Meskita
Meskita[1] edo moskea musulmanen tenplua da, otoitz egiteko lekua alegia. Halaber, bestelako funtzioak ditu, biltoki eta kultur gunearena besteak beste. Meskita hitzak ahuspezteko lekua esan nahi du.
Historiako lehendabizikoa Kaaba da, Islameko lekurik sakratuena dena, gaur egungo Masjid al-Haram Meskitaren barruan dagoena, Meka hirian.
Otoitz egin eta elkarrekin biltzeko asteko egunari dagokionez, kristauentzat igandea nola, musulmanentzat ostirala hala.
Arkitektura
Minaretea
Lehen meskitek ez zeukaten minareterik, baina denborarekin gailendu egin zen osagai arkitektoniko moduan estetikarengatik. Hala ere, funtzio nagusia muezzinak otoitz egiteko deiadarra zabaltzeko lekua izatearena da.
Munduko minareterik altuena Hassan II.aren Meskitarena da (Casablanca, Maroko), 210 metrorekin.
Hiri handietako meskitek lau minarete eduki ohi dituzte. Istanbulgo Ahmet sultanaren Meskita Urdinak, berriz, sei ditu.
Musalla
Otoitz egiteko aretoa da, apaindurarik eta altzaririk gabekoa normalean baina lurra alfonbrek edo tapizek estalitakoa daukana.
Honen barruan qibla da hormarik agerikoena, erreferentziazkoa, Mekaranzko norabidea markatzen duena mihrab izeneko zuloaren bidez. Horma honetan minbar izeneko jarlekua dago, nondik eta Imanak zuzentzen duen otoitza. Hortaz, jatorriz kristauak ziren egungo meskitetan —esaterako, Hagia Sofian—, mihraba zein minbarra ez daude elizarekin batera orientatuak, eliza kristauak ekialdera (sortaldera) bideratuta baitzeuden.
Munduko meskitarik aipagarrienak
- Egipto: Al Azhar (Kairo), munduko unibertsitaterik zaharrena dena.
- Espainia: Kordobako Meskita (Kordoba), gaur egun katedrala dena.
- India: Jama Masjid (Delhi).
- Irak: Imam Ali Meskita (Najaf).
- Israel: Al Aksa meskita (Jerusalem).
- Maroko: Hassan II.aren Meskita (Casablanca).
- Pakistan: Faisal Meskita (Islamabad) eta Badshahi meskita (Lahore).
- Saudi Arabian: Masjid al-Haram Meskita (Meka) eta Masjid al-Nabawi Meskita (Medina).
- Siria: Umayyad Meskita (Damasko).
- Turkia: Hagia Sofia (jatorriz, eliza kristaua), Sultan Ahmed meskita (edo "Meskita Urdina") eta Süleymaniye meskita (Istanbul).
- Txina: Huaisheng Meskita (Guangzhou).
Euskal Herrikoak
Bilboko "Assalam Meskita", Solokoetxe auzoan kokatutakoa, Euskal Herriko gaur egungo moskea nagusietakoa da. Gasteizen hainbat meskita daude, horietako bi "Sunna" eta "Altakua" dira, biak Alde Zaharrean.
Historikoki, aipatzekoa da Tuterako "Meskita Nagusia" izan zena, IX. mendekoa, gaur egun existitzen ez dena bere gainean Santa Maria katedrala eraiki baitzuten.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia: «meskita», Hiztegi Batua.