Mexikoko ekonomia
2018an Mexikoko ekonomia munduko 15. handiena izan zen.
Mexikoko ekonomiak pribatizazio prozesu lasterra izan zuen 1980ko hamarraldiaz geroztik. Industria da sektore nagusia Mexikoko ekonomian, eta sektore horrek biltzen ditu, hain zuzen, esportazioen hiru laurdenak. Mexikon eraiki zen Latinoamerikako lehen labe garai modernoa (Monterrey, 1900). Bi aldi nagusi izan dira Mexikoko ekonomiaren garapenean: lehenengoa, 1940-1973 urteen bitartean izan zen eta estatu sozialismoan eta sektore pribatuan oinarritu zen, eta bigarrenak, aldiz, 1973-1976 bitartekoa, hidrokarburo hobi garrantzitsuen aurkikuntza izan zuen oinarri. Hobi horien aurkikuntzak goitik behera aldatu zuten Mexikoko ekonomia, eta aldi berean, nazioarteko bankuekin zorretan gelditzeko erraztasunak ekarri zizkion herrialdeari. Diru laguntzen bidez, enpresa publiko eta pribatuetarako ekipo ondasunak inportatzen zituen Mexikok, eta bere politika soziala ordaintzen zuen. Baina petrolioaren prezioa jaitsi zenean, inflazio izugarriari eta gehiegizko zorrari aurre egin behar izan zion Mexikok (1982). Susperraldia ere izugarria izan zen ordea: bere zorra hiru alditan hitzartzea lortu zuen, Morgan planaren barruan lehenbizi (1988), eta Brady planaren barruan ondoren (1990). 1994. urtearen amaieran eta 1995. urtearen hasieran banku krisi larria izan zen Mexikon. Inflazio altuak batetik, eta bestetik, 30.000 milioi dolar inguruko defizitak eragin zuten krisi hori. Krisi horrek ondorio larriak izan zituen gizarte mailan, nekazari inguruetan batez ere, eta langileen % 20 arautu gabeko ekonomian aritzea ekarri zuen ondorioz. Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariak, beste hainbat herrialde eta erakunderekin batera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuarekin besteak beste, nazioarteko laguntza ahalegina jarri zuen abian; 50.000 milioi dolarreko mailegua egin zioten erakunde horiek Mexikori. Horrez gainera, Ernesto Zedillo presidenteak enpresa publiko nagusiak pribatizatu zituen: burdinbideak, petrokimika eta elektrizitate lantegiak eta aireportuak. Mexikok merkataritza harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Alemaniarekin, Brasilekin, Kanadarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin. Turismoa, mugako merkataritza, atzerriko inbertsioak eta Estatu Batuetan lanean diharduten mexikarren diru igorpenak garrantzizko diru sarrerak dira Mexikon.
Langileen % 20k nekazaritzan dihardu (BPGren % 6). 1917-1980 urte bitartean egin zen erreformak nabarmen indartu zuen nekazaritza. Hala ere, nekazaritza ekoizpena eurialdien araberakoa da, eta horrez gainera, herrialdea, oro har, oso lehorra da. Hala ere, bere oinarrizko beharrak asetzeaz gainera, zenbait gai esportatu ere egiten ditu Mexikok: artoa, garia, garagarra, arroza, kafea, kotoia, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak. Mexikoko lurraldearen % 23 basoek osatua da. Urte askoan, zuhaitz mozketa ez da arautu, baina azkenean, arau oso zorrotzak onartu behar izan ditu Mexikoko gobernuak gai horren inguruan. Mexikok basoko gai ugari lantzen ditu, besteak beste, zura, txiklea, erretxinak, kina. Meatzaritzari dagokionez, antzina Mexikoko meatzari konpainia gehienak atzerritarrak ziren. Hala ere, 1960ko hamarraldian konpainia horiek eta gobernuak ahalegin handiak egin zituzten industria sektore hori nazionalizatzeko, eta konpainia horietako kapital gehiena mexikarra da gaur egun. Petrolioa da ustiatzen den mea nagusia; Veracruz, Tabasco, Campeche eta Chiapas estatuetan ustiatzen da batez ere. Zilarra ere garrantzizko gaia da, eta Mexikoko estatu guztietan dago gainera. Urrea, kobrea, burdina, fluorita, beruna, zinka, sufrea, manganesoa eta tungstenoa ere ugariak dira. Mexikoko industria Latinoamerikako aurreratuenetako bat da. 1980ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera lantegi berri gehienak errepublikaren iparraldean osatu ziren, muntatze lantegiak gehienbat (maquiladoras). Lantegi horietan inportatutako piezak muntatzen dira eta ondoren, esportatzeko gaiak sortzen. Horrez gainera, Estatu Batuetako zenbait enpresak diru asko inbertitu du azken urteetan ibilgailu motordunak eta kontsumorako bestelako gaiak ekoizten dituzten lantegietan. Industria nagusiak hauek dira: makinak eta elektronika, petrolio findegiak, galdak, elikagaiak biltzeko lantegiak, paper eta kotoi ekoizleak, ehungintza, beira, zeramika eta larrua.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-12-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.