Mika (hegaztia)
Mika (Pica pica) korbidoen familiako hegazti paseriformea da. Omniboroa da eta oso ezaguna, herri gehienetan eta hirietako parkeetan ere bizi delako. Gorputz osoak 45 zentimetro inguruko luzera du. Buztan luzea eta lumadi zuri-beltz nabaria ditu.
Mika (hegaztia) | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Corvidae |
Generoa | Pica |
Espeziea | Pica pica |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 9,9 g (pisua jaiotzean) arra: 221 g (helduen pisua) emea: 191 g (helduen pisua) |
Zabalera | 56 cm |
Kumaldiaren tamaina | 5,3 |
Haren kolore eta hegaldi ederrarengatik ez ezik, ezaguna da haren kantu lehor eta errepikakorragatik ere. Egoera onean dagoen hegaztia da eta Euskal Herri guztian aurki daiteke, kostaldeko gune hezeetatik hasi eta isurialde mediterraniarreko ingurune lehorretaraino.
Deskribapena
Tamaina ertaineko hegaztia da: 43-50 cmko luzera, 60 cm inguruko hego luzera eta 200-250 gramoko pisua. Arrak emeak baino apur bat sendoagoak izaten dira. Lumadia, zuri eta beltz irisatua, oso bereizgarria da, eta ar zein emeetan oso antzekoa. Burua, lepoa, bizkarraldea, buztana eta papoa beltzak izaten dira, mokoa eta hankak bezala. Sabelaldea, berriz, zuria. Hegoak zuri eta beltzak dira, motzak, oinarri zabal eta mutur biribilkarekin. Buztan luzea (20-30 cm).
Banaketa
Ipar Amerikako mendebaldean, Europa osoan eta Erdialdeko Asian hedaturik dago. Iberiar penintsula osoan aurki daiteke, iparraldean batez ere, hegoaldeko muturrean salbu, eta Euskal Herrian ohikoa da kostaldetik Pirinioetako txoko altuenetaraino.
Habitata
Baso handi sarrietan eta zuhaitzik gabeko lurretan izan ezik, edozein ingurunetan habia egin dezakete, itsas mailatik 1.400 metroko altueraraino (Granadan 2.400 metrotan ere ikusi izan dira). Nekazal inguruneak gogokoak dituzte eta askotan herri eta hirietan egiten dute habia.
Elikadura
Hegazti omniboroak dira. Udaberri eta udan intsektuak dira helduen eta txiten dietaren ardatza. Era guztietako ornogabeak harrapa ditzakete eta baita ornodun txikiak ere (narrasti txikiak, hegaztiak eta mikrougaztunak). Hazi eta fruitu ugari jaten dute, udazken eta neguan batez ere. Sarraskia ere atsegin dute eta maiz ikusiko ditugu errepide bazterretan hildako animaliak jaten.
Elikagai asko dagoenean (sarraskia edo haziak, adibidez) habiatik gertu gordetzen dute, lurpean edo orbelaren azpian. Zenbait egunez janaria non gorde duten gogoratzeko gai dira.
Bizimodua
Hegazti monogamoak izan arren, nahiko sozialak dira, orokorrean. Udazken eta neguan talde handietan biltzen dira inoiz gaua igarotzeko. Gazteek talde handiak sortzea ohikoa da eta horrelakoetan erlazio hierarkikoak behatu izan dira. Arrek emeenganako menderatze-joera erakusten dute eta gazteen taldeetan maila sozial altuenak dituzten horiek izaten dira lurraldea eskuratu eta ugaltzeko aukera gehien izaten dutenak.
Hegazti sedentarioa da, nahiz eta gazteek hedadura-hegaldi batzuk burutzen dituzten. Gazteak, ordea, ez dira beren jaiotza lekutik 30-40 km baino gehiago urruntzen.
15 urte bizi izan diren banakoak ezagutu diren arren, gehienak ez dira 3 urte baino luzeago bizi.
Ugalketa
Mikak bi urterekin ugaldu ohi dira lehen aldiz, nahiz eta gutxi batzuek lehenengo urtean egiten duten. Gaztetan talde handietan bizi ostean bikotekide bat lortzen dute. Hala ere, bikotekidea ez den eme batekin kopulatzea nahiko zabaldua dagoen joera dela behatu da.
Udaberri hasieran, zuhaitz edo zuhaixka baten buruan habia egiten dute, adaxkez egindako teilatua izaten duena. Emeak 6-8 arrautza errunen ditu (gutxienez 3; gehienez 10), eguneko bat, normalean. Inkubazio aldia 17 egunekoa da eta txitek 25 egun inguru igarotzen dute habian. Bi gurasoek elikatzen dituzte.
Espezieen arteko elkarrekintzak
Mikaren etsai nagusia kukua da, honek haren habia erabiltzen baitu bere arrautzak erruteko. Parasitismoaren ondoriozko presio hautagarriak eraginda, populazio askotako mikek defentsa-mekanismoak garatu dituzte: horrela, arrautza arrotzak ezagutu eta kanporatzeko gaitasuna lortu dute. Kukuak parasitaturiko habietan, normalean, ez du mika bat berak ere bizirik irauten.
Mika helduen harrapari nagusiak hegazti harrapari eta ugaztun haragijaleak dira. Arrautzak, berriz, bele, erroi, miru eta bestelako hegaztiek jaten dituzte. Sugea, katajineta eta karraskariak ere haien arrautzez elikatzen dira.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).