Metonimia

Metonimia hitza grezieratik dator, μετ-ονομαζειν, euskaraz “izen aldaketa”. Erretorikan tropo bat da, hau da, objektu baten izena beste batenarekin aldatu egiten da. Metonimiaren kasuan bi hitzen artean badago erlazio edo lotura bat. Adibidez, “Errioxako ardoa erosi dut” esan beharrean, “Errioxa bat erosi dut” esatea; kasu honetan ekoizte tokia ekoizpenaren ordez erabili dugu. Bi kontzeptuen artean dagoen erlazioa mota askotarikoa izan daiteke: kausa-ondorioa, elkarrekiko mendetasuna, aldiberekotasuna, nolabaiteko antza… Tropo hau literaturan asko erabiltzen da. Hona hemen pare bat adibide:

« Eguna iritsi zenean oso urduri nengoen, guztiz sinetsita bainengoen Floraren ama azkenean konturatuko zela zinegotziaren hezurrak -zehatz esateko, zinegotziak emandakoak- ez zirela Benitorenak.  »

Ramon Saizarbitoriaren Bi bihotz, hilobi bat.[1]

Honetan egileak metonimia erabili du, "zinegotziaren hezurrak" adierazpena erabili du "zinegotziak emandako hezurrak" adierazteko.

Horra beste adibide bat:

Metonimiaren adibidea: "La Vache qui Rit bere bi ikatz haiekin begira gelditu zitzaidan..." Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak.
« La Vache qui Rit bere bi ikatz haiekin begira gelditu zitzaidan...  »

Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak.


Metonimia mota desberdinak

  • Kausa eraginagatik:

“Ez dute ogirik” (ez dute lanik). Arazoa ez da ogia, lana baizik; ogiarena ondorio bat da.

  • Eragina kausagatik:

“Haurrak etxeko poztasuna dira” (berez poztasuna sortzen dute).

  • Ontzia edukiaren truke:

“Kopa bat hartuko dugu” (koparen edukia hartuko dute).

“Ikurrina agurtu dute” (Euskal Herria agurtu dute).

  • Ekoiztutako produktuaren ordez tokiaren izena:

Champagne bat hartu dugu” (Champagneko ardoa hartu dugu).

  • Egilea lanaren truke:

“Miró bat erosi dut” (Joan Miróren artelan bat erosi dut).

  • Objektua erabiltzailearen truke:

Trikornio bat errepidean zegoen.”

  • Zatia guztiaren truke:

“Baloia sarean sartu da” (Ateko sarean).

  • Guztiaren truke zatia:

“Automobila garbitu dut” (Karrozeria bakarrik).

  • Lehengaia objektuaren truke:

“Esne bat erosi du” (Botil bat esne).

  • Objektu bat ondoko kontzeptu batez esan:

“Berokiaren lepoa”.

  • Tresna artistaren truke:

Bernardo Atxaga gure luma onena da”.

Erreferentziak

  1. In Gorde nazazu lurpean. Donostian: Erein, 2000.325.or.

Bibliografia

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.