Midgard

Midgard eskandinabiar mitologian (antzinako eskandinabieraz Miðgarðr), Odinek eta honen anaia ziren Vilik eta Vek sortutako gizakien mundua da, Ymir jatorrizko erraldoiarekin izandako borrokaren ondoren. Izenaren etimologia, mið/mid (erdia) eta garðr/gard (finkapena) hitzetik dator. Garðr hitz eskandinabiarra, egungo bi hitz eskandinabiarrekin lotua dago: gård (patioa, etxaldea, landetxea, ingelesez yard) eta gärd (eskorta, "hesi baten bidez inguratutako landa ereina"). Zentzu horretan, gizakiek finkatutako lurra irudikatzen du, "finkapen/bizileku bat mundu ezagunaren erdian". Hortik "Erdiko Lurraldea" ohiko izena.

a:miþkarþi antzinako eskandinabieraz à Miðgarði, "Midgarden" esan nahi du, Suediako Södermanlandeko Sö 56 harri runikoan.

Guduaren ondoren, Odinek eta honen anaia Vili eta Vek, Ymir erraldoiaren gorpua hartu eta abismo handira eraman zuten, bertan bizitzeko moduko mundu bat sortzen hasteko. Honela, bere larruarekin, lurra sortu zuten, bere odol eta izerdiarekin, ozeanoak, bere hezurrekin, harkaitz eta mendiak, bere ilearekin, landaretza, bere hortzekin, amildegiak, non erraldoiaren bekainak ere jarri zituzten, itsasoarekin muga egiteko. Lan hau amaitzeko, jainkoek, mundu hau, garaituaren burezurrarekin ixtea pentsatu zuten, lau nanori, hori eusteko esanez. Hauek, Norðri, Suðri, Austri eta Vestri deitzen ziren, eta lau puntu kardinalak irudikatzen zituzten. Zeruko ganga, garaituaren burezurrarekin jarri ondoren, bere garuna airetik zatitu zen, hodeiak sortuz.

Hala ere, lurralde berri hau oraindik ilun zegoen, eta, beraz, jainkoek, Muspelheimera joatea erabaki zuten, Surtren ezpatako txinpartak lapurtzeko. Bi handienekin, Eguzkia eta Ilargia sortu zituzten, eta, gainontzekoekin, izarrak. Eguzkia eta Ilargia, Midgard gainean etengabe biratuko zuten bi gurditan jarriak izan ziren, zeruan txandakatuz, eguna eta gaua sortzeko. Gurdien etengabeko bira mantentzeko, Skoll eta Hati otsoek jazar zitzatela egin zuten, harrapatzen saiatuz, baina lortu gabe, salbuespeneko uneetan izan ezik, eklipseetan alegia. Bi otsoek, batak gaitzespena eta besteak gorrotoa irudikatzen zuten. Eguzkiaren gurdia, Skin zaldi zuriak tiratzen zuen, bere trotearekin eguneko argi dizdiratsua sortzen zuena, Ilargiarena, Hrimek tiratzen zuen bitartean, bere igaroan, ihintza eta antzigarra sortzen zituen zaldi beltza.

Jainkoek, eurek egindako lana ikusi zutenean, negua eta gaua urtaroak baino ez zituzten gehitu, eta lehen gizakiak hartzeko prest zegoela pentsatu zuten.


Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.