Mezo Bigarrena

José Luis Ugarte Mezo[1] (Algorta, 1951ko uztailaren 22a - Buenos Aires, 1993ko urtarrilaren 22a), Mezo Bigarrena izen artistikoz ezaguna, bizkaitar kantautorea izan zen, musika ibilbidea nagusiki Argentinan egin zuena.

Mezo Bigarrena

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Luis Ugarte Mezo
JaiotzaAlgorta, 1951ko uztailaren 22a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBuenos Aires, 1993ko urtarrilaren 22a (41 urte)
Heriotza moduasuizidioa: urkatzea
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakegile abeslaria
Genero artistikoarock
DiskoetxeaEMI

Musicbrainz: 8af974ea-64a8-46d3-a138-e6b8da780e30 Edit the value on Wikidata

Datu biografikoak

Ezkerreko masaila zeharkatzen zuen orbain diagonal nabarmena zuen, "itxura arriskutsua" ematen ziona; horri buruzko gezur handiak kontatzen zituen; lagun minei bakarrik aitortzen zien 11 hilebeterekin egina zela, oinez ikasten ari zenean erori eta aurpegian lozazko ontzi batekin egindakoa.[2]

Aita ere bidaizalea eta musikazalea zuen. Hiru urte zituela, gurasoak Venezuelara lanera joan zitzaizkion, aitak igeltsaritzan aritzeko. Jose Luis Algortan gelditu zen amonarekin, aita-amekin gutun bidez komunikatuz eta Latinoamerikarekin amestuz. Umetan mapa bat marraztu zuen, itinerario bat markatuz; gero bere bizitza ibilbidean egingo zuena, hain zuzen ere.[2] 13 urte beteta elkartu ziren berriro gurasoak eta semea. 18 urte bete zituen egunean, etxetik joan zen eta bidaietan hasi zen: lehenengo Suedian egon eta gero, Parisetik pasatu zen,[3] Eskoziako petrolio plataformetan lan eginez, eta Londresera bizitzera joan zen.

Londresen eraikuntzan lanean aritu zen; heroinaren garai ilunetan, etxe okupatu batean bizi izan zen, besteak beste Sid Viciousekin. Garai horretan idatzi zituen "Caballo Rojo" kantuaren bertsoak; Eduardo Avenaren musikarekin, Barraca taldeak grabatuko zuena:[4]: “Aunque así me reviente/ y nunca me levante/ ni pueda ir adelante/ y mi mejor amante se fuera/ Caballo rojo mío/ vamos que yo te llevo/ a beber agua amarga del río”.[5] Londresen ere Joaquin Sabina ezagutu zuen; oso lagunak izan omen ziren, neska kontuengatik haserretu ziren arte. Mezo hagin barik geratu zen, behin baino gehiagotan preso egonez; arrazoia ez dago argi, baina lagunek metal trafiko kontuak eta transgresio gogoak zirela uste dute; nahiz eta berak sekretua mantentzeko zalea zen, "bere pertsonaia indartze" aldera. Azkenean baldintzapeko askatasuna hautsi zuen, eta Interpolek Erresuma Batu osoan bilatzeko agindua eman zuen. Latinoamerikara joan zen ihesi, eta harrezkero, beti mantenduko zuen jazarria izateko paranoia.

Lehenik Venezuelara joan zen, non kazetari lanetan aritu zen "El Nacional" egunkarian; han alaba bat izan zuen.[6] Kuban izan zen, Amazonian zehar eginiko bidai batean hondatutako eskua operatzeko.[3] Bolivian gerrillaren azken hondarrekin kontaktua izan zuen. Brasilen denboraldi luzeagoa egin zuen, Río de Janeiro eta Sâo Paulo artean ibili zelarik; han beste bi alaba izan zituen, eta Chico Buarque eta Milton Nascimento musikarien adiskide eta musikakide izan zen; dena den, lagunarte horietatik aldendu zen beste maila sozial batekoak zirelako: "haiek beti jatetxe garestietan egoten baitziren, eta berak sekulan ezin zuen ordaindu"; batzuetan zubipeetan ere lo egiten zuelarik.

Brasilen Patricia Somoza buenosairestarra ezagutu zuen, eta harekin Argentinara joan zen, 1985eko udan. Hemen egonkortu zen, nahiz eta tarteka Montevideorako osterak egiten zituen, Fattorusso anaiengana. Garai horretan buenosairestarren malenkonia eta "heriotzarekiko adiskidetasuna" barneratu zuen.

Amerikaren aurkikuntzaren 500 urteurrena zela proiektu bat martxan jarri zen; bertan parte hartzekoak ziren Joaquin Sabina, Claudio Cardone, Juan Carlos Baglietto, Adrián Abonizio eta Mezo bera, eta diru iturri ona izateko itxura zuen; baina Mezok gehiago eskatu zuen, proiektua nolabait saboteatuz.[2]

Mezok 8 hizkuntza menperatzen zituen. Lagunen esanetan, kultura handiko gizona zen, deigarria eta eta izaera magnetikokoa ("Si te lo cruzabas, querías saber quién era").[1]

Ibilbide musikala

Londresen jada musika kontuetan aritzen zen: Sabina arrakasta erdietsi zuen garaian (ordurako jada haserretuak ziren), Mezo erdi kexu erdi brometan[1] esan ohi zuen: "Yo le robo las mujeres, y él me roba los versos!". Izan ere, biek letragile bezala antzekotasun handiak dituzte.

Brasilgo garaian, Chico Buarqueren "Chico Buarque en español" diskoan (1982) musikari gonbidatu bezala agertzen da. Dena den, bere ibilbide musikala nagusiki Argentinan egindako 8 urteetan burutu zuen. Latinoamerika osoko musikarien artean ezaguna eta errespetatua izan bazen ere, ez zen publiko zabal batengana ailegatu; zati handi batean, Mezok berak ospeari uko egin ziolako. Bi disko grabatu zituen; baina arrakastarik handiena Bagliettok bere zenbait kantu grabatu zituenean lortu zuen («En este barrio», «Adoquines en tu cielo, Rosario»[7] eta «La rosa fantasma»). [8]

Bere lehen diskoa ("Viaje de Vida") 1987an grabatu zuen, EMI-Odeon diskografika handiarekin eta ekoizpen maila altuan, musikari garrantzitsuekin: Fattorusso anaiak, Rubén Rada, Baglietto, Betto Satragni, Pedro Conde... eta eskaintza zerrenda luzearekin; besteak beste: Jokin Etxeberria eta Espe Aranari (Venezuelako errefuxiatuen aldeko komiteetakoak, BVE-k erahilak), Plaza de Mayoko emakumeei, Luca Prodan, Miguel Abuelo, Chico Mendes eta Raúl Sendic. Baina disko hau argitaratu arte hiru urte igaro ziren, eta promozio handirik ez zitzaion egin; Argentina krisi larrian zegoen,[3] ordurako musika joerak popetik grungera aldatzen ari ziren. Gainera ordurako Mezoren joera antisoziala nabarmenagoa zen: elkarrizketetan-eta modu txarrean erantzunda, adibidez (“este país es la tumba del swing, un lugar de mal cogidos y chupaculos en el que tú no eres lo que eres sino lo que logras aparentar”), edo diskoaren promozioan, iragarki baten amaieran mezu hau botata: "Si no puedes comprarlo, róbalo". Era berean, ez zuen promozio-birarik egin; Dardo Sincovskiren esanetan: «Para él lo artístico era un medio: no le interesaba que sus temas se escucharan por la radio o en un boliche, ni que lo reconocieran por la calle. Maquillarse antes de un show era transar».

Musika adituen arabera, Mezo Bigarrenaren musika bere garairako aintzindaria izan zen, erritmoak nahastuz adibidez (bossa-nova, chacarera, rocka) 15 urte geroago Mano Negrak eta besteek egingo zen estiloaren aurrekaria.[3] Batez ere, "Viaje de vida" diskoko kantuen kalitatea azpimarratzen da, Argentinako rockaren maila gorenetakoan ezarriz.[9] Letra egile bikaina zela nabarmentzen da, eta bere ahotsaren gordintasunak pertsonalitate handia ematen ziola bere kantatzeko erari.[1]

Bigarren diskoa, "Avión", oro har, ilunagoa da; kantuen erritmoa apalagoa, intimistagoa eta era berean ekoizpen landuagoarekin.

Mestizaia eta euskaltasuna

Mezo Bigarrenak Argentinako mestizaia goretsi zuen, bere euskaltasuna azpimarratuz. Aipatu erritmo-nahasteaz gain, bere ezizenaren hitz jokoa dugu; bestalde, lagunek "Vasco viejo" esaten zioten; eta kantuetan hainbat keinu sartu zituen zentzu honetan. Hala nola:

  • "Viaje de vida" diskoan:
    • Introa zorroztailearen txilibitua da, galizierazko pregoi batekin.
    • "Viento del norte" kantuaren introa euskarazko kopla bat da: "Zer egingo zaukaa txorie bazina / hegaz egingo nauka arine ta fina" (sic).
    • Diskoaren azken kantu autobiografikoan, "Viaje de vida" izenburuarekin hau ere, azken bertsoa euskaraz da: "Ikusiko nire herria askatuta helburuak beteta jokatzen beti aurrera / izango naz nahiz bizirik nahiz hilde haizean argi bat beti piztuta".
  • "Avión" diskoan:
    • "Avión" lehen kantuaren amaieran, gaztelerazko bertsoen artean euskarazko kopla bat sartzen du: "Zergaitik negar egin / Zeruan izarra dago / Venezuela aldetik".
    • Azken kantua, "Galdu dutenekin", izenburua eta introa euskaraz ditu ("Galdu dutenekin / elkartuko naiz / baina ez, sekula ez / jokatu ez duenarekin"), gero gazteleraz errepikaturik eta gero gaitaz, aturuxoz eta panderoz lagundutako jiga galiziar bezalako batekin amaituz.

Amaiera

Patriciarekin bost urtez bizi eta gero, Mezo Palermo auzora aldatu zen, Dardo Sincovski medikuaren etxera. Hor urtebete egin eta gero, Sellés familiak utzitako lokal baten txokoa prestatu zuen. Hor hasi zuen bigarren diskoaren grabaketa; baina lan horien inguruko presioek bere egoera animikoa hondatu zuten, gorabehera handiekin, eta suizidioaren ideiarekin bueltaka hasiz. Disko berriak ekarriko zituen aurkezpenak, elkarrizketak etabar ere atzeraka egiten zioten. Grabaketak amaitu zituen, halere; baina polizia atzetik izatearen paranoia ere areagotu zitzaion, eta oso kezkatua ibiltzen zen. Azken kolpeak, Algortan bere aita lan gabe geratu zela jakitzea, eta Parisen sei urteko seme bat omen zuela jakitea izan ziren.

Badirudi neurri batean suizidioarena ondo pentsatutako gauza izan zela: "el día del loco nací, y el día del loco voy a morir" iragarri zion Selléstarrei (kinielazaleen artean, 22 zenbakiari esaten zaio "el loco").[2] 1993ko urtarrilaren 22an, 41 urterekin, bere burua zuhaitz batetik eskegiz hil zuen auzoko baso batean.[6]

Hil ostekoak

Bere bigarren diskoa editatu zenean, handik hile gutxira, diskografikak ez zuen onartu prestatua zuen azaleko argazkia (gizon sudur-handi flekillodun bat, Mezoren genitalekin irudikatutakoa) eta horren ordez zuhaitz baten irudia ipini zuen.[8]

Musika munduko pertsona askok Mezo Bigarrenaren musikarekiko eta bizitzarekiko jarrera gogoratu izan dute:[10]

  • Joaquin Sabina lur jota gelditu zen haren heriotzaren berri izatean. Egun bakarrean, kantu bat egin zion: "Flores en la tumba de un vasquito" (“Veinte años atrás lo conocí /en Londres conspirando contra Franco /Vendía el mejor aceite de hachís /y le excitaba más robar un banco/ que el Mayo de París”. Kantuaren bertsio orijinala "Diario de un peatón" diskoan argitaratu zen (2003), nahiz eta lehendik ere grabatua zuen "Flores en su entierro" izenburuarekin, Fito Páezekin eginiko "Enemigos íntimos" diskoan (1998).[11]
  • Santiago Feliu kubatarrak "En este barrio" bere kantua grabatu zuen "Feliu en vivo" diskoan.[12]
  • Adrián Abonizio argentinarrak "Milonga vasca" kantua konposatu zuen bere omenez (oraindik argitara gabea): "Tiranía del suicida/ El último salva a nadie/ Fundaste un Club del Olvido/ Y ahora sos inolvidable”.[2]

Diskografia

Viaje de Vida (1990)
  • EMI - Odeonek grabatua eta banatua.
  1. En este barrio.
  2. El rock de siempre
  3. Como no te voy a ver
  4. Fauna que hay por ahí
  5. La rosa fantasma. Rodolfo Garciaren esanetan, HIES-ari buruz gazteleraz egin den rock kanturik onena.[3]
  6. Viento del norte. OTAN-en inperialismoaren aurkakoa. Rubén Rada eta Hugo Fattorussorekin grabatutakoa.
  7. Himno de regreso a Jauja. Espainiako (edo Argentinako, beste batzuen arabera) trantsizioen ikuspegi sarkastikoa.[13]
  8. Premoniçao. Portugesez kantatua.
  9. Yuppies. Joaquin Sabinari buruzko aipu ironikoa, Londreseko garaiak gogoratuz.
  10. Viaje de vida. Kontakizun autobiografiko umoretsua.
Avión (1993)
  • Sony Music zigiluak grabatua eta editatua. Kolaborazio askorekin: José Luis "Sartén" Asaresi, José Pedro Beledo, Rodolfo García, Pedro Conde, Rubén Rada, Hugo eta Osvaldo Fattoruso, Beto Satragni eta Ricardo Nolé.​
  1. Avión. Etorkinen eta joaleen gai unibertsalari buruz.
  2. Nunca digas nunca
  3. Adoquines en tu cielo, Rosario. Rosario hiriari eskainia;[2] sarean bada kantu honen zuzeneko interpretazio baten bideoa, TB saio baten eskainia.
  4. Für Flérida. Pianoa eta ahotsa, Alberto Faverok lagundua.
  5. El gato y el dragón
  6. La espera
  7. La pesadilla de los 90'
  8. La rosa fantasma
  9. Hoy no quiero
  10. José albañil. Aitari eskeinitako kantua.[2] Ahotsa: Mezo Bigarrena; Gitarra akustikoak: Ulises Butrón, Javier Sánchez eta Oscar Reyna; Bombo leguero: Rodolfo García; Baxu elektrikoa: Roby Biglia. Estudios Moebio-n grabatua.
  11. Los otros 500 (millones). Amerikaren aurkikuntzaren 500 urteurrenaren ikuspegi kritikoa.
  12. Mira que ya no veo
  13. Hijos de la tempestad. Agian disko honetako kantu nabarmenena.[3]
  14. Galdu Dutenekin

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Página/12 :: radar» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  2. Mazo, Mariano Del. (1518206953). «Poética del fracaso | Homenajes: Mezo Bigarrena» PAGINA12 (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  3. (Gaztelaniaz) «Mezo Bigarrena, otro hijo de la tempestad» SUBURBANO 2014-08-19 (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  4. «Pedro Conde - Caballo rojo» www.pedroconde.com.ar (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  5. Conde, Pedro. Anartista. .
  6. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1993-01-30). «Mezo Bigarrena, cantautor vasco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  7. Roca, José María Alfaro. «música / ... tras las huellas de Sabina: (1990) Ayúdame a mirar» música / ... tras las huellas de Sabina (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  8. «EL VASCO BIGARRENA» EL VASCO BIGARRENA (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  9. «Pedro Conde - José Luis Mezo Ugarte - el vasco Mezo bigarrena - 1951-1993» www.pedroconde.com.ar (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  10. (Gaztelaniaz) «Flores para la tumba de un Euskadi» Enlace Crítico 2014-05-02 (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  11. «Tributo a Joaquin Sabina: El Vasco Mezo Bigarrena» Tributo a Joaquin Sabina (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  12. (Gaztelaniaz) admin. (2012-08-03). (VIDEO) Ya me cansé de mi barrio y mi casa. Por: Fidel Díaz Castro*. (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  13. (Gaztelaniaz) Country, About Basque. (2017-07-22). «Radio Nacional de Argentina recuerda al cantautor vasco (y mucho más) Mezo Bigarrena» About Basque Country (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.