Mezenasgo
Mezenasgoa artista, idazle edo zientzialariei, beren lana egin dezaten, ematen zaien babesa da. Laguntza ematen duen pertsona edo erakunde aberats eskuzabala mezenasa da.
Hitzaren jatorria Antzinako Erromako Gaio Mezenas artista zein idazleen babeslean datza.
Historia
Lehenengo mezenasak, Antzinako Egiptoko faraoiak eta Antzinako Greziako tiranoak, beren aginpidea eta handitasuna adierazteko baliatzen ziren arteaz. Artistak ordea eskulangile xumetzat zeuzkaten. Alexandro Handia, eta Alexandriako Liburutegia sortu zuen Ptolomeo izan ziren antzinateko mezenas nagusiak.
XI. eta XII. mendeetan mezenasgoa apaizen esku egon zen. Teodoriko, Karlomagno eta Frederiko II.a enperadoreak artearen babesle eta garrantzi handiko mezenas izan ziren. XIII. eta XIV. mendeetan merkataritza hedatzeak eta hiriak indartzeak garrantzi handiko mezenas multzo laiko bat sorrarazi zuen: zaldun ordenak, burgesia berria, bankariak. XV. mendean humanismoaren giroan Florentziako zenbait familia mezenas ospetsu izan ziren: Rucellitarrak, Strozzitarrak, Quaratesitarrak eta, batez ere, Medicitarrak. Mezenas hauek kultura giro berezi bat sortu zuten beren inguruan eta arte lan asko bildu zituzten jauregietan. XVI. mendean Giorgio Vasari mezenas handiak lehenengo arte-galeria sortu zuen Florentzian. Artearen bidez, aita santuek eliza eta erregeek beren agintaldia goretsi nahiak indartu zuen mezenasen garrantzia.
XVIII. mendeak mezenasgoaren gainbehera ekarri zuen. Aristokraziak lur jo izanak gobernuen eta erakunde publikoen esku utzi zuen mezenas eginkizuna. XIX. mendearen bukaeran mezenas mota berri bat agertu zen, arte-saleroslea, artistaren lana aintzat hartzen zuena eta arriskatzeko prest zegoena. Gaur egun, mezenas pribatuek garrantzi handiko arte-bildumak dituzten arren, galtzen ari da mezenasen irudia.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/8/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |