikazaleen alde egin eta Bizkaian aritu ziren. 1937ko ekainaren 23an itun ekonomikoa kendu ondoren, abuztuaren 25ean Iparraldeko Armadaren jeneral-buruzagia zen Gil Yustek Gipuzkoako Mikeleteak eta Bizkaiko Miñoiak deuseztatu zituen[4].

2012. urtean Martin Garitano ahaldun nagusiak, mikeleteen atala deuseztatu zuen eta agenteak Ertzaintzara itzuli ziren. 2015eko foru hauteskundeen ondoren, foru gobernu berriak mikeleteak berreskuratu zituen.[5]

Janzkera

Mikeleteak Alegian, 2009 urteko kaleko antzezpena.

Janzkera honakoa zen: txapela gorria; kapa urdin iluna, barrutik kolore gorrikoa; belaunetarainoko pontxo urdin iluna; gerriko beltza, eta galtza gorriak. Arma moduan fusil bat eta matxete bat izaten zuten. Ofizialek sablea eramaten zuten arma zuri moduan.[6]

Eginkizunak

Besteak beste, kontrabandoa jazartzeko eskumenak zituzten, mendi pasabideak kontrolatuz. Nafarroako mugan: Aritxulegi, Saratsa , Endarlatsa, Pagoaga (Hernani), Urto, Illarrazu (Lizartza), Lizarrusti, Etxegarate eta Otzaurten.

Arabako mugan, Lizarrate edo San Adrian, Arantzazuko San Juan Artia eta Arlabanen. Bizkaiko mugan Saturraran, Urkaregi, Elgeta eta Kanpazar. Azkenik, Lapurdiko mugan Behobian.

Erreferentziak

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Mikelete. .
  2. «MIQUELETE - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-12).
  3. Díez de Salazar Fernández, Luis Miguel. Miquelete. Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Díez de Salazar Fernández, Luis Miguel. Los Miqueletes de Gipuzkoa. Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. Gipuzkoako mikeleteen saila berreskuratuko du Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundia - Prentsa Bulegoa
  6. Agirre, Ugaitz. (2015-08-13). «Mikeleteak bueltan dira» Berria.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.